HERRIAREN HISTORIA, HERRIAK KONTATUA

Zortzi urte behar izan dituzte Eneko Aritzaren Lagunak kultur elkarteko kideek Sua amaitzeko, Lapurdiko sorgin ehizari eta haren aurkako matxinadari buruzko filma. 2004an dokumentazio lanetan hasi, eta 2005etik 2010era arte jardun zuten grabaketa lanetan herriz herri. Autogestionatutako proiektua eta auzolanean eratutakoa da; herritar arruntak erabili dituzte aktore gisa, eta mila estra inguruk hartu dute parte. Orain, emanaldien bidez aurre egin nahi diote sortutako “zulo” ekonomikoari; Gipuzkoako estreinaldia Tolosan egin zuten, ekainean, eta datorren astelehenean Lazkaon emango dute, 21:00etan, Areria kultur gunean.