Erantzukidetasun soziala ikur bihurtuta

Erantzukidetasun soziala ikur bihurtuta

Unai Zubeldia

“Enpresa eta erakundeetan elkarlana bermatzeko tresna bat” da Erakide, “erantzukidetasun sozialera bidean trantsizioa egiten laguntzeko tresna bat”. Hala deskribatu du Nicola Foroni Farapi kooperatibako kideak; Donostian dauka egoitza nagusia. 2015ean hasi zen mamitzen Erakide, Farapi kooperatibaren, Beterri-Buruntzako hainbat udalen, UGGASA Urola Garaiko Garapen Agentziaren, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez. Proiektua 2017an aurkeztuta, urteotan Elhuyar, Aztiker, Emun eta Isladak aholkularitza taldeek ere bat egin dute egitasmoarekin, eta Gipuzkoa osoan handitzen ari da Erakide tresna baliatzen ari diren enpresa eta erakundeen kopurua. “Berrogei bat” badira jada, Foroniren hitzetan. BERRIAk ere egin zuen lehen diagnostikoa iaz.

Foroniren arabera, “paradigma aldaketa bat” da erantzukidetasun soziala. “Produktu edo zerbitzu bat eskaintzeko diseinatuta daude enpresak, dirua irabazteko; hori da paradigma orokorra. Baina erantzukidetasun soziala da irabazi horiek gizarteari beste modu batera itzultzea, enpresa tokian-tokian sustraitzea, gizartearekin etengabeko elkarreragina izatea, gizartearekiko ardura erakustea, osasun soziala kontuan hartzea… Gizartean rol positibo bat jokatzea, alegia”. Erakide tresna “ongizate ekonomiarekin eta berdintasun ekonomiarekin erabat lotuta” dagoela gaineratu du Farapiko kideak. “Enpresa kontzientzia hartzea da erantzukidetasun soziala, gizartearen parte dela ulertzea”.

Kooperatiba indartzeko

Hernaniko Talleres Mitxelena enpresak hasieratik bere egin zuen Erakide tresna. Alaitz Tolosa bertako langileak azaldu du 1957an sortutakoa dela enpresa. “Baina 2000. urtean kooperatiba bihurtu ginen, eta 2016an gerentea erretiroa hartzera zihoala-eta, betiko funtzionamenduari eutsi edo aldaketaren bat egin aztertzen hasi ginen”. Kooperatibismoaren balioak “lausotzen” ari zirela sentitu zuten langileek. “Hausnarketa hori egiten ari ginela, Erakide tresna aurkeztu zigun Hernaniko Tokiko Garapen teknikariak, eta enpresari argazki orokor bat ateratzeko aukera ona zela ikusi genuen, zertan sartzera gindoazen oso ondo jakin gabe”.

ALAITZ TOLOSA, TALLERES MITXELENA

Enpresa edo erakunde bakoitzak diagnostiko bat egitea izaten da lehen pausoa, “bederatzi arlo kontuan hartuta zein egoeratan dagoen aztertzeko”. Foroniren esanetan, lehen argazkia aterata hasten dira indarguneak eta hutsuneak detektatzen. Farapiko kideak zehaztu du hiru arlotara bideratuta daukala bere hausnarketa Erakidek: “Produkzioa, finantzak, bezeroak, hornitzaileak…; hori da lehenengoa. Pertsonena da bigarren arloa. Eta arlo soziala hirugarrena”. “Garapen integrala, kudeaketa etikoa, eta parte hartzea eta gardentasuna” ere bultzatzen ditu Erakidek.

Funtsean, “enpresa osotasun batean hartzeko aukera” eskaintzen du Erakidek, Foroniren ustez. “Gaur egun, euskara plan bat edukiko du enpresa batek, ingurumen proiektu bat beste batek… Denak dira baliagarriak, baina oso sakabanatuta egoten dira askotan, eta Erakidek proposatzen du lan egiteko modu hori era integralean aztertzea”.

Nicola Foroni

Tolosak aitortu du ez dela erraza lehen pausoa ematea, makinak itzali eta hizketan hastea. “Ahalegina eskatzen du, baina guretzat denok parte hartzea zen garrantzitsuena; gaur egun, 31 lagun ari gara lanketa egiten, eta ia denok hartu dugu parte lantalde ezberdinetan”. Talleres Mitxelenako langilearen ustez, garrantzitsua da finantzak nola eramaten dituzten jakitea, hornitzaileak zeren arabera aukeratzen dituzten jakitun izatea… “Lan ildo batzuk garatu ditugu, plan estrategikoa ere egokitu dugu, parte hartzea handia izaten ari da… Oso ariketa interesgarria izaten ari da”.

Pertsonak oinarrian jarrita

Adibide modura, azken urteotan Talleres Mitxelena ondo edo gaizki dagoen aztertzeko, ez dute aintzat hartu arlo ekonomikoa bakarrik. “Askoz adierazle gehiago dauzkagu: berdintasuna, euskara… Egunerokoan sartuta daukagu arlo sozial hori; pertsonak dauzkagu oinarrian”.

Foronik ziurtatu du behin lanketa egin eta langileak “etikoki garatzeaz gain”, enpresek “lan egiteko modua” ere hobetzen dutela pixkanaka. “Ondoren, noski, horren ondorioa da inplikazio handiagoa, emaitza hobeak lortzea, lan dinamika egokiagoak izatea…”. Onartu du Erakide “errazago” lantzen dela enpresa txiki eta ertainetan handietan baino. “Enpresa txiki eta ertainetan sentsibilitate handiagoa egoten da normalean, eta orain arte, bereziki, horrelako enpresetan landu izan dugu Erakide, baina toki guztietan landu daiteke, berez”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.