“Gazteei ematen diedan lehen aholkua da ikasketei kasu egitea”

“Gazteei ematen diedan lehen aholkua da ikasketei kasu egitea”

Imanol Garcia Landa

Abraham Olanok (Anoeta, 1970) ibilbide oparoa egin zuen txirrindularitza profesionalean, 1992tik 2002ra. Gaur egun ere txirrindularitzari lotuta jarraitzen du, Tolosako Oriako Txirrindulari Eskolako lehendakariordea eta Gipuzkoako Federazioko teknikaria baita. Tolosan du bizilekua aspaldidanik.

Nola hasi zinen bi gurpilen gainean?

Sei anai-arreba gara etxean, eta nahiko zaila zen denontzako bizikletak edukitzea. Motoretta bizikleta bat oparitu zioten zaharrenari, eta errepiderako Emporium txiki bat gero; ahal genuen bezala moldatzen ginen. Eskolatik atera eta lehenengo iristen zenak aukera izaten zuen bizikleta hartzeko; askotan korrika ibiltzen ginen etxera lehenak iristeko.

Geroago, bizikletaz joaten zineten Anoetatik Tolosako eskolara, ezta?

Hala joaten ginen normalean, bai. Batzuetan, autobusaren atzetik; beste batzuetan, lagunen batekin solasean…

Autobusarekin lehian ibiltzen omen zinen…

Ez, lehian ez, baina kontrolatzen genuen autobusa noiz ateratzen zen. Anoetatik atera, eta zubiaren azpialdean geltoki bat zegoen; begira egoten ginen ea han norbait zegoen zain. Hala bazen, itxoin egin behar izaten genuen autobusa gelditu eta bidaiaria jaso arte, gero martxan hasten zenean bere gurpilari pega-pega eginda joateko.

Nola sartu zinen txirrindulari talde batean?

Guk betidanik egin izan genuen kirola txikitan: pilota, futbola eta atletismoa. Eskolen arteko Olinpiar Jokoak egiten genituen orduan. Inguruko herrietakoak elkartzen ginen, eta pena da horrelakoak egiten ez jarraitzea. Olinpiar Joko horietako txirrindulari proba irabazi nuen nik, eta hala esan zidan Oriako Txirrindulari Eskolako lehendakariak: “Badakizu irabazi diezun txirrindulari batzuk Gipuzkoan lehiatzen ari direla? Zergatik ez zara etortzen klubera?”. Orduan sartu nintzen Oriako eskolan.

Pistan ere aritu zinen gero.

Oriako eskolan beti bultzatu izan da pistan eta ziklo-krosean parte hartzera. Beti egon izan da pistan ondo moldatzen den Tolosa inguruko txirrindulariren bat. Gaur egun ere badaude, eta emakumezkoetan emaitza onak lortzen ari dira, gainera. Ziklo-krosa ere ari gara bultzatzen, eta eskolako txirrindulariak ere gustura ari dira. Gu umeak ginenean, Munduko Txapelketa izan genuen Tolosan, eta horrek ere eman zigun bultzada bat. Aurten Frantziako Tourra gurean izango dugunez, espero dezagun horrek beste bultzada bat ematea; ea olatu horretara igotzeko aukera dugun. Baina gero, barealdia etortzen denean, txirrindularitza bultzatu egin behar da nola edo hala.

Nolakoa izan zen profesionaletarako pausoa?

Espainiako selekzioan nengoen, Bartzelonako Olinpiar Jokoetan pistako proba egiteko prest. 1991n gehiago ibili nintzen errepidean, nolakoa zen ikusteko, eta ondo moldatzen nintzela ikusi nuen. 1992an, jada, CHCS taldean sartzeko aukera izan nuen, nahiz eta talde fantasma bihurtu zen gero; azkenean, hiru hilabete bakarrik egin genituen profesional bezala. Euskal Herriko Itzulia iritsi zen, eta UCIk [Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasuna] taldeari eskatu zion abala jarri behar zuela. Hor joan ziren bertan behera ilusio guztiak. Afizionatu mailan hasi nintzen berriz ere, eta garaipen batzuk lortu nituen. Lotus-Festina taldearekin hitz egin nuen gerora, eta profesionaletara salto egin nuen berriz ere. Urte berean profesionala, afizionatua eta profesionala izan nintzen. Garaipen bat lortu nuen, gainera, profesionaletan [Ordiziako klasikoa].

Italiako Giroa jokoan dago orain; zuk bigarren eta hirugarren postuak lortu zenituen lasterketa horretan. Zuretzat zer zen Giroa?

Garai hartan, Tony Rominger geneukan taldean, eta Tourra zuen jomugan hark. Giroa egokitu zitzaidan niri, eta, ondoren, biok parte hartzen genuen Espainiako Vueltan. Bi aldiz izan nintzen Giroan, eta bietan lortu nuen podiumera igotzea; beraz, ezin esan gaizki moldatu nintzenik.

1998an Vuelta irabazi zenuen, eta Tourrean laugarren izan zinen 1997an. Gustura zaude itzuli handietan lortutakoarekin?

Pena pixka bat ematen dit 1997ko Tourrak. Prestakuntza ona egin genuen, baina Dauphinen erori egin nintzen lider nindoala. Astebete falta zen Tourra hasteko, eta dezenteko mina hartu nuen. Burugogorra izan nintzen, ez nintzen etxera etorri, eta Alpeetan geratu nintzen etapa batzuk aztertzen. Azkenean, laugarren egin nuen Tour hartan, baina Tourrik txarrena huraxe izan zela uste dut, Dauphineko eroriko hark asko baldintzatu ninduelako; gogorra izan zen niretzat. Bestalde, 1995eko Vueltan bigarren egin nuen, baina, talde indartsuagoa izan banu, [Laurent] Jalaberten aurka borrokatzeko aukera izango nukeen.

Munduko Txapelketetan errepideko proba eta erlojupekoa irabazi dituen gizonezko bakarra zara.

Bai. Ez da erraza, oso modalitate ezberdinak baitira. Gaur egun, hala ere, badaude lor dezaketen txirrindulari batzuk; [Remco] Evenepoel edo [Wout] Van Aert, adibidez.

TXIRRINDULARITZA-ABRAHAM OLANO

Munduko Txapelketan. 1995ean, Munduko Txapelketako errepideko proba irabazi zuen Abraham Olanok, Miguel Indurainen laguntzari esker —irudian, Indurain eta Olano, orduan—. Bigarren izan zen Indurain. 

Urrezko domina haien zer oroitzapen dauzkazu?

1995ean irabazi nuen errepideko proba, Kolonbian, 2.000 metrotik gorako altueran, eta desnibel handia zuen probak; oso gogorra izan zen. [Marco] Pantani eta [Miguel] Indurainen arteko borroka saldu zuten aurretik. Talde gisa oso lan ona egin genuela uste dut. Ondorengoei erakutsi genien talde gisa lan eginda garaipenak lor daitezkeela. Indurainek erlojupekoa irabazi zuen hiru egun lehenago, eta nik bigarren postua lortu nuen egun hartan; errepidekoan alderantziz izan zen.

Zer da txirrindularitzak eman dizun onena?

Jendea ezagutzea; beste txirrindulariak eta txirrindularitzaren inguruan dabiltzanak.

Eta zer da txirrindularitzak daukan gauzarik okerrena?

Etxetik kanpo denbora askoan egon beharra. Oso ofizio gogorra da. Etxetik kanpo egoteak hutsune handia sortzen du, eta ikusiko dugu gaur egungo txirrindulariek psikologikoki zenbat irauten duten.

Zuk hamar urte iraun zenuen txirrindulari profesional bezala, eta 33 urterekin erretiratu zinen azkenean. Nola hartu zenuen erabakia?

Garai hartan horrela uzten zen, ez askoz urte gehiagorekin. Aurretik, justu, Indurainek utzi zuen. Ikusi nuen Tourrean ez zela ondo ibili eta Vueltara erdi derrigortuta joan zela; kritika asko izan zuen Lagoseko [Lagos de Covadonga] etapan erretiratu zenean. Pentsatu nuen Indurainek, emandako guztiarekin, kritikak entzun bazituen, nik are handiagoak entzun beharko nituela. Urte bukaeran ikusi nuen ez nengoela hain motibatuta entrenatzeko, eta ez nuen bi aldiz pentsatu. Gerora pentsatu nuen goizegi utzi nuela agian, baina momentu hartan argi nuen uztea zela onena.

Jarraitzen al duzu batere emakumezkoen txirrindularitza?

Bai, dezente. Teknikari gisa ari naiz lanean Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioan, eta dena da txirrindularitza, denok gara txirrindularitza. Saiatzen ari gara alor guztiak bultzatzen. Emakume gazteek ez dute inor ikusten eredu gisa, eta zaila da horrelako kirol batean sartzea. Baina Demi Vollering eta horrelakoak ikusten badituzte, pixkanaka animatuko dira. Emakumezkoen txirrindularitzak komunikabideetan gero eta oihartzun handiagoa badu, horrek ere animatuko ditu gazteak. Emakume heldu asko erakarri ditu zikloturismoak, baina kostatu egiten da nesketan interesa sortzea.

Behin erretiroa hartuta, toki askotan aitortu dute zure ibilbidea: zure izena dauka, adibidez, Anoetako kiroldegiak.

Baimena eskatu zidaten, eta baiezkoa eman nien, noski. Herriko kiroldegiak izen bat izaten du, azkenean, eta polita da zurekin gogoratzea. Askotan pasatzen gara hortik, eta “aita, gure kiroldegia” esaten dute semeek-eta, brometan.

Mendi bizikletako eta errepideko martxak ere badituzu zure izenean.

30 urte baino gehiago ditu mendi bizikletako martxak. Tolosako Olarrain auzoko zale taldea hasi zen antolatzen, ni profesional izan aurretik, eta errepidekoa ere antolatu zuten gero, baina lauzpabost urtez egin zuten hori. Gerora Oriako eskolak hartu du errepideko proba antolatzeko ardura, eta eskolako txirrindularientzako materiala eta arropa erosteko erabiltzen dugu han lortzen dugun dirua. Ekainaren 4an izango da aurtengoa, eta dagoeneko eman daiteke izena.

Gazteei laguntzen diezu bai Gipuzkoako Federazioan eta bai Oriako eskolan. Zer aholku ematen diezu, batez ere?

Gazteei ematen diedan lehen aholkua da ikasketei kasu egitea; nik egin ez nuena, hain zuzen ere. Gogorra da txirrindularitza; edozein eroriko edo haustura izanez gero, ez dago aukerarik kirol hori egiteko. Baina, ikasketak edukiz gero, hainbat aukera izango dituzu.

Hiru seme-alaba dituzu; horietako bat, Ukrainatik ekarritakoa, adoptatuta. Nola bizi duzue Ukrainako gerra etxean?

Hasieran, gaizki, eta orain, okerrago, esango nuke: badirudi ohitu egin garela besteak gerran daudela pentsatzera; haien arazoa balitz bezala jokatzen dugu. Ez dago beste modurik horrelako arazo bat konpontzeko? Azkenean, behekoek hartzen dute minik handiena; horiek ari dira sufritzen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.