“Irakurri izan dugu Bach izan zela bere garaiko ‘metaleroa'” »

Itzea Urkizu

2009an Lasarten sortu zenez geroztik, Hilotz taldeak metamorfosi txiki bat izan du: laukote batek abiarazitakoa hirukote berri batek gorpuzten du orain. Aldaketa hori, gainera, maketatik diskorako soinuan ere islatzen da; bi urteko asmo, indar eta lanaren ondoren, argitaratu berria dute Giza ankerkeria lehen lan luzea. Mikel Iarzak (baxua eta ahotsa), Etxahun Urkizuk (bateria) eta Pablo Cabasesek (gitarra) Tolosako entsegu lokala dute metal musika sortzeko aterpe, baina zentzumenak zabalik dituzte edozein generok emandako plazerak dastatzeko. Uztartze horretatik sortutakoa zuzenekoetara eramanez, datozen hilabeteotako kontzertu bakoitza aukera bat da, beren musika gainontzekoentzat ere gozamen bilakatzeko.

Giza ankerkeria-n kritika soziala egin nahi izan duzuela dirudi.

MIKEL YARZA: Bai. Hil ala bizi maketakoak gure lehen konposizioak ziren, bai hitzez, bai doinuz, eta orain gehiago hausnartu dugu munduak funtzionatzeko duen moduaz, botere harremanez, bizimoduaz… Baina badira hitz pertsonalagoak ere.

Autoekoizpenaren bidea aukeratu duzue. Nolakoa izan da prozesu hori?

ETXAHUN URKIZU: Pentsatu gabeko zerbait izan da. Estudio batean grabatzeak kostu ekonomiko handia du, eta, gainera, uste dut ez ginela gai izango disko osoa astebetean-edo grabatzeko. Lagunei esker osatu ahal izan dugu lana. Batetik, Ander Zubillagak bateria grabatu digu, eta Borja Mintegiagaren Lezoko estudioan grabatu ditugu gitarrak. Soinu ona izatea nahiko erraza izan da, lagun horiei esker.

Zuen lana ezagutaraztea, aldiz, zailagoa al da?

E. U.: Guztia guk egin beharra daukagu, hori da kontua: kontzertuak lotu, komunikabideei informazioa bidali…

Akaso, orain arte ohikoagoa izan da erreferentziazko estudioetan grabatzea. Gero eta gehiago dira, ordea, beren lanak ekoizten dituzten taldeak, ezta?

E. U.: Genero honetan, bereziki.

M.Y.: Euskal Herrian ez dago metala edo muturreko metala ekoizten duen erreferentziazko estudiorik, taldeei bultzada bat emateko.

Metala duzue ardatz, baina hainbat adar ditu metalak. Zuek zeini heltzen diozue?

M.Y.: Thrash metala abiapuntua da, eta beste hainbat gauza daude. Diskoaren zabalkundean diogu Giza ankerkeria-k death eta black metalaren ukituak dituela.

Zeintzuk dira ezaugarriak?

E. U.: Thrash metala punketik gertu dago, azkarra da, eta abeslariek oihu egiten dute, baina kantatu ere bai; bien arteko zerbait.

M.Y.: Gitarraren presentzia handia da thrashean. Death metalean, berriz, bateria konplexuagoa da, presentzia handia du.

PABLO CABASES: Egia esan, oso zaila da desberdintasunak azaltzea.

Eta black metalari dagokionez?

M.Y.: Giro bat sortzen du black metalak, sentsazio tristea.

E. U.: Bereizgarrietako bat blast beat-ak dira, batetik —bateria oso-oso azkar jotzea—; eta minor akordeak, bestetik. Hortik datorkio izena, musika ilunagoa delako.

Zuen generoa ezin da komertzialtzat hartu, baina jende asko mugitzen du, ezta?

E.U.: Egia esan, gure eskalan ez askorik. Baina, Alemaniako Wacken jaialdian, edozein kontzertu ikusten 40.000 pertsona elkar daitezke; munduko metal jaialdi garrantzitsuenetakoa da.

