“Amsterdamek aukera ematen dit musika oso maila onean egiteko”

Orain 11 urte atera zen Jon Etxabe Arzuaga (Tolosa, 1978) herritik, koru abeslari gisa bere bidea egiteko. Amsterdamera joan zen, eta bertan jarraitzen du. “Tolosatik atera nintzenean ez nuen pentsatzen luzerako etorkizun batean; helburu zehatz bat nuen, hau da, Amsterdameko kontserbatorioan onartu nindutenez, bertan ikasketak betetzea; lau urteren ondoren, buru-belarri ekin nion abeslari lanbideari”, azaldu du Etxabe Arzuagak. Euskal Herrian abeslari gisa bizitzea “ezinezkoa” dela dio: “Nik dakidala, abesbatza profesional bakar bat ere ez dago. Herbehereetan, berriz, ez da erraza, baina aukera askoz gehiago daude; urteetan gobernu eta erakundeek arreta eta dirua jarri dute musika arloan, hezkuntzatik hasita, noski. Nire kasuan, hemen egoteak musika oso maila onean egiteko aukera ematen dit”.

Abesbatza abeslari gipuzkoar batek afizioa ofizio bilakatu nahi badu etxetik urrun egoteko prest egon behar duela dio Etxabe Arzuagak: “Atzerrian ere ikasketak egin, audizioak egin, jendea ezagutu, hizkuntza berriren bat ikasi, egonkortasun ekonomikoa alde batera utzi…”.

Batez ere, bi taldetan lan egiten du Etxabe Arzuagak: “Cappella Amsterdam ganbera abesbatza bat da, partaide kopuruan malgua; zenbaitetan, zortzi abeslari izan gaitezke, eta hainbatetan, 32. Hainbat orkestrarekin lan egiten dugu, eta, noski, bakarrik ere bai”. Errepertorioa oso zabala dute; antzinako musikatik hasi eta musika garaikideraino: berpizkunde garaiko polifonia, barrokoa, erromantikoa, klasikoa… Zenbait lan berri ere estreinatu izan dituzte. “Horrez gain, laukote batekin ere lan egiten dut, Egidius Kwartet taldearekin. Lau gizonek osaturiko taldea da, eta XVI. mendeko polifonia lantzen dugu bereziki, gehienbat musikagile flandriarrena”. Azkenaldian beste hainbat talderekin ere abestu du, eta bakarlari gisa ere lan egiten du.

“Etxean itañol moduko bat hitz egiten dugu, hau da, italiera eta gazteleraren arteko nahasketa bat”, dio Etxabe Arzuagak. “Kalean, berriz, nederlandera nagusiki”. Amsterdamera iritsi zenean ingelesez moldatzen zen, bai kontserbatorioan eta bai kalean. “Baina garrantzitsua eta ona da bat dagoen lekuko jatorrizko hizkuntza ikasten saiatzea; belarriak ireki, akatsak egiteko beldurrik ez izan eta aurrera…”.

Amsterdam, askotarikoa

Ordutegi aldetik oso irregularra da kantariaren egunerokotasuna: “Askotan asteburuetan lana egiten dut, eta asteko edozein egunetan libre izaten dut. Gerta daiteke bi astez ia lanik ez edukitzea eta ondoren 40 egunez atsedenik ez izatea”. Lana dela eta, asko bidaiatzen du. Euskal Herrira ere etorri da abestera: “Oso atsegina da familia, betiko lagun eta ezagunen aurrean abestea, normalean beste herrialdeetan egiten dudana etxean ere egitea”. Aisiagatik bidaiatzea ere gustatzen zaio: “Eguzki bila izaten da, hemen gutxi ikusten dugu eta”.

Amsterdamen bizimodua atsegina dela dio. “Ez da oso hiri handia; beraz, dena eskura dago; mugitzeko modu arruntena eta errazena bizikleta da: ez du kutsatzen, zaratarik gabekoa da, aparkatzeko arazorik ez du, eta gainera osasungarria da”. Aisialdiari dagokionez, hiriak eskaintza zabala duela dio.

Hiritarren aniztasuna nabarmendu du: “800.000 biztanle ditu, eta erdiak atzerritarrak dira; guztira 177 nazionalitate biltzen dira, eta horrek badu bere eragina. Beraz, gizartearen zati nagusi bat bada irekia, pertsona oso ezberdinekin elkarbizitzea egunerokoaren parte baita. Hori bai, Amsterdam berezia da, eta ezin da esan Herbehereetan dena horrela denik”.

Herbeheretarrek, euskaldunekin alderatuz, besteek esango diotenari ez diote garrantzi handirik ematen, Etxabe Arzuagaren esanetan. “Nahiko indibidualistak” direla gaineratu du. Bestalde, “oso pragmatikoak” direla dio: “Gauzek funtzio bat dute, eta modu berean elikadurak, janzkerak, harremanak…”.

Familiarekin eta lagunekin oraindik harreman estua duela dio: “Tolosara maiz joaten naiz, Eguberriak, inauteriak, sanjoanak direla, eta urtean zehar ere bai. Inauterietan beti joaten naiz; 11 urte hauetan behin bakarrik galdu ditut, eta saiatzen naiz berriro gerta ez dadin. Festa zoragarriak dira, paregabeak. Inauteriek ahalmen terapeutiko handia dute”.

“Pertsonak, familia, lagunak eta horren gurea den zerbait: ezagunak”. Horien falta sumatzen du abeslariak. “Kaleko giroa, pintxo batzuk jatea, arrandegi eta harategi onak, Uzturrera igotzea, eta nahiz eta batek baino gehiagok barre egin, eguraldiaren falta ere sumatzen dut”. Gustatzen zaiona egiteko aukera ematen dion lekuan ikusten du etorkizuna. “Oraingoz, abestu egin nahi dut, eta, horretarako, Amsterdam oso leku egokia da. Tolosara orain arte bezain maiz joateko aukera izanda kontent nago. Egia da geroz eta etxekoagoa sentitzen naizela hemen eta Tolosan geroz eta kanpotarragoa”.