Krisiak gehien zigortzen dituen sektoreetako bat da etorkinena. Lan merkatuko egoera ilunak —kanpotarren langabezia tasa bertakoena halako hiru da: %30etik gora—, eta diru laguntzen eskasiak eta osasun arloko murrizketek ataka zailean utzi dituzte Gipuzkoako etorkin asko.
Garaiotako etorkinen soslaiaren berri ematen du Zarauzko Udalak kaleratu berri duen Migrazioak eta aniztasuna txostenak. Immigrazioa bultzatzen duten bi arrazoi nagusi aipatzen dira ikerketan. Batetik, jende askorentzat erretiroa hartzeko herria da Zarautz, eta horrek zainketa beharrak ugaritu ditu; bestetik, herriko ekonomian ostalaritzak pisu handia du, eta eskulan premia dago. Zarautzen erroldatzen diren atzerritarren erdiek dagoeneko ibilbide bat egina daukate aurretik, baina alokairuak inguruko herrietan baino garestiago daudenez, familia batzeko orduan askok herritik alde egin behar izaten du. Herri baten adibidea da, baina egoera ez da oso desberdina lurraldeko beste lekuetan.
Gipuzkoan, etorkin guztien %39 Hego Amerikakoak dira. “Eskualdeko etorkinak emakume latinoamerikarraren aurpegia du, batez ere. Etxeak garbitzen eta pertsonak zaintzen aritzen da, lan horietan kulturalki eta hizkuntzaren aldetik hobekien egokitzen direnak direlako”; interpretazio hori egin du Gorka Morenok, Ikuspegi Gizarte Gaien Behatokiko zuzendariak. Gipuzkoan 45.913 etorkin bizi dira gaur egun; biztanle guztien%6,5 dira.
Hain justu, emakume etorkinen eskubideen alde lan egiten du Zumaiako Malen Etxea elkarteak, eta etxerik gabe geratzen direnei ostatua eta otorduak eskaintzen dizkiete. Silvia Carrizo lehendakariaren arabera, krisiaren aurretik zituzten lan baldintzak “ia esklabotzaren parekoak” ziren. Orain, esklabotzara iritsi dira, eta okerragoa dena, gizartearentzat ikusezinak dira: “Adiskideak baditut, ia soldatarik jaso gabe, ostatuaren eta otorduen truke soilik aritzen direnak etxeko lanak egiten. Pertsona bat zaintzen gaua pasatu, eta lo egiteko lekua uzten diete, baina ez diete ezer ordaintzen”.
Etorkinen zapalkuntza areagotu egin du krisiak, eta paperik gabe daudenak dira kaltetuenak. Lan merkatuan zeuden hutsuneak betetzen zituzten garai batean, bertakoek nahi ez zituzten lanbideak. Baina orain? “Lehen, iritsi eta berehala aurkitzen zuten lana; gaur egun, ez”. Izaskun Etxeberriaren hitzak dira; Irungo Adiskidetuak elkarteko teknikaria da. Aholkularitza juridikoa eta tailerrez gain, elikadura eta arropak ematen dizkiete han biltzen direnei. “Bertakoentzat lanik ez badago, nola egongo da guretzat? Egoera oso zailean gaude”, kexu da Mario Miranda, Estrella Radiante elkarteko lehendakaria. Hego Amerikako sei herrialdetako etorkinak biltzen dira bertan. Etxeko lanen kasuan, orain bertako emakume gehiago daude lan horiek egiteko prest. “Orduka etxeak garbitzera itzuli dira, eta familia askotan etxeko emakumeak hartu du aitona-amonak zaintzeko ardura, berriz ere”.
Bizilekua izateko baimena duten etorkinak lanik gabe geratzen direnean, gizarte segurantzan kotizatzeari uzten diote, eta baimena berritzeko arazoak sortzen zaizkie, lan kontratuaz gain kotizazio kopuru batera iristea eskatzen baitzaie. Eta bizitzeko baimenik gabe, hasierako egoerara itzultzen dira; iritsi ziren egunera.
Osasuna ere, kolokan
Lan munduko zailtasunei babes falta gehitu behar zaie. Gertuko jendearen babes sarerik gabe, laguntza eskatzeko inor gabe geratzen dira. Elkarteek funtzio garrantzitsua jokatzen dute hor.
Guztiak kezkatuta daude Espainiako Gobernuak paperik gabe dauden etorkinei osasun txartela kentzeko hartutako neurriarekin. Eusko Jaurlaritzak erabakiari muzin egiteko asmoa agertu duen arren, ziurgabetasuna da nagusi. “Teorian, osasun arreta eskubide unibertsala da, baina praktikan, ez. Dagoeneko existitzen dira hainbeste eragin duten murrizketak: larrialdietara joaten diren etorkinei kobratu egiten zaie”, adierazi du Carrizok.
Diru laguntzetan ere murrizketak nabaritu dituzte. Baldintzak gogortu egin dira eskariak egiteko orduan; autobuseko txartelak ateratzeko, esaterako, pasaportea nahikoa zen lehen; orain, bizitzeko baimena ere eskatzen dute.
Egoera ikusita, lanik gabe geratzen diren batzuk euren herrialdera itzultzen ari dira. Malen Etxeko bi emakumek alde egin dute orain gutxi. “Urte asko pasatu eta gero, izugarri gogorra egiten zaie, baina jendeak jateko dirurik ere ez du. Duela lau urte, hamar familia etortzen ziren janari bila elkarteko egoitzara; gaur egun, berrogeita hamar”, deitoratu du Etxeberriak.
Morenok adierazi duenez, hala ere, etorkin gehiago iristen dira alde egiten dutenak baino, oraindik behintzat. Krisiak inguruan baino gutxiago eragin du Euskal Herrian, eta horregatik, iaz estatuko immigrazio tasarik handiena izan zuen EAEk. Espainian, sektorerik kaltetuenak eraikuntza eta turismoa izan dira; hemen indar txikiagoa dute.
Herrialdeen rolak aldatzen ari direla uste du Mirandak, eta Hego Amerika aipatu du. Haren ustetan, egoera asko hobetu da han azken urteetan, politika neoliberalak albo batera utzi zituztenetik. “Europatik ikasi zuten, eta orain begira zer gertatzen ari den hemen”.