“Harrera ama izateak begiak zabaldu dizkidala esango nuke”

Zuondoan elkartearen sortzaileetako bat da Itziar Elias (Azkoitia, 1980), eta harrera ama duela bi urtetik. Harrera familien gaiari argia eman nahian, Gu ere harrera familia gara dokumentala eta Maddi eta Antton antzezlana aurkeztu berri ditu elkarteak. Asmo argi bat dago ekoizpen horien atzean: “Harrera prozesuak eta familiak naturaltasunez erakustea”.

Gu ere harrera familia gara dokumentala aurkeztu berri duzue Zuondoan elkarteko kideek. Zein da helburua?

Joan den urtean sortu genuen Zuondoan elkartea, eta bertan ari garen lau lagunek komunikazioan dihardugu, arlo ezberdinetan. Orain arte ikusi dugu aldundiak prentsarekin egiten duela lan batez ere, eta estatistikak ematen dituela normalean. Dokumentalaren bidez harrera familien gaineko informazioa eman nahi dugu, eta, horretarako, harrera familietako amak, anai-arrebak, amonak, izebak azaltzen dira ekoizpen horretan. Bakoitzak bere esperientzia kontatzen du, nola bizi duen eta zer ekarri dion pertsonalki harrera familia izateak; hori erakustea da helburua.

Harrera familiak naturaltasunez azaldu nahi dituzuela nabarmendu duzue…

Bai, hala da. Adopzioa zer den denok dakigu, eta denok oso natural ikusten dugu. Harrerak, ordea, gutxi izan dira, eta horietatik asko ezkutuan egindakoak. Hori da aldatu nahi duguna; harrerak naturaltasunez ikustea nahi dugu, eta arlo horretan laguntza handia behar dela ulertzea. Harrera familiak ohiko familiak garela erakutsi nahi dugu, hainbat lanbidetakoak. Gure bizitzaren une jakin batean honetan laguntzeko hautua egin izanak batzen gaitu. Askotan kanpotik izugarrizko esfortzua egingo bagenu bezala ikusten gaituzte, eta batek baino gehiagok esan digu bihotz handia dugula… Ez gara aparteko ezer, ordea, ez gara heroiak, haur hauei txoko bat egin eta maitasuna ematea daukagula erabaki dugu, besterik gabe.

Zuondoan orain urtebete sortu zela esan duzu. Zerk eraman zaituzte elkartea sortzera?

Harrera familien gainean dagoen informazio faltari erantzuteko erabaki genuen Zuondoan elkartea eratzea. Harrera ama naiz, eta informazio falta zuzenean bizitzen ari nintzen. Harrera gurasoen bilkura batean ginela, aldundiko arduradunari informazio falta hori saihesteko zer egin genezakeen galdetu nion. Hori amaitzea gurasoen esku zegoela erantzun zidan, guk ezagutzen dugulako inork baino hobeto gaia. Bueltak ematen hasi, eta lau lagun elkartuta elkartea sortzea erabaki genuen. Orain, berriz, dokumentala eta Maddi eta Antton haurrentzako antzezlana aurkeztu berri ditugu.

Maddiren rola egiten duzu antzezlan horretan. Apirilaren 17an aurkeztuko duzue. Zertan datza?

Harrera ume baten rola egiten dut nik antzezlanean, eta Iñigo Aranbarri Antton da, harrera familia bateko anaia. Bien arteko elkarrizketa eta jolasen bidez harrera familia zer den kontatzen diegu haurrei. Haur Hezkuntzako 3. mailatik hasi eta Lehen Hezkuntzako 2. mailara arteko haurrentzat da lana. Asmoa herriz herri zabaltzea da, eta haurrek behin ikusita gaia etxera eramatea, interesa duten helduei dokumentala erakusteko ondoren.

Harrera familia izateko egin behar den bidea zaila al da?

Adopzio prozesuetan egin beharreko tramite berak egin behar izaten dira harrera familia izateko. Lauka elkartera jo behar da lehenik. Familia hauekin lotura egiten duen elkartea da, eta heziketa ikastaroa ematen dute lehenik. Test psikologikoak egin behar dira ondoren, eta etxea ikustera ere etortzen dira, lekua fisikoki ezagutu eta familia baduzu hori ere ezagutzeko. Izena emateko ordena ez da errespetatzen; adopzioan ez bezala, haur jakin batentzat egokia zarela ikusten badute zuzenean ematen dizute, nahiz eta zerrendan azkena izan. Harrera familiatan denek dute lekua gainera, berdin du heterosexuala, homosexuala edo banakakoa zaren, baita adina ere.

Bi urte beteko dituzu harrera ama moduan. Zer ekarri dizu?

Aldaketa handia ekarri dit; harrera ama izateak begiak zabaldu dizkidala esango nuke. Egunerokoa eta ingurukoa baloratzen ikasi dut, eta ohartu naiz izan dudan zorteaz, familia bat dudalako, goizero “egun on” eta gauero “gabon” esaten dizun ama duzulako, uneoro eta baldintzarik gabe ondoan izango duzuna. Guk dugun hori beraiei oso garesti atera zaie. Errurik izan gabe jaiotzetik gizartetik eratorritako zama izugarria jaso dute, eta gehienak ez gara horretaz kontziente. Kanpora begira jartzen gara askotan kalean bizi diren haurrak daudelako. Euskal Herrian kaleko umerik ez daukagu, aldundiak lan bikaina egiten duelako, haurrak jasotzen dituelako, zentro onetara eramaten dituelako eta hezitzaile onekin daudelako… Hain ongi jasota daude, haur horien errealitatea ez da ikusten, baina hor dira.

Krisiarekin areagotu egin al dira harrera familia baten babesa behar duten neska-mutilak?

Gizarte honetan denak du, azken batean, eragina. Une honetan emandako azken datuen arabera, 254 haur daude zentroetan harrera familia bila. Laguntza behar da, eta familiak behar dira. Haurren harrera zentroetan sartu-irten bat denok egin beharko genukeela esaten dut nik, haur horiei aurpegira begiratu, eta gero erabaki.