Triatloiak batuta, elkarren babesean

Triatloiak batuta, elkarren babesean

June Romatet Ibarguren

Irteera adierazten duen pistola soinua entzuten denean, itsasora abiatzen dira korrika, eta igeri ibiltzen dira; ondoren, bizikleta hartu eta pedalei eragiten diete, ibilbide gorabeheratsuan; eta, azkenik, bizikletatik jaitsi eta korrika egiten dituzte azken kilometroak. Horixe da triatloia, hiru kirol mota biltzen dituen diziplina. Gipuzkoan asko daude federatuta, baina gero eta jende gehiago erakartzen du proba horrek, eta, federatu gabe, euren kabuz aritzen diren beste asko. Beste hainbat kirol jardueratan bezala, gizonekin alderatuta txikia da emakumeen kopurua, eta, hain zuzen ere, neurri batean horri tiraka sortu zuten Triatloia Maite Dut egitasmoa, 2011n. Bertako kudeatzaile Maddi Etxeberria Agotek esan du “emakumeei eta gazteei” gerturatu nahi dietela triatloia. “Ez da erraza lanketa hori, baina asmo horrekin sortu zen hasiera batean Nik Tri, eta horren ondorengoa da orain Triatloia Maite Dut”.

2011tik aurrera hainbat proiektu garatu ditu antolatzaile taldeak, eta horien artean beste bat izango da bihar eta etzi Getarian egingo duten Emakumeen Triatloi Egonaldia. “Konturatu ginen emakume askok, horrelako egoeretan, beste emakume batzuen babesa bilatzen zutela, eta aukera polita iruditu zitzaigun hala nahi zutenak asteburu batean elkartzea”. Etxeberriak zehaztu du Getariako Askizu aterpetxean elkartuko direla izena emanda dauden emakumeak eta haiei irakastera joango diren profesionalak. Izan ere, Etxeberriaren esanetan, elkartzeko eta babesa topatzeko ez ezik, ikasteko ere balioko du asteburu honetako topaketak.

Bizikleta saioa lehenengo

Bihar goizean goiz elkartuko dira izena emanda dauden emakumeak Getariako aterpetxean, eta Leire Lizarralde triatletarekin abiatuko dira bizikletan; kirol batetik besterako trantsizioak ere landuko dituzte. Bazkalorduan, solasaldia izango dute Lizarralderekin, eta, arratsaldean, denbora librea izango dute partaideek. Igandean, berriz, igeriketa saioa egingo dute goizean, Adriana Campoy eta Ainhoa Murua triatletekin. Antolatzaileek azaldu dute Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia prestatu nahi duten emakumeak ere joan daitezkeela saio horretara. Entrenamendua amaitzean, bi triatletekin solasean arituko dira parte hartzaileak.

Laguntzea eta irakastea izango da hiru triatleten helburua, baina beste laguntzaile batzuk ere izango dituzte Getariara bertaratzen direnek. Izan ere, bi saioetan izango da Nerea Mazo aktore eta aurtengo Triatloia Maite Dut egitasmoaren enbaxadoreetako bat. Gogotsu dago hura ere: “Madrilen bizi naiz orain. Triatloi erronka egiten ari nintzela, emakumeen topaketen berri izan nuen, eta baiezkoa eman nuen jakin bezain laster”. Mazorentzat ere “garrantzitsua” da beste emakume batzuekin entrenatzea; saio horietan “giro berezi bat” sortuko dela espero du.

Konfinamendu garaia amaitu zenean martxan jarri zituzten beste egitasmoetako bat da 18 Astetan Triatleta Erronka. Hemezortzi astez hiru pertsona ezagunen bideoak ikusiz triatloi bat prestatzeko aukera ematen du proiektu horrek. Mazoren ustez, bide horretan oso garrantzitsua da parte hartzaileek elkar babestea. Etxeberriak azaldu du, erronka hori buruan, triatloirik egin ez duen jende ezaguna bilatzen dutela urtero, horri esker “edonork” egin dezakeen entrenamendu plan bat garatzeko eta jende gehiago animatzeko.

Hutsetik triatloian hasita

Aurten, Nerea Mazo aktorea, Nakor Marquez ETB2ko El Conquistador programako parte hartzailea eta Jone Albisua aukeratu dituzte. “Badakigu Jone ez dela ezaguna, agian, baina iaz hemezortzi asteko erronkan parte hartu zuen, eta triatloiak egiten hasi zen ondoren, hiru mailetatik behekoenean. Mailarik gorenean parte hartuko du aurten”, esan du Etxeberriak.

Mazok adierazi du “ilusio eta gogo handiz” ari dela prestaketa lanetan: “Gauza berriak probatzeko aukera polita iruditzen zait. Horrez gain, aitortu beharra daukat hemezortzi astean triatloia prestatzeko erronkaren bidez pixka bat lotu egin nauela triatloiak”. Oso goiko mailetatik hasi beharrik ez dagoela gehitu du, eta, beldurra alde batera utzita, “asko gozatzeko kirola” dela.

Leave a Reply

Your email address will not be published.