Maldan Behera, baina goraka »

Maialen Igartua

Kirola da, ala festetako ekitaldi zoro bat? Goitibeherei buruz hitz egitean, galdera soil horrek behin baino gehiagotan amaitzen du eztabaidarako gai izaten. Kirola dela defendatuko dute batzuek, prestaketa eskatzen duena, eta lehia bultzatzen duena. Beste batzuek, berriz, ikuskizuna eskaintzen duen ekitaldi baten modura ikusiko dute; eta gazteen ustezko erokeriarekin eta burugabekeriarekin lotzen duenik ere izango da. Legazpiko Maldan Behera elkarteak garbi du: kirola da. Gizarteak ere beraiek bezain garbi izan dezan dute helburu, eta, horretarako, hainbat ekintza antolatzen dituzte, haurrekin hasita.

2013an sortutako elkarte bat da Maldan Behera, inertzia kirolak indartzeko asmoz. Gipuzkoan sortutako lehenengo inertzia kirolen elkartea izan zen. Hainbat legazpiarren eta oñatiarren artean sortu zuten: Iker Aztiri, Aitor Aztiri, Iker Mugertza, Joseba Astondoa, Xabi Mugertza eta Julen Agirreburualde. Denak goitibehera pilotuak ziren, eta, hasieran, funtzio hori betetzen zuen Maldan Beherak: pilotuen elkarte izatea. Gero, ordea, taldekide asko rallyen mundura pasatu ziren, eta, gaur egun, Agirreburualdek baino ez du jarraitzen. Kide berri batzuekin batera osatzen du elkartea, baina, gaur egun, oso bestelako norabideari jarraitzen diote. “Elkarteko pilotu bakarra ni naiz; orain elkartearen xedea ekitaldiak antolatzea da, goitibeheren inguruko afizio bat sortzeko”, azaldu du Agirreburualdek.

Besteak beste, Challenge Gipuzkoa txapelketa antolatzen dute. Herriz herri egiten diren hainbat lasterketatan lortzen dira puntuak txapelketa horretarako. “Challenge-arekin hasi ginenetik nabari da gorakada”, esan du legazpiarrak. “Jendea ilusionaturik ikusten da; lehen beren herriko lasterketan baino parte hartzen ez zuten batzuk inguruko herrietara mugitzen hasi dira, puntuak lortzeko”.

Dena den, Maldan Behera elkartearen asmo nagusia harrobi indartsu bat sortzea da; hau da, txikitatik afizio bat sortzea. Horretarako, herriz herri erakustaldiak egiten dituzte Sputnik izeneko goitibeherekin. Goitibehera sinple-sinpleak dira Sputnik-ak, edozeinek erabiltzeko modukoak. “Betiko goitibehera cuatropaloak dira, baina modernizatuta”.

Kalixto Garciak, Bizkaian bizi den madrildar batek, patentatutako modeloa da Sputnik. Dena den, Agirreburualdek ere parte hartu zuen produktuaren sortze prozesuan, ideiak emanez eta ekarpenak eginez. “Gaur egun, haurrek ez dute ohiturarik garajean sartu eta goitibehera bat sortzeko; hortaz, beharrezkoa ikusi genuen sortutako zerbait jartzea haien eskura”, azaldu du legazpiarrak. Frenoak jartzea ere ezinbestekoa iruditu zitzaien.

Hasieran, Sputnik goitibeherak alokairuan uzten hasi zen Maldan Behera elkartea. Zortzi ibilgailu zituzten, eta erakustaldiak egiten zituzten herriz herri, haurrek proba zitzaten. Orain, pauso handi bat eman dute, ordea: Sputnik-ak ekoizteko eta saltzeko lizentzia lortu dute zazpi urte eta erdirako. Espainiako Estatuan lizentzia hori duen elkarte bakarra da. Irailean hasiko dira ekoizten, eta lehenengo labekada 80 goitibeherakoa izango da.

Agirreburualderen hitzetan, orain arteko erakustaldietan “arrakasta handia” izan dute Sputnik-ek. “Azken finean, gurasoei beren gaztetako goitibeherak gogorarazten dizkiete, eta lotura bat sortzen da haurren eta gurasoen artean”. Hainbat abantaila ditu, legazpiarraren esanetan: esaterako, txikia dela eta edozein lekutan erabil daitekeela. “Ekitaldiro galdetzen ziguten ea non eros zitezkeen, eta orain badugu saltzeko modua”.

Europako txapelketara doa

Agirreburualdek ongi daki zenbaterainokoa den harrobi sendo baten garrantzia. Izan ere, bera ere umetan hasi zen goitibeherak egin eta haien gainean maldan behera. Hamabi urterekin egin zuen lehen goitibehera, lagun artean, eta hamaseirekin lehiatu zen lehenengoz, Urretxuko jaietan. Umetan afizio soil zuen hura, ordea, ia-ia ofizio bihurtu zaio. “Ez da ofizioa, ez dudalako ezer irabazten, baina egunero-egunero dedikatzen diot denbora”, adierazi du.

