“Hunkigarria izan zen EITBko azken eguna, negar saio ederra egin nuen”

“Hunkigarria izan zen EITBko azken eguna, negar saio ederra egin nuen”

Unai Zubeldia

Hiruzpalau aldiz eten behar izan du pausoa. “Aio” eta “bueno” artean, puntako kirolarien pare egin du Txemi Galarragak (Mutriku, 1959) Mutrikuko Atxukaleko begiratokira arteko bidea. EITBko kirol kazetari izan da 34 urtez, baina lan kontuak ahaztuta dauzka iazko urritik, errelebo kontratua sinatuta. Bizitzaren erritmoa baretuta, bizikleta, sukaldea, familia eta txakurra bihurtu ditu eguneroko heldulekuak.

Kameren aurrean ohituta egon arren, inoiz ez zara izan eremu publikoan agertu zalea…

Sekula ez zait gustatu izan lehen lerroan agertzea, ez. Inoiz joan izan naiz EITBren Gabon Kantak programara edo antzeko ekitaldiren batera, baina oso gutxitan. Elkarrizketak ere oso gutxi egin izan dizkidate.

“Nahi duzun orduan, nahiko libre nabil ni” izan zen zure erantzuna elkarrizketarako proposamena jasota. Erretiroa hartu berriaren sentsazioak dira horiek?

Berez, oraindik ez nago erretiratuta. Ekainaren 15ean egingo ditut 64 urte, eta errelebo kontratuarekin egongo naiz 65 urte bete arte. Ofizialki, kazetaria naiz oraindik eta telebistako karneta daukat.

Dena den, iazko urrian agurtu zintuzten lankideek. Zein aho-zaporerekin joan zinen EITBtik?

Urte asko izan dira. Kiroletan, 1988tik. Baina aurkezpen sailean ere aritu nintzen aurretik. 1986an hasi nintzen telebistan. Igandero egiten genuen Txoria dut maite programa, aste osoko programazioa iragartzeko. Koro Lasarte zen zuzendaria, hark deitu zidan, eta bion artean aritu ginen. Eguna egunkarian hasi nintzen lanean gero, kirol kazetaritza eginez, Deia-n ere ibili nintzen… Pedro Mari Goikoetxeak deitu zidan arte. Orduan, [Luis Alberto Aranberri] Amatiño zen Eguna-ko zuzendaria, eta aukera paregabea zela esan zidan hark ere. Pedro Mari Goikoetxeak ireki zizkidan ETBko kiroletako ateak.

Noiz lotu zenituen kazetaritza eta kirola?

Niri betidanik gustatu izan zait kirola. Mutrikuarra naiz jaiotzez; 13 urterekin joan nintzen herritik, eta ordu arte futbola zen nire kirola. Maiteminduta nengoen futbolarekin. Futbola eta esku pilota, niretzat ez zegoen beste kirolik. 11 urte nituela Ormaiztegira joan ziren, ordea, gurasoak; itxi egin zuten Mutrikun zeukaten enpresa, eta aitari lana eskaini zioten Azurmendi enpresan. Anai-arrebak gurasoekin joan ziren Ormaiztegira, baina ni izebaren etxean gelditu nintzen bi urtez, Mutrikun; Ondarroako [Bizkaia] institutura joan nintzen hasieran.

13 urterekin Ormaiztegira iritsi nintzenean, han ez zegoen futbol zelairik; txiki-txiki bat bakarrik. Futbolik ez, txirrindularitza zegoen han, baina baloia hartu eta futbolean jarraitu nuen nik, eliza atarian eta. Talde bat osatu eta Legorretaren aurka, Ataunen aurka… partidak antolatzen hasi ginen gero. Basotxulo elkarteak eskubaloi taldea sortu zuen, ordea, halako batean, eta probatu eta lotu egin ninduen.

Anai-arrebak aipatu dituzu. Bost anai-arreba zineten etxean, ezta?

Zaharrena Valladolidera [Espainia] ezkonduta zegoen gurasoak Ormaiztegira joan zirenerako; beste bat Iruñera joanda zegoen, ikastera; eta beste hirurok gelditzen ginen. Laugarrena naiz ni.

Nola gogoratzen duzu izebaren etxean igaro zenuen bi urteko tarte hura?

