Distiraren alternatiba

Zinema alternatiboa

Donostia

Donostiako 60. Zinemaldiak hiria bederatzi egunez ponpoxten duen bitartean, “elitismo” horretatik aldendu nahi dute donostiar batzuek: Groseko Gazte Asanbladak hirugarren urtez antolatu du Zinemaldi Alternatiboa Kortxoenea gaztetxean. Astelehenean hasiko da, eta ostiralera bitartean, egunero, film bat emango dute, asteazkenean salbu: irailaren 26ko greba orokorrerako deialdiarekin bat egingo dute, eta egun horretan grebara joateko deia egin dute.

Gainontzeko egunetan, iluntzean, film bat emango dute. Astelehenean, Sua Lapurdiko sorgin ehizari buruzko film herrikoia —Euskal Herri osoko milatik gora estrarekin osatu dute—; amaieran, lantaldeko kide batek hitz egingo du. Asteartean, Ziztadak dokumentala emango dute; Euskal Herriko indarkeriarik gabeko erresistentzia erretratatzen du film horrek, eta pelikularen sortzaileetako batek hitz egingo du, Sabino Ormazabalek. Ostegunean, Segoviako ihesa emango dute; Eneko Olasagasti aktore eta zuzendariaren eta preso ohi baten solasaldia izango da gero. Ostirala Piraten eguna izango da: Batalla Naval de Vallecas eta Piratek 10 urte dokumentalak emango dituzte, Donostiako Piraten urteurrenaren harira.

Larunbatean amaituko da zinemaldia, baina egun horretan ez dute filmik emango. Aitzitik, parte hartzaileek egingo dituzte gero ikusi beharreko lanak. Film laburren rallya antolatu dute egun osorako; taldeek goizeko bederatzietan jasoko dute lehiaketarako baldintzen berri, eta egun osoa izango dute filmak grabatu eta editatzeko; 20:00etarako entregatu eta 21:00etan proiektatuko dituzte guztiak. Bestalde, martxan da hogei segundoko film laburren txapelketa; dagoeneko bidal daitezke lanak, YouTuben jarrita edo Groseko Gazte Asanbladari posta elektronikoa igorrita: grosekogazteasanblada@gmail.com.

EGITARAUA

Irailak 24. Sua.

Irailak 25. Ziztadak.

Irailak 27. Segoviako ihesa.

Irailak 28. Piraten eguna: Batalla Naval de Vallecas eta Piratek 10 urte dokumentalak.

Irailak 29. Film laburren rallya, ekitaldia eta kontzertuak.