Ahaldungaiak, lehen sektoreko erronken inguruan

Ahaldungaiak, lehen sektoreko erronken inguruan

Miren Garate

Baserritarren arteko solasaldietan, esaldi baikor gutxi entzuten zen joan den ostiralean, Zizurkilgo Fraisoro nekazaritza eskolan, Gipuzkoako lehen sektorea eta landagunearen etorkizuna mahai ingurua hasi aurreko minutuetan. Esnearen prezioaz ari ziren bi lagun, berriz ere prezioa jaitsi dietela komentatzen. “Ez du asko iraun igoerak”. Haragi sektoreko egoeraz hasi ziren jarraian. “Asko ari da jaisten kontsumoa”. Aurreko aulkian eserita zegoena batu zitzaien elkarrizketara. “Zer moduz?”. “Eusten”. “Ez dakit zeinek jarraituko duen sektore honetan”.

Hartan ari zirela sartu ziren aretora Eider Mendoza (EAJ), Maddalen Iriarte (EH Bildu), Jose Ignacio Asensio (PSE-EE) eta Miren Etxebeste (Elkarrekin Podemos), maiatzaren 28ko hauteskundeetan Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagai izango direnak. Mikel Lezama (PP) ere parte hatzekoa zen, baina azkeneko orduan ez zuen joaterik izan. ENBA sindikatuak antolatu zuen mahai ingurua, eta Xabier Euzkitzek egin zituen moderatzaile lanak.

Entzule gisa joandako baserritarrek aipatzen zituzten kezkez gain, beste hainbat gai daude puri-purian sektorean, eta horietako batzuei buruz duten jarreraz aritu ziren hautagaiak. Oro har, bat etorri ziren erronkak “aukera” gisa hartzeko premiaz, zenbait egoeratan “orekak” bilatu beharraz, eta sektoreko eragile guztien arteko elkarlanaren premiaz.

AHALDUN NAGUSI IZATEKO HAUTAGAIEN MAHAI INGURUA

SEKTOREAK, SAIL PROPIOA?

Aldundiaren egiturari buruzkoa izan zen lehen galdera: “Irabaztea lortzen baduzue, baserriko gaiak azken agintaldi honetan bezala ekonomia alorreko gaiekin batera joango dira, edo, aurretik bezala, sail propioa izango dute?”. Elkarrekin Podemoseko Etxebestek sail propioaren alde egingo luketela iragarri zuen. EAJko Mendozarentzat, sail propioa izateak baino gehiago, “egiten den ahaleginak” du garrantzia, eta esan zuen aldundia EAJk gobernatzen duenetik %6,9tik %12ra igo dela aurrekontua.

PSE-EEko Asensiorentzat ere, zer sailetan egon baino gehiago, zuzendaritza berezituak izatea da garrantzitsua, “eta zeharkako ikuspegia izatea”, arlo askok baitute eragina sektorean. Iriarteren esanetan, EH Bilduk lehen sektorea “beste jarduera ekonomikoen mailan” jarriko luke.

ELKARLANA

“Sektoreko eragileekin interlokuzioa izatea ezinbestekoa da. Arlo horretan, zein da zuen eredua?” galderaren bueltan, sektoreko eragileen arteko elkarlana izan zuten hizketagai jarraian, eta hautagai guztiek nabarmendu zuten askotariko eragileen —sindikatuak, gestio etxeak, abeltzainen elkarteak, landa garapenerako elkarteak…— arteko elkarlanaren beharra.

Aldundiak esku artean duen Herritarren Batzarra egitasmoa goraipatu zuten Asensiok eta Mendozak. Elkarlanak “benetakoa” izan behar duela zioen Etxebestek: “Ez du balio entzun eta gero erabakiak isilean hartzeak”. Iriarterentzat, aldundiak “soluzioen aldean” egon behar du, eta herritarrei elikagaien prezioaren atzean zer dagoen jakinarazi behar zaiela aipatu zuen.

HERRI TXIKIAK

Ondoren, azken hamarkadetan herri txikiek bizi duten ahultzeari aurre egiteko zer neurri hartzeko asmoa duten azaldu zuten hautagaiek. Denek esan zuten herri horietako zerbitzuak indartu egin behar direla; besteak beste, Internet konexioari lotutakoak. Zerbitzuak indartu ezean, herri txikiak “lotarako herri” bihurtzeko arriskua aipatu zuen Iriartek, eta, horrekin batera, beharrezko jo zituen baserrietako erreleboa sustatzea, lur funtsak sortzea, gazteak eta emakumeak sektorera erakartzeko baliabideak jartzea eta abar. Elikagaiekiko dagoen mendekotasun handia ikusita, “hausnarketa sakon bat” eskatu zuen.

