Hirurehun burdinola izan ziren Gipuzkoan eta Bizkaian, baina hiru daude tente, eta bakarrak dauka sistema hidrauliko berezia: Aiako Agorregikoak. Bisitak egingo dituzte udan.
Andrea Zipitria
Gaur egun ez da batere ohikoa burdinola bat martxan ikustea. Garai batean hirurehun izatera heldu baziren ere, Gipuzkoan eta Bizkaian hiru bakarrik daude tente gaur egun. Ura da nagusi hiru horietan; urari etekinik handiena ateratzea da oinarria, baina horietatik guztietatik bakar batek du berezitasun bat: Aiako Pagoeta parkearen magalean dagoen Agorregi burdinolak.
Izan ere, azken horrek “sistema hidrauliko berezi bat” du. “Besteek ur depositu eta urtegi bana dute; Agorregikoak, ordea, bina ditu”. Amaia Agote Pagoetako ingurumen hezitzaileak eman ditu xehetasun horiek. Ez da izango inguru hori askoz hobeto ezagutzen duenik. Izan ere, Agotek urteak daramatza hara joaten diren bisitariei Agorregi burdinolaren inguruko nondik norakoak azaltzen.
Aurtengo udan ere horretan jardungo du; sarriago, ordea. Udako oporraldia iristearekin batera, bisitari gehiago izaten ditu Pagoetak. Horregatik, uztailean eta irailean, larunbat, igande eta jaiegunetan egingo dituzte bisita gidatuak, irailaren 23an eta 30ean izan ezik. Abuztuan, berriz, ostegunetik igandera eskainiko dute zerbitzua, eta aste barruan tokatzen diren jaiegunetan ere izango da aukera Agorregi barrutik bisitatzeko. Burdinola bera eta errotak martxan ikusteko, bi bisita egingo dituzte egun bakoitzean; lehena, 11:15ean hasiko da, euskaraz, eta bigarrena, 12:00etan, gaztelaniaz. Doakoak izango dira guztiak.
Burdinolen garrantzia
Agorregik gaur-gaurkoz kulturaz eta historiaz gozatzeko aukera eskaintzen badu ere, “antzina oso garrantzitsuak” izan ziren burdinolak, Agotek nabarmendu duenez. “Biztanleen ia %70, zuzenean ala zeharka, lanbide horretatik bizi ziren”. Haren arabera, horren erakusle dira Gipuzkoan eta Bizkaian izan ziren hirurehun burdinolak; horietatik hamahiru zeuden Aian. Alde horretatik, Agotek aipatu du etnografo batek garai bateko Gipuzkoa Manhattanekin alderatu zuela. “Izan ere, diru asko mugitzen zuen lanbidea izan zen burdinolena”.
Agorregiren inguruko lehen datuak XV. mendekoak dira, eta birmoldaketa batzuk egin zituzten gerora: “Lehenengo burdinolaren gainean gauzatu zituzten lan horiek, eta, beraz, gaur egun ikusten dena XVIII. mendekoa da berez”, azaldu du hezitzaileak.
Baina zergatik birmoldatu zuten Agorregiko burdinola? “Agorregi hitza agorria-tik omen dator, agor hitzetik. Lehorra esan nahi du horrek. Harritu egiten gaitu leku oso hezean egonda eta inguruan euri asko eginda agor hitzetik ateratako deitura izatea burdinolak”. Kontua da Aiako errekak Pagoetako magalean jaiotzen direla, bostehun metroko altueran, eta pare bat kilometroko ibilbidea egitean itsasoratzen direla. Hau da, “malda oso handiko errekak dira, eta distantzia oso txikikoak”.
Ur emarian, gorabeherak
Ibaien ezaugarri horiek “abantailak eta desabantailak” eragiten dituzte burdinolaren funtzionamenduan: “Abantaila da, alde batetik, urak indar ikaragarria hartzen duelako, eta, sistema oso astunik gabe, azkar jartzen duelako martxan burdinola”. Baina, aldi berean, desabantaila ere badela azpimarratu du Agotek, denbora tarte batean euria egiteari uzten badio, ur emaria “oso aldakorra” izaten delako. “Errekak berehala pasatu daitezke ur asko eramatetik oso gutxi eramatera. Kasu horietan ezin izaten zuten martxan jarri burdinola”.
Hori konpondu nahian, Francisco de Libero arkitekto azpeitiarra kontratatu zuten, sistema hidrauliko berezi bat eraiki zezan. “Bi ur depositu eta bi urtegi eraiki zituen De Liberok; sistema horrek aukera ematen zuen ura berrerabiltzeko. Ur deposituak eskaileraren mailan jarri zituen sobera zegoen ura edo erabiltzen ez zena hurrengo ur depositura botatzeko, eta, hartara, berrerabiltzeko”, azaldu du Agotek. Hobekuntza guztiak gorabehera, hori bai, Agorregik inoiz ez zuen lortu espero zuten emankortasunik.