Juan Ramon Makuso (Errenteria, 1961) pribilegiatua sentitzen da, ogibide bihurtu baititu bere pasioak, eta oso gustuko baitu bere jarduna. Poeta da, eta hainbat poesia liburu ditu argitaratuak. Filosofia ikasketak egin zituen Donostiako Zorroagan, eta Filosofia irakasten egin ditu hiru bat hamarkada. Makusok dioenez, ikasleei esker ezagutu du gizartearen eboluzioa.
Nondik datorkizu idazteko zaletasuna?
Ni idazle berantiarra naiz. Lehen, Coca Cola erredakzioa zegoen Añorgan, eta, eskolako ikasle nintzela, ikasleon lanak aukeratzen zituzten bertara bidaltzeko. Gerora, idazlea den lagun batek animatu egin ninduen literatur lehiaketa batean parte hartzera. Ez nuen irabazi, baina idatzi zidaten esanez epaimahaikideek gustuko izan zutela nire lana. Orduan hasi nintzen argitaratzen, 2004an. Irakurtzea ere betidanik gustatu izan zait, eta uste dut idazteko ezinbestean irakurri behar dela.
Poesia da zure arloa. Nola hasi zinen poesia idazten?
Betidanik izan dut oso gustuko. Nire nerabezaroarekin lotuta dagoen genero literarioa da. Gaztetxoa nintzela, Becquerren errimak irakurri nituen, eta asko gustatu zitzaizkidan. Euskal poetekin jarraitu nuen ondoren. Lizardik eragina izan zuen nigan. Xabier Lete, adibidez, kantagintzatik deskubritu nuen poeta zela. Klasikoak ere irakurtzen nituen: Gabriel Aresti eta Blas de Otero, adibidez. Ikasle garaian, espainiar poeten lanak irakurtzen nituen bereziki. Ondoren, fakultatean nengoela, Frantziako poetak eta poeta klasikoak deskubritu nituen, eta buru-belarri hasi nintzen Greziako eta Alemaniako poetak irakurtzen ere. Eragin handia izan zuten nigan. Baita filosofoek ere; esaterako, Wittgensteinek eta Nietzschek. Horiek guztiak izan dira nire erreferenteak. Asko ikasi dut besteengandik; beti gustatu izan zait besteen ahotsak entzutea.
«Lagun min batek esan zidan nire melankoliaren gaineko zerbait idatzi behar nuela, eta une hartan hasi nintzen orain esku artean dudan lanarekin»
Hainbat lan argitaratu dituzu. Zer-nolako gaiak landu dituzu zure obretan?
Oso klasikoak dira. Betidanik kezkatu izan nau gizakiak, eta gizakiaren gai unibertsala da bere bizitza eta heriotza. Horrekin lotuta, maitasunari eta adiskidetasunari ere garrantzia ematen diet nire lanetan. Poesian gai horiek bilatzen ditut, eta horien bueltakoak izaten dira beti.
Zure lanen artean, baduzu lan kutunik?
Aurten hogei urte egin ditu nire lehen poesia liburuak. Lehenago, baina, filosofiako saiakera bat idatzi nuen, erresistentziaren pentsamenduari buruzkoa. Hori izan zen nire lehen publikazioa. Lehen poesia liburua, berriz, 2004an idatzi nuen.
Zure azken lana, Haragi hosto, 2021ekoa da. Baduzu lan edo proiektu berririk esku artean?
Bai, idazten ari naiz. Kanpo bulkada baten ondorioa da idazten ari naizena. Iazko otsailean, lagun min batek esan zidan nire melankoliaren gaineko zerbait idatzi behar nuela. Une hartan hasi nintzen orain esku artean dudan lan horrekin, eta lagunak esan zidan Apoloren izpiritutik idazteko: indarretik eta pozetik. Deiadar moduko bat izan zen hori niretzat. Poliki-poliki ari naiz gaia lantzen, eta aurrera doa.
Juan Ramon Makusok Filosofia ikasi zuen Donostiako Zorroaga fakultatean. 1980an hasi zituen ikasketa horiek, eta garai hartako oso oroitzapen onak dauzka, filosofian erabat murgildu baitzen. Zorroaga Euskal Herrian egon den «fenomeno kultural garrantzitsuenetako bat» izan da harentzat. Irudian, Makuso, Filosofiako ikasle zela, 1980ko hamarkadan. HITZA
Lezoko Poesia Kaia egitasmoa antolatzen aritzen zara. Zer da Poesia Kaia?
Poesia Kaiaren laugarren aldia izan da aurtengoa, 2021ean hasi baikinen. Donostian ere Poesia eta Pentsamendua egitasmoa egiten dugu, eta hemezortzi urte bete ditu aurten. Gure asmoa da poesiari oihartzuna ematea. Literatura generoetan jarraitzaile gutxien duena izango da poesia, baina uste dut poesiaren jarraitzaileak jarraitzaile leialenak direla. Poesia gustuko duenak ez du alde batera uzten, ainguratuta gelditzen da. Pandemia aurretik, Xanti Val Lezoko Udaleko Kultura teknikariak deitu zidan esanez literaturan urrats bat egin nahi zutela, eta esan nion gu prest geundela. Pandemiak hasiera baldintzatu zuen, baina bide bat egin dugu dagoeneko. Bizpahiru egunean hitzaldiak, solasaldiak eta poesia errezitalak egiten ditugu, musikaren laguntzaz. Asmoa da poesiari, bere txikitasunetik, oihartzuna ematea. Uste dut betetzen ari garela helburua; jendea etortzen ari da, eta gu gustura gaude.
Hortaz, egitasmoaren helburua da poesia jendearengana eramatea.
