“Niretzat, bizitza eta neure burua ulertzeko bitarteko bat da artea”

“Niretzat, bizitza eta neure burua ulertzeko bitarteko bat da artea”

Jabi Gonzalez Toston

Hogei urteko ibilbidean sortu dituen lanekin erakusketa bat zabaldu berri du Ainize Txopiteak (Donostia, 1977) Zarauzko Emakumeen Etxean. Memoria izena jarri dio bildumari, eta emakumeak hartu ditu ardatz. Apirilaren 14ra arte izango da ikusgai. Idaztea zuen gustuko hasieran, baina Daniel aitak bere garaian hartutako artearen bideari heldu zion azkenean. Aitortu du Txopitea abizenaren pisua nabaritu duela tarteka.

Zer bildu duzu Memoria erakusketan eta zergatik jarri diozu izen hori?

Tamaina txiki eta ertaineko 30 lanekin osatu dut erakusketa, eta [Donostiako] Tabakaleran egiten ari naizen egonaldiko nire azken sorkuntza lanak eta aspaldikoak jaso ditut. Izenetik ondoriozta daitekeenez, memoriari buruzkoa da erakusketa, emakumea protagonista hartuta. Lan berrietan, adibidez, emakumearen ibilbide historikoa jaso nahi izan dut ikuspuntu psikosozialetik, Virginia Woolfek Gela bat norberarena liburuan aipatu zuen emakumeekiko presio psikologikoa islatzeko. Espazio psikologikoetan kokatu ditudan emakumeen siluetekin egin dut lan hori, nahiz eta gizon batzuk ere sartu ditudan bakarka. Azken batean, guztiok gara izaki sozialak. Horrez gain, aulkiak ere txertatu ditut, gizartea islatzen dutela uste dudalako. Oreka bilatzen dute. Laburbilduz, emakumea eta gizartea aurrez aurre jarri nahi izan ditut.

Virginia Woolf aipatu duzu, eta erakusketaren sinopsian ere egin diozu aipamena. Zure logela bisitatzera gonbidatu duzu ikuslea?

Gehiegi esatea da hori. Norberaren gelak norberarentzat izan behar du. Nire ustez, Woolfen Gela bat norberarena liburuak aldarrikatzen duena da buruan espazio propioa izateko beharra, pentsatzeko eta lasai egoteko. Horregatik, nire gela bisitatzeko gonbidapena baino gehiago, nire etxean kafe bat edo te bat hartu eta jada muntatuta dauden koadroak ikusteko gonbidapena da erakusketa hau. Lan horiek garatzeko erabili dudan gela edo estudioa niretzat gorde dut. Gainera, ez nuke edonor gonbidatuko nire gelara.

“Ez dago hesirik, ez sarrailarik, ez nire adimenaren askatasunari ezar diezaiokezun sarrailarik”. Zergatik hautatu duzu Woolfen esaldi hori erakusketaren sinopsia abiatzeko?

Emakume guztiak gara ausartak, baina badira Virginia Woolf, Simone de Beauvoir, Helen M. Todd, Maruja Mallo eta Ernestina de Champourcin bezalako emakumeak, zeinek XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran inflexio puntu bat eragin zuten berdintasuna lortzeko bidean. Gainera, ahalbidetu zituzten eskubideak ez ziren izan soilik lan arloarekin loturikoak; intelektualak ere izan ziren. Zentzu horretan, iruditzen zait Woolfen esaldiak ezin hobeto islatzen duela hori. Pentsamendu eta sorkuntza garapen askearen aldeko aldarria da, eta Memoria erakusketara ekarri ditudan lanetan ere hori helarazi nahi izan dut, hein handi batean. Espazio zabalak osatu ditut, sarrailarik gabekoak.

Aspaldiko lanek zer ekarpen egiten diote erakusketari?