Oso gogorra izan zen niretzat. Ez gurasoak joan egin zirelako bakarrik, nire babes inguru guztia bat-batean galdu egin nuelako baizik. Neure kabuz bizi izan nintzen, eta hala jarraitu izan dut gerora ere.

Begiratu batera ez du ematen, baina zuzen-zuzena ere ez omen zinen zu umetan…

Ospe hori daukat herrian, baina ez dakit zergatik [barrez]. Auskan ibiltzen ginen beti, jendearekin borrokan. Kalean ibiltzen ginen gu: goitibeherak egin, gerezi edo sagar lapurretan ibili, aizkora batekin pinu bat ere bota nuen behin, lagun bati iltze bat sartu nion buruan beste batean…

“Ni, handitan, kazetari”. Noiz esan zenuen esaldi hori?

Behin Ormaiztegira joanda, Cambio 16 aldizkaria irakurtzeko ohitura hartu nuen, 15-16 urte neuzkala. Askorik ez nuen ulertzen, baina saiatzen nintzen Madrilen-eta zer gertatzen ari zen barneratzen. Gorabehera askoko urteak ziren. Gogoan daukat [Francisco] Franco hil zenean lagun bat gonbidatu nuela etxera, Ormaiztegira, eta izugarrizko mozkorra harrapatu genuela aitarekin eta amarekin. Urte zailak izan ziren, gogorrak eta arriskutsuak.

Kazetari izateko, Leioatik pasatu behar izan zenuten gehienek. Zuretzat zer izan ziren unibertsitatea eta Leioa?

Unibertsitatera joan aurretik, Valladolidera joan nintzen urtebeterako, arrebaren etxera. Ingelesa eta frantsesa ikasten aritu nintzen. Ondoren, gehiegikeria izan zen unibertsitateko garaia. Kazetaritza ikasi genuen pixka bat, baina jardunean ikasten da hori gehiago. Oroitzapen onak dauzkat. Oso talde polita egin genuen; Xabier Oleaga, Manu Hierro, Jorge Cerrato…; hori zen gure belaunaldia. Urte politak izan ziren. Jose Felix Azurmendi zen irakasleetako bat, Ricardo Miralles historialaria beste bat…

Nondik datorkizu bidaiak hain txukun prestatzeko zaletasun eta pazientzia hori?

Tira… Hiru seme-alabarekin Greziara joan nahi badugu, prestatu egin beharra dago bidaia. Txemi bidaiak aktibatu, eta gustatu egiten zait dena antolatzea, bai.

Zein bidaiak bete zaitu gehien?

Greziakoak asko gustatzen zaizkit, baina Italiakoek betetzen naute, Italiako edozein bidaiak. Autoa hartu eta itsu-itsuan joango nintzateke oraintxe.

Bidaiatzeko onena, autoa?

Bai. Askatasuna ematen dit. Kantari joaten gara. 23 urte egingo ditu zaharrenak, eta hura ere deseatzen egoten da joateko. Aurten ere bostok joango gara Andaluzia [Espainia] aldera, txakurrik gabe.

Beste lagun bat ere sartu duzuelako orain gutxi etxean, seigarrena: txakurra. Zure kapritxoa izan al da?

Alabaren kontuak dira horiek, nahiz eta egia den nire babesa eduki duela. Hor amari egin genion segada txiki bat, baina, behin txakurra ikusita, dena pasatu zitzaion. Hiru hilabete ere ez dauzka oraindik.

EITBra itzulita, asko ahaztuta egongo dira dagoeneko, baina ez Bilbo eta ez Donostia, Iurreta izan zenuen lantoki urte askoan, Bizkaian. Zer oroitzapen duzu?

Urte asko igaro genituen Iurretan. Gogoan daukat erredakzioan bukaera partean egoten ginela kiroletakoak. Garai hartan kirolek ez zeukaten hainbesteko pisurik albistegietan; Kirolez Kirol eta zuzenekoak ziren erreferentzia nagusiak; maratoi itzelak egiten genituen. Hori dena ETB1en. Orduan ez zegoen ETB2. Guretzat zen dena, nagusi ginen. Gauza asko egiten genituen: futbol amerikarra, tenisa, 1 Formula Martxelo Otamendirekin, Bost Nazioak, Alemaniako futbola…

Gogoan duzu EITBn sartu zinen lehen eguna?

