“Gizarteak baztertu egiten ditu dantza egin nahi duten mutilak”

“Gizarteak baztertu egiten ditu dantza egin nahi duten mutilak”

Kerman Garralda Zubimendi

3 urterekin hasi zen dantzan Ixone Zurutuza Zubeldia (Ordizia, 1973). Oin lauak zituela eta, medikuak hanka puntetan ibiltzeko gomendatu zion. “Horretarako, zer hoberik dantza baino?”, dio. Balletean hasi zen, Kontxi Aranbururen akademian, Beasainen. Eta oraindik ere aritzen da.

Nola gogoratzen dituzu dantzako hastapeneko urteak?

Han sartzen gintuzten, ume pila bat gela batean, eta musika entzuten genuen, eskolak hartzen genituen, psikomotrizitatea lantzen genuen… Baina oso oinarrizkoa zen dena. Orain dela 50 urteko kontuez ari gara hizketan: ez zegoen teknologiarik eta gaur egun dagoen jakinduriarik. Nik ez dakit nola moldatzen zen Kontxi [Aranburu]. Orain ere, umeak gazte hasten dira dantzan, baina ez gu bezain gazte. Amets Biden [Ordiziako dantza taldea] 5 urterekin hasten dira gaur egun.

Irakasle ona izango zen. Zuk, behintzat, ikasi zenuen.

Hari esker dago oraindik balleta bizirik hemen.

Zerbait edukiko du balletak segi eta segi egiteko…

Harrapatu egiten du. Eta, niretzat, diziplina ere bada. Orain, irakasle lanetan, ikusten dut ume batzuek oso ondo barneratzen dutela diziplina hori: orduak zaindu, irakasleari entzun, mugimenduak egiten ikasi, behar denean geldirik egon, ilarak errespetatu… Beste batzuek ez dute hain ondo barneratzen, baina ez da ezer gertatzen. Haiek hobe dute beste zerbaitetan izena ematea edo dantza libreago batekin saiatzea; gero, nagusiagoak direnean, nahi badute itzuliko dira balletak eskatzen duen teknikotasun perfektura.

Dantzatik kanpo ere diziplina gustatzen zaizu zuri?

Bai. Dantzak balio izan dit bizitzan ere diziplinatua izateko.

Ikasle izan zinen lehenik; irakasle gero. Nola hasi zinen irakasle?

18-20 urterekin balleta utzi, eta eten bat izan nuen, baina, itzuli nintzenean, sekulako gogoarekin heldu nion, eta ikastaro asko egiten hasi nintzen, trebatzeko. Ez dut dantzaren arloko ikasketarik egin, baina etengabe ikasten aritu naiz. Halako batean, oso-oso abailduta nengoen ohiko lantokian, eta bizimodua aldatzeko beharra sentitu nuen. Dantzara jo nuen, irakasle lanera. Bizitzak buelta asko ematen ditu, ordea, eta pandemia iritsi zen. Orain, artistikoki ezin naiz hortik bizi, eta ez dut uste inoiz soldata oso bat lortuko dudanik. Oso-oso zaila da dantzatik bizitzea.

Baina posible da?

Bateren batek egingo du, baina inor gutxik. Akademia bat baduzu, agian… Kontua da lokalaren alokairua edo hipoteka ordaindu behar dela, bestelako fakturak ere bai, materiala… Hori dena ikasleen gurasoen kuotekin ordaindu behar bada, ez da bideragarria. Nik taberna batean egiten dut lan, eta banekien halako negozio batek zenbat gastu duen; horregatik ez nintzen sartu. Amets Bideri laguntza eskatu nion, eta haien lokalak erabiltzen ditut balleta erakusteko. Amets Bidek orain, euskal dantzaz gain, beste adar bat du: balleta.

Nola uztartzen dituzu ofizioa eta afizioa?

06:00etan jaiki, goizean nire lanorduak egin, eta arratsaldean ematen ditut eskolak. Horrela ibiltzen naiz, baina ordu batzuk kendu egin behar izan nituen, ezin iritsita nenbilelako. Niretzako denbora ere behar nuen.