Etxebestek mahai inguruko lehen galderarekin (lehen sektoreari sail propioa eman edo ez) lotu zuen gaia, adierazteko garapen ekonomikoa jartzen bada lurralde garapenaren erdigunean, BPGari ekarpen handiagoa egiten dieten sektoreetara bideratzen direla baliabide gehienak. “Zerbitzu, komunikabide eta abarren aldetik, herri txikietako bizitzak erakargarria izan behar du; horretarako, gehiago deszentralizatu behar dira zerbitzuak”.

Azken urteotan herri txikietan tokiko energia komunitateak sortzeko egindako ahalegina gogoratu zuen Asensiok, bai eta garraio publikoan, banda ultra- azkarrean, eskualdeko garapen planetan eta abarretan egindako urratsak ere. “Ez da nahikoa, baina aurrerapauso nabarmenak izan dira”. Beste adibide batzuk ere gehitu zituen Mendozak; esaterako, baserrietan eguzki plakak jartzeko plana eta mugaketen digitalizazioa. Kezka moduan, esan zuen sustapen pribatuaren aldetik ez dela interesik egoten herri txikietan etxeak egiteko, eta gazteak kanpora joaten direla. “Udalen sustapena behar da”.

AHALDUN NAGUSI IZATEKO HAUTAGAIEN MAHAI INGURUA

NEKAZARITZA EKOLOGIKOA

Nekazaritzari lotuta, baratzegintzara, frutagintzara eta mahastizaintzara bideratutako zer neurri hartzeko asmoa duten izan zuten hizpide. 2030erako, nekazaritzako lurren laurdenak ekologikoak izatea agintzen du Europako Batasunak, eta horri heldu zioten. “Hori ere aukera gisa ikusi behar dugu. Kalitate oneko produktuak ekoizten ditugu, baina erronka bat jarri digute, eta erantzun egin behar diogu”, esan zuen Iriartek. Garai batean kiwiaren bideragarritasunak pizten zituen mesfidantzak adibide jarrita, “agian beste fruta batzuk probatzen” hasi beharko dela zioen, “baina kontu handiarekin”.

Bide beretik jo zuen Etxebestek. “I+G+b arloan apustua egin behar da, eta beste produkzio batzuk ezagutzen ahalegindu, baina daudenak babestuz”. Zehaztu zuen ekoizpenaren %100 ekologikoa izatea “utopia” dela, baina egungo proportzioak handitu egin behar direla. Asensioren arabera, gaur egun %10 inguru da ekoizpen ekologikoa Gipuzkoan: “Eskaera baldin badago, ekoizleek egingo dute”. Mendozak ere adierazi zuen Gipuzkoan sortzen diren elikagaiak kalitate handikoak direla, baina kontsumoaren zati txiki bat osatzen dutela. Ekoizle gazteei laguntzeko “ahalegin handia” egiten dutela esan zuen, Gazte Plana aipatuz.

LARRETOKIEN KUDEAKETA

Arantzatsuagoak diren gaiekin jarraitu zuten. Abeltzaintzaren inguruan, larretoki publikoetan egindako kudeaketaren balorazioa egiteko eskatu zien moderatzaileak hautagaiei, eta “mendi publikoen kudeaketan beste eragile batzuek ere sartu behar lukete; adibidez, mendizaleek, ekologistek… sartu behar badute, baserritarren parean?”, galdetu zien. Etxebesteren arabera, ezin da talka gisa planteatu gaia. “Badirudi ekologistak beste espezie paralelo bat direla”. Haren esanetan, baserritarrek eta beste guztiek ikuspegi ekologista txertatzea izango da gakoa, bioaniztasuna arriskuan ez jartzeko, eta mendiak eta larreak ez pobretzeko; bestela, horrek ere eragina izango du ekoizpenean.

