Udan izaten dira Olinpiar Jokoak, eta amaitzear da uda, 2012ko uda. Olinpiar Jokoen urtea. 2012a. Kirolarien bizitzetan gorriz seinalaturiko urtea, lau urtez behin besterik errepikatzen ez dena. Gipuzkoako 11 kirolarik hartu dute parte aurtengo Olinpiar Jokoetan, eta brontzezko dominarekin itzuli dira haietako bi: Maialen Chourraut piraguista eta Nely Carla Alberto eskubaloi jokalaria. Olinpiar diploma eskuratu dute, bestalde, Ainhoa Murua triatloilariak, Ander Elosegi piraguistak, eta Mikel Agirrezabalaga eta Julen Aginagalde eskubaloi jokalariek. Xabi Fernandez eta Iker Martinez nabigatzaileek, Juanjo Aranburu eskopeta tiratzaileak, Oiana Blanco judokak, Leire Olaberria txirrindulariak eta Mikel Odriozola ibiltariak, berriz, parte hartzearen gazi-gozoekin konformatu behar izan dute. Haietako batzuekin Londrestik etxerako itzuleraz mintzatu da Gipuzkoako Hitza.
Piraguista
“Ez nuen uste Olinpiar Jokoetako lehiarekin hainbeste emozio piztuko nuenik”
“Esan dezaket kristoren ongietorria eduki dudala mundu guztiaren partetik: ezagutzen nautenen eta ez nautenen partetik”. Oraindik ere harrituta dago Maialen Chourraut (Lasarte-Oria, 1983) K1 eslalomean brontzezko domina lortu ostean izandako harrerarekin. “Jendea emozionatzea beti da ona, eta nire kirola ezagutaraztea ere bai. Jende askok esan dit ez zuela ezagutzen nire kirola, eta Olinpiar Joko hauetan kasu egin diola, eta hori oso polita da niretzat”. Ezustean harrapatu du zurrunbiloak: “Ni urte hauetan guztietan Londresen domina bat lortzeko prestatu naiz, baina horretarako bakarrik. Gero etorri dena ez nuen inoiz imajinatuko horrela izango zenik”. Hala, “momentu batzuetan pixka bat handi” ere suertatu zaiola aitortu du.
Hedabideetan oihartzun itzela izan zuen Chourrauten lorpenak, baina hori ere “itzaliz” joatea normala dela uste du: “Nire kirola txikia da eta… itzaliz ere joan behar du; nik lanean jarraitu behar dut, eta, horretarako, lasaitasuna ere behar dut”.
Abuztuko oporraldiaren ostean eta piraguan “ia egunero” ibili bada ere, irailean gogotsu ekin die berriz saioei Chourrautek. Eta gogoan du hurrengo erronka nagusia ere: Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoak. “Baina horretarako ondo prestatu behar da, ondo eboluzionatu, piraguista gisa hobetu, eta, batez ere, egunetik egunera hobea izaten saiatzen naiz, nire puntu ahulenak hobetzen”. Izan ere, erronka argi izan arren, badaki lau urtean “gauza asko” gerta daitezkeela, eta, horregatik, epe hurbilagora begira ere jarrita dauzka helburuak: 2013, 2014 eta 2015eko Munduko Txapelketak.
Londresko esperientziaz galdetuta, esan du “olinpiar espiritua” ekarri duela handik, besteak beste, nahiz eta uste duen, egoteak baino gehiago, emaitzek balio dutela: “Pekinen ikusi nuen egoteak ez duela balio. Joan eta gaizki egiteak, horrek ez du balio. Bai, esperientzia bat da, eta esperientzia guztiek balio dute etorkizunerako, baina barruan ez zara beteta sentitzen”. Brontzeaz harago, ordea, irudi batekin itzuli da etxera: “Hasiera egunean lehiaketan parte hartzen genuen neska piraguista denek argazki bat atera genuen elkarrekin, eta une hura oso polita izan zen. Olinpiar Joko hauetan horrekin geratzen naiz”.
Judoka
“Lorpen handia da Olinpiar Jokoetan horrelako bizipen bat gozatuz sentitu ahal izatea”
Kalean eta inguruan jendeak galdetzen diola eta, Londrestik ailegatu zenez geroztik Olinpiar Jokoak “berriz bizitzen” ari da Oiana Blanco (Orio, 1983). Eta “harrituta” dago, ez baitzuen uste bere borrokari hainbeste jendek kasu egingo zionik: “Momentu hartan eskerrak ez nintzen jabetzen. Hainbeste jende nire lanari begira zegoela jakin izan banu, uste dut urduriago egongo nintzela”. Omenaldiak ere izan ditu: Orion lehena, eta Astigarragako Ergobia auzoan bigarrena. Eta biziki estimatzen ditu: “Askotan, emaitza onak daudenean oso erraza da, baina kasu honetan ez da emaitzarik izan, eta hala ere horrelako harrera edukitzea niretzat oso berezia izan da”.