Gustatuko litzaizuke soilik dantzara dedikatzea?

Etapa hori pasatu zait jada.

Gazteagoa zinenean, bai?

Orain ikusten dut baliabide gehiago dagoela dantzaren alorreko ikasketak egiteko. Bilbo, Bartzelona, Madril… Badaude dantzariak trebatzen dituzten eskolak. Hortik, agian, ez da aterako ospe handiko dantzaririk, baina irakasleren bat, koreograforen bat, jantzi arduradunen bat…, horiek, akaso, bai. Diziplina asko ditu dantzak. Lehen, ez zegoen hainbeste aukera; soilik onenek zuten dantza ikasteko aukera. Pena hori daukat.

Atzerrian egin zenituen ikasketak?

Ez. Pena hori ere badaukat, baina horrelakoa da bizitza.

Goierrin egin zenituen ikasketa denak, beraz?

Goierrin ez dago ezer. Ikastaro gehienak Dantzagunean izaten dira, Errenterian, eta, azken urteotan, Iker Murilloren eskolan ibili naiz, Pasaian. Asko ikasi dut Ikerrekin.

Kilometro mordoxka bat da dantza egiteko…

Tolosatik Goierri aldera ez dakit zer pasatzen den, ez baita ezer iristen. Dantza munduan, Donostian eta Oiartzualdean dago dena.

Interes falta da, akaso?

Beasaingo Udalak badauka interes pixka bat, baina beste udalek eta aldundiak… Erakundeek ez dute lantzen kultur arloa.

Zuk, ordea, Ordizian ematen dituzu eskolak, Goierrin bertan.

Ordiziako Udalarenak dira lokal batzuk, baina Amets Bidek ordaintzen ditu beste batzuk, nahiz eta berez euskal dantzak irakasten dituen. Orain, interes gutxi dago berez dantzaren inguruan, eta are gutxiago balletaren inguruan. Balleta? Zer da hori?

Zein izan daiteke irtenbidea?

Herri guztietan daude musika eskolak. Baina dantza eskolak? Non daude? Linbo batean dago dantza, eta dantza maite dugun asko gaudelako egiten du aurrera, gogotik lan egiten dugulako. Baina zer baldintzatan ari gara lanean? Eta zenbat aukera ditugu geure lana erakusteko?

Plazak falta zaizkizue, beraz?

Balleta ikusteko antzokietara joan behar izan da, tradizioz. Horri buelta bat ematen ari gara, Dantza Kalean eta antzeko egitasmoekin. Ekainaren 4an, adibidez, Ordiziako Barrena jauregiko lorategian egingo dugu dantza. Ikusgaitasun handiagoa lortzen dugu kalean dantza eginda.

IXUNE ZURUTUZA
Kontxako barandan, dantzan. Dantzaren Nazioarteko Eguna izan zen apirilaren 29a, eta joan den asteburuan dantzarien jarduna ikusarazteko hainbat ekintza antolatu zituzten Gipuzkoan. Donostian egin zuten ekitaldirik jendetsuena. Irudian, Ixone Zurutuza, balleta egiten.

Igandean, Kontxako barandaren inguruan ere egin zenuten dantza, Donostian…

Jende asko elkartu ginen. Kontxako baranda hiru aldiz bete genuen, alderik alde: haurrekin, nerabeekin eta helduekin. Ez dut kopuru zehatzen berri, baina pentsa zenbat jende izango ginen, Gipuzkoa osoko eskola denak batera… Polita da egitasmo hori.

Dantzariak egon bazaudete, beraz. Atzetik ba al dator inor?

Euskal dantzari asko dago. Asko. Baina ballet dantzariak ez dira hainbeste. Dantzari garrantzia ematea falta da.

Adina, sexua… kontuan hartuta, nolakoak dira gaur egungo ballet ikasleak?

