Jokoa ez delako errenta

Jokoa ez delako errenta

Ikerne Zarate Gartziarena

Ekintza Bibe Gipuzkoako ludopatia eta mendekotasun psikologikoen errehabilitazio elkarteak Errenteriako Alaberga auzoan du egoitza, komertzio zirkuituetatik zein jendearen begiradatik urrun, laguntza eske heltzen direnak ludopatiak eta bestelako mendekotasunek duten estigmatizaziotik babesteko asmoz. 29 urteko bidea egina du elkarteak. Bea Alonso eta Ana Retegi elkarteko osasun psikologoek hitzaldi bat eman zuten joan den ostegunean, Errenteriako Xenpelar Etxean, eta nabarmendu zuten behar duen orok elkartearen ateak parez pare zabalik dituela.

Autolaguntza taldeak dituzte elkartean, mendekotasun psikologikoren bat duten pertsonei zein haien senideei begira. Banakako laguntza psikologikoa ematen dute, prebentzio lana ere egiten dute eta informazioa zabaldu. Horrez gain, orientazio lana ere egiten dute, eta harrera eta motibazioa landu. Hainbat ikerketatan parte hartu dute urteotan; iaz, zehazki, gazteen mendekotasunak aztertzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren ikerketa bat egin zuten. Alonso kezkatuta dago ikerketa horretako ondorioekin: “Atentzioa eman digu ikusteak adingabekoen artean zein ohikoa den ONCEren [Espainiako Itsuen Erakundea] harraskatzeko txartelen erosketa”.

Alonsok eta Retegik nabarmendu zuten mendekotasun psikologikoak dituzten pertsonen profilak “aldatu” egin direla azken bi hamarkadetan; ez, ordea, horietako mendekotasunen bat duten emakumeek pairatu behar izaten duten “estigmatizazio bikoitza”: “Emakumeak direlako, batetik, eta mendekotasuna dutelako, bestetik. Guregana jotzen duten emakumeek inguruan ez dute izaten gizonek adinako babesik”. Alonsok azaldu zuen gizonekin lau lagun joaten direla, batez beste: “Bikotekidea, ama, arreba eta seme-alabak. Emakumea, berriz, bakarrik sartzen da elkartera”. Alonsok ezinbestekotzat du une horietan “babesa” ematea. “Izan ere, mendekotasunari aurre egitea erabakitzen dutenean, nonbaitetik indarra ateratzea tokatzen zaienean, beharrezkoa da babestuta sentitzea”.

Kirol apustuak, gora

Duela hogei urte elkartera laguntza eske jotzen zutenen %90 gizonak zirela jakinarazi dute bi osasun psikologoek. Txanpon makinak ziren zorizko “joko nagusiak”, eta kaltetuen batez besteko adina 45 urtekoa zen. Iazko datuen arabera, oraindik ere gizonak dira nagusiki kaltetuak (%88), eta txanpon makinena da arazo nagusia (%46), baina kirol apustuak gora egiten ari dira itzel: “Guregana datozen %34k dute apustuen mendekotasun hori, eta gizonak dira gehienak”. Erosketa edo “kontsumo konpultsiboak” hirugarren tokia hartu zuen iaz; %27ra heldu zen arrazoi horregatik artatutakoen kopurua, eta emakumeak dira nagusiki.

Burtsa (%5) eta sexu mendekotasuna (%2) ere aipatu zituzten bi adituek, eta, bereziki, sexu mendekotasunarekin dago kezkatuta Retegi. “Horren barruan, pornografiarena gailenduko dela aurreikus daiteke. 8 urteko haurrek pornografiarako sarbidea dute sakelakoarekin; sexurako eskuliburua dela uste dute”. Gurasoei deia egin zien Ekintza Bibe elkarteko osasun psikologoak: “Heziketa egokia ezinbestekoa da uste oker horiek desegin eta etxeko ekonomiaren gaineko irizpide egokiak irakasteko. Izan ere, gastu konpultsiboa eta kontsumismoa joko patologikoarekin oso lotuta daudela ikusi dugu”. Finean, heziketa ongizatearen oinarri dela baietsi zuten biek.

Mendekotasun psikologikoa duten pertsonen adina ere jaitsi egin da azken urteotan: gaur egun, 35 urtetik beherakoak dira mendekotasun psikologikoa duten herritarren erdiak. “Itxaropen izpi txiki bat ere sumatu dugu horren atzean”, esan du Alonsok. “Horrek esan nahi baitu mendekotasunak ez direla mantentzen hainbeste urtean; jendeak lehenago jotzen du laguntza eske. Bada urrats txiki bat”. Izan ere, ezkutukoa da mendekotasun psikologikoa. “Ez da nabaritzen begi ninietan, ahoan ez du kiratsik uzten, ez eta markarik ere besoetan. Ezkuta daiteke”.

Hiru programa martxan

29 urteotan 3.000 lagunek jo dute Ekintza Biberen atea, laguntza eske, eta 2015etik elkarteak mendekotasun psikologikoren bat duten 670 pertsona artatu ditu. “Kopuru horretan ez daude sartuta gaixoekin batera datozen senideak, baina haiei ere eskaintzen diegu terapia eta laguntza”, esan du Retegik.

Oraintxe, hiru programa dituzte elkartean. Jokorik gabe bizi daiteke da horietako bat; autolaguntza taldeak eta banakako terapia eskaintzen dituzte horren barruan. Bolunta bizi berria programarekin, boluntarioen lana kudeatu eta bideratzen dute. Eta, azkenik, prebentzio lana bultzatzeko, Jokoa ez da errenta programa lantzen dute urtero ikastetxeetan, eta “2.500-3.000 ikasleri” ematen dizkiete prebentzioa lantzeko hitzaldiak.

Alonsok argi utzi du ez dagoela “arriskurik gabeko egoerarik. Ezin da dena debekatu; bai, ordea, informazioa eman eta hezi. Eta, susmoa dagoenean, laguntza eska daiteke mendekotasuna enkistatu aurretik”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.