Gipuzkoartasunaz

Hasi da berriro baloia hara eta hona etenik gabe mugitzen, noiz ostikoz noiz burukadaz, soropilean aurrera eta atzera, nork non sareratuko, eta hasi gara berriro ere zaleok nor bere taldearen gorabeherekin kezkatzen, sufritzen eta gozatzen.

Arrazoiaren eta argudiaketaren aldetik, ez naiz futbolzalea, eta goi mailako futbolaren aurreko aukera zentzuzko eta bidezkoena hartaz futitzea dela iruditzen zait, kasurik ez egitea, existituko ez balitz bezala bizitzea. Ezin dut, ordea. Nahi gabeko realzalea naiz, bigarren talderik gabekoa, eta, gainera, dena aitortzen hasita —ez lotsarik sentitu gabe—, sakon-sakonean arakatzen badut neure baitan, ezin izaten diot inoiz —leun esateko— ezer onik opa areriorik gertukoenari, Athletici.

Inportantziarik gabeko gauzarik inportanteena dela esaten da futbolari buruz, eta arintze horretan babestu nahi nuke futbolzale gisa ditudan filiak eta fobiak zuritzeko, baina ezin ukatuzkoa da batzuetan realzaleen eta athleticzaleen arteko xextrak eta ezinikusiak benetan kezkagarriak izateraino iristen direla.

Batzuek diotenez, espainiar unionistek —eta bereziki Bizkaiko eta Gipuzkoako egunkaririk salduenek, haurride eta elkarren arteko konplize— gogotik eta asmo txarrez xaxatzen omen dituzte Gipuzkoako eta Bizkaiko zaleen arteko xextra ezinikusi horiek, azken batean euskaldunon arteko banaketa indartzen dutelako, eta, horrela, Espainiako Ligaren itzalpean, espainiartu egiten gaituztelako. Ez da oinarririk gabeko tesia. Baina, horretaz jabetuta ere, zaleok —zale askok behintzat— badugu barru-barruan dinamika horretatik airoso irtetea eragozten digun zerbait.

Bitxia da kontua, beste ezertan ez bainaiz sentitzen futbolaren afera kainita honetan bezain gipuzkoar. Beste edozein kiroletan, edo beste edozein jardunbidetan, ez dut inondik ere neure probintziaren, lurralde historikoaren edo dena delakoaren aldeko halako bereizketa esentzialik egiten. Gipuzkoarra ni? Ukatu ez dut egingo, baina hori baino lehenago azkoitiarra, euskalduna eta europarra, hiru tasun horiek definituago sentitzen bainaiz gipuzkoarra naizela esanda baino. Eta… espainiarra? Bueno, hori, beste upel bateko ardoa da, edo, Jakoba Errekondok esango lukeen bezala, beste sagardotegi bat.

Koldo Mitxelenak esan omen zuen lehenik gizona —gizakia esango luke akaso gaur egun, edo pertsona— zela bera, eta horren ondoren baino ez euskalduna. Ez zuen gipuzkoartasun konturik aipatu, eta egingo nuke bururatu ere ez zitzaiola egin aipatzea.

Ibili-ibili eginda, gogoeta lauso horien harira, hainbat galdera planteatu dizkiot neure buruari:

Lehena: benetan diogu hain begiramen eta atxikimendu eskasa, oro har, gipuzkoarrok geure gipuzkoartasunari, ala neure irudipena baino ez da?

Bigarrena: hala bada, eskasia hori gure berezitasun bat da ala pareko dabiltza Euskal Herriko gainerako lurralde historikoetako herritarrak, bakoitza bereari dagokionez?

Hirugarrena: benetan baldin bada gipuzkoarron berezitasun partikular bat gipuzkoartasunarekiko begiramendu eta atxikimendu gabezia hori, zeri zor zaio, zeren ondorio da?

Laugarrena: ba al da aurreko galderen eta balizko erantzunen hondorik sakonenean ezertarako baliagarri izan daitekeen benetako mamirik duen zerbait?

Leave a Reply

Your email address will not be published.