“Herrietara joan nahi dut, txintxetak jartzen jarraitzeko”

“Herrietara joan nahi dut, txintxetak jartzen jarraitzeko”

Urko Etxebeste

Bere estudioaren paretetako batean Euskal Herriko mapa handi bat du Mikel Susperregik (Lezo, 1966), txintxetaz betea. Saioak eman dituen herriak markatzen ditu txintxetekin. Dozenaka eta dozenaka daude. Egun, Herrian xaltoka egitasmoa garatzen ari da lezoarra, sorterriko ondarea, txokoak, jendea, euskara eta bestelako kontuak sare sozialen bidez zabalduz. Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2022ko Piztu Metak egitasmoaren barruan egin zuten matchfunding kanpainan lortutako babes ekonomikoari esker ari da Lezo zer den munduan zabaltzen, betiere bere alter ego-aren ikuspegitik; hau da, Xalto pailazoarenetik. Gustura dabil Youtuben astero-astero bideoak zabalduz, baina mapan txintxeta askoz gehiago jartzea du helburu, birtualetik fisikora jauzi egitea.

Lezo ezagutarazteko bidea hasi zenuen otsailaren hasieran, Herrian xaltoka egitasmoarekin. Zer moduz zabiltza?

Ostiralean [gaur] zabalduko dut Herrian xaltoka-ren hamargarren lana, Xalto Pailazoa Youtubeko kontuaren bitartez. Harrituta nago orain arteko harrerarekin. Lehen bideoak, otsailaren 10ekoak, 14.000 ikustaldi baino gehiago ditu jada. Gainontzekoek ez dituzte hainbeste izan, baina oso ondo doa dena. Jendea ikusten den bideoek dute arrakastarik handiena: Estanis Karrerari egindako elkarrizketak, esaterako [Lezoko Tomas Garbizu musika eskolako irakasle ohia]. Ostiralekoa hamargarren bideoa izango da jada, eta, ondorioz, egina izango dut ibilbidearen herena.

Lezoko ondarea, txokoak, jendea eta euskara ezagutarazteko egitasmoa da Xalto pailazoaren bitartez ontzen ari zarena. Beharrezkoa al da lan hori?

Baietz esango nuke. Batzuek esaten dute Lezora kanpotik etorritakoentzako bideoak direla nik egiten ditudanak, baina betidanik lezoar diren horiek ere eskertzen dute zabaltzen dudan informazioa. 8-10 minutuko bideo atseginak egiten saiatzen naiz, eta horiek gerora ere baliagarri izan daitezen ere bai. Dena ez dadila mugatu bideoa ikustera; hartan esaten eta egiten direnek jarraipena izatea nahiko nuke.

Badirudi egitasmoa haurrentzat dela, baina ez da hala, ezta?

Familientzat da. Xalto pailazoaz gain, Lezonio Etxebeste Salaberria Lezoko Unibertsitateko irakaslea [Unibertsitatea da Lezoren herri izendapen ofiziala], eta Very Nice Lezoko euskaran nazioarteko aditua erabiltzen ditut pertsonaia gisa, besteak beste, edukiak erakargarri izan daitezen. Guztientzat da, beraz, ostiralero bideo bidez zabaltzen dudan edukia. Orotara 36 bideo egitea da nire asmoa. Interakzioa lortzea dut helburu, gainera: edonork aukera du deitzeko edo bideo galdera bat egiteko. Egitasmo bizia da, ez dago erabat itxita.

Herritarren ekarpenei esker ari naiz bideoak egiten. Urte asko daramatzat gauzak egiten, eta uste dut ibilbide horren emaitza dela herritarrek hainbesteko babesa ematea; matchfunding-ean lortutako diruagatik esaten dut, baina baita herrian ditudan konplizeei esker izaten ari naizen laguntzagatik ere.

Halabeharrez ala erabat sinetsita egin duzu sarerako jauzia?

Korri, Xalto eta Brinko pailazoen aroa bukatuta, 2021. urtearen amaieran Xaltopailazoa.eus webgunea abiatu nuen. Orduan hasi nintzen edukiak Internet bidez zabaltzen, bideoak egiten. Hautu pertsonal eta politiko bat egina dut: euskaraz egiten dut lan beti. Uste dut euskarak tokia irabazi behar duela sarean ere; kasu honetan, pailazo euskaldunak ere bagaudela zabaldu nahi nuen. Baina nik zera nahi dut benetan: herrietara joan, txintxetak jartzen jarraitu, aurrez aurreko horri eutsi, bai pailazo gisa, bai eta kontalari gisa ere.

Euskal Herriko herri guztiek Herrian xaltoka bat beharko lukete, zure ustez?

Baietz uste dut. Badakit leku batzuetan antzeko gauzak egiten dituztela. Jendea euskaraz bizi dadila nahi dut; hala bizi naiz ni neu. Bide horretan, uste dut oso onuragarria litzatekeela egitasmo honen antzekoak izatea beste herri askotan.

Zer du Xalto pailazoak Mikel Susperregirena?

Dena. Gazte-gazte nintzela, aisialdi talde batean sartu nintzen. Orduko hartan, neure buruari esan nion nire herriaren aldeko gauzak egin nahi nituela. Hainbat arlo jorratzen hasi nintzen orduan; Mikelek orduan ikasitako asko ditu Xaltok, eta Mikelek ere gauza asko ditu Xaltorenak.

Zabaltzen dituzun mezuak ez dira batere hutsalak…

Gauzak ukitzearen alde egiten dut nik. Ingurua, natura ezagutzearen eta zaintzearen alde egiten dut. Gertuko hori maitatu nahi dut, libertate sentsazio hori izan, bere xumetasunean. Gauza artifizialek hondakin asko sortzen dituzte; gauza sinple eta xumeak beti dira naturalagoak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.