Xabi Oroz: “Erabakigarriak izaten dira Iraurgik lortzen dituen partzialak”

Xabi Oroz: “Erabakigarriak izaten dira Iraurgik lortzen dituen partzialak”

U. Z.

2016an egin zuen Xabi Orozek (Azkoitia, 1996) Azpeitia-Azkoitia aldetik Donostiarako bidea, eta Gipuzkoa Basketen partida gehien jokatu duten jokalarien artean hirugarrena da jada: 182. Kanporaketak jokatzeko postuetan egonkortuta, azken asteotako bolada onari jarraipena emateko helburua du azkoitiarrak.

Joan den igandean Burgosi irabazita (84-79), ondo iritsiko zarete derbira, ezta?

Bai. Garaipen handia izan zen Burgosen aurkakoa, eta konfiantza handia emango digu. Azken boladan nahiko ondo ari gara jokatzen, eta ondo iritsiko gara.

9. postuan zaudete, Burgosekin hamalau garaipenekin berdinduta; garaipen batera duzue Alacant, eta bira Lleida, Estudiantes eta Valladolid. Atzetik, berriz, bi garaipenera duzue Kantabria. Nora begira zaudete?

Beti begiratu behar da ahal den gorena, baina nahiko estu dago sailkapena: talderik ez daukagu oso urrun. Ez dugu inor gutxietsiko, badakigulako talde gogorrak dauzkagula parean. Azken txanpan, gainera, denek izaten dute zerbait jokoan.

Helburu argia da igotzeko kanporaketak jokatzea? Porrota litzateke ez sailkatzea?

Porrota… Pertsonalki, bai. Kanporaketen bila joan behar dugu; hori da helburua, baina asko falta da oraindik.

Jokoan oso ondo ari zara azken asteotan. 2021eko lesio larritik ondo osatuta, gozatzen ari zara berriz ere, ezta?

Bai… Lesioek lehiaketatik aparte uzten zaituzte beti, eta, fisikoak ez ezik, buruak ere sufritu egiten du horrelakoetan. Ez da erraza hamar hilabetean kantxetatik kanpo egotea, baina poliki-poliki ari naiz egoerari buelta ematen, eta oso eroso sentitzen ari naiz; gozatzen ari naiz.

Azkoitiar bat Azpeitian etzi. Pentsatzekoa da zuretzat berezia izango dela partida…

Azkoitiar bat baino gehiago egongo da igandean harmailetan, eta, bai, oso partida berezia izango da niretzat. Inguru horretan igaro nuen nire gaztaroa, oroitzapen asko dauzkat, eta, partida bera baino gehiago, tokia da berezia niretzat. Ahal dudan guztietan joaten naiz haien partidetara, lagun asko baitauzkat han, eta interesatzen baitzait.

Zer da Iraurgik daukan ezaugarririk arriskutsuena?

Ez dut esango Iraurgi etxean beste talde bat denik, baina askoz indartsuago aritzen da beti. Zaleen babesean, erabakigarriak izaten dira Iraurgik lortzen dituen partzialak. Berdinduta egoteari utzi eta hamar puntu goitik egon daitezke bat-batean. Atmosfera berezia sortzen da Azpeitian, zaleen eta jokalarien arteko harmonia bat, eta jakin egin beharko dugu partzial horiek mozten.

Zuek gora begira zaudete, eta Iraurgi, sailkapenaren behean. Eurak ohituta daude, ordea, egoera horiek kudeatzen.

Urrezko LEB ligan egoera hori bizi izatea egokitu zaie azken urteotan, baina jokalari batzuk aldatu egin dira urtez urte, eta ez dut uste taldearen nortasunaren parte denik horrelako egoeretan jokatzen jakitea. Gure aurkako partidaren ondoren asma dezatela zulotik ateratzen.

Zu 2016an iritsi zinen Gipuzkoa Basketera, Ibon Guridirekin besteak beste. Nolako jokalaria da?

Aspalditik ezagutzen dugu elkar. Iraurgin ere elkarrekin jokatu genuen, eta gure bailaran eredu da. Oso langilea eta borrokalaria da kantxan; taldea bere interesen aurretik jartzen du beti. 2016an falta zitzaion esperientzia hori erabat barneratuta dauka orain; oso ondo daki bere rola zein den.

2016an Donostiara iritsita, partida gehien jokatu duten jokalarietan hirugarrena zara (182), Ricardo Uriz (251) eta David Doblasen (347) atzetik. Ohorea da, edo pisua nabari duzu?

Ez dakit… Horrelakoa da nire ibilbidea, eta zenbakiak gizentzen jarraitu nahi dut. Osasunak laguntzea espero dut, baina inork ez daki bihar zer gertatuko den. Gustura nago, gozatzen ari naiz, eta ea hala jarraitzen dugun.

Leave a Reply

Your email address will not be published.