1988ko maiatzaren 1a. Ipuruara joan nintzen Fermin Aramendirekin, Eibarren partida batera [Eibar-Baskonia, 2-1]. Zinta handiekin joaten ginen orduan, eta material askorekin itzultzen ginen erredakziora. Denbora asko galtzen genuen, eta larri ibiltzen ginen. Gaur egun askoz erosoagoa da dena.

TXEMI GALARRAGA
EITBn, berriemaile. Txemi Galarragari zuzeneko asko egitea egokitu izan zaio telebistan. Irudian, Athleticek San Mames zaharrean jokatu zuen azken partidaren atarian, 2013ko ekainaren 5ean.

Gogoan ondo, EITBko azken eguna izango duzu ziurrenik, ezta? Bilboko egoitzatik txalo artean atera zinenekoa…

Hunkigarria izan zen, bai. Oso polita izan zen, eta negar saio ederra egin nuen.

Despedidarako baldintza bat jarri zenuen: Mutrikun behar zuen. Errespetatu zuten eskari hura…

Bai, bai. Jende askok ez du ulertzen nik 63 urterekin erretiroa hartzea, baina hasieratik argi neukan hori. Jada gogorra egiten zitzaidan astean lau aldiz Mutrikutik Bilborako joan-etorria egitea, eta lan aldetik ere ez neukan motibazio berezirik. Miramondik, Bilbotik… denak etorri ziren Mutrikura, Kalbariora, despedidara, negar pila bat egin nuen egun horretan ere, eta oso gustura ibili ginen denok.

EITB gaixo dagoela diote askok. Hala dago?

Baietz uste dut. ETB1 aspaldi gelditu zen atzean, eta gero eta atzerago dago. Jan egin du ETB2k. Zuzendaritza ari da beste plataforma batzuekin akordioak lotuta produktuak eskaintzen —Neflix, Disney…—, baina, albistegiak eta kirolak kenduta, asko kostatzen zait ETB1 ikustea.

Zein da irtenbidea?

Lehia handia dago eta zaila da. Tristura sentitzen dut 1990eko hamarkada gogoan hartuta. Gauzak hobeto egin daitezkeela uste dut. Langileak oso atomizatuta daude EITBn. ETB2n badago euskal kultura bizi duen jendea, baina badaude hori bizi ez dutenak ere, eta, itxuraz, indar handia daukate azken horiek. Horiek, eta audientziaren lehiak.

Euskaraz eta gaztelaniaz aritu zara zu EITBn. Bietan eroso?

Bai. 1959an jaioa naiz, eta gaztelania zen eskolako hizkuntza; neronek irakurtzen nuen arrosarioa! Inoiz ez dut izan arazorik; hori bai, lan bikoitza da azkenean. Gu askoz hobeto bizi ginen euskaraz bakarrik lan egiten genuenean.

Mutrikun Berdel Eguna igaro berritan, berdela prestatuko zenuke ondoen sukaldean? Horretan ere iaioa omen zara…

Berdela erreta edo labean prestatuko nuke. Gustatzen zait saltsan ibiltzea, baina inork ez du ezer eskertzen; platera jaso ere ez dute egiten!

Bizikletan ibiltzea duzu beste zaletasunetako bat, ezta? Bizikleta… elektrikoa?

Elektrikoarekin ibiltzen naiz orain, bai. A zer asmakizuna! Lekeitio aldera joaten naiz normalean, eta lantzean behin sartzen naiz Azurkitik gora. Neure kasa ibiltzen naiz, gustura.

Gustura, 1980-1990eko musika ere entzuten duzu, ezta?

Nahiago dut 1970eko hamarkadako musika; 1970 eta 1990ekoa. Musikarik gabe ezin naiz bizi. Horrela konkistatu nuen emaztea ere. Juan Carlos Perez eta biok elkarrekin hasi ginen solfeoan, baina dena utzi behar izan nuen Ormaiztegira joan nintzenean.

64 urte betetzear zaudenean, zer falta zaizu egiteko?

Ezer ez. Ez daukat bereziki egin nahiko nukeen ezer. Lehen egiten nuena egiten jarraituko dut, baina lasaiago, beste erritmo batean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.