Aurrez egindako izar arteko emakumeena da aukeratu ditudan serieetako bat; horiek erabaki dute beste galaxietako herrialdeetara lekualdatzea, hemengo aldaketaren moteltasunaz nazkatuta daudelako eta beldurretik urrun bizi nahi dutelako. Erabateko askatasuna bilatzen dute emakume horiek, arriskuan daude, baina ez dute arrisku hori sentitzen. Horrez gain, nire hastapenetako zenbait lan ere hautatu ditut erakusketarako: 2007an Emakundek bere aldizkariaren abenduko zenbakiko azalerako erabili zuen nire diseinu bat, eta 2005ean etxekoandreei omenaldi bat egiteko osatu nuen beste sorta bat, besteak beste. Azken horretan, kritika egin nahi izan nien Amerikako gizarteak publizitatearen bitartez inposatutako kanonei. Izan ere, idealizatu egiten dute funtsean etxe barruko esplotazioa dena. Parekidetasuna aldarrikatzeko nire ibilbideko hainbat epetako lanak bildu ditut erakusketan.

Zaila izan al da erabakitzea hogei urteotako lanen artean zein sartu eta zein baztertu?

Erakusketetan sortu dugun azken lana erakutsi nahi izaten dugu beti, geure burua baita harritu nahi dugun lehena. Dena den, banekien zein zen landu nahi nuen gaia, eta baita nola landu behar nuen ere. Horregatik, argi nuen zer lan aukeratu. Gero, noski, beti utzi behar izaten da zerbait kanpoan, baina erakusketa eremuak berak ere laguntzen du aukeratzen. Espazioak agintzen dit nola konposatu.

Zergatik aukeratu duzu Emakumeen Etxea erakusketarako?

Asko pozten nau herrietan Emakumeen Etxea bezalako espazioak egoteak; bagenuen horren beharra. Orain arte, nahiko bakartuta geunden, eta ez genuen elkartzeko gurea zen tokirik. Gainera, oso gustuko dut Zarauzko txoko hori. Batetik, argi asko sartzen delako eta leihoetatik ikusten den paisaia paregabea delako [itsasora begira dago], eta, bestetik, dekorazioak berak goxotasuna helarazten duelako. Landare eta detaile txiki ugari ditu, eta, nire ustez, ezin hobeto islatzen du izaera femeninoa. Izan ere, emakumeok badugu detaileak zaintzeko sentsibilitate hori. Zenbait gela nahiko irekiak dira, eta begi kolpe bakarrean ikus daitezke bertan dauden lan guztiak, baina, aldi berean, norbere baitan biltzera gonbidatzen duen espazioa ere bada.

Erakusketa zabaldu aurretik ere izan zara aurten Zarauzko Emakumeen Etxean: irabazi zenuen Martxoaren 8ko kartel lehiaketako saria jasotzeko eta diseinua aurkezteko, hain justu.

Bai, eta hori da erakusketa bisitatzen dutenek ikusiko duten lehenengo lana. Aitortu behar dut, era berean, aurten izan dudala kartel lehiaketaren berri, nahiz eta dagoeneko 15. aldia zuen. Aurkeztu nuen proposamenak irabazi zuen, zorionez, eta lehiaketa haren emaitza ere bada Memoria.

Aurretik ere beste erakusketa batzuk eginda zaude Zarautzen. Lotura estua duzu herriarekin, ezta?

Bai. Gurasoak 1976an etorri ziren Eibartik Zarautzera, eta nire aitak [Daniel Txopitea (Ermua, Bizkaia, 1950-Donostia, 1997)] Karlos Argiñano sukaldariarekin partekatzen zuen Santa Barbarako baserri batean izan zuen estudioa. Donostian jaio nintzen ni, baina Zarautzen igaro nuen haurtzaroa, nahiz eta Donostiara ia egunero egiten nituen joan-etorriak, tenisean aritzeko. Ikasketak, hori bai, Zarauzko ikastolan egin nituen. Horregatik, donostiar eta zarauztar sentitzen naiz, aldi berean. Denborarekin, nire lanak erakusteko aukera eskaini dit Zarautzek. 2015ean Merkatu plazan zabaldu nuen erakusketa bat, eta oso berezia izan zen. Uste dut artea jendeari gerturatzeko aukera polita eskaintzen dutela horrelako espazio alternatiboek. Izan ere, galeriak oso hotzak izan daitezke. 2021eko udan, berriz, Torreluzean zabaldu nuen erakusketa bat, aitaren lanekin.

