Ihes betearen sindromea

Artikulu honek lekuz kanpo harrapatuko zaitu. Hori uste dut, behintzat. Ostiral Santua izanda, irakurle gutxi ibiliko da betikoa egiten, Aste Santua delako mugimendu gehien duen opor sasoia, denak oso egun gutxitan egiten direlako. Barikua erdi-erdian egonda, errazena da, irakurle, ohikoa ez den lekuan leitzea zutabe hau. Edo, agian, ez irakurtzea, txanda-pasa egitea.

Ihes egiteko bakantzak dira hauek. Nora joango zarete? Zer egingo duzu? Aurreko egunetan etengabe entzuten diren galderak dira. Itzultzean ere izango dira egindakoaz, ikusitakoaz itaunduko digutenak. Eta zirkuaren leloa oraindik eta zailago bada, egun hauetakoa gero eta urrunago izan liteke. Sasoi batean helmugak hurrago egoten ziren: batzuk herrira, beste batzuk Nafarroara (edo Urbiara) kanpinean, lagunen artean etxe bat alokatu Zuberoan —hori bai exotikoa!—, edo udako oporretako etxera… Orain, ostera, abioia hartu, eta munduko edozein parajetara joaten gara. Herritik ospa egitea da garrantzitsuena, eta aitatutako galdera horiei “ez naiz inora joango” erantzunez gero, harridura keinuak ikusiko ditugu. “Zelan, bada?”, “Inora ere ez?”. Aitzakia bila ibiliko da erantzuna eman behar duena, galdetzaileak ez duelako kontuan hartuko herrizaintzailearen egoera. Eta hamaikatxo arrazoi daude hanka ez egiteko.

Dirua izan liteke bat. Prezioak gero eta altuago, bankuak berriro ere hipotekak altxatzen, alokairuak maila estratosferikoan, baina soldatak lehengoetan. Asko ezinean dabiltza egunerokoari aurre egiteko; beraz, oporrak hitz tabua da euren ekonomian. Baliteke beste bat zaintza izatea. Profesionalak oporretan egonda, familiakoek hartu behar dute zahar horren edo ezgaitasuna duen horren ardura. Bidaiatzea ez delako aukera horrelako pertsona bat norbere pentzudan izanda. Horregatik, horiek ere herrizaintzaile bihurtzen dira.

Ez-ospalarien beste kategoria sailkaezin batzuk ere egon litezke, eta nagusia litzateke, nire ustez, ospa egiteko gogorik ez dutenena. Joateari zentzurik topatzen ez dioten horiena, lasaitasuna etxean daukatenena. Armairuak atondu, landareak loreontziz aldatu, luzaroan irakurri, berandu jaiki, brikolajea egin, serieak ikusi… Dena patxadaz, trankil. Izan ere, aitatu ditudan munduko paraje urrun horietan ikusi eta gozatu beharreko guztia ezin da bost egunetan egin. Horrek ere antsietatea eragiten dio bati baino gehiagori.

Bakoitza bera da eta bere zirkunstantziak. Halaxe ei da. Eta pertsona bakoitzak izango du arrazoi edo egoera konkretua modu baten edo bestean jokatzeko. Hori hala izanda ere, kezkagarria egiten zait opor labur hauek eragiten duten aitatutako antsia. Dena dela, askoz kezkagarriagoa zait ihes egin behar izate hori. Deskonektatzeko premia denok daukagula begitantzen zait, errutinatik irtetekoa, laneko arazoen gainean egun batzuetan ez pentsatzekoa… Baina ihesa? Berba potoloa da, gero. Horren beharra izateak esan nahi du egunerokoak zapaldu eta estutzen dituela. Nola biziraun itotze sentsazio hori izanda oporrik ez dagoenetan? Larria da gizarte honek eragiten diguna.

Baliteke ihes betearen sindromeak jota egotea batzuk, Lete eta Laboa lez: “Ihes betea zilegi balitz/ nunbait balego bakea/ ni ez nintzake etxe ertzeko/ loredien maitalea”. Horregatik ote dabiltza batzuk ihesi ea sosegurik aurkitzen duten nonbait?

Leave a Reply

Your email address will not be published.