Zuri-beltzeko tantoak

Zuri-beltzeko tantoak

Unai Zubeldia

Ez elastiko gorririk, ez urdinik, ez frontoi berderik, ezta urdinik ere. “Zuri-beltza gustatzen zait niri asko”, aitortu du Dabid Argindar argazkilariak (Donostia, 1973) —Dabid Gimenez Aldalur—. Donostiako Gros auzokoa izanik ere, hogei urte daramatza Andoainen. “Urte, elastiko, kolore, frontoi… desberdin askotako argazkiak daude erakusketa honetan [hamalau denera], eta, zuri-beltzarekin, osotasun bat eman nahi nion serieari”. Donostiarrak Partida pasarteak izena jarri dio Donostiako Antigua auzoko Lugaritz kultur etxeko erakusketari; auzo horretako pilota txapelketaren 75. urteurreneko ospakizunetarako osatu duten egitarauaren barruan dago erakusketa.

Duela bi aste, maiatzaren 19an zabaldu zuten, eta uztailaren 21era arte egongo da ikusgai; ekainaren 23ra arte, astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:30era, eta, ekainaren 26tik aurrera, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara; asteazkenetan, baita 16:00etatik 19:00etara ere. Ez da sarrerarik ordaindu beharko argazkiak ikusteko.

2013tik Paretaren mintzoa proiektua garatzen ari da Argindar. “Herrietako frontoiei ateratzen dizkiet argazkiak, frontoi bereziei, ez industrialei. Mapa batean lokalizatuta dauzkat denak, baina denbora falta zait guztietara iristeko”. Euskal Herrian barrena, bere bidea egiten ari da proiektu hori, eta horren jakitun deitu zioten Antiguako Pilotazaleok elkarteko kideek argazkilariari. “Urteurrenaren harira, Antiguako merkatuan frontoiei buruzko erakusketa bat jarriko dugu abuztuan, baina Aspepelota pilota enpresarentzat lanean aritzen naizenez, beste erakusketa bat egingo ote nuen galdetu zidaten”.

Gustatu egin zitzaion proposamena. “Baina komunikabideetan ateratzen diren ohiko argazki horiek ez, nire argazki bereziak erakusteko aukera ona zela pentsatu nuen”. Aspepelota enpresaz gain —Jokin Altuna eta Aitor Elordiren arteko buruz buruko finalean izango da igandean, Bilboko Bizkaia pilotalekuan—, Donostiako hipodromoan eta Andoaingo Bastero kultur etxean ere aritzen da lanean, besteak beste. “Kirol eta kultur munduan aritzen naiz, batez ere”.

Argindarrek aitortu du urtean “oso argazki on gutxi” egiten dituztela argazkilariek. “Argazki asko ateratzen ditugu, baina oso gutxik asebetetzen naute”. “Argazkiak bilatzea” gustatzen zaio donostiarrari, klik bakoitzarekin buruan daukan ideia hori gauzatzea. “Gaur egun edozeinek ateratzen ditu argazkiak, baina edozeinek ez daki argazkiak ateratzen”.

Argazki kutunak

“Bilatutako eta aurkitutako argazkiak” bildu ditu Argindarrek Partida pasarteak erakusketan. Bilatutakoen artean sartu ditu kutunak dituen hiru: Aimar Olaizola sake bat ateratzen ageri dena, batetik; Iruñeko Nafarroa Arena pilotalekuan frontisaren goikaldetik ateratako argazki bat, bestetik; eta Bilboko Bizkaia pilotalekuan erreboteko kristalaren atzealdetik ateratakoa, azkenik. “Lehen kasuan, multiesposizioa deitzen zaio bi, hiru, lau… argazki elkarren gainean edo segidan jartzeari. Sakearen mugimendu osoa irudikatzen du argazki honek, hiru argazkiren bidez”. Pilotalekuetan, normalean, publizitatea egoten da paretan. “Eta oso zaila izaten da publizitaterik gabeko angeluren bat lortzea. Asko kostatu zitzaidan argazki hau ateratzea; oso pentsatuta neukan horrela egin nahi nuela”.

'PARTIDA PASARTEAK' ERAKUSKETA

Nafarroa Arenari dagokionez, Argindarrek pilotaleku horren berezitasun bati esker lortu zuen buruan zeukana gauzatzea. “Nafarroa Arenak balkoi txiki bat dauka goian, eta, partida jokoan dela, bost minutu uzten dizkigute gora igo eta argazkiak ateratzeko. Pilotariak kexu izaten dira edozein erremate egitean goiko mugimendurik txikienak kalte egiten dielako, eta horregatik uzten dizkigute bost minutu”. Angularrarekin dauka aterata argazki hori. “Ezker pareta, lurreko marrak… Gauza guztiekin jolasten dut”.

'PARTIDA PASARTEAK' ERAKUSKETA

Kutunenetan sartutako hirugarren argazkian, berriz, kristalezkoa da Bizkaia pilotalekuaren erreboteko pareta, eta paretaren atzealdetik dauka aterata argazkia Argindarrek. “[Jon Ander] Albisu ari da pilota astintzen, eta, erreflexuaren bidez, frontisean ageri dira berez errebotean eserita dauden ikusleak. Publikoa pilotalekuan sartzea lortu nuen argazki horrekin, baina harmailak atera gabe”. Argazki bakoitzaren ondoan ez dago azalpenik; ez urterik, ez pilotalekuaren eta pilotarien izenik… “Norberak senti dezala sentitu behar duena; ez nuen bideratu nahi ikuslea. Izenburua bera jartzea ere ez zait gustatzen”.

'PARTIDA PASARTEAK' ERAKUSKETA

Argazki txar asko

Ezinbesteko baldintza bat daukate Argindarren pilotalekuetako argazki gehienek: “Pilota. Niretzat oso garrantzitsua da pilota agertzea; indarra ematen dio argazkiari, testuingurua gehitzen baitu”. Gaur egun teknika asko daude argazkiak atera ondoren mozteko eta moldatzeko. “Baina saiatzen naiz argazkiak ahalik eta gutxiena ukitzen. Ederra izaten da ezertxo ere moztu beharrik ez dagoela ikustea; argazki perfektuak dira horiek”. Hori bai, argazki on bakoitzak ondoan “milaka argazki txar” dauzkala ziurtatu du argazkilariak. “Lehengoan argazkilari bati irakurri nion urtean lau argazki on eginda pozik egoten zela bera”.

Pilotariei dagokienez, estetikoki Javier Zabala eta Peio Etxeberria dira “oso politak” Argindarrentzat. “Dantzan ari direla ematen du; gorputza nola mugitzen duten, tantoa nola amaitzen duten… Oso estetikoak dira”. Beste muturrean, Altuna pilotari gisa oso ona dela onartu du argazkilariak. “Baina argazkietarako ez da oso estetikoa. Eta Zabaletak ere beti berdin astintzen du pilota, eta nahikoa da hari argazki bat ateratzea”.

Pena bat dauka Argindarrek: gaur egun oso zaila dela asko pentsatutako argazkiak publikatzea. “Editore ausartagoak behar ditugu egunkarietan-eta. Frustratuta daude argazkilari asko, ez dizkietelako publikatzen argazki landu horiek”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.