“Mendia kudeatzen dutenak eta mendira joaten garenok ezin dugu maila berean egon kudeaketan”, esan zuen Mendozak, eta Goilarre programak “sekulako ekarpena” egin duela gaineratu zuen. Iriarteren ustez, mendien kudeaketan, “arreta berezia” jarri behar zaio abeltzainek esaten dutenari. Haren arabera, Goilarre programaren balorazioa egitea tokatzen da orain, eta horren arabera erabaki beharko da zer urrats egin etorkizunera begira. “Mendi bakoitza eta bakoitzaren larreak oso ezberdinak dira, eta bakoitzaren kudeaketak ere halakoa izan behar du”. Abeltzaintza babestearen alde egin zuen Asensiok. “Ez da kopuru aldetik hain garrantzitsua izango, baina ezinbestekoa da mantentzea; bestela, gure ekosistema guztia erabat aldatuko da”.

ENIRIO ARALAR

Zerikusi zuzena zuen hurrengo galderak, Enirio Aralar mankomunitateari buruzkoa baitzen. “Zer iruditzen zaizue egin den kudeaketa, eta zer egin beharko litzateke aurrerantzean?”, izan zen galdera. Amaitzear den legegintzaldian, zeresana eman du gaiak. Asensio bera auzipetuta egon zen, Aralarko pisten harira, aldundiko bi zuzendari eta Enirio Aralar mankomunitateko arduradunekin batera. “Duela lau urte ere hemen nengoen [orduan ere izan zen mahai ingurua], auzipetuta. Lau urte geroago ikusten da ingurumenari ez zaiola kalterik egin, eta abeltzainen bizimodua nabarmen hobetu dela”. Mendozaren ustez, beste mankomunitateetan posible izan dena ez da posible izan Enirio Aralarren, ez delako “borondate politikorik” egon. “Egin behar dena da mankomunitatean dagoen jendea aldatu, borondate politikoko kontua besterik ez baita”.

Iriarteren arabera, mankomunitateko harremanak ez daude guztiz etenda. “Hemen esan da sufrimendu handiak izan direla, eta ni beti sufrimendu handiak ezabatzearen alde egongo naiz; uste dut denon lana izango dela beharrezkoa”. Etxebestek gaineratu zuen badela beste arazorik: “Jarduera maila jaitsi egin da, eta horren inguruko azterketa sakona egin behar da”.

BASOAK, GAIXORIK

Sustatu beharreko basogintza ereduari dagokionez, eta basoen jasangarritasun ekonomikoa eta ingurumenaren jasangarritasuna uztartzeko aukerei dagokienez, Iriartek azaldu zuen EH Bilduk bi aldiz eskatu diola aldundiari monolaborantzaren albo kalteei buruzko ponentzia bat antola dezala, baina ez duela antolatu. “Basotik fundazioa sortu du aldundiak; gure ustez, adostasun politiko handirik gabe”. Esan zuen espezie batzuek milaka urte iraun dutela, eta, horiek “berme bat” ematen dutenez, trantsizio batean horien aldeko apustua egin behar dela. Horrez gain, esan zuen basogintzarako kalitatezko enpleguak sortu behar direla.

Basotik sortzearekin ados agertu zen Etxebeste. “Zaharkituta dago sektorea, eta basoen abandonua arazo larri bihur daiteke”. Asensiok zehaztu zuen basoen %80k jabetza pribatua dutela, eta jabeen erdiek 60 urte baino gehiago dituztela. “Belaunaldien erreleboa sektore honetan oso larria da”. Mendozaren ustez ere, abandonua eta baso jabeen adina dira sektoreko arazo nagusietako batzuk. “Basotik izango da tresna bat baso horiek egoki kudeatzeko; jabeei etekin bat ateratzeko aukera emango die, eta sekulako ekarpena izango da klima aldaketari aurre egiteko”.

BASURDEAK ETA OTSOA

Basurdearen gainpopulazioari aurre egiteko neurri gisa, ehiza ezinbesteko ikusten zuten laurek, baina aipatu zuten ehiztariak ere zahartzen ari direla. Gipuzkoan ez dago otsorik oraindik, baina, iritsiko balitz, otsoa mendiko abeltzaintzarekin bateragarria ote den planteatuta, “hala izaten ahalegindu” beharko dela erantzun zuen Iriartek. Aurreikuspenak egin behar direla esan zuen, “orain, arriskurik ez dagoenean, arazoa dutenak nola ari diren ikusiz eta ikasiz”.