Eta eguneroko dedikazio horrek fruitua eman du. Agirreburualdek Inertzia Kirolen Europako Txapelketan parte hartuko du, gaur hasi eta igandera arte, Belgikan. Ez du lehenengo aldia: iaz, Italian izan zen, Europako Txapelketa jokatzen orduan ere. Espainiako federazioak aukeratuta doa, zortzi bat laguneko taldetxo batekin. Gipuzkoar bakarra izango da, baina ez euskaldun bakarra: bizkaitar batek ere parte hartuko du, baina Suitzako selekzioarekin.

Nola ez, Maldan Behera elkarteko kide batek lagunduko dio bere abenturan. Izan ere, pilotuak bezainbesteko garrantzia izaten du ibilgailuak inertzia lasterketetan. Kideak lagunduko dio beharrezko moldaketak egiten. Hain zuzen ere, horretan pasatzen dute urte osoa: ibilgailua probatu eta aldaketa txikien bidez xehetasunak hobetzen.

Agirreburualdek bitan irabazi du Euskal Liga, eta Espainiako Kopan bigarren eta hirugarren postuak ditu lortuak. Europako txapelketan, C8 kategorian lehiatuko da. Motorrik gabeko car-ak lehiatzen dira kategoria horretan. Agirreburualdek iaz erosi zuen C8 kategoriako ibilgailua, eta, aurten, hainbat lasterketatan parte hartu du harekin.

Legazpiarrentzat zein gipuzkoar guztientzat erreferentzia izan daitezke Agirreburualde eta Maldan Behera elkartea. Egun, Eskoriatzan baino ez dago beste goitibehera elkarte bat, baina haiek herriko jaietako lasterketa baino ez dute antolatzen. Legazpiarren helburua harago doa. Goitibeherekiko eta inertzia kirolekiko sentitzen duten maitasuna helarazi nahi diete gainontzekoei. Gogor ari dira lanean, behera irrist eginez gora eta gora egiteko.

“Taloa jotzen dudanero pilotari eskua gogortzen zait” »

Jon Miranda

Pilotari bezala aritzeko amaren abizena ibili zuen frontoietan: Altzelai. Gaur egun, Alkiza eta Larrabetzu (Bizkaia) artean bizi da Julen Hernandez Altzelai (Alkiza, 1989). Amets bat zuela aitortu du: bere kabuz lan egitea. Betikoak dituen ingurunearekiko eta osasunarekiko kezkak bizi proiektu bihurtu, eta taloa darabil borrokarako tresna, eko-taloa.

Noiz eta nola hasi zinen pilotan jokatzen?

6-7 urterekin hasi ginen, eta eskola bat motz edo txiki geratzen zitzaigunean eta jende gutxi bazebilen, mugitu egiten ginen: Villabonara edo Añorgara, adibidez. Oso serio hartu nuen pilota kontua. Dena eman nuen. Txapelketa batzuk irabaztea lortu nuen, tartean Elgetako lau t’erdiko azkena. Jokatu dudan bereziena izan da hori, eta baita Ogetan jokatu nuen GRAVNeko finala ere. Gero, ez nintzen gustukoa izan, eta ez ninduten onartu profesional munduan. 2012a zen, krisia bete-betean zegoen, eta pilotariak hartzeko baino gehiago botatzeko garaiak zirela esan ziguten. Hori gertatu ondoren, orrialdea pasa eta liburu berri bat idazten hasi behar nuela pentsatu nuen.

Nola sortu zenuen Eko-Talo proiektua?

Taloek betidanik txunditu izan naute. Galdetu nion neure buruari: zergatik ez atera talo berritzaile bat? Zerbait berezia? Existitzen zen produktu bati aldaketa sakon bat egin nahi nion, batez ere oinarrian: lehengaien jatorrian gehiago sakondu eta ikertu nahi nuen. Jatorri osasungarri bat, bai pertsonentzat eta bai pertsonak bizi diren ingurumenarentzat.

Nondik abiatu zenuen proiektua?

Irina da taloaren oinarrian dagoena eta proiektuaren abiapuntua izan zena. Arazoa izan nuen irin osasungarria eta ekologikoa bilatzeko. Espainiako estatuan saiatu nintzen begiratzen, baina ez nuen erraztasunik izan, ez nuen zuzenki horretan sartuta zegoen inor topatu. Donibane Garazi ondoan, nekazari bat ezagutu nuen arto irina ekologikoan egiten zuena; zazpi barietate ezberdin zituen, eta bere buruarentzat egiten zuen lan. Harekin hartu-emana egin nuen, eta asko gustatu zitzaidan haren filosofia. Ikusi nuen produktu bat jaiotzetik hil arte kontrolatzen ez baduzu ezin duzula ziurtatu ehuneko ehun produktu hori osasungarria denik. Bide horretan sakondu, eta erabaki nuen niretzako propio arto irina sortzea.

Artoa zuk ereiten al duzu?

