Heriotzaz, taburik gabe

Heriotzaz, taburik gabe

June Romatet Ibarguren

Egozten zaion izaera lohia edo sakratua dela-eta izaki, objektu edo ekintza baten inguruan ezartzen den debekua da tabua; hau da, gizartean gaizki ikusia delako ezkutuan eramaten dena. Gaur egun, oraindik ere, gai asko dira tabuen zakuan sartzekoak; horien artean nagusietako bat, heriotzarena. “Nola hitz egin haurrei heriotzaren inguruan?”; “hilerriak toki ilunak, beldurgarriak dira?”; “nolakoak izan beharko lukete hilerriek?”. Galdera asko sortzen dira egunero, eta hilerrien ingurukoari helduta, gogoeta parte-hartzaile bat egiten ari dira Antzuolan. “Naturaltasun osoz” lantzen ari dira heriotzaren eta hilerrien inguruko gaia.

Galdera horiei guztiei erantzunak bilatzeko asmoz, Nere Erkiaga tanatologian, parte hartzeko dinamiketan eta kultur transmisioan adituak Hil arte bizi egitasmoa abiarazi zuen iazko irailean. Norbanako gisa eta herri edo komunitate gisa heriotzaren harira bakoitzak dituen eskubideak aktibatzea da haren proiektuaren helburu nagusia. Horretarako, gogoetak eta formakuntzak eskaintzen ditu Erkiagak: “Heriotzaren harira dituzten eskubideen inguruan trebatzen ditut herritarrak, euretako bakoitzak hartu beharreko erabakiak argituz joateko”.

Eskolarekin, harrituta

Herriz herriko dinamikan, Erkiaga Antzuolara ere iritsi zen hilabete batzuk atzera, eta orduan konturatu zen hango herri eskolan bertan heriotzaren inguruko lanketa handia egiten ari zirela lehenagotik ere. “Harrigarria da eskolan haur txikienekin ere zer-nolako lanketa egiten duten. Gai horretan hain sartuta ikusi nituenez, Antzuolako komunitateari begirako gogoeta parte-hartzaile bat sortzea bururatu zitzaidan”, kontatu du Erkiagak.

Gogoeta “neutroa” izateko asmotan, hilerriari begira jartzea iruditu zitzaion aukerarik egokiena. Etorkizuneko hilerria irudikatzeko asmotan bildu zituen herritarrak. Antzuolako herri eskolako irakasleei ere proposatu zien gaia, eta “aho batez” onartu zuten haiek. “Gainera, gaia nahiko neutroa izanik, udalak ere baiezkoa eman zidan”. Etorkizuneko hilerri ereduaren inguruan pentsatzeaz gain, “pixkanaka heriotzaz normal hitz egitea” ere lortu nahi dute gogoeta prozesuarekin.

Lehenik, haurrekin egin zuten lanketa; gogoeta saio bat egin zuten atzo, eta herriko elkarte eta kideekin elkarrizketa zuzenak egingo dituzte jarraian. Azkenik, hainbat tailer egingo dituzte udazkenean, eta txosten bat idatziko dute gero. Norbanakoen ideiez gain, haurrekin egindako lanketatik ateratakoak ere azaldu zituzten atzo irakasleek. “Herri eskolaren rola oso garrantzitsua da prozesu honetan, heriotza normal sartuta daukatelako eguneroko lanketan”.

Josune Jimenez Antzuolako herri eskolako irakasleak azaldu du aspalditik dauzkatela bi lan arlo heriotzaren gaia lantzeko: “Maite duten norbait, familiako kideren bat, lagunen bat, maskotaren bat… hiltzen zaienean, konpainia egiten diegu doluan, batetik. Eta egunerokoan sortzen zaizkien zalantzak ere lantzen ditugu, bestetik”.

Irakasleek, formakuntza

Jimenez orain dela hamabi urte iritsi zen Antzuolako herri eskolara, eta heldu zenean azaldu zioten han nola lantzen zituzten gai horiek. Formakuntza bat ere jaso zuen, eta irakasleak argitu du iristen diren irakasle guztiekin egiten dutela lanketa hori. Eskolan oso garrantzitsutzat daukate irakasleek erremintak izatea edozein heriotza kasuren harira; irakaslea bakarrik edo galduta ez sentitzeko, beraz, gaia aurrez lantzen dute.

ANTZUOLAKO HERRI ESKOLA

Adibideetara jauzi eginda, Jimenezek kontatu du Antzuolako Haur Hezkuntzako 2. mailako gelan arrainak izaten dituztela urtero, eta baten bat hiltzen denean helduagoen geletara eramaten dituztela zer gertatu den galdetzeko. Irakaslearen hitzetan, horrela lortzen dute heriotzaren gaiaz normal hitz egitea. “Hilerrira ere eraman genituen 4 urteko umeak, eta gune hori hobetzeko zeuzkaten ideiak bildu genituen”, azaldu du. Besteak beste, errautsak botatzeko toki polit bat, jateko mahaiak eta beste eskatu zituzten haurrek. “Haurrek diote hildakoak gure bihotzean daudela”, adierazi du Jimenezek, “eta, horregatik, hilerriko sarreran bihotz handi bat jarri beharko luketela”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.