Bidaiatzeko beste modu bat

Bidaiatzeko beste modu bat

Ariane Vierbücher

Meraki. Zer den? Hitz bat baino gehiago, kontzeptu bat da, eguneroko ekintzetan aplika daitekeen bizitza filosofia bat. Grekotik hartutako hitza da, eta egiten den gauza bakoitzean arima, bihotza, sormena eta maitasuna jartzea esan nahi du. Eskuetan eta bizitzan gertatzen den guztian aztarna bat uztea da. Ondorioz, bizitzako edozein ekintzari aplika dakioke, baita bidaiatzeari ere. Hain zuzen ere, Josune Herenciak (Zumaia, 1991) eta Bittor Tenak (Urretxu, 1997) euren egin dute kontzeptu hori; 2021ean Mochileros Meraki bidaia proiektua jarri zuten abian eta sendotuta daukate jada.

“Bidaiatzeko beste modu bat da gurea, kontzienteagoa, jasangarriagoa; tokian tokiko pertsonekin eta kulturarekin nahasiz eta haiengandik edanez, harremanei garrantzia emanez, gauza txikienak esperientzia erraldoi bihurtuz, justua izanez,…”, deskribatu du Herenciak. “Une oro esperientzia eta ezagutza berriak bilatzen dituztenentzako da hau”, borobildu du Tenak.

MOCHILEROS MERAKI

Hizketan hasi eta poza nabari zaie biei ala biei. Bidaiatzea da euren bizimodua, eta mundua ezagutu nahi duten beste abenturazale batzuekin trukatu nahi dute bizitzeko modu hori. “Mochileros Meraki ez da bidaia agentzia bat; talde txikientzat bidaiak antolatu, eta lagundu egiten diegu guk”, zehaztu du Tenak. Haren hitzetan, “patxada handiagoarekin bidaiatzea, gozatzea, sentitzea, tokian tokiko ohiturak eta kultura ezagutzea,… da Mochileros Meraki izatea”.

Ikuspegia aldatuta

Herencia eta Tena “duela urte asko” hasi ziren euren kasa bidaiatzen. Herenciak Amazonian izan zuen lehen esperientzia. Hiru hilabete pasatu zituen han, “19 urterekin, indigenen artean”. Bidaiatzeko ikuspegia “guztiz” aldatu zion esperientzia hark, eta ordutik urrundu egin izan da beti “leku turistikoetatik”. “Bertakoekin nahasten” saiatu izan da gehiago bidaietan. “Horrek laguntzen duelako herrialde bat benetan ezagutzen”.

Herencia ezagutu zuenean bidaiatzeko kontzeptua guztiz aldatu zitzaion Tenari ere. Elkar ezagutu aurretik, Espainiako Estatuan barrena bidaiatu izan zuen urretxuarrak. “Cadizera, Mediterraneoko kostaldera…”. Elkarrekin Thailandiara egin zuten lehenengo bidaia, duela bederatzi urte, eta, harrezkero, “munduko kulturak, herritarrak eta txokoak ezagutzea” izan dute bizitzaren iparrorratz.

MOCHILEROS MERAKI

Bisitatu duten herrialde bakoitzean “esperientzia mordoa” pilatu dute, eta guztiak “ederrak” izan direla nabarmendu dute. “Bidaia oso politak eta oso aberasgarriak izan dira guztiak. Guk bisitatu izan ditugun herrialde berberak bisitatu dituztenekin esperientziak partekatzean, iruditzen zitzaigun eurentzat ez zela izan bidaia polit bat”. Jende askok bidaiatzeko “beldurra” zuela ere jabetu ziren; “bakarrik bidaiatzeko, batez ere”.

Bidaia agentzia batera jotzean, han “ohiko zirkuituak” eskaintzen dituztela uste du Tenak. “Askorentzat nahikoa da hori, baina hortik kanpo daude tokirik interesgarrienak. Askok ez dakite, ordea, nola iritsi”. Besteak beste, herritar horiei laguntzeko helburuarekin sortu zuten Mochileros Meraki.

Bidaiak, “inbaditzaileak”

Bi bidaiariek oso argi daukate urte osoko lanaren, nekearen ondoren disfrutatzeko ordua dela bidaia bat, eta jendeak sarri horretarako erabiltzen dituela urte osoko aurrezkiak. Herenciak zehaztu du eurek beti ikusi izan dutela “oso inbaditzailea” dela gehienek egiten duten turismoa, eta hori ere bada proiektua martxan jartzeko arrazoietako bat. “Bertako jendea oso gaizki tratatzen dute askok. Tribuak esplotatuta daude, gida lanak egiten dituztenek lan baldintza oso kaskarrak dituzte,… Gu saiatzen gara hori guztia ere beste modu batean egiten”. Proiektuaren berri izateko, eskura dute Mochilerosmeraki.com webgunea, eta sare sozialetan ere badaukate informazioa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.