Pi-pi… kutara

Whatsappik ba al duzu?”. “Ez”. Hori da azkenaldian gehien erantzun dudan galdera. Eta ezezkoa ahoskatzen dudan bakoitzean erabateko atzeratua sentitzen naiz. Ez da teknologiaren kontrako jarrera dudalako, ezta burugogorkeria ere. Eta jakin badakit aurtengo urtea bukatzerako izango dudala ditxosozko aplikazio hori; ahula naiz horretan, eta ondotxo ezagutzen dut neure burua. Beste ezer esaten hasi aurretik, ez dut nik ere betiko akatsean erori nahi, eta azalduko dizuet zer den Whatsapp deritzogun hori. Zergatik suposatzen dugu beti mundu guztiak dakizkien hitzak direla? Bada, askok ez dakite, eta ez dute zertan jakin ere; nire amak, amonak edo aitak hau irakurtzean zertaz ari naizen jakitea nahi nuke, eta haiek bezala, beste jende askok ere bai.

Harira: Whatsapp eskuko telefonoetan ezartzen den aplikazio bat da, eta idatzizko mezuak dohainik bidaltzeko balio du. Bai, badakit azalpen zehatzagorik eman nezakeela, baina funtsean, uler dezazuen, hori besterik ez da. Mezuak debalde bidaltzea aspertu arte.

Non hasten da arazoa? Ni lagun batekin kafetxo bat hartuz gustura kontu-kontari ari naizela, bat-batean pi-pi egin dio telefonoak. “Barkatu”, esan dit, pantailatxoari begira mezuari erantzuten dion bitartean. Lehenengo etenak ez nau gogaitu, bigarrenak ere gehiegi ez, hirugarren etenaldiak hasperen bat eginarazi dit, laugarren pi-pi-ak ezpainak eta bekokia zimurrarazi dizkit, eta bosgarrenak laguna, telefonoa eta pi-pi-a itzaltzeko gogoa piztu dit.

Radio Maria baino leku gehiagotara iristen da Satanasen pi-pi nardagarri hori, eta ez dut ulertzen gure jarrera. Teknologia zertarako dago? Hezur-haragizko lagunarekin aurrez aurre hizketan ari zarela telefonoko pantailaren argitxoa noiz piztuko zain egoteko?

Hizketaldi patxadatsu bat izatea tomate zaporea duen tomate bat aurkitzea baino zailagoa da gaur egun. Badirudi aurrerapen hauek atzerakoiak direla askotan, eta ez dakit ez ote gaituzten bakardadera bultzatzen. Lagun bati idatzizko mezu bat edo bi edo hamar dohainik bidaltzeak lehentasun handiagoa du parean dugunarekin daukagun hizketaldiak baino. Jakizue aurrerapen latza dela asmakizun hauen bidez pertsonak elkarrengana gerturatu ahal izatea, baina horrek berak kontrako efektua ere izan dezake erraz. Hori lortuko dugu azkenean, urrunekoak gertuago izatea baina gertukoak urruntzea. Eta hau ere, guztia bezala, oreka kontua da, besterik ez; ezin dugu esan hau txarra eta bestea ona denik; epai serio xamarrak dira halakoak, eta ez ditut batere gogoko. Oreka bat mantendu behar genuke aurrerapen teknologikoen eta horien erabileraren artean, bertatik bertarako harremanetan eragin okerrik izan ez dezaten. Besterik ez dut eskatzen; lagun batekin hizketan ari naizenean lasai hitz egin ahal izatea, minutuko lau pi-pi entzun beharrik izan gabe; laguna eta telefonoa pi-pikutara bidali beharrik izan gabe.