Mugikortasunaren Astean, ekintza ugari hainbat herritan

Airearen kutsadura eragiten duten arrazoietako bat da zirkulazioa. Garapen iraunkorraren araberako garraiobideak bultzatuko dituzte Mugikortasunaren Astean, astelehenetik igandera, lurraldeko hainbat tokitan. Arrasaten, Birzikleta —bigarren eskuko bizikleta azoka— egingo dute irailaren 22an, eta horretarako, bihar eta asteartean bizikletak udal azokan utzi behar dira. Salneurria jabeak berak erabaki ahal izango du. Bihar zortzirako, emisio gutxiko ibilgailuei buruzko erakusketa bat antolatu dute, Arrasateko Biteri plazan. Egun berean, baina Irunen, bizikletan segurtasunez ibiltzeko ikastaroa egingo dute, herrian bizikletan mugitzeko. Irailaren 23rako, Tolosaldeko bidegorrien bizikleta bira antolatu dute.