Bizilagun txikiari begira-begira

Bizilagun txikiari begira-begira

Unai Zubeldia

Jaitsi egin da enara kopurua, nabarmen jaitsi ere. “Datu zehatzik ez daukagu, baina duela urte batzuk baino askoz enara gutxiago daude gaur egun, bai”, aitortu du Olatz Aizpurua Aranzadi zientzia elkarteko ornitologoak. Susmoa datuetara pasatzeko, enaren habien errolda egiten hasi zen Aranzadi duela bi urte, Enarak proiektuari esker, eta ordutik 1.163 habia kontabilizatu ditu Gipuzkoan. Enara arrunten (Hirundo rustica), enara azpizurien (Delichon urbicum) eta sorbeltzen (Apus apus) habiak erregistratu dituzte —uhalde enarak, haitz enarak eta enara ipurgorriak ere zerrendatuta dauzkate—.

Hasi, Lezoko Udalaren dei batekin hasi zen dena. “Enara azpizuriarekin arazo bat zeukatela esanez deitu zigun Lezoko Udaleko Ingurumen teknikariak. Habia asko zeuzkaten herrigunean, eta sentsibilizazio kanpaina bat egin nahi zutela azaldu ziguten”. Lehen pausoa emanda, hiru enara espezie bereizten hasi ziren. “Eta oso arrakastatsua izan zen emaitza”. Katalunian duela hamabost urte jarri zuten martxan web bisore edo ikusgailu bat, eta, Lezon izan zuen harrera ikusita, Kataluniako egitura Gipuzkoara ekartzen saiatu da Aranzadi, Kutxa fundazioaren diru laguntza bati esker —Aranzadi-enarak.eus webgunean dago ikusgai—. Enaren habia bakoitzaren kokapena ikus daiteke bisore horretan. Azken bi urteotan, herritar boluntarioak eta 2021etik Lezo, iaztik Aduna, Beasain, Bergara, Donostia, Errenteria, Irun, Zestoa eta Tolosa, eta aurtendik Irura eta Arrasateko udalak aritu dira Aranzadirekin elkarlanean.

OLATZ_AIZPURUA

Aizpuruak jakinarazi du enarei buruzko proiektua ez zutela ezerezetik sortu. “Ornitho.eus webgunea ere kudeatzen dugu guk [2015ean hasi ziren], behaketak partekatzeko plataforma bat, eta sakelakoetarako NaturaList aplikazioa ere badauka webgune horrek. Herritarren parte hartzeari esker ari gara elikatzen enarei buruzko informazioa”. Egunero berritzen dute informazioa, eta webgunean islatzen dute.

“Udalentzat tresna bat” ere izan nahiko luke Aranzadi-enarak.eus atariak. “Eraikinak berritzeko baimenak eskatzean, Katalunian jada exijitu egiten dute gune horretan habiarik ez dagoela demostratzea. Habiaren bat baldin badago, hainbat neurri hartzen dituzte; ugaltzeko garaian badaude, adibidez, obra atzeratzea. Gure txikian, lehen pausoak ematen ari gara gu”.

Herritarrengana gerturatzeko, tartean-tartean hitzaldiak ematen dituzte Aranzadiko adituek. “Eta hurrengo egunetan asko nabaritzen da herri horretako kontaketak gora egin duela”. Aranzadi zientzia elkarteko ornitologoak Bergara jarri du adibide gisa. “Iaz antolatu genuen hitzaldia Bergaran, ordura arte daturik ez zeukaten sartuta han, eta pixkanaka hasi dira sartzen”. Beste muturrean, “Donostian, esaterako”, hitzaldirik eman beharrik gabe ere datu asko biltzen dituztela jakinarazi du Aizpuruak.

Gizartearekin, kritiko

Enaren “eta gainerako espezieen” kopurua jaisteak “eragin nabarmena” daukala ziurtatu du Aranzadiko ornitologoak. “Izurrietan eragina eduki dezake, enaren kasuan intsektu asko jaten dituztelako egunero”. Baina gizartearekin berarekin dago bereziki arduratuta Aizpurua. “Espezieak galtzen ari gara, eta ez gara konturatzen, edo ez dugu konturatu nahi, guk ere hori gerta dadin zerbait egin dugula”. Aranzadiko kideak “kontzientzia” eskatu die herritarrei.

Leave a Reply

Your email address will not be published.