IATko zerbitzua, kolokan

Aurrera jarraitzen du Urnietako eta Irungo IAT Ibilgailuen Azterketa Teknikoko langileen grebak. Enpresan ez ezik, bezeroengan ere eragina izaten ari da lanuztea, eta TUV Rheinland enpresak ohartarazi berri du erabiltzaileetako batzuk zerbitzurik gabe gera daitezkeela. Hilaren 18ra arte Irungo egoitzan eguna eta ordua hartuta daukatenei zerbitzua emateko konpromisoa hartu zuen astelehenean; Urnietan, ordea, esan du ezin duela halakorik bermatu. Beraz, azken horretan ordua dutenei Irungo bulegora joatea gomendatu die, edo joan daitezela IATko beste lantegi batera —Bergaran, Arbizun eta Donezteben daude gertukoenak—.

Langileek, baina, euren aldarrikapenekin jarraitzeko asmoa dute, gauzak aldatu ezean. Lan ituna berritzen ez bada, mobilizazio gehiago egiteko prest daude; horrek berriro lantegien ohiko jarduna oztopatuko luke. Bi lantegietako lan hitzarmenak 2011ko abenduan utzi zion indarrean egoteari, eta, geroztik, ezin izan dute akordiorik erdietsi zuzendaritzaren eta enpresa batzordearen artean.

Bezeroei “ulermena eta babesa” eskatu diete beharginek, bai baitakite grebak arazoak sor ditzakeela. Dena den, ziurtatu dute greba eskubidea baliatzen ez dutenean zerbitzua ahalik eta hoberen emateko ahalegina egingo dutela.

Otsailean 56 eguneko greba iragarri zuten bi plantetan, eta martxoaren 25ean hasi zituzten lanuzteak. Langileek “arduragabe” jokatzea egozten diote enpresari, hitzarmena berritzeari uko egin diolako. Aurreko akordioa sei hilabeteko lanuztea egin ondoren lortu zuten; hain justu, 2010ean —lan baldintzak pareka zitzatela eskatzen zuten—. Orain, itun hori luzatzea eskatzen dute; zuzendaritzak, ordea, ez du horren aldeko pausorik ematen, langileen arabera.

Ibilgailuen azterketa teknikoaren zerbitzua TUV Rheinland enpresak kudeatzen du gaur egun, baina, uztailetik aurrera, gauzak alda daitezke. Orduan, Eusko Jaurlaritzak bere esku hartuko ditu hitzarmenik ez duten enpresak, kudeaketa hori beste enpresa batzuei adjudikatzeko.

Azterketa herrian

Ibilgailua beste norabait lekualdatu gabe, herrian bertan azterketa egiteko aukera eskaintzen du hainbatek. Zarautzen, esaterako, ziklomotorren azterketa egin ahal izango da gaur, bihar eta astelehenean, Astiko aparkalekuan.