Erromesak, mendizaleak eta turistak

Donejakue bideko aterpetxeetakoak kexu dira: gero eta bidelari gehiago maleta handiak hartuta agertzen zaizkie. Hori ez omen dator bat Bidearen (maiuskulaz) izpirituarekin, maletak turisten kontua direlako, eta benetako erromesak motxila eroan behar duelako. Adierazpen horiek purista talde batek egindakoak begitandu zitzaizkidan, Santiago kaminoaren esentzialista batzuek eginak. Gerora argitu zen guztia: Nafarroako bideko ostalariek gero eta maleta gehiago jasotzen dituzte, erromesak iritsi baino lehen, garraio-enpresen bidez bidalita. Beraz, aterpetxeok kontsigna bihurtzen dira, ekipaje zaintzaile.

Irratian entzun nion bertako ostalari bati arrangura. Eta ulertu nion zein konplikatua izan zitekeen horrelako leku batean, berez ez oso handia, litera artean maleta handiak sartzea eta gordetzea. Baina erantsitako gehigarriak berriro ere itzuli ninduen hasierara: bidearen esentzialismora. Izan ere, motxilaren sufrikarioa, Bidearen esanahia, espiritualtasuna… aitatu zituen, eta maletadunak ez zirela erromesak, turistak baizik.

Goiz berean, eta irratsaio horretan bertan, mendizale bati egin zioten elkarrizketa, argitaratu berri zuen liburu baten gainean. Liburuaz gain, mendiari eta mendizaletasunari buruz ere galdetu zioten. Jakina, Zegama-Aizkorri mendi lasterketa egitekoa zenez, horretaz ere jardun zuten. Elkarrizketatuak esan zuen mendi-korrikalari batzuk ez zirela mendizaleak, mendia ez zutela estimatzen. Gero, mendian dagoen masifikazioa ere aitatu ostean, komentatu zuen pandemia ostean batez ere ikaragarri handitu dela mendira joaten den pertsona kopurua, eta hori kezkagarria iruditu zitzaiola. Hala ere, bisitari berriei ez zien mendizale deitu. Ez dakit, mendi-ibiltariak ez badira mendizale, turista ote diren edo txangolariak edo igandezaleak. Ez dakigu, baina horiek ere kezka sortzen dute. Adierazpenotan ere esentzialismoa.

Uler nitzake, eta aditzen ditut Donejakue bideko aterpetxekoaren eta beste hizlari mendizalearen urduritasunak. Kezkagarria delako pertsona batzuek euren tripako zilari baino ez begiratzeagatik beste batzuek ondorioak jasatea, ostalarien kasuan lan estra ematea eta enbarazu egitea, eta mendizalearen kasuan parajeak hondatzea, eta ez-mendizale horiek sor lezaketen zabor kopurua. Niri ere ardura dit. Baina ezagutu ditut mendizaleak natura asko errespetatzen ez dutenak. Eta denok dakigu badaudena motxiladun pelegrinak txankletetan abiatzen direnak, edo itzelezko eguraldi-iragarpen txarrarekin bideari ekiten diotenak. Lagun aetz (Aezkoa ibarrekoa) bat dut sekulakoak esaten dituena erromesei buruz. Konta hari Bidearen mistika eta esentzia, motxila eta maleta. Turista eta erromesak parekatuko ditu, ziur. Biak deabru.

Turistak. Mendizale masifikatuak turistak ote dira? Eta erromes maletadunak? Noiz bihurtzen gara turista? Ni Donibane Lohizunera egun batzuk pasatzera banoa, turista naiz? Eta Donostian asteburu bat pasatzen badut? Gure lagun batek ezetz dio, gure herria ezagutzen ari garela. Eta turistakeriaren bat egiten badut? Gipuzkoarra Gipuzkoan turisteoan? Esentzialismoa ote da hori ere?

Maite ez ditugun bisitariak turistak dira, inbaditzaileak. Hala da. Gu, ostera, ez ote gara inbaditzaile eta turista zikinak munduan zehar gabiltzanean —Gipuzkoan bertan ere bai— batera eta bestera? Inork badu garbi?

Leave a Reply

Your email address will not be published.