Amaia Barcenilla: “Familia da prebentzio eragile garrantzitsuena”

Amaia Barcenilla: “Familia da prebentzio eragile garrantzitsuena”

Miren Garate

Zumaiako guraso eskolan, gazteen kontsumo ohiturei buruzko bigarren saioa egingo dute asteazkenean. Amaia Barcenilla (Irun, 1981) drogen abusuaren ikerketa eta prebentziorako Gipuzkoako elkarteko (Agipad) teknikariak zuzenduko du. Azaldu du, prebentzioren arloan, batik bat gazteen babes faktoreak indartzen saiatzen direla.

Guraso eskolaren barruan, kontsumo ohituren gaia ari zarete lantzen Zumaian. Aurrez, ordea, herriko ikasleekin egin dituzue saioak. Zer jorratu duzue?

Kontsumoaren barruan, substantzien adikzioak eta substantziarik gabeko adikzioak lantzen ditugu. Nerabezaroan, batez ere, alkoholaren eta tabakoaren kontsumoa ikusten da, eta legez kanpoko substantzietan, batez ere kanabisa; substantziarik gabekoetan, berriz, mugikorrak, jokoak, apustuak eta erosketak.

DBHko 2. mailan hasten gara gu ikasleekin zuzenean esku hartzen, eta adikzioen inguruko informazio espezifikoa ematen diegu: zer diren, arriskuak, erabilera… Tutoreekin ere egiten dute lanketa bat lehenagotik, guk ematen dizkiegun material eta dinamika batzuekin. Hortik aurrera, 3. eta 4. mailan, babes faktoreetan sartzen gara gehiago.

Zer hartzen dituzue babes faktoretzat?

Taldearen presioa, autoestimua, asertibitatea eta halako gaiak lantzen ditugu. Espektatibetan ere sartzen gara: zertarako edaten duten, zer espero duten alkohola edandakoan, askotan zer gertatzen den alkohola edandakoan, izan ere, alderdi positiboak ikusten dira edan aurretik, baina gero gauza negatibo asko ere gertatzen dira.

Babes faktore horiek indartzea izaten da zuen helburua?

Babes faktore horiek indartuta baldin badaude, kontsumoak egon arren, beste modu batera egiten dira, arrisku gutxiagorekin. Askotan, prebentzioari buruz ari garenean, jendeak pentsatzen du helburua dela ez kontsumitzea ezer, baina bizi garen gizartean oso zaila da, batez ere alkoholarekin.

14 urte ingurukoak izaten dira DBH2ko ikasleak. Esango zenuke aurreratu egin dela kontsumitzen hasteko adina?

Guk ikusten dugunaren arabera, eta ikerketek esaten dutenaren arabera, kontsumitzen hasteko adina ez da jaitsi. Agian, kontsumitzeko modua aldatu da. Gurasoek ere hori esaten digute, beraiek ere edaten zutela, baina ez modu berean.

Eta gurasoekin egiten dituzuen saioetan, zer lantzen duzue?

Guk zer ikusten dugun kontatzen diegu, eta beren seme-alabekin zer landu dugun esaten diegu. Horren gain, helburua da indartzea familiak prebentzioan duen rola; izan ere, askotan, badirudi zeregin hori adituongan edo ikastetxeengan delegatzen dutela, baina familia da prebentzio eragile garrantzitsuena. Eta ez orain egiten dutenagatik bakarrik, txikitatik egiten ari direnagatik ere bai. Gurasoen kontsumoek ere eragia dute seme alaben kontsumoan.

Gurasoak prestatuta daude behar bezala heltzeko gaiari?

Haiek ere badute talde presioa, adibidez, etxera bueltatzeko ordua jarri behar dutenean; edo ez dakite nola indartu beren iritzia besteen aurrean; edo zer egin beren seme-alaben lehen kontsumoen ondoren.

Zenbait egoeraren aurrean, zigorra izaten da gurasoen ohiko baliabide bat. Gomendagarria iruditzen zaizu?

Nire ustez, ateratzen hasi aurretik hitz egin behar da gauza horiei buruz: etxera bueltatzeko orduaz, beren jarrerari buruz espero dugunaz, gaizki iristen bada izan ditzakeen ondorioez… Familia bakoitzak erabaki behar ditu halakoak, eta egokitu seme-alaba bakoitzari.

Leave a Reply

Your email address will not be published.