M.Y.: Zenbait taldek, garaiagatik-edo, indar handia hartu izan dute, baina baita generoagatik ere. Esan nahi dut Su ta Garrek, metal gogorragoa egingo balu, ez lukeela hainbeste jarraitzaile izango.

E.U.: Anestesia ere gogorra da, baina jarraitzaile asko ditu. 1980ko hamarkadan metal asko entzuten zen Euskal Herrian, eta uste dut talde askok horregatik hartu zutela indarra. Duela urte batzuk, ohikoa zen Gaztean, adibidez, Berri Txarrak, Latzen edo Su ta Gar entzutea, joeran zegoelako.

Irratiak aipatu dituzue. Metalak tarte zabalagoa beharko luke?

E.U.: Metala musika zaila da entzuteko, baita guretzat ere, sarri. Baina tarte gehiago musika genero guztiei eskainiko nieke.

M.Y.: Orain, 1980az bestelako ereduek irabazi dute, baita musika entzuteko ereduek ere. Gaur egun, singleek funtzionatzen dute, nazioartekoek eta bertakoek, eta irratiak dira horren isla.

E.U.: Ez da metalari egindako bazterketa bat, audientzia handiaren aldeko apustu bat baizik. Nik Radio 3en eredua gustukoago dut, esaterako: saio espezializatuak daude, eta hori oso aberatsa da.

Euskal Herrian, hala ere, badira zuen antzeko talde gazteak.

E.U.: Talde oso onak, gainera. Bullets of Misery gernikarrak, adibidez; zuzeneko oso ona dute, eta disko bikaina argitaratu dute.

M.Y.: Gabezia Lasarteko taldea ere bai. Nafarroan, berriz, Evil Killer-ek heavy klasikoa jorratzen du, eta Araban Childrain taldea dugu. Maila oso oneko talde asko dago. Baina metalaren komunitatean, berez txikia izanik, bada makrokontzertuetara soilik bertaratzeko joera bat, eta horrek talde on txikiak itzalean uzten ditu sarri.

Aurreiritzi asko al dago metalaren inguruan?

E.U.: Bai, noski. Ile luzea baldin badaukazu eta larruzko jakak janzten badituzu, jende gehienak ulertzen du heavya zarela. Baina, aldiz, ilehoria izanez gero eta surf marka bateko jertse bat soinean baldin baduzu, jendea harritu egiten da thrash eta death metal talde bateko kide zarela esandakoan.

M.Y.: Dena den, metal zaleen barruan ere bada logika horri jarraitzen dion jendea. Askotan, gainera, horrela pentsatzen dutenak izaten dira karratuenak pentsamoldez, eta ez dute metaletik haragoko musikarik entzuten.

Zein dira zuen erreferente musikalak?

E.U.: Black metalean, Behemoth edo Disexion aukeratuko nituzke. Testament edo Anthrax, berriz, thrashean. Eta, noski, heavy klasikoa: Iron Maiden, Judas Priest edo Black Sabbath mitikoak. Eta, guk egiten dugunaz harago, funkya edo soula entzun ohi ditut; Snarky Puppy, adibidez.

P.C.: Nik ez diot aterik ezeri ixten; gustuko baldin badut, gustuko dut. Punka entzuten hasi nintzen, baina, behin batean, Metallicaren Master of Puppets utzi zidaten, eta nire bizitza erabat aldatu zen [barreak].

M.Y.: Metalaren barruan, ia dena gustuko dut, new metala izan ezik, akaso; gustukoago dut musika organikoa, industriala baino. Eta, gure eremutik kanpo, musika klasikoa entzuten dut: Bach, Vivaldi, Mozart… Musika hori sekulakoa iruditzen zait, gorena.

Egiazki, zenbait obra klasiko ez daude metal doinuetatik hain urruti ere, ezta?

E.U.: Irakurri izan dugu Bach izan zela bere garaiko metaleroa.

