Hondakinak atez ate biltzen hasi dira Goierriko hiru udalerritan

Legorreta, Itsasondo eta Zaldibia izan dira Goierri eskualdean hondakinak atez ate biltzen hasi diren lehen hiru herriak. Atzo kendu zituzten azken edukiontziak, eta atzo bertan hasi ziren atez ateko bilketa sistemarekin. Zaldibian aldaketa egiteko unean bertan izan ziren Joxan Etxabe alkatea, Azeari Andonegi Sasieta Mankomunitateko lehendakaria eta Iñaki Errazkin Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatua. Bi astetan banatu dituzte hiru herrietan edukiontzi indibidualak, eta kuboak uzteko tokiak nahiz landa eremuko bilketa guneak ere prestatu dituzte.

Zaldibian eta Legorretan, asteko egutegi baten arabera eta edukiontzi indibidualetan jasoko dute zaborra orain; eta Itsasondon, aurretik zegoen sistema mistoarekin jarraituko dute, baina, kubo indibidualetan jasotzen zuten errefusaz gain, atzotik gai organikoa, papera eta ontziak ere modu indibidualean jasoko dituzte, egutegian zehaztuakoaren arabera.

Sasieta Mankomunitatetik emandako datuen arabera, batez beste hiru herrietako familien %90ek jaso dituzte hondakinak sailkatzeko edukiontzi indibidualak. Zaldibia izan da orain arte ontzi gehien banatu duen herria —%90 inguru—, Legorretan ontzien %87 banatu dituzte eta Itsasondon ontzien %83. Enrike Enparantza Sasietako teknikariak azaldu duenez, ohiko datuak dira horiek, “jaso ez dituztenak asteburuetan etortzen diren familiak edo etxe hutsak direlako. Kontuan hartu behar da errolda erreala eta teorikoa ez direla gauza bera, eta beraz, normala da banaketa %100era ez iristea”.

Banaketa, gainera, “arazorik gabe” egin dute, nahiz ea “desobedientzia zibilerako” deia egina zuten atez ateko bilketaren aurkako taldeek. “Askok sinatu dute hondakinak biltzeko sistema berriaren aurka, baina halabeharrez hartu behar izan dituzte edukiontziak hiru herrietan, eta ez da arazorik izan”.

Hiru herrietan 39 bilera egin dituzte herritarrak informatzeko. Baina edukiontziak jasotzeko ordua iritsi denean izan dira galderak. “Oraindik ere bakarren bat edukiontziak zertarako ziren jakin gabe etorri da kuboak jasotzera”, esan du Enparantzak.

Kexa gehien Itsasondon entzun dute Sasietako teknikariek; izan ere, herritar askoren ustez, orain arteko bilketa sistema mistoa emaitza onak ematean ari zen, eta ez dituzte ondo hartu berriro aldaketa egiteko arrazoiak.

Hiru herrietan edukiontziak, poltsa konpostagarriak eta hondakinak ondo bereizteko gida banatu ditu Sasietak. Baserri eta landa eremuko bizilagunentzat, berriz, bilketa gune komunitarioa erabiltzeko txartel elektronikoak banatu ditu. Prozesuaren hasiera “arrakastatsua” izan dela azaldu dute mankomunitateko arduradunek. “Herritarren parte hartzea eta erakutsi duten ardura benetan txalotzekoa izan da”, zehaztu du Azeari Andonegik.

Apirilaren 2an, Astigarragan

Goierrin atez ateko bilketa sistema jartzen lehenak izan dira Zaldibia, Legorreta eta Itsasondo, baina eredu izan dituzte Usurbil, Oiartzun, Antzuola eta Hernani. Eta atez ateko bilketa ezarriko duten Gipuzkoako herrien zerrenda ere osatzen doa poliki-poliki. Astigarragan apirilaren 2an ezarriko dute, eta ondoren etorriko dira, besteak beste, Legazpi eta Segura Goierrin —uda aurretik— eta Tolosaldeko hainbat herri. Goierriko hiru herrietan bezala, Astigarragan ere ahalik eta birziklatze tasa handienak lortzeko xedearekin erabaki dute atez ateko bilketa sistema ezartzea.

Askorentzat, baina, bosgarren edukiontziaren aldeko apustuak “eztabaidaezina” izaten jarraitzen du, eta balkoietan zintzilikatutako zabor poltsekin erakutsi dute atez ateko bilketa ez dutela gustuko; eta Legazpin herri galdeketa ere egingo dute datozen asteetan. Maiatza ingururako ezarri nahi dute atez ateko sistema Legazpin. Gipuzkoa mailan atez ateko sistemaren aurka egin den manifestaziorik handiena han egin da orain arte, eta Sasietako arduradunek ere susmoa dute arazoak izan daitezkeen, behin parte hartze prozesua amaitu eta erabakia hartzen duten bitartean.