Titiak eta bularrak

Mamografiaren gutuna iritsi zitzaidan aurrekoan. Uf, beti jartzen nau urduri abisuak, agian buruari bueltak ematea eragiten didalako: aurkituko didate ezer? Proba bera gaixotasun sortzailea balitz bezala, pentsamendu magikotik ere badu sentimendu horrek. Enfin, barrua mugitzen didala berba baten esanda.

Aitatutakoaz gain, proba bera ere oso desatsegina izaten da. Nori bururatu ote zitzaion bularrak zapaltzea modu krudel horretan? Hala genbiltzan berriketan lagun batzuk mamografiez eta titiez, eta bati Wikipedian begiratzea otu zitzaion proba nork asmatu zuen jakiteko. Frederick Hicken izeneko gizonezko batena omen da asmakizuna, eta ez gintuen batere harritu datuak. Izan ere, emakumezko batek ez luke halakorik proposatuko bularretan egitea, gizonezko batek halakorik barrabiletan egitea proposatuko ez lukeen moduan. Zapaltze mingarria, batez ere gure gorputzaren ziklo batzuetan.

Imajina ezazue, itxarongelan zain andrazko mordoa, Damoklesen ezpata buru gainean, zozketa makabroa balitz lez. Hori ere pentsamendu magikoa da, barkatu. Baina badago urduritasun puntu bat airean —beharbada nirea baino ez da—. Gero, barrura pasatuta, gerritik gora biluzik makinaren aurrean jarri, teknikoak titia hartu eta harategian moduan, titia azpizun zatia balitz bezala, apal batean laga, danba. Ondoren, besoa igo eta buru gainean jarri bularra makinak lauskitzen duen bitartean. Autx! Horrela bitan bietan, Uf, ai!

Titi handiak izanez gero, txarto, area handiagoa zapaltzen delako, baina txikiak izanez gero, seguruenera, okerrago, titiburuetatik tira egiten dutelako, ondoren makinak ondo saka dezan bularra. Itzela! Eskerrak proba laburra den! Eta mila esker Onkologikoko langileei eurek beti irribarrez eta goxo artatzen dutelako titiduna.

Hori beste kontu bat da: Debabarrenekook Onkologikora joan behar dugu proba egitera, nahiz eta Arrasateko ospitalean ere egiten den. Garraio publikoan joanez gero, lau ordu eman behar joan-etorri eta itxaronaldietan, hamar minutu eskas bertan egoteko. Lartxo, ezta?

Titiak? Bularra? Detekzio goiztiarreko gutuna jaso nuenean “titietako minbizia” jartzen zuen Osakidetzako gutun-azal eta orriaren idazpuruan. Titietakoa? Gaztelaniaz jarriko ote lukete “cancer de tetas“? Ez, bada! “Cancer de mama” da, ez “de mamá“, zorionez. Baina “mama” hiztegiak “ugatz, titi eta bular” ematen ditu ordainetan. Bestalde, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuaren azalpenean emakumezko hitza agertzen da hiru definizioetan. Titiak gizaki guztiok ditugu, ordea. Gizonek ere bai. Euskal esaera zahar baten ere agertzen dira, gainera. Itsasoan ura, basoan egurra, egunez ilargia eta gizonen titiak baino alferrikakoagorik ez omen dago antzinako euskaldunendako. Gure herria beti produktibitatearen alde, ezer produzitu ezik, alferrekoa da.

Facebookek eta Instagramek Euskaltzaindiaren definizioa irakurri ote zuten gero emakumezkoen titiburuak zentsuratzeko? Beraz, gizonezkoenak orbaintzat hartzen ote dituzte? Euskaltzaindiak, orduan, zein izen ematen die gizonezkoek bular aldean dituzten puntu bi horiei? Eta bularreko minbizia duten gizonezko gutxi horiei mamografiak egiten ote dizkiete? Titiburutik tira eginda? Ai!

Haurraren janari, aterpe samurra ei denak galderak ez ezik, makinatxo bat buruhauste ere ematen digu. Ez izan dudarik!

Leave a Reply

Your email address will not be published.