Bai, hala da. Jendeak esaten du ez duela poesia ulertzen, eta deigarria egiten zait hori. Nik zer ulertuko nuen Becquerren lanez 14 urterekin? Nire ustez, gakoa da zer sentimendu edo dardara sortzen dizkizun poema batek. Nire lehen liburuarekin poesia errezitalak egiten hasi nintzen, eta konturatu nintzen jendea harrituta gelditzen dela poesiarekin. Horrek indarra ematen du, eta ikusten duzu jendearengana iristen zarela. Poesia herritartzen bada, jendeak jarraitzen du. Baina Euskal Herrian gertatzen dena da ez daukagula poesiarako tradiziorik, poesiarekin lotutako emanaldi gutxi baitago. Nik uste dut merezi duela jendearengana eramatea. Poesiak, gainera, lotura du Euskal Herriko kantagintzarekin. Nik Joxean Artze ezagutu nuen, eta Artzek edo Mikel Laboak ikusiko balute beren letrak eta kantak nola erabiltzen diren, harrituta geratuko lirateke. Donostiako Anoetan Txoria txori abestea ikaragarria da, baina ez dakit jendea ohartzen ote den abesti horren jatorria poema bat dela. Uste dut poesia kantuarekin herrikoitu egin dela, eta ona da hori.
Esan duzu poesiak ez duela tradizio handia Euskal Herrian. Nola dago, oro har, osasunez?
Literatura ez dago hezkuntzan. Literatura soilik hautazko ikasgai bezala ikas daiteke. Beraz, tarte txikia du hezkuntzan. Horrek baldintzatu egiten du literaturaren hiritartzea. Uste dut gobernuek begiratu beharko lioketela gai horri. Esaten ari naizena ez da salaketa bat, errealitatea baizik. Irakaslea naiz, eta urteak daramatzat hezkuntzan. Ikusten dut hezkuntzak ez duela estatuen egituretan izan beharko lukeen adinako garrantzia; bigarren mailan kokatzen dute. Azken hamarkada hau abiadura ikaragarrian doa, eta uste dut ihes egin digula gai horrek. Kapitalari, gainera, beste gauza batzuk interesatzen zaizkio. Jende guztia egongo balitz irakurtzen eta zientzia ikertzen, gizartea ez litzateke horrelakoa izango. Uste dut erresistentzia moduko bat dela literatura, eta aktibismoa behar du.
«Literatura soilik hautazko ikasgai bezala ikas daiteke; beraz, tarte txikia du hezkuntzan. Horrek baldintzatu egiten du literaturaren hiritartzea».
Idazle eta poeta izateaz gain, Filosofiako irakaslea zara Irungo Pio Baroja institutuan. Zer ematen dizu irakaskuntzak?
Irakaskuntzak asko ematen dit; oso pozik nago, oso gustukoa dut jardun hori. Pribilegiatua naiz, gustuko dudan zerbaitetan lan egiten baitut. Perfect days filmak asko hunkitu ninduela onartu behar dut. Protagonista gizon japoniar bat da, komunak garbitzea du lanbide, eta azaltzen du norberaren egunerokoari itzelezko garrantzia eman behar zaiola lana gustura egiteko. 30 urte inguru daramatzat irakaskuntzan. Gazteek gizartearen isla ematen didate, eta, beraz, lehen eskuko informazioa jasotzen dut haiengandik. Gizarte honen eboluzioa ikasleen eskutik ikusi dut.
Nondik datorkizu filosofiarako grina?
Institutuan Filosofiako irakasle aktibo bat izan nuen. Ikasgaia gustatu zitzaidan, eta Freudekin zaletu nintzen. Nik, ordea, kazetaria izan nahi nuen; asko gustatzen zait kazetaritza. Nahiz eta literatura, filosofia eta psikologia gustatzen zitzaizkidan, etxean Kazetaritza ikasi nahi nuela esaten nuen. Momentu hartan, gurasoek etxea erosi berri zuten, eta Kazetaritza ikasteko Leioara [Bizkaia] joan behar nuen. Gogoan dut aitak esan zidala ezin zituztela bi etxe mantendu. Orduan, Zorroaga fakultatera joan nintekeela pentsatu nuen, eta bertara joan nintzen Filosofia ikastera. Huraxe izan zen nire bizitzako erabakirik onena. Niretzat, Zorroaga Euskal Herrian egon den fenomeno kultural garrantzitsuenetariko bat izan zen. Ni 1980an joan nintzen hara ikastera. Garai hura ikaragarria izan zen, eta filosofian erabat murgildu nintzen. Nire bizitzan gerora zutabe oso handia izan dena eraiki nuen han. Ni Zorroagari esker naiz naizena, erreferente bat izan baita niretzat.
Balea Zuria argitaletxean ere aritzen zara lanean.
2017ko azaroan jarri ginen martxan, duela zazpi urte. Lau kide gara, eta poesiari esker ezagutu genuen elkar. Felipe Juaristik, Pello Otxotekok, Aritz Gorrotxategik eta laurok osatzen dugu Balea Zuria. Guretzat literatur gune bat da, gu biltzekoa; gure adiskidetasuna sendotzen du, eta gure gustukoak diren liburuak argitaratzen ditugu. Oso gustura gaude. Uste dut gure lekutxoa egiten ari garela.
MOTZEAN
Idazle bat? Stefan Zweig.
Poeta bat? Rainer Maria Rilke.
Filosofo bat? Friedrich Nietzsche.
Inspiraziorako une bat? Gaua.
Zaletasun bat? Hendaiako hondartzan paseatzea.
Lezoko leku kutun bat? Santo Kristo basilikaren ondoko txokoa.
Hitz batean, zer da poesia zuretzat? Egia.
Eta irakaskuntza? Arnasa.
Eta filosofia? Ni izatea lortu duena.