AINIZE TXOPITEA
Haurtzaroa. Ainize Txopiteak argazki gutxi dauzka bere gurasoekin, eta estimu handia dio Zarautzen, Santa Barbarako estudioaren atarian aterakoari. Txopiteak 4-5 urte dauzka argazkian.

Aita aipatu duzu. Haren lanekin ere erakusketa ugari zabaldu dituzu azken urteotan…

2018an hasi nintzen haren ondarearekin komisario lana egiten, amak eta biok uste dugulako pertsona gisa ez ezik artista gisa ere merezi duela Daniel Txopitea ezagutzea. Aita hil zen, baina sortu zituen lanak, ez. Hori bai, artista bat hiltzen denean ohikoa izaten den ibilbide osoko lanen bilduma bat egin beharrean, aitaren lanak gaika antolatzea erabaki nuen nik. Azken erakusketetan, gainera, gai berberetan nire lanak ere sartu ditut haren lanen ondoan.

Nola oroitzen duzu aita?

26 urte igaro dira hil zenetik, eta oroitzapenak baino gehiago, sentsazioak ditut. Dena den, aitaren ondarea berreskuratzeari eskaini diodan denborak hura behar bezala agurtzeko aukera eman dit, hein handi batean. Izan ere, oso gazterik hil zen.

Aitarengatik hautatu zenuen zuk ere artearen bidea?

Hasieran ez nuen adar hori aukeratzeko asmorik. Idaztea nuen gustuko, nahiz eta txikitatik egin izan ditudan collage asko. Denbora engainatzeko tresna paregabea iruditzen zait collagea, iraganeko elementuak hartu eta etorkizunean koka baititzakezu. Hala ere, urteekin jabetu naiz niretzat bizitza eta neure burua ulertzeko bitarteko bat dela artea.

Txopitea abizenak zer sortu dizu, presioa ala harrotasuna?

Biak. Dugunaz harro egon behar dugu, baina, aldi berean, argi izan behar dugu horrek ez gaituela egiten ez hobeak, ez okerragoak. Bakoitza den bezalakoa da, eta fidel izan behar zaio norbere nortasunari. Aitortu behar dut, aitaren bideari jarraitu diodanez, gero sentitu izan dudala behar nukeen baino gehiago erakutsi behar izan dudala nik ere balio dudala frogatzeko. Azken finean, konparatzeko joera handia dago.

Aipatu duzunez, bion lanak uztartu dituzu zenbait erakusketatan. Badago antzik hark egiten zuen artearen eta zuk egiten duzunaren artean?

Antzak ikusten ditut, bai, poesian batez ere, bion lanetan zantzu poetikoak ikusten baititut. Baina desberdintasunak ere handiak dira. Aita baino finagoa eta freskoagoa naiz ni obretan. Horrez gain, istorio irekiak sortzea dut gogoko nik, norberak bere ondorioak atera ditzan. Aita, aldiz, zehatzagoa zen. Haren lan egiteko modua eta nirea ezberdinak dira. Lauzpabost urteko serieak sor zitzakeen aitak, eta laburragoak sortzen ditut nik. Nire obra ezagutzen duenak berehala identifikatzen ditu nire lanak.

Ondorioz, nola definituko zenuke zeure burua artista gisa?

Oso zaila da norberak bere burua deskribatzea kanpoko adjektiboak erabili gabe. Inguruak baldintzatu egiten gaitu beti; zertan lan egiten dugun edo nongoak garen azaltzera jotzen dugu beti, baina nor gara benetan? Hain justu, erantzun horren bilaketak mugitzen gaitu. Nor naizen komunikatzeko baliatzen dut nik artea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.