GARAGARDO BAT ‘BERRIA’-REN ALDE

Badira urte batzuk Lazkaoko plazan garagardo azoka antolatzen dutena; hiruzpalau egunez, askotariko garagardo bereziak edateko aukera egoten da, halakoetan ohikoak diren janariez gain. Aurten, Gerriko kultur elkarteak antolatu du, herriko beste zenbait kultur eragileren laguntzarekin. Festatik ateratako dirua BERRIA kazetari laguntzeko izango da; joan den udazkenetik Zure ziztada behar dugu kanpainan dabil buru-belarri egunkaria, euskal prentsa jasaten ari den krisi ekonomikoari aurre egiteko. Azoka atzo hasi zen, eta igandera arte egongo da zabalik, arratsaldeko zortzietatik gauerdira arte.