M.Y.: Baina jende gehienak ez ditu erlazionatzen. Ez musikalki, eta ez sozialki; musika klasikoa entzutea klase sozial altukotzat dugu, eta metala aurkakoa da.

Diskoa entzun duen jendearen erantzunik jaso al duzue?

M.Y.: Gertuko lagunei gustatu zaie lana, eta maketatik honako aurrerapausoa nabaritu dute.

E.U.: Lortu dugun soinua nahiko ona dela azpimarratu digute batzuek, eta horrekin geratu naiz ni.

M.Y.: Diskoa laburra egin zaiela ere esan digute, baina hori seinale ontzat hartuko dugu [barreak].

Orain kontzertu errenkada duzue aurretik. Zuzenekoak dira zuen erakusleihorik onena?

M.Y.: Azkenaldian, asko hitz egin dugu horri buruz. Promozioa gure ardura denez, zuzenean jotzea da jendea gure musikara lotzeko aukerarik onena.

Gipuzkoa osoa bost minutuan »

Aizpea Amas

Duela bospasei urte hasi zen dena, bideo batekin. Lagunen arteko zerbait izan zen, baina arrakasta itzela lortu zuen sare sozialetan eta Youtuben. Dancing in the Basque Country da bideo hori. Euskal Herriko hainbat txokotan dantzan agertzen ziren hainbat lagun. Orain, horren atzean egon zen lagun talde berberak beste proiektu bat jarri du martxan: Gipuzkoaround. Hori ere bideo bat izango da.

“Horrekin lotuta, beste zerbait egiteko gogoa geneukan, antzeko izpiritua izan dezakeena, baina desberdina”, azaldu du Iñaki Goikoetxea proiektuaren arduradunetako batek. Oraingo honetan, ordea, eremua ez da Euskal Herria izango, Gipuzkoa baizik. Hala, Gipuzkoako 88 herrietan bizpahiru segundotako korte bat grabatuko dute, eta guztiak lauzpabost minutuko bideo batean bildu. “Bideo horrek aukera emango du Gipuzkoako herri guztiak ezagutzera emateko. Gipuzkoarrak garenok ezagutzen ditugu Zarautz, Azpeitia… baina Tolosaldean eta Goierrin, batez ere, beste herri pila bat jende askok ez daki non dauden ere”.

Proiektu hori Donostia 2016 egitasmoaren barruan dago, eta diru laguntzak jaso ditu, Energia Olatuak programaren barruan. Hala, Gipuzkoaround gauzatzeko, 2.016 euroko diru laguntza bat jaso dute. Donostia 2016ren izpirituari jarraituta, kulturaren balioak herri guztietara eramatea izango da bideo horren helburuetako bat. Bestea, berriz, “gipuzkoarrok eta Gipuzkoatik kanpo bizi direnek ikustea hemen 88 herri daudela eta bakoitzak baduela toki edo txoko bereziren bat”. Herri horiek guztiak ezagutaraztearekin batera, gonbidapena egin nahi diote jendeari herri horiek bisitatzera animatzeko.

Behin ideia osatu dutela, hori gauzatzeko lanean hasi dira. “Orain, bilaketa egiten ari gara herri bakoitzean zein ezaugarri berezi topatzen dugun: zein txoko, zein monumentu, zein pertsonaia, zein leku esanguratsu…”.

Horretarako, herri bakoitzeko herritarren laguntza beharko dutela adierazi du proiektuko kideak. Sare sozialen bidez, webgunearen bidez edo mezu elektroniko bidez egin ahal izango da, eta udaletxe bakoitzera eskutitz bana ere bidaliko dute. Horiek, ordea, oraindik ez daude martxan; horretan dihardute, hain zuzen. Izan ere, proiektua ez da izango bideo bat bakarrik.