Haziak ereiten hasi nintzen, eta beste nekazari ekologikoei pasatzen dizkiet haiek landarea erein dezaten. Gero, produkzio hori niregana bueltatzen da. Hasieran, bi ekoizlerekin hasi nintzen, eta Euskal Herri mailan gaur egun zazpi ekoizle ditut —neroni tartean—. Proiektu polita da, barietateen mantenu bat ere egiten dugu. Arto berezi bakoitzak bere prozesua du, eta berreskuratze horretan hiruzpalau urte ematen ditugu.

Gero artoa zuk irintzen duzu?

Bai. Irindu aurretik, ordea, labean sartzen dut. Bizkaian ikasi nuen hori. Behin labetik pasata goxoagoa eta hobea geratzen da artoa; erdi egina geratzen da, eta urdailarentzat errazagoa da irensten. Gero, errota berezkoa dugu hemen etxean, eta alea eskuz ehotzen dugu, galbahetik pasa eta guk nahi diogun lodiera ematen diogu. Guk kontsideratzen dugu irin integrala dela gurea, eta horrek ere urdailari mesede egiten dio.

Osasungarria da zuek egiten duzuen taloa. Zergatik?

Gureak ez du glutenik. Masa egiteko, Bretainiatik jasotako formula bat ekarri genuen —hemengoaren oso antzekoa—, eta lortu dugu talo bat egitea zeliakoentzat aproposa dena, laktosarik gabekoa. Gure postutik ez da inor joango taloa jan ezin duelako. Beti dugu alternatiba bat. Orain arte jan ezin zuten pertsonek taloa jaten dute gure postuan.

Pilotari izanik, ez duzu zailtasunik izango taloa jo ahal izateko.

Pilotari jo beharrean orain taloari jotzen diot. Taloa jotzen dudan bakoitzean eskua gogortzen zaidala iruditzen zait —barrez—. Denek dute arazo bera: nola egin talo bat apurtzen ez dena? Prozesuaz gain, lehengaiak behar du ona izan. Eta guk ehuneko ehuneko bermea dugu: freskoa, ekologikoa eta guk kontrolatutakoa da produktua.

Nola egiten duzue lanketa hori guztia gero saltzeko?

Postu modernoago bat badugu, food-truck bat, altzairuarekin egina eta ikusgarria. Bestalde, txosna moduko bat ere ibiltzen dugu jaiez jai. Bai kasu batean zein bestean kontua da zer transmititu nahi diozun publikoari. Taloaren atzean gauza asko daude, eta horiek azaleratzen saiatzen gara: ekonomia sare oso bat, laborantza sistema bat sostengatzen duzu Eko-Talo postuan kontsumituz gero.

Zerekin betetzen duzue taloa eta zerekin lagundu?

Txorizoa-hirugiharra, gazta-txokolatea binomio horretatik atera nahi genuen taloa. Horiek duten indarra mantendu nahi dugu, baina produktu berriak atera nahi ditugu. Talo begetala nobedade bezala eskaini genuenean, jendeak errezeloz begiratzen zion. Porru, azenario, piper gorri, tipula eta garaiko produktuekin osatzen genuen, brokoliarekin eta azarekin, esate baterako. Prozesu luzeagoa da, baina merezi du. Orain, txanpinoiak ere sartu ditugu, eta artoarekin oso ondo geratzen direla ikusi dugu.

Zein asmo dituzue aurrera begira?

Tabernei bultzada bat eman eta jai giroa sortzeko asmoarekin, talo egunak eta talo jaiak egiten ditugu. Musika eramaten dugu, eta taloa, edaria eta beste hainbat produktu eskaintzen ditugu. Egunerokotasunera eraman nahi dugu, eta ez dugu lotu nahi jaiegun berezi eta bakanekin. Bultzada berri bat eman nahi diogu taloari, gauza berriak egiteko. Ez dezagun antzinako produktu bat balitz bezala ikus, zerbait berritzailea izango balitz bezala baizik, zapore berriak kudeatzeko balio duen jaki moduan.

Euskal Herriko txapela herriratzeko prest »

Julene Frantzesena

Joan den uztailaren 3an Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa bosgarrenez irabazita, Euskal Herriko finalera begira dira Azpeitiko pilotariak. Izan ere, txapelketa horretako Gipuzkoako ordezkariek bideratuta daukate Zigoitiaren (Araba) aurkako kanporaketa, joanekoa 3 eta 0 irabazita. Gaur jokatuko dituzte itzuliko partidak, etxetik kanpo, 19:00etan hasita.

Lan erdiak eginda, finala pauso txiki batera dute azpeitiarrek. Dena den, “partidak irabazi edo, gutxienez, tanto batzuk egin” beharko dituztela eta finalerako sailkatzea lortuko duten ikusteko dagoela diote Julen Egigurenek (Azpeitia, 2000), Gorka Iriartek (Azpeitia, 2000) eta Markel Etxanizek (Azpeitia, 1992).

