Jose Antonio Rekondo: “Min ematen dit gerraren gaiak”

Jose Antonio Rekondo: “Min ematen dit gerraren gaiak”

Joxemi Saizar

Jose Antonio Rekondo Bravo sendagileak (Tolosa, 1944) hainbat liburu idatzi ditu erretiroa hartu ondoren, historiarekin, gerrarekin eta osasungintzarekin lotura daukatenak. La sanidad en la Guerra Civil (1936-39). Los médicos guipuzcoanos (Osasungintza Gerra Zibilean —1936-1939—. Mediku gipuzkoarrak) izan da azkena, bere lanbidea eta zaletasuna uztartuz. Garai gogor hartan gertatutakoa jasotzen ahalegindu da 350 orrialdeko lanean, 170 argazki, hainbat plano, dokumentu eta fitxa txertatuta.

Nola sortu zitzaizun 36ko gerra garaiko osasun arloari buruzko liburua idazteko ideia?

Beti gustatu izan zait gerraren gaia. [36ko] Gerraren aurretik, aita sendagilea izan zen Andatzarraten [Asteasu], eta gerran ere jarraitu zuen, han eta Tolosako Miserikordia etxean, tuberkulosoekin lanean. Ama erizain boluntarioa zen Miserikordian, eta han ezagutu zuten elkar. Karlistaldietako osasungintzaz idatzi nuen liburu bat, eta gai honetaz beste bat egiteko gogoa neukan, baina, aldi berean, min ematen dit gerraren gaiak, basakeriak egin zituztelako. Aranzadiko Francisco Etxeberria sendagileak bultzatu ninduen.

Lan zaila izan al da?

Asko kostatu zait informazioa topatzea. Duela hiru urte eta erdi hasi nintzen, baina COVIDaren pandemia etorri zen, eta artxiboak itxi egin zituzten. Bestalde, Gipuzkoako Sendagileen Elkargoan ez dago ezer garai horri buruz.

Zein izan dira zure iturriak?

Oso garrantzitsuak izan dira Salamancan [Espainia] dagoen Memoria Historikoaren Dokumentazio Zentroa eta hainbat artxibo militar: Ferrol [Galizia], Guadalajara, Avila eta Segoviakoak [Espainia]. Hainbat udal artxibotan —Donostia, Tolosa, Bergara, Oñati, Azkoitia, Zestoa…— eta bestelakoetan ere izan naiz, Euskadiko Artxibo Historikoan eta Zorroagako San Antonio Abad ospitalean, esaterako. Bestalde, sendagile errepresaliatuen zerrendak lortu ditut Espainiako aldizkari ofizialean —90-edo badira—, eta horietako batzuen familiekin harremanetan jartzea lortu dut, euren testigantzak jaso ahal izateko. Errepresaliatuen familia gehiago ezagutu nahiko nuke aurkezpen hitzaldien bidez.

Zer eragin du osasungintzak gerra batean?

Erabatekoa. Asko idatzi izan da gertaera politiko eta militarrez, baina osasungintzaz, oso gutxi. Eta garrantzi izugarria dauka. Oso mediku eta bitarteko gutxi zeuzkaten bi aldeetan. Harrituta gelditu naiz errepublikazaleen aldean, gerraren hasieran —Bizkaian, batez ere—, Eusko Jaurlaritzak antolatu zuen osasun sarearekin: 30 ospitale abangoardian eta erretagoardian, odol ospitaleak, zentralak, medikuak militarizatuta… Denbora gutxian oso ondo antolatu zuten. Frankisten aldean ospitale sarea sortuz joan ziren, kasu askotan eskolak eta zahar egoitzak egokituz. Donostian San Antonio Abad zen ondoen prestatuta zegoen ospitalea. Tolosako Iurreamendikoa —Sanjurjo izena jarri zioten— handia zen, eta ondo komunikatuta zegoen trenez. Herrietan odol ospitaleak izan ziren gerra amaitu arte. Baina baliabide oso gutxi zeuden: aparatuak, botika egokiak… Kontuan izan behar da Errepublikaren aldean gelditu zela ehun eta farmazia industria gehiena.