Proiektuaren atzean lau irundar daude: Goikoetxea bera, Maria Rubio, Iker Zaballa eta Javier Iribarren. Goikoetxea kokalekuak bilatzen ari da, eta itzulpenak nahiz testuak prestatuko ditu. Rubio webgunearen arduraduna izango da, Zabala bideo eta grabaketaren arduraduna eta Iribarren arduradun teknikoa.

Bideoa baino gehiago

Udaberrirako espero dute webgunea martxan izatea, eta ekainera bitarte egin diete gonbita herritarrei euren proposamenak egiteko. “Guk zerrenda bat egingo dugu jendeak proposatzen dizkigun tokiekin. Jadanik hasi gara herri batzuetara joaten, eta herri bakoitzean zein txokotan graba dezakegun pentsatzen”.

Grabaketa uztailaren 25 inguruan egitea espero dute, eta dena lauzpabost egunetan egingo dute jarraian. Goikoetxearen arabera, jendeak ikusi ahal izango du momentu bakoitzean non grabatzen ari diren. “Korrikaren antzera” egingo dutela azaldu du. Egutegi eta ordutegi bat finkatuko dituzte, eta, gero, webgunearen bitartez, momentu bakoitzean jendeak jakin ahal izango du non grabatzen ari diren, nahi izanez gero, hara bildu ahal izateko. Bideo guztia, abuztuaren bukaera edo iraila hasierarako bukatuta edukitzea nahiko lukete. “Gero, proiektua webgunean geratuko da, norbaitek etorkizunean informazioren bat beharko balu erabili ahal izateko”.

Ibilbidea Donostian hasi eta Donostian bukatuko da. Goikoetxeak esan duenez, ibilbide logikoena egiten saiatuko dira, grabaketa errazago izateko. Lehenengo egunean, Donostiatik Tolosara joango dira, Irundik pasatuta. Bigarren egunean, Tolosaldea eta Goierrin grabatuko dute. Hirugarrenean, Zumarragatik Arrasatera joango dira, eta laugarrenean, Arrasatetik buelta Donostiara. Lau egun horiek bost bihur daitezke.

Bideoan eragileek ere parte hartzea nahi dute sortzaileek: “Monumentuak ateratzearekin batera, polita da tokiko jendea ere agertzea”. Dancing in the Basque Country-n bezala, horiek dantzan jarriko dituzte, baina herri batetik bestera, planoz plano loturak bilatuz, bideoari jarraitutasun bat emateko.

Musika ere elementu garrantzitsua izango da ikus-entzunezkoan, baina oraindik hori lotzen ari dira. Goikoetxeak aurreratu duenez, abesti bat sortzea nahiko zaila izango da. “Ziurrenik izango da zerbait instrumentala, euskal nortasuna adierazten duena —trikitia, txalaparta…—, baina oraindik ari gara pentsatzen zein izan daitekeen aukera onena. Ondo erabaki behar dugu, gero grabaketak baldintzatuko duelako”.

Norberak ekiteko bultzada »

Donostia 2016 fundazioak iazko martxoan jarri zuen martxan Energia Olatuak izeneko diru laguntza egitasmoa, eta hurrengo astean erabaki eta jakinaraziko dituzte 2016. urteko lehenengo laguntzak, urtarrilari dagozkionak. 2015ean 66 kultur egitasmo lagundu zituzten, eta 2016an beste 55 proiektu hautatzea da asmoa. - Irakurri gehiago...

Gaztetxean, antzerkia ere bai »

Asier Zaldua
Gaztetxeetan mota guztietako ekitaldiak antolatzen dituzte, baina kontzertuak izaten dira nagusi. Horren jakitun, Urretxu eta Zumarragako Gazte Asanbladakoek Zast! euskarazko antzerki topaketa antolatu dute astebururako. Gaur eta bihar hir…

Eginez ikasten delako »

Atzo bost hilabete zabaldu zituen ateak Tabakalera Donostiako Arte Garaikidearen Nazioarteko Zentroak. Herritarren jarrera ona nabarmendu du Ane Rodriguez zuzendariak, "jakin-min handiz jokatu dutelako eta horri esker jabetu direlako baietz, Tabakalera denontzako gune bat dela". - Irakurri gehiago...