Egigurenek kimuetan jokatzen du Unai Alberdirekin; Gorka Iriarte Jon Alberdirekin aritzen da gazteetan, eta Etxanizek eta haren bikote Dani Murgiondok seniorretan ordezkatzen dute Azpeitia. Dena den, lesioak direla medio, hainbat aldaketa izango dira azpeitiarren artean gaurko partidetan; izan ere, min hartuta daude Egiguren eta Etxaniz, eta kanpoan da Murgiondo. Hala, bikote guztiek jasango dituzte aldaketak: kimuetan, Unai Alberdik eta Gorka Iriartek jokatuko dute; gazteetan, Jon Alberdik eta Mikel Unanuek; eta, seniorretan, Jurgi Larrañagak eta Andoni Aizpuruk.

Hirugarrenaren bila

Azpeitiko pilotariek 2008an jantzi zuten aurrenekoz Euskal Herriko txapela, eta iaz bigarrenez. Aurten, Gipuzkoako Txapelketa irabazita, Euskal Herriko finalera iristeko pauso bat emateko faltan dira. Azpeitiarrek badakite esku-eskura dutela finalerako pasea, eta, haien aburuz, Doneztebe (Nafarroa) izango da beste finalista. Hala dio Etxanizek: “Lehenengo guk sailkatu behar dugu finalerako, eta, sailkatzen bagara, itxura guztien arabera, Doneztebe izango dugu aurkari”. Egigurenek uste du “zaila” izango dela nafarrei irabaztea. “Kluben arteko Berria Txapelketan pilotari horien aurka jokatu genuen finala, eta antzeko taldea aterako dute herriartekoan: kimuen partida gogorra izango da; gazteena, oso zaila, eta seniorrena ere, zaila. Hala eta guztiz, saiatuko gara irabazten”.

Badira desberdintasunak herrialdekako herriarteko txapelketen artean. Gipuzkoan, adibidez, herri baten izenean jokatzeko, herri horretan erroldatuta egon behar du pilotariak; Nafarroan, aldiz, ez. Hori “desabantaila” moduan ikusten dute azpeitiarrek. “Orain, uste dut aldaketak egin dituztela legedian, eta, erroldatuta zauden herriak taldea ateratzen badu, han jokatu behar du pilotariak. Normala ere bada, herri txikiak dira-eta asko. Doneztebeko taldean, esaterako, kimuetako atzelaria soilik da herrikoa”, azaldu du Etxanizek.

Zaleen beroa, “eskertzekoa”

Azpeitiko Frontoi Txikia leporaino bete izan da Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketetan etxean jokatutako partidetan. Etxanizek dio “eskertzekoa” dela zaleen berotasuna: “Partidetan asko laguntzen dute. Aurreko astean Zigoititik etorritako jarraitzaileak txundituta gelditu ziren frontoian zegoen zale pilarekin. Sanferminak ziren, eta gazte ugari joan zen Lesakara eta Iruñera, baina, hala ere, bete egin zen frontoia. Horrela jokatzea ikaragarria zela esan ziguten. Ez dugu kexatzerik”.

Iriarteren aburuz, “herriartekoan eta, Azpeitiaren izenean jokatzean, jendeak bere egiten du pilotarien taldea. Herriarteko Txapelketa bere sentitzen du jendeak, eta hori ederra da”. Ildo beretik hitz egin du Iriartek: “Edozein txapelketatako partidetan ez da hainbeste jende izaten. Aldiz, Azpeitiaren izenean jokatzean, bete egiten da Frontoi Txikia”.

Hiru pilotariak gustura dira zaleekin, eta harrokeriarik gabe baina harrotasunez diote Azpeitian “indar handia” duela pilotak. “Gipuzkoako Herriarteko finalean, 1.400 lagun izan ziren Atano III.a pilotalekuan, eta horietako asko azpeitiarrak ziren. Azken urteetako jende gehiena izan zen, eta giro ezin hobea. Etxean jokatu ditugun partida guztietan goraino bete da Frontoi Txikia. Eskertu egiten da hori; izan ere, gustura jokatzen dugu jendearen aurrean eta haien babesarekin”.

Badute segida

Ilunpe Azpeitiko pilota elkartea “osasuntsu” dago, eta gustura dira elkarteko kideak. 70 haur eta gaztetxo inguru aritzen dira gaur egun herriko pilota eskolan, eta Etxanizek dio horietako asko “ondo moldatzen” direla. Horregatik, uste dute herriarteko txapelketetan-eta “aurrera egiteko aukera” izango dutela etorkizunean, “zorte pixka batekin”. Egigurenek azaldu duenez, “jarraipena badago”, eta “datozen urteetan ere talde polita” atera ahalko dute Herriarteko Txapelketan. Iriartek dioenez, beraiek gaztetxo zirenean baino gaztetxo gehiago dabil orain pilotan, eta horrek poza ematen dio.

Pilotariek diote oso giro ona dutela beren artean. Eta, Iriartek dioenez, oso garrantzitsua da elkarrekin ondo konpontzea, taldea sendo egon dadin. Hala eta guztiz, jakitun daude pilota munduan aurrera egitea “oso zaila” dela. Hala dio Etxanizek: “Herriartekoaz gain, gehienbat torneo pribatuak egiten dira, eta zaila da aurrera egitea. Hastea da errazena, baina gero jarraipena ematea zaila. Horrela dago pilota mundua. Bakarkako kirola da, eta kirol gogorra”.

“Gozatzeko beharrezkoa da elkar ondo hartuta joatea” »

Jon Miranda
Tandema hartuta, Euskal Herriko txoko asko ezagutu dituzte Martin Leundak (Hernialde, 1955) eta Izaskun Lizeagak (Tolosa, 1956). Hernialden duten etxea ere toki paregabean dago kokatuta; hori bai, maldan gora. Aldapa horietan zaildu dira bi…

“Barrura begirako bidaia baten modukoa da apnea” »

Eider Goenaga Lizaso
Ur azpian, arnasa egiten lagunduko dizun inolako tresnarik gabe, ahal bezain beste eustea. Geldirik edo mugitzen; ur azaleran igerian edo itsasoan ahal bezainbeste jaitsiz; hegalekin edo hegalik gabe; igerilekuan edo itsasoan… Ha…

Kirola, emakumeen azaletik »

Julene Frantzesena
Gizartean gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak “geroz eta txikiagoak” badira ere, kirolean “oso handiak” dira oraindik. Hala dio Mariate Bizkarra EHUko irakasleak (Gasteiz, 1964): “Prentsan gutxiago agertzen dira emakumeak, …

“Kick boxingean kirol lege handia dago, elkar jo arren” »

Julene Frantzesena
Joan zen larunbatean Sevillan (Andaluzia, Espainia) izan zen Ainara Torvisco (Azpeitia, 1992), Espainiako Kick Boxing Txapelketan lehiatzen. Ilusioz joan, eta sentipen gazi-gozoarekin itzuli da herrira, nahiz eta urrezko domina kolko…

Makilkarien arrastoan »

Iñigo Terradillos

Hainbat kanta, dantza eta jokoren protagonista da makila euskal kulturan. Komunikatzeko tresna moduan ezaguna da, mitologian bada makilarekin lotutako kondairarik, eta politikan, berriz, agintea ematen dio makilaren jabe denari. Ezezagunago da, baina, euskal makil borrokarako erabilpena. 1970eko hamarkadara arte egon zen bizirik, eta makilkaria 30 lagunez osatutako talde bati aurre egiteko gai omen zen.

Kasualitatez izan zuen makil borrokaren berri Iñaki Ganboa oiartzuarrak. Siziliako (Italia) herritar batzuk ezagutu zituen, eta beraiekin hango makil borroka ikusten ari zela aipatu zioten jatorria Euskal Herrian zuela sistema hark. Horren inguruan ezagutzarik ez zuenez, ikertzen hasi zen, eta azken hamar urteotan informazio eta lekukotza ugari bildu du.

Ganboak azaldu duenez, jendeak makil jokoa deitzen zion borroka sistema horri, eta norbere burua babesteko erabiltzen zuten. “Gero ikusi da beste helburu batzuetarako ere erabiltzen zela, lapurretarako, esaterako”. Makil jokoa egiten zutenek makilkari izena hartzen zuten. Informazioa bilatzeko orduan, idatzietara eta liburuetara jo du oiartzuarrak, eta uste baino gehiago topatu du, batez ere Ipar Euskal Herrian. “Agian izan daiteke, berez, han Hegoaldean baino arruntagoa zelako idaztea XVIII. eta XIX. mendeetan”.

Gizartea “geroz eta seguruagoa” bilakatuz joan zen heinean, makil jokoaren erabilpena galduz joan zen, “ez baitzuten beharrezko ikusten defentsa edo erasorako tresna gisa”. Hori bai, desagerrarazteko azken kolpea 36ko gerrak eman zion, eta orduan galdu zen ia erabat. “Errepresio handia izan zen garai hartan, eta, borrokarako erabiltzen zenez, makilkariak asko estutu zituzten”, dio Ganboak. “Nabarmentzekoa da, gainera, borroka mota horietan aritzen zirenek ez zutela izen ona izaten, eta familiatik ezkutuan aritzen zirela makil jokoan”. Horiek horrela, jendeak hurrengo belaunaldiei ez erakustea erabaki zuen, eta horregatik egon da tradiziotik ezabatuta, Ganboaren ustetan.

Lekukotzen bila

Zaila da gaur egun makilkari izandakoak topatzea. Adinekoak direlako, izen ona ez zutelako, eta makilkariak izan zirela aitortzeko beldur direlako: “Geratzen diren apurretako batzuekin solasean aritzeko aukera izan dut, eta hasieran urduritasun apur bat adierazten zuten, beldur baitziren beraiek borrokaren batean min egindako norbaiten sendikoa ote nintzen”.

Makilkarien arrastoen atzetik Euskal Herriko herri askotatik igaro da Ganboa. “Idatzietan aurkitutako informazioari jarraiki, barrualdeko hainbat herritan izan naiz, artzain girokoetan, itsasertzeko herrietan ez baita makil jokorik izan”. Azpeiti, Azkoiti, Errezil, Beizama, Amezketa, Zaldibia, Hernialde, Zizurkil eta Markina-Xemeinen (Bizkaia) aurkitu du aztarna gehien. Herri horietan makil jokoa gogoratzen duen jendea topatu du, eta beraiek kontatutakotik nahiz idatzietan irakurritakotik, XX. mende hasieran borroka mota hori oso ohikoa dela ondorioztatu du. Hori bai, XVIII eta XIX. mendeak izan ziren makil jokoaren gailurra; hainbat gerratetan, lehenengo gerra karlistan kasurako, makilkariek parte hartu zuten. Napoleonek berak ere makilkariz osaturiko taldea zuen borrokarako.

Azken aztarnak, 1976. urte ingurukoak, Amezketa eta Zaldibia inguruan topatu ditu Ganboak. Abeltzaintza munduarekin lotura izatea makila artzainen edo baserritarren tresna izatearekin arrazoitzen du. “Beraiek erabili dute, eta, ondorioz, beraiek eman zioten erabilpen hori”. Eta erabilpenean ere badira aldaerak; izan ere, Ganboak 1,20 metroko makilarekin egiten zena ezagutu badu ere, ba omen zegoen 40 zentimetrokoarekin, 80-90ekoarekin eta ia bi metrokoarekin egiten zen makil jokoa.

Ezagutu duen teknika hori ikasi eta nahi duen orori irakasten ere ari da Ganboa. Oiartzungo kiroldegian biltzen da asteartero makilkariz osaturiko taldetxo bat, antzinako euskal borroka arte horretan trebatzera. Eta, hara, herriko nahiz Euskal Herriko hainbat txokotatik iritsi da jendea gaiarekin interesa azalduta.

Jon Ander Galarraga alegiarra, esaterako, bizpahiru urtez aritu da makil jokoa ikasten. “Euskal Herrian makilarekin lotutako borrokarik nolatan ez den egon pentsatzen jarrita, Interneten informazioa topatuta hasi nintzen Oiartzun aldera joaten”. Borroka oso pragmatikoa ikasi duela dio, “mugimendu justu eta zehatzekin, oso azkarra”. Aitortzen du beste borroka motekin alderatuta ez dela hain ikusgarria, “mugimenduetan ez daudelako besteetan eman daitezkeen jauzi eta bira konplexuak, baina, oso bortitza da”. Galarragak garrantzi handia ematen dio Oiartzun inguruan egiten ari diren lanari: “Gure kulturaren zati da, dantzak eta musika den moduan, eta horiek gogoratu eta berreskuratzeko ahalegina egiten bada, gauza bera egin beharko litzateke makil jokoarekin; beraz, zoriontzen ditut egiten ari direnagatik”.

Zazpi orduz egur batean »

Iñaki Gurrutxaga

Erronkazaleak dira Ordiziako Emaneurre taldeko kideak. Erronkazaleak, beren buruari berriketa gutxiko lantegia jartzen diotelako, eta erronkazaleak, Euskal Herriko puntako kirolari asko —120 bat inguru— lehian jarri behar dituztelako hilaren 16an Ordizian, Goierriko 7 Orduak kirol ikuskizunaren bigarren aldiaren harira. Kirol diziplina ugarirekin gozatzeko aukera izango da Beti-Alai pilotalekuan, baita haren ingurumarian ere.

Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliaren 54. aldia Ordiziatik abiatu behar zela eta, ekintza sorta bat antolatu zuten udalak eta herriko hainbat eragilek, Udaberrian Martxan goiburupean. Emaneurrek Goierriko 7 Orduak antolatzea erabaki zuen, garai batean Donostiako belodromoan egiten zen Euskadiko Sei Orduak ekitaldia gogoan. “Orain bi urte, udala etorri zen guregana ekintzaren bat antolatzeko eskatuz; aurten, alderantziz izan da. Aurreneko ekitaldiaren balorazio oso ona egin genuen, eta, udala laguntzeko prest azaldu denez, aurrera egitea erabaki dugu”, azaldu du Egoitz Iztueta Emaneurreko kideak.

Emaneurre orain dela zazpi urte Ordizian sortu zen Realaren lagunarte bat da, eta, horri lotutako ekintzak antolatzeaz gain, hasiera-hasieratik garbi izan dute kirola eta euskal kultura uztartzeko ekitaldiak antolatzea daudela haien helburuen artean. “Honako hau arrakasta izan duen formatu bat da, eta ea aurrerantzean ere hala izaten duen, baina horrek ez du esan nahi bi urtez behin jarraian antolatuko dugunik. Beharbada konturatuko gara gure helburuak betetzeko beste era bateko proba bat antolatu behar dugula”, zehaztu du Gorka Argaiz taldeko kideak.

Eskarmentutik ikasten

Aurtengo kirol ikuskizuna orain bi urtekoa oinarri hartuta antolatu dute. Iztuetak nabarmendu du “aurrekoa hobetzen” saiatu direla. “Orain bi urte, arraunlarien probarako, lauko bi talde ekarri genituen nesketan zein mutiletan, eta aurten, esaterako, lauko lau talde izango dira, Kontxako ohorezko txandan parte hartu zutenak”.

Usurbe mendirako desafioa ere prestatu zuten 2014an, baina ez ziren gustura gelditu, eta ahalegin berezia egin dute aurten, Iztuetak aurreratu duenez: “Murumendira izango da aurtengo igoera, eta Goierriko bederatzi herrik parte hartuko dute lauko taldetan [horietako batek gutxienez neska edo mutila izan beharra dauka], ekintza hori eskualdera zabaltzea baitzen gure nahia. Erantzuna bikaina izan da”.

Bi marka ontzeko saiakera

Atletismoko eta txirrinduko kanporaketa probak, kros-fit saioak, kickboxing borrokaldiak —Euskal Herria Valentziaren aurka—, Amets Bide dantza taldearen saioa, Zesura Euskal Rap taldearen emanaldia Gemma Urteaga beasaindar bertsolariaren kolaborazioarekin, eskalada, motor ikuskizuna… Asko eta asko dira zazpi orduz etenik gabe Ordizian ikusi ahalko diren lehiak. “Zazpi orduan eserita egotea aspergarria suerta liteke, horregatik jartzen ditugu kirol diziplina ezberdinak eta ordutegi zehatzak, jendeak sartu-irtenean ibiltzeko aukera izan dezan. Kirol ikuskizuna oso dinamikoa da, eta ikusleak gertu ikusi eta sentitzen ditu kirolariak”, argitu du Argaizek.

Herri kirolei tarte berezia emango diete aurten. Batetik, Ibarrako sokatira taldearen eta Ordiziako errugbi taldearen arteko desafioa dago, eta, bestetik, herri kiroletan aritzen diren bi emakumezkoren marka ahaleginak. Irati Astondoa zeanuriarrak 45 ontzako sei enbor ebakitzeko erronka du, eta Aitzol Atutxa txapeldunarekin ari da entrenatzen azken asteetan. “Saio ofiziala izango da; dopinaren proba pasa beharko du”, esan du Iztuetak. Idoia Etxeberria oriotarra, berriz, 105 kiloko harria esku bakarrarekin jasotzen ahaleginduko da.

Sarrera doan da, eta frontoi atarian otorduak ere emango dituzte. Eguna borobiltzeko, motor ikuskizun bat izango da gauerdia pasatuta, eta, segidan, dantzaldia Laket taldearekin.

Denboraldi berezia, oroz gain »

Julene Frantzesena

Denboraldia bukatzeko partida baten faltan dira Añares Rioja ISBkoak. Emakumeen Lehen Ligan denboraldi gogorra baina gogoangarria egin ostean, bihar, larunbata, IDK Gipuzkoaren aurka jokatuko dute azken neurketa. Matematikoki mailaz jaitsita badira ere, denboraldi hasieran jarritako helburuak bete dituzte ISBkoek. Hala diote Eider Bereziartua (Azpeitia, 1991), Maitane Gurrutxaga (Azpeitia, 1991), Intza Lizarazu (Azkoitia, 1991) eta Irati Etxeberria (Azpeitia, 1992) jokalariek eta Joseba Lizarralde Rubio entrenatzaileak (Azpeitia, 1967).

Larunbateko neurketarako “izugarrizko gogoarekin” dira, eta irabaziz agurtu nahi dute emakumeen goreneko maila. “Derbia jokatuko dugu, eta irabazteko gogoz gaude. Orain arteko moduan ariko gara, eta ederra litzateke irabaztea; bereziki, donostiarrei irabaztea”, azaldu du Bereziartuak.

Denboraldi bukaera aldera arte garaipenak arrotz zitzaizkien Añares Riojako neskei. Matematikoki mailaz jaitsi zirenean lortu zituzten, baina, lehen bi garaipenak. Lizarazuk dioenez, “kasualitatea” izan da: “Garaipenak ez dira iritsi mailaz jaitsi eta erlaxatu garelako. Partida denetan presiorik gabe atera gara kantxara”.

Bi garaipen horiek direla eta, emaitza txarren historian ez sartzea lortu dutela diote, barre artean.”Ez zen arraroa izango partida guztiak galtzea, baina ez da hala izan, eta gaitz erdi. Saskibaloiaren historian sartuko ginatekeen denak galduta; izan ere, Emakumeen Lehen Ligan ez dago sekula partidarik irabazi ez duen talderik. Arriskuan ibili ginen, baina ez gara saskibaloiaren historia negatiboan sartu. Hori bai, historia positiboan sar gintezkeen etxeko jokalari gehien dituen taldea izateagatik. Hiru jokalari ez beste guztiak Azpeitikoak eta Azkoitikoak dira, eta ligako talde batzuek, Espainiako jokalari kopuruari eusteagatik, 40 urteko delegatuari egin diote fitxa”, esan du Lizarraldek.

Emakumeen talderako hiru fitxaketa egin zituen Iraurgi Saskibaloi Taldeak denboraldi hasieran. Lizarazuk dioenez, inoiz ez zuten fitxaketarik egin taldean, baina “oso ondo” moldatu dira taldekide guztiak. “Fitxaketak egiterakoan, saiatu ginen etxeko taldekideen adin inguruko jokalariak aukeratzen; izan ere, 24 urte inguru dituzte taldeko kide denek, eta ez genuen nahi 33 urteko jokalari bat ekartzea taldera”.

Esperientzia “positiboa”

Orain artekoekin alderatuta, denboraldi oso desberdina izan dute ISBkoek. Prestaketak, joko maila eta partidak jokatzeko egindako bidaiak izan dira alde nabarmenenak. “Hasieran, Emakumeen Lehen Ligan jokatuko genuela jakin genuenean, ez genekien partidetan borroka egiteko gai izango ginen. Gustura gaude, borroka egin dugulako eta, azkenean, bi partida irabazi ditugulako. Taldeko kideek ikusi dute borrokatzeko gai direla, eta asko hobetu dira jokoari dagokionez”, esan du Lizarraldek. Jokalariek ere ildo beretik hitz egin dute denboraldiaz, eta, Etxeberriak azaldu duenez, “oso aberasgarria” izan da: “Asko ikasi dugu; beste maila bateko liga da. Erraz esaten da, baina egin egin behar da zazpi orduko bidaia autobusean, jakinda 50 puntuz galduko duzula”.

Gurrutxagak dioenez, lehen mailan jokatzeko aukera izate hutsa “ederra” izan da. Izan ere, berez, Espainiako Bigarren Mailan jokatzea zegokion Iraurgiri, joan den denboraldian mailaz igo zirelako. Zilarrezko mailatik kanpo gelditu zen taldea, izapide guztiak garaiz ez entregatzeagatik. Baina talde batek uko egin zion Emakumeen Lehen Mailan jokatzeari, eta han eman zuten izena Iraurgikoek. Gurrutxagak dioenez, aldaketa handia izan da: “Ikustea iaz non eta nola geunden, eta urtebetean zenbat aldatu diren gauzak: ederra izan da esperientzia”.

Helburuak ondo baino hobeto bete dituzte Iraurgikoek. Bereziartuak esan duenez, hasierako beldurra ere gainditu dute partidek aurrera egin ahala: “Hasierako kezka zen partidaren bat galduko ote genuen 50 puntuz baino gutxiagoz. Neurketa askotan justu ibili gara, borrokatu gara, eta horrekin ja gustura ginen. Gainera, bi partida irabazi ditugu. Beraz…”.

Lizarraldek azaldu duenez, beste klubetako entrenatzaileek-eta oso ondo hitz egin izan diote gidatzen duen taldeaz. “Esan digute izugarrizko meritua dugula egin dugunagatik, partidak borrokatzeagatik. Bi herri txikitako kideek osatutako taldea gara, etxeko bederatzi jokalarirekin, eta esperientzia handirik gabeko hiru fitxaketarekin aritu gara. Jendeak egin dugun lana goraipatu du”.

Zaleen beroa

Azpeitiko eta Azkoitiko taldeak zaleak izan ditu bidelagun denboraldi osoan eta, batez ere, etxeko neurketetan. Bereziartuak dioenez, horixe izan da denboraldiko onena: “Ikaragarria izan da kiroldegia bete-bete eginda ikustea, eta egiten genuena egin, beti animatzen aritzea”. Haren arabera, herritarrek berek baino kezka handiagoa zuten partidarik ez zutelako irabazten. “‘Aupa, animo e!, hurrengoa irabaziko duzue-eta’ esaten ziguten kalean, edo inoiz saskibaloi partidarik ikusi ez duenak esan izan digu oso ondo pasatu zuela gure partida ikusten. Horrek asko motibatzen du”.

Lizarralderen arabera, Azpeitiko kiroldegia da proportzioan zale gehien elkartu den kantxa: “Salamancan ere [Espainia] afizio ikaragarria dago, eta Gernikan ere jende asko joaten da, baina… Pentsa, Zamorako [Espainia] Zamaratek Azpeitian jokatu zuenean hango egunkari batean ‘Zamarat bizirik irten da Azpeitiko infernutik idatzi zuten. Han jendea lasai-lasai egoten da partidari begira, eta hemengo giroarekin harritu egin ziren”.

Añares Rioja ISBko kideek ez dute inoiz ahaztuko Lehen Mailan bizitakoa. Haiek diotenez, maila horretan aritzeko pribilegioa eduki ostean, iaz baino beldur gutxiago dute datorren denboraldian Bigarren Mailan aritzeko.