Asensioren iritziz ere, beharrezkoa da mahai sektorial bat martxan jartzea, “eta salbuespen neurriak hartzeko gai izatea, azkar”. Mendozaren arabera, Europako esperientziak ikusita, otsoa eta mendiko abeltzaintza ez dira bateragarriak. “Jaurlaritzak kontsulta egin zigunean ea otsoa espezie kaltebera den, guk ezetz esan genuen”. Etxebestek zehaztu zuen otsoa, izatekotan ere, pasatu egingo dela Gipuzkoatik, ez dela bertan bizitzen geratuko, lurraldearen %40 jendez beteta dagoelako. “Ikusi beharko dugu nola egin bateragarri gure mendiko abeltzaintza, pentsatuz garai jakin batzuetan otsoa pasatu daitekeela”.

AZPIEGITURAK

Energia berriztagarrien instalazioetan (eguzki plakak, haize errotak…), zer-nolako kudeaketa egingo zenukete zuen ardura balitz?”, galdetu zien Euzkitze moderatzaileak hautagaiei ENBAren mahai inguruan. Etxebesteren arabera, gaur-gaurkoz, ia edonon dago halako azpiegitura bat jartzeko aukera, “eta hori ez da bidea”. Lurraldea antolatzeko, energia berriztagarrien lurralde plan sektoriala behar dela esan zuen, eta Eusko Jaurlaritzari kritika egin zion, oraindik ez baitu egin, “eta esan du 2025era arte ez duela egingo”. Instalazioak jartzeko, “mendiak ukitu baino lehen”, bestelako eremuak lehenestearen alde agertu zen Elkarrekin Podemoseko hautagaia; hala nola eremu abandonatuak, erabiltzen ez diren industria eremuak… “Antropizatuta ez dauden eremu guztietan moratoria bat jar dezagun, eta itxaron dezagun, ea plan sektorial horrek zer esaten duen”.

Antropizatuta dauden eremu horiek beti ez dutela balio erantzun zion EH Bilduko Iriartek; esate baterako, haize faltagatik. “Bi trantsizio izugarri ditugu, eta, gainera, lur eremu bera partekatzen dute”. Kasu batzuetan zailtasunak izango diren arren, orekak aurkitu beharko direla esan zuen, eta, azpiegiturak jartzeko, alde batera utzi naturagune babestuen sareak, interes bereziko eremuak, balio handiko laborantzako lurrak, lurralde ondaretzat har daitezkeenak eta abar.

PSE-EEko Asensioren arabera ere, azkartu egin behar da lurralde plan sektoriala. Ados agertu zen artifizializatuta dauden lurrak erabiltzearekin, bai eta nekazaritza sektorerako egokiak diren lursailak babestearekin ere. “Gipuzkoan 38 herrik dute beren energia komunitatea, eta energia beharren %30 arte irits daitezke; aurrezkia ere %25etik gorakoa da”. Autokontsumoa bultzatu behar dela adierazi zuen, energiaren mendekotasuna %90etik gorakoa baita Gipuzkoan.

Ildo horri jarraitu zion EAJko Mendozak, eta, mendekotasunari aurre egiteko, ekoizpen txikiak, ertainak eta handiak beharko direla zehaztu zuen. “Gipuzkoaren %90 landa eremuan dago, eta %62 basoa da. Babes berezia lurren %0,8k dute. Gainontzekoan, oreka aurkitu beharko dugu”.

Zizurkilgo saioaren amaieran, gaiari heldu zioten berriro, galderen tartean entzuleen artean zegoen baserritar batek bere kasua kontatu ostean. 38 urte dituela azaldu zuen, eta baserritik bizi dela. “Azpeitiko parke eolikoa gure lurretan ezarri nahi da, hiru baserriren lurretan. Gure mendi gain hori ez da babes bereziko lurretan sartzen”. Ardi latxak dituztela azaldu zuen. “Nire ustez, errentagarriak izan daitezke, baina elikatzeko lurrak izanez gero. Gain horretan belarra ere egiten dugu, eta, ez badugu, kanpotik ekarri behar dugu. Esan duzue energiaren %90 kanpotik datorrela, eta elikagaiak? %97. Galtzeko espeziea baserritarra da”.

“Zure kasua, segur aski, balio agrologiko handiko lurzorua izango litzateke. Lurralde plan sektorial batean legez bermatu behar dira horiek”, erantzun zion Asensiok. “Baina plan hori egin arte gure mendiek Salgai kartel handi bat dute, eta, udala ados badago, egin egingo da azpiegitura”, zehaztu zion Asensiori Etxebestek. Iriarteren arabera, “bi trantsizio oso handi” daude aurrean: “Saiatu beharko dugu lortzen oreka puntuak, halakoak gerta ez daitezen”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.