Era berean, harrituta dago Olinpiar Jokoen inguruan hedabideetatik-eta jaso dituen dei eta gonbidapen guztiekin ere: “Gure kirola, egia esan, ez da mediatikoa, eta ohituta gaude ezer ez entzutera. Guretzat hau da normala [Olinpiar Jokoen osteko itzalaldia]. Akaso ez dena normala da aurretik hainbeste komunikabide deika izatea”. Hala ere, norberaren kirola “ezagun” egiteko “aprobetxatu” beharreko egoera dela iritzi dio.
Inork nahi ez zuen aurkaria egokitu zitzaion Blancori lehen borrokan: Tomoko Fukumi japoniarra. Eta dominak irabazteko lehian ibiltzeko aukerak izan ondotik, lehen borroka galduta etxerako bidea hartu beharizan zuen. “Pena pixka batekin” itzuli zela aitortu duen arren, “gustura” dago: “Ez gustura han egon nintzelako bakarrik, baizik eta ahal nuen guztia egin nuelako. Tatami barruan borroka guztian gozatzen aritu nintzen, eta lorpen handia da horrelako bizipen bat gozatuz sentitu ahal izatea”.
Abuztuan atseden hartu, eta irailarekin batera lanari ekin dio berriro. Hemendik aurrerako txapelketak ditu buruan, baina baita lau urte barruko Olinpiar Jokoen erronka ere. “Lau urte denbora asko da, baina gero sartzen zarenean oso azkar pasatzen da”.
Ibiltaria
“39 urterekin badakit ezin dudala lau urtera begiratu; urtez urte joango naiz”
“Ona eta txarra”. Horiexek Mikel Odriozolaren (Errenteria, 1973) Olinpiar Jokoetako balorazioaren bi aldeak. “Ez nuen lortu nik espero nuen emaitza, baina egia da oro har denboraldi osoa hartzen badugu pozik nagoela”. Hogeigarren kilometrotik aurrera “nahiko gaizki” sentitu ondoren, Odriozolak 42. postuan amaitu zuen 50 kilometroko ibilketan.
Olinpiar Jokoen atarian ongi sentitzen bazen ere, ez du urte erraza izan. Infekzio bat tarteko, osasun arazoak izan zituen martxoan, eta bost egunez ospitaleratuta ere egon zen. “Markak zirela medio, hor aurrean egoteko aukera neukala pentsatzen nuen, baina egia da arazo horiek ere izan nituela, nahiz eta azken hilabeteetan ongi nengoen”.
Badaki Olinpiar Jokoek zer-nolako garrantzia duten kirol ibilbidean, besteak beste, hedabideetan izaten duten oihartzuna dela eta. “Askotan pena ematen du; egia da badirudiela bakarrik lan egiten duzula lau urtetik lau urtera, baina urtero-urtero txapelketa garrantzitsuak izaten ditugu”. Eta, nola ez, horiek guztiak ere kontuan hartzekoak direla deritzo. Alde horretatik, Olinpiar Jokoen ostean kirolariarengan “hutsune bat” ere egoten dela uste du, zulo moduko bat. “Baina normalean urtero ditugu txapelketak, eta, beraz, helburuak markatzen ditugu”.
Gaur-gaurkoz, “urtebete jarraitzea” da Odriozolaren asmoa: “Banekien emaitza ona edo txarra edukita ere segituko nuela, pentsatzen nuelako oraindik gai nintzela goi mailako kirolari gisa aritzeko. 39 urterekin badakit ezin dudala hemendik lau urtera begiratu; urtez urte joango naiz”. Europako Kopa eta Munduko Txapelketa ditu buruan, “eta, batez ere, orain ondo suspertzea fisikoki”. Batetik, martxoan izandako osasun arazoekin lotuta, belarriko ebakuntza bat egingo diote urri aldera. “Horrez gain, hanka ere pixka bat minduta daukat, eta, beraz, sasoi onean hastea izango da nire helburu nagusia”.
Gainerakoan, Londresko Olinpiar Jokoak “politak” eta “ongi antolatuak” izan direlakoan itzuli da etxera. Arantza txiki batekin, ordea: “Ikusten dudana da diru aldetik gero eta elitistago bihurtzen ari direla”. Gogora ekarri du 500 eta 1.500 euro bitarteko sarrerak saltzen direla, besteak beste. “Kontsumismoaren inguruan ere ari dira garatzen Olinpiar Jokoak, eta horrek ere pena ematen dit, askotan badirudielako munduko pertsona batzuentzat bakarrik daudela antolatuta”.