Etorkinen Gipuzkoako Eguna izango da igandean, Goierrin

Goierriko Bategite elkarteak Etorkinen Gipuzkoako Eguna antolatu du iganderako. Beasainen, egun osoko egitaraua prestatu dute: eguerdian, Zubimusi plazan hasiko dute festa, eskulangile postuak eta hainbat herrialdetako gastronomia saltokiak irekita. Futbolean jardungo dute, ondoren, Mundualito txapelketan, eta dantza erakustaldia egingo dute 13:00etan. Arroza dastatu ondotik, kalejira antolatu dute Senegalgo doinuekin, 17:00etan, Marokoko musikarekin, eta Nuevo Potosi taldearen kontzertuarekin amaituko dute eguna. Bategite elkartea etorkinen bilgune izateko eta haiei laguntza emateko sortu zen, duela hiru urte; 30 herrialdetako 200 kide biltzen ditu.