Zein pertsonaia nabarmenduko zenuke Gipuzkoan?

Bi aipatuko nituzke: Esteban San Emeterio eta Emiliano Izagirre. San Emeterio nire aitaren lankidea izan zen Andatzarraten. Mediku ezkertiar bakarretakoa zen, sozialista, UGTkoa eta oso aktiboa gerra aurretik. Gerra hasi zenean, Donostian osasungintza antolatzeko ardura eman zioten, dena hankaz gora baitzegoen. Haren irakasle izan zen Emiliano Izagirre fisiologoa, eta hura ere horretan hasi zen. Izagirre ez zen ezkertiarra, liberala baizik, Gipuzkoako Sendagileen Elkargoko lehendakaria. [Donostiako] Londres hotela ospitale bihurtu zuten. Medikuen laguntza lortu zuten eta lankide eskuindarrak babesten saiatu zen Izagirre, San Emeterioren onarpenarekin. Defentsa batzorde bat osatu zuten, zazpi sail —osasuna, tartean— eta ehun komisariorekin, taldetxo guztiak ordezkatuta egoteko. Baina ez zen eraginkorra izan; ordena publikoan, batez ere. Miliziarrak konturatu ziren Izagirreren jokaeraz, eta Izagirrek ihes egin behar izan zuen, lehendabizi Ipar Euskal Herrira eta ondoren Argentinara, bere emaztearen jaioterrira. Itzuli nahi izan zuen, baina suminduta amaitu zuen.

Sendagile askok Gipuzkoatik alde egin behar izan zuten frankistak iritsi zirenean, ezta?

Bai. Tolosan, adibidez, abertzaleak eta errepublikanoak ziren asko, eta ihes egin behar izan zuten; miliziarren beldurrez, batez ere. Ia sendagilerik gabe gelditu zen herria. Beste leku batzuetatik ekarri behar izan zituzten sendagileak Gipuzkoara; Kataluniatik ihes egindakoak, adibidez. Eta erizain eta laguntzailerik ez zegoenez, ikastaroak eman behar izan zituzten; lan horretan jarri zituzten moja asko. Gipuzkoan zeuden laurehun sendagileetatik 90i espediente bat ireki zieten, ondasunak kenduta eta isunak jarrita.

Zein izan zen garai gogorrena?

Lehen hilabeteak. Gipuzkoan, 1936ko irailean amaitu ziren liskarrak. Eibar izan zen frankisten esku erori zen azken herria. Lehen hilabeteetan dena antolatu behar izan zuten, eta orduan izan zen zauritu gehien. Erretagoardiako lana izan zen hortik aurrerakoa, beste leku batzuetako batailetatik iritsitako zaurituak artatzeko.

Gaixotasunen bat nabarmendu al zen?

Ez. Baldintzak hain txarrak izanda, heriotzan amaitu daiteke edozein gaixotasun sinple, zauriak eta infekzioak konplikatu egiten baitira.

Gerra amaitu zenean, nola gelditu ziren sendagileak?

Irabazleen alderdikoek zorte handia izan zuten: lanpostua ziurtatua zuten. Ikasleei erraz eman zieten titulua. Galtzaileak, berriz, lanik gabe utzi zituzten. Gipuzkoako Sendagileen Elkargoa irabazleen esku gelditu zen, noski, eta galtzaileek ezin zuten kide egin eta lanik egin. Ipar Euskal Herrira eta Frantziara alde egin zutenek ez zuten aukerarik izan han lan egiteko; ezta itzultzeko ere. Francoren indultuak askoz beranduago iritsi ziren, eta orduan osasun zentroetan eta bigarren mailako postuetan bakarrik sartu ahal izan ziren.

Zer ondorio atera duzu?

Gaur egungo begiekin ezin dira epaitu orduko ideologiak eta jarrerak. Ahal izan zuena egin zuen bakoitzak. Mundu guztia bizirik irauten saiatzen da horrelakoetan; bizitza salbatu behar da. Gerraostea ere sekulakoa izan zen. Etxeetan debekatua zen gerraren gaia. Duela urte gutxi jakin nuen aita eta osaba errepublikanoak zirela.

Leave a Reply

Your email address will not be published.