Minbiziaren aurka, lasterka zein oinez

Minbiziaren aurka, lasterka zein oinez

Miren Garate

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak berdez jantzi nahi ditu Donostiako kaleak igandean, minbiziaren aurkako 9. lasterketan. Antolatzaileen esanetan, minbizia ezagutaraztea da egitasmoaren helburu nagusietako bat, “gaixotasunaren bueltan dagoen tabu soziala gainditzeko”. Horrez gain, kirolaren bidez, bizi estilo osasungarria sustatu nahi dute, eta beste helburuetako bat da gizarteak jarduera fisiko solidario batean parte hartzea. 1.500 lagun baino gehiagok eman dute izena, eta bildutako diruarekin minbizia duten 650 herritarri eta haien senideei lagunduko diete.

Hiru modalitatetan parte hartu ahal izango da. Korrika (10:00), ibilketa nordikoan (11:15) eta oinez (11:15). Ohikoak izan ohi dira korrikalarien lasterketa solidarioak, baina ezezagunagoa da ibilketa nordikoa. “Ia pertsona guztiek egin dezaketen modalitate bat da, adina eta forma fisikoa edozein izanda ere. Lasterketan korrika ateratzen zirenen eta oinez egiten zutenen arteko tarteko aukera gisa planteatu genuen”, esan dute antolatzaileek. Kirol horren onurak nabarmendu dituzte. “Gorputzeko giharren %80 mugitzen dira ibilketa nordikoan”. Elkartean bertan, asteartero eta ostiralero elkartzen da talde bat, minbizia izan dutenak nahiz inoiz izan ez dutenak, ibilketa nordikoa elkarrekin egiteko; oraindik ez dute zehaztu noiz, baina hastapen ikastaroak ere antolatzekoak dira.

23 urtez azpikoen kategoria

Berrikuntza gisa, aurtengo lasterketan 23 urtez azpikoen kategoria ere izango da Donostian etzi. “Egiten dugun lana gizartearen zatirik ahalik eta handienak ezagutzea nahi dugu, eta, kasu honetan, lasterketa erabiliko dugu horretarako”. Gazteen “prestakuntza eta sentsibilizazio maila” nabarmendu dute. “Jarduera honetan ez ezik, elkartean egiten ditugun beste hainbatetan ere parte hartzea nahiko genuke; adibidez, boluntario gisa”.

Hain zuzen, datorren igandeko ekitaldian ere hirurogei boluntario ariko dira guztia antolatzen. Boluntarioek elkartearen eguneroko jardueran duten garrantzia aipatu dute Minbiziaren Aurka Gipuzkoan-eko ordezkariek. “Zorte handia dugu, elkarteko boluntarioak beti baitaude laguntzeko prest, ekitaldia edozein izanda ere”.

MINBIZIAREN AURKA GIPUZKOAN

Igandean, Alderdi Ederretik abiatuko dira hiru modalitateetako partaideak, eta amaitu ere han amaituko dute. Gizonetan eta emakumeetan, saria izango dute lehen hiru sailkatuek, bai eta Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko lehen sailkatuak eta 23 urtez azpiko lehenak ere. Korrikalariek amaitu eta ibilketa nordikokoak eta oinezkoak atera aurretik, 10:45ean, zumba saioa izango da, Eureka Danceren eskutik. Festa giroa emateko, trikitilari talde bat ere izango da, anoa gunea jarriko dute…

Izena emateko epea lehengo asteazkenean amaitu zen, eta dortsalak gaur eta bihar jaso beharko dira, elkartearen egoitzan —Bartzelona etorbidea—. Dena den, antolatzaileek esan dutenez, herritar guztiei zuzendutako lasterketa da, eta izena eman ez dutenei ere ikusle gisa joateko deia egin diete. “Babesa eman nahi zaie paziente onkologikoei eta haien senideei, haien ondoan gaudela erakutsi nahi diegu; horrez gain, bizi ohitura osasuntsuak izatearen garrantzia ere adierazi nahi dugu lasterketarekin, minbizi kasu asko saihesten lagun baitezakete”.

Donostiara joan ezin direnek edo lasterketan parte hartzeko aukerarik ez dutenek, berriz, dortsal solidarioa ere erosi ahal izango dute, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan diruz laguntzeko. Berdea da elkartearen kolore bereizgarria, eta kamiseta berdeekin aterako dira parte hartzaileak. “Gure marka aldatu dugun arren —AECC zen lehen, eta Minbiziaren Aurka Gipuzkoan orain— berdea da oraindik ere gure kolorea. Eta, ikustera datozenak ere gure kolorearekin etortzen badira, gu oso pozik: babesa erakusteko modu bat izango da”.

Lasterketa baliatuko dute azken asteotan Gipuzkoako zenbait ikastetxetan izan den kartel lehiaketako irabazleak iragartzeko ere. Bostehun ikasle inguruk hartu dute parte.

MINBIZIAREN AURKAKO LASTERKETA

Korrika. 10:00etan hasita, 5 kilometro: Donostiako Alderdi Ederretik abiatuta, Igeldora doan funikularraren pareraino joan eta etorri.

Ibilketa nordikoan eta oinez. 11:15ean hasita, 3 kilometro: Alderdi Ederretik abiatuta, Antiguako tuneleraino joan eta etorri.

Zumba. 10:45ean, Eureka Danceren eskutik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.