5 urte inguruko dezenteko multzo bat hasten da normalean; gehien-gehienak, neskak. Mutil bakanen bat besterik ez da hasten. Talde handi hori txikituz joaten da urtez urte. Eta, behin batxilergora iritsita, gehienek utzi egiten dute, ikasketengatik.

Mutilek ez dute dantza egin nahi?

Gizarteak min egiten die. Niretzat, balletera joaten diren mutilak oso ausartak dira. Mundu honetan, besazpian baloirik ez badaukazu, arraro begiratzen dizute. Nahiz eta oso gustura hasten diren, 8-9 urterekin gizartearen eragin hori nabaritzen hasten dira, eta utzi egiten dute. Batzuk, halere, euren izaera osatzen dutenean, itzuli egiten dira balletera. Hor ibiltzen gara, mutiko horiek berreskuratu nahian.

Aldatuko da egoera?

Atzeraka goazela esango nuke. Gizarteak baztertu egiten ditu dantza egin nahi duten mutilak, baztertu egiten ditugu.

Balletean are nabarmenagoa da rolen pisu hori?

Alaba balletera bidaltzen duzu? Zein ondo! Baina semea balletera? Nola? Janzteko eragatik edo balletaren fintasunagatik, balletean rolen pisu hori nabarmenagoa dela iruditzen zait.

Askotan gertatzen da balleta utzi eta gero itzultzea? Zu, adibidez, itzuli egin zinen.

Alaba bidali nuen balletera, baina, lagun batek esan zidan bezala, ez dakit alabak egin nahi zuen dantza edo nik. Berriz hasteko aukera ikusi nuen, eta joan nintzen. Hasiera ez zen erraza izan: mugimenduak barneratuta neuzkan, baina gorputza ondo olioztatu gabe. Gorputza… eta burua. Buruan izan behar duzu sekuentzia bakoitza, eta, hasieran, kostatu egiten zitzaidan erritmoari jarraitzea.

Balletera itzultzean, haurrekin egin behar izan zenuen dantza?

Noski. Ez zegoen beste talderik. Pasaian ere, orain arte, nerabeekin egin izan dut dantza. Baina egon badaude helduentzako ballet taldeak: Tolosan, Donostian… Nik ere egin nuen saiakera bat, baina ahalegin handia eskatzen zuen, eta ez nuen jarraitu.

Ondo moldatzen zinen hainbesteko adin tartearekin?

Ausartu egin behar da: lotsa eta nerbioak ahaztu eta aurrera. Gazteagoak izan arren, nik baino hobeto egiten zuten dantza; aukera perfektua zen. Gehiago ikasten da alboan dantzari hobeak izanda.

Sare sozialetan —bereziki, Tiktoken—, dantza asko egiten da. Horrek kalte ala mesede egiten dio dantzari? Eta balletari?

Niretzat, sare sozialetan egiten dena ez da dantza. Ez dut txarrera esan nahi. Nik ere badaukat Tiktok, eta asko gustatzen zait. Sekulako aukera iruditzen zait: asko ikas daiteke, asko gozatu… Guk ez geneukan musika entzuteko aukerarik, eta begira orain zenbat musika dugun eskura. Baina sare sozialetako bideoak hamar segundokoak dira, eta dantzak landuagoa izan behar duela iruditzen zait.

Probatu duzu inoiz balleta ez den beste dantza estilorik?

Ez dakit besterik; ballet klasikoa bakarrik. Euskal dantzak ere ez dakizkit. Tira, plazan dantza egiteko adina bai, baina askoz gehiago ez.

Inoiz ez zaitu tentatu beste estiloren batek?

Ez, ez naute erakartzen. Dantza garaikide apur bat egin dut inoiz, baina pixka bat besterik ez. Dantza gogorrak dira, eta lasaiago ibili nahi dut nik. Orain, adinean aurrera egin eta nabaritzen denean gorputza ez dela lehengoa, jazza edo horrelako dantza modernoren bat probatuko nuke. Jazzak badauka bere alor teknikoa, eta hori gustatzen zait. Baina balleta gustatzen zait gehien, eta oso gustura nabil, erraz.

Leave a Reply

Your email address will not be published.