Kirola eta natura, larre berean

Kirola eta natura, larre berean

Kerman Garralda Zubimendi

Etengabeko sega belardi bat egokitu dute Aranzadi zientzia elkarteak eta Almitza sega elkarteak Ordiziako Oiangu parkean, udalaren laguntzarekin. Hesitu egin dute Oianguko baserriaren aurrealdeko belardiaren zati bat, eta belarra hazten utzi dute. Belarra mozteko makinak ez dira bertara sartuko sekula, eta Almitzako segalariek egingo dituzte ebakitzeko lanak, urtean bi bider. Biodibertsitateari mesede egin nahi diote, eta sega bultzatzeko ekintzak antolatu.

“Segan aritzea ez da zaila. Baina gaur egun dena egiten dugu makinarekin”, atsekabetu da Migel Mari Jauregi Altzo Almitza sega elkarteko arduraduna. “Makinarekin moztuta, belarra oso motz gelditzen da, eta ez da lorerik sortzen. Eta, lorerik gabe, ez dago bestelako biodibertsitaterik”, gaineratu du. Aranzadi zientzia elkarteko Joana Garcia botanikari eta Oianguko arduradunak hiztegi teknikoagoa erabili du: “Kate trofikoa [elikadura katea] apurtu egiten da. Loreek polinizatzaileak erakartzen dituzte; horiek intsektu txikiagoak; horiek ugaztun txikiak…”. Altzok berretsi egin du azalpen hori: “Baserrikoak gara gu, eta umetatik ikusi dugu hori: galeperrak arrautzak jartzen, sugeak, saguak, ziraunak… Beti ikusten genituen animalia horiek, segaz ebakitzen genituelako larreak eta naturari denbora ematen geniolako egokitzeko”.

ORDIZIAKO OIANGU PARKEA

Gakoa hor dagoela azpimarratu du Garciak. “Sega belardiek biodibertsitate maila handiagoa dute, kudeaketagatik”. Hau da, sega larreak urtean bi aldiz mozten dituzte normalean. “Biodibertsitate maila ona edukitzeko, garrantzitsua da hori”, borobildu du adituak.

Sega, kirola baino gehiago

Baserriko lanak gutxituta, soroak lorategi bilakatu dira, eta zaintza mekanizatu egin da. Hala, bizirik iraun duen sega apurra kirol modalitatera mugatu da. Baina adar hori ere agortzear dagoela dio Altzok. “Sega ia desagertuta dago”. Horregatik, Almitzakoak segaren adar sozialari indarra ematen hasi dira. “Horri esker gaude bizirik”, esan du: “Ia 30 urte daramatzagu Suitzara, Hego Tirolera, Finlandiara… joaten. Ikusi genuen kanpoan oso errotuta dagoela segalariek beste hainbat arlotako eragileekin lan egitea. Aranzadirekin lanean hasi ginen gu”.

Hirugarrenez prestatu dute sega belardia. Aurrekoetan, belarra erakustaldi gisa moztu, jaso eta meta egin zuten. Halere, behin amaitutakoan, hesiak kendu eta soroa desagertu egin zen. Oraingoan ez da halakorik jazoko.

Oianguko florarentzat eta faunarentzat “egokiagoa” izango da prozesu berria. Eta Almitzakoentzat ere bai. “Halako aukera oso gutxi ditugu. Usurbilen, Lasarten… Bilbon ere saiakera bat egin genuen, baina ez genuen lortu”. Egitasmoak “sega gizarteratzeko” balioko duela uste du Altzok: “Oso zaila da haur batek sega aukeratzea. Lehenago egingo du futbolaren, saskibaloiaren, pilotaren… alde. Nola hasiko da segan erreferentziarik ez badu, ia ikusi ere ez badu egin?”, galdegin du. Dena dela, Almitzan gazteak badabiltzala nabarmendu du.

Administrazio publikoen laguntza falta ere salatu du Altzok. “Segaren bidez lurraldetasuna eta nekazaritza lantzen saiatu garenean, babes txikia jaso dugu. Zer gara, kultura ala kirola? Agintariei zaila egiten zaie ulertzea”.

Aranzadikoek urteak daramatzate Ordiziako Udalarekin lankidetzan. Hala, sega belardia Oianguko hirugarren mikrohabitata izango da: “Mikrohabitatak oso garrantzitsuak dira, animalei euren bizi zikloa osatzen laguntzen diegulako”. Sega belardiak babesteko eta elikatzeko aukera emango die horrek; aurrez, egur hil batzuk egokitu zituzten animaliek eguzkia har zezaten.

Emaitzak ari dira loratzen: maiatz hasieran bi musker berde behatu zituzten. Garciak esan du ez direla musker bereziak, ez baitago galtzeko arriskuan, baina kopuruan dagoela esangura. Muskerrak animalia bakartiak dira, eta ugaltzeko bakarrik elkartzen dira. Oiangu aukeratzen badute, eremu atsegina zaien seinale.

Leave a Reply

Your email address will not be published.