Etxeetatik ateratako kultura »

Maite Alustiza
Lau kultur etxe zituen duela 25 urteko Donostiak. Haien bueltan biltzen ziren antzerkiaren eta bestelako diziplinen inguruko sortzaile eta ikusleak. Okendon (Gros), Larrotxenen (Intxaurrondo), Casaresen (Altza) eta Loiolan bazen mugimend…

Izatekotan, bertso ziklogenesia »

Zazpi Eskaleren 1995eko diskoa, Pedro Mari Otaño eta Jorge Oteizaren esanak, domino jokoak, magoak, kameleoiak… Askotariko gai eta diziplinak batu ditu azken urteetako Bertso Egunak, baina, izenak dioen bezala, Bertso Egunean “bertsoak behar du zentro”. Jon Agirresarobe (Orio, 1983) Bertsozale Elkarteko ordezkariarentzat “urteko saiorik bereziena” da, eta uste du urteen joanarekin lortu dutela saioa “denen neurrira” egokitzea. Bihar, egun osoan, 28 bertsolarik parte hartuko dute Bertso Egunaren barnean izango diren hiru saioetan. Ekitaldi nagusitik haratago, hainbat berrikuntzarekin dator aurtengoa, goizeko eta gaueko saioei dagokienez.

Kaleko ohiko poteoa jaialdi formatuko saio batek ordezkatuko du eguerdi partean. Emanaldia musikatua izango da, gainera. “Beti geunden halako zerbait egiteko gogoz, batik bat baldintza meteorologikoak kaskarrak izaten direlako: ziklogenesiak tokatu zaizkigu, haizeak eraman gaitu ia…”. Aurtengo neguak beste itxura bat daraman arren, saioa barrura eramateko aukera aprobetxatu dute, eta “goxotasun bila” joan dira. Formatoa ere ezohikoa izango da. Saioa musikatua den arren, bertsolariak ez dira musikatuta ariko: gai-jartzaileek izango dute musikarien laguntza.

Gaueko ekitaldiari dagokionez, berriz, Kursaalak hartuko du jaia berriro. Bi urte zeramatzaten Manteo kiroldegian egiten, baina Kursaalera buelta eginda “erosoagoa” izango dela uste du Agirresarobek. Eskaintzera doazena ere “handia” izango da: bat-bateko bertsoak eta jarriak; sei bertsolari ariko dira lehenengoetan, eta bost bigarrenen partean.

Azken urteetan bezala, arratsaldeko saioa Kursaalean izango da. Hamar bertsolari oholtzan, Aitziber Garmendia aurkezle, eta 2zio taldearen bi kantu: azken diskoko abestia bata, eta egunerako propio osatutakoa bestea.

Irail aldera hasitako prestaketei azken osatuak eman dizkiete asteotan Bertsozale Elkarteko kideek. Sustapen taldeaz gain, urtero taldetxo bati ematen diote ekitaldiaren gidoia osatzeko ardura. Aurten, Eneko Lazkoz, Urko Casado, Aitor Sarriegi eta Aitor Mendiluze aritu dira. “Gustatzen zaigu Kursaalean kantatzea zer den dakien jendea egotea taldean, gauza berezia delako”. Gaia bera ere sustapen taldearekin batera adostu dute. Aurtengoa: bertsolariak antolatzailearen deia jasotzen duenetik oholtzan gaia entzunda kantuan hasi bitartean hartu beharreko erabakiak. “Izan daitezke hartu beharreko erabakiak, edo hartu ahal dituenak, edo hartzeko geratzen direnak…”. Agirresarobek dioenez, “bertsogintzatik datorren gai bat” hartzen saiatzen dira, edo gizartean puri-purian dagoen gai bat. “Badakigu indar gehiena bertsogintzatik datozen gai horiek izango dutela, eta oso kontziente gara bertso saio bat egin behar dugula”. Gainera, bertsolari talde erakargarria osatzen ahalegintzen dira urtero; kontuan hartzen dute adin ezberdinetakoak izatea, herrialdeen arteko oreka… “Eta ustez jarritako ariketei ondo erantzungo dieten bertsolariak, noski”.

Kursaalaren baliabideak

Saioa egiten den tokiak ere badu berezitasuna eta garrantzia: “Kursaalak asko markatzen du”. Baliabide aldetik, beste saio batean ez dauzkaten baliabideak eskaintzen dizkie; dena den, Agirresarobek argi du bertsolariei bertsotarako baldintzak eman behar dizkietela: “Inprobisatzen dugu, baina neurrian; laborategia egiten dugu, baina neurrian”.

Hori horrela, “oholtzaren neurriko espektakulu bat” emateko lan egiten du elkarteak: “Azken urteetan txip hori badugu; erabiltzen ditugun baliabideak ez dira soberakoak; hor daude ariketari ondo datozkiolako. Ez da esatea: ‘Zerbait handia egin behar dugu, eta erabil dezagun hau edo bestea'”. Kursaalaren aurretik, Viktoria Eugenian izaten zen ekitaldi nagusia; Astoria antzokian, Karmelo Baldan eta Anoeta pilotalekuan ere egin izan dituzte saioak.

Harrera ona izan ohi du Bertso Egunak ikusleen aldetik; “askotan betetzen da, eta betetzen ez bada, hortxe-hortxe”. Agirresarobek dioenez, badu bere publikoa, kontsolidatua. Eta tartean dira oso bertsozaleak direnak eta bertsolaritzari hain lotuak ez direnak, urtean hainbeste saiotara joaten ez direnak. “Gustuko saioa izaten da; normalean iritzi zorrotzagoa izaten du bertsolaritzari jarraipen handiagoa egiten dionak, baina hori beste edozein kasutan ere hala izaten da”.

“Urte guztian zain”

1968ko urtarriletik, San Sebastian Egunaren bueltan egin izan da Bertso Eguna Donostian; urtero, 1970 eta 1980. urteetan izan ezik. Lehenean “emergentzia egoera” ezarria zegoen; 1980an, berriz, urte horretako Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken saioa Donostian jokatu zen, eta besterik ez egitea erabaki zuten, nahikoa zelakoan.

Antolaketaz Kultur eta Turismo Ekintzetxea arduratu zen hasieran. Bertsolarien Omenaldiak izenarekin, plazetan zebiltzanak omenduz hasi ziren; “bat, bi eta hiru ere bai, noizbait”.

Txomin Garmendiak, 1967ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabazitakoak, hala gogoratu zituen 2007an Bertso Egunaren lehen aldiak: “Urte guztian egun orren zai egoten ziran senar-emazte pranko baziran; nolaz gelditu aurreko urtean berak aukeratutako bertsolaria besarkatu gabe?“. Hala zioen, lehen urte haietan entzuleek aukeratzen zituztelako omenduak: sarrera txarteletan jartzen zuten hurrengo urteko omenduaren izena. Manuel Olaizola Uztapide izan zen lehen omendua; zerrenda horren parte dira, besteak beste, Fernando Aire Xalbador, Manuel Lasarte, Mattin Treku eta lñaki Eizmendi Basarri ere.

Bertsozale Elkarteak bilduta daukan informazioaren arabera, ordea, oso gazterik omentzen zituzten bertsolariak, eta hori ez zen oso begi onez ikusten bertsolarien aldetik. 1981etik aurrera, beraz, batzorde batek hartu zuen omenduak aukeratzeko ardura, uste baitzuten ez zela bidezkoa bertsolari gazteak omentzea, “eta, aldiz, bertsolari izandako eta erretiratutako bertsolariez ahaztea”. Ordutik aurrera, Bertsolari Eguna izena eman zioten, harik eta Bertsozale Elkarteak Bertso Egunaren gidaritza hartu zuen arte —Donostia Kulturaren lankidetzarekin betiere—.

1990eko hamarkadan norabidea aldatzea proposatu zuen elkarteak. “Eguneratze bat” behar zuela sinetsita, helburu berriak jarri zituzten; hala nola orduko bertsogintzaren aldaketak islatzea, esperimentatzea, kanpoko esperientziak ezagutaraztea… Eta hortik etorri ziren Zazpi Eskaleren 1995eko diskoa, Pedro Mari Otaño eta Jorge Oteizaren esanak, domino jokoak, magoak, kameleoiak…

“Esperientzia hunkigarria izan da disko hau grabatzea” »

Landarbaso abesbatzak ahotsa jarri du Fernando Velazquez soinu banden konpositore bizkaitarraren Concert suites, music for films disko berrian (Kontzertuetako suiteak, filmetarako musika). El orfanato, Zipi y Zape eta Ocho apellidos vascos filmetako soinu bandak bildu dituzte, besteak beste. Iñaki Tolaretxipi zuzendariak (Errenteria, 1972) esan duenez, erronka izan da Errenteriako abesbatzarentzat, halako zer edo zer egiten duten lehenbiziko aldia baita. Pozik daude emaitzarekin, “polita eta aberasgarria” izan delako. Gainera, Landarbaso abesbatzak mende laurdena beteko du martxoan, eta buru-belarri ari da urteurrena ospatzeko ekitaldiak antolatzen.

Fernando Velazquez konpositorearen azken diskoan parte hartu duzue. Nolakoa izan da prozesua?

Berarekin duela bi urtetik hitz egina genuen proiektu komun bat egitea. Aukera zuenean gurekin kontatuko zuela esan zidan, bazekielako kalitate handiko abesbatza garela. Iritsi da unea, eta diskoa grabatu dugu berarekin eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera. Berehalakoa izan zen, hamabost eguneko kontua; grabazioa, berriz, bi egunetan egin genuen, iazko irailean.

Zergatik zen Landarbaso egokia disko horretarako?

Nagusiki esan behar dut ez dela ausazkoa izan grabaziorako Landarbaso abesbatza hautatzea. Nazioarteko hamalau sari ditu, eta Fernandok hori badaki; badaki maila handiko taldea garela, eta talde txikian lan egiteko gaitasuna dugula. Talde txikia da gurea, ganbera taldea. Bi aukera daude, sinfonikoa edo ganberakoa; gu bigarren horretan ibiltzen gara.

Soinu banden disko bat grabatzen duzuen lehenbiziko aldia da. Zer esan nahi du horrek zuentzat?

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren talde batzuekin parte hartu izan dugu, baina Fernandorekin ez. Dena berria izan da, polita; ez da zaila izan, egia esateko. Oso esperientzia hunkigarria izan da disko hau grabatzea, berarekin eta halako talde profesional batekin lan egitea.

Nolakoa izan da grabazioa? Zer izan da zailena, politena…?

Bukaeratik hasita, politena dena izan dela esan dezaket. Musika oso erraz entzuten da, hunkigarria da oso. Azkenean, zinema musika da, eta publiko guztiei begirakoa. Oso alaia da musika hori, eta berehala iristen da. Grabazioaren zailena, berriz, kaskoekin grabatzea izan dela esango nuke, gu ez gaudelako ohituta hiru edo lau orduz musika belarrian edukita grabatzera. Errazena da ez dela oso musika konplikatua, ez da ahots askotara egiten. Gu ohituta gaude hamabost edo hamasei ahotsetan abesten, eta, egia esan, zazpi ahotsetan egitea guretzat ez da batere zaila izan. Partiturak ez dira batere konplikatuak izan guretzat.

Salmenten diruaren zati bat, gainera, Errenteriako Juneren Hegoak elkartearentzat izango dela erabaki du Velazquezek.

Juneren Hegoak elkarteari diruaren zati bat ematea hunkigarria da benetan. Elkarte horrek zuzenean ukitzen nau zuzendari gisa, June nire iloba zelako, eta nire arreba hor sartuta dagoelako… Hunkigarria izan da, eta [Amaia Tolaretxipi] arrebak esan zuen moduan, detailea da Fernando Velazquezek diruaren zati bat elkarteari ematea. Musikak batzen gaitu, baina musikaren barruan badaude pertsonak, eta esango nuke hunkigarritasun hori kaleratu nahi dela nolabait ere. Ezustea izan da diruaren zati bat Juneren Hegoak elkarteari ematea erabaki izana, bai niretzat eta baita arrebarentzat ere.

Diskoa publiko zabalarentzat dela esan duzu. Zer aurkituko du entzuleak?

Zineman funtzionatzen duen musikak etxean ere funtzionatzen duela jabetuko da entzulea. Beste formatu batean iritsiko zaie musika. Nahiz eta pelikula barruan ez egon, musika hori bihotzera heltzen da, eta sentimenduak mugitzera ere heltzen dela esan daiteke. Edonoiz entzuteko musika da, eta entzuteko oso erraza.

Non da Landarbaso abesbatza gaur egun? Zein egoeratan zaudete?

Abesbatzak 25 urte beteko ditu martxoan. Bihar eguerdian urte osoko proiektua aurkeztuko dugu, Errenteriako udaletxean, alkatearekin batera. Interculturrek, munduan den abesbatzen elkargorik garrantzitsuenak, Landarbaso abesbatza munduko 50 onenen artean sailkatua du, 43. postuan gaude zehazki. Abesbatzak azken hamar urteetan egin duen jauzia garrantzitsua da, eta horren erakusle da Musikasten parte hartzea: ziklo korala itxiko dugu. Hori, herrian bertan. Donostiako Hamabostaldian, berriz, hiru kontzertutan parte hartu genuen iaz. Pisu handia dugula erakusten du horrek.Taldea, gainera, oso momentu onean dago: 43 abeslari daude, denak gazteak, mutilak eta neskak ongi orekatuta, eta gaur egun oreka hori izatea ez da hain erraza. Giro paregabea dugu, eta kalitate handiko talde moduan sailkatuta gaude.

Hurrengo erronka?

Martxoan disko berria kaleratuko dugu abesbatzaren 25. urteurrenaren harira, Konplize ditut eta izenburupean. Mikel Markezen kantuaren izena hartu dugu diskoarentzat; hamar kantu izango ditu, eta pista bakoitza konplize bat da. Markez bera izango da lehena; berekin batera grabatu dugu lehen abestia. Baina badaude Golden Apple Quartet, Iñaki Salvador, Amaia Zubiria, Amets Arzallus, Xabi Solano… Bakoitzarekin pista bat egin dugu, eta urtebete pasatxoko lana eskatu digu diskoa argitaratzeak. Martxoaren 5ean aurkeztuko dugu, Viktoria Eugenian [Donostia]. Publizitatearekin hasi ez bagara ere, 900 sarreratik 400 baino ez dira gelditzen kontzertu horretarako. Kantak ezagunak dira, denetik dago.

Urteurrena ospatzeko ekitaldi asko antolatu dituzue?

Ez ditugu asko ere egingo, baina egingo ditugunak pisukoak izango dira. Jende asko sartuko dugu bidean. Bi urte daramatzagu prestatzen, eta ilusio handiz ari gara.

60 kilometro karratu musika kutxatan »

Bidegorriaren erdian kartoizko kutxa bat jarri dute. Beste bat kaian, eliz atarian beste bat, banku baten parean, Parte Zaharreko kaleetan… Music Box jaialdia iragartzeko spotean erabilitakoak kutxa “sinbolikoak” dira, baina jaialdiaren funtsa laburbiltzen dute bere horretan: Donostiako espazio publiko bereziak aukeratu dituzte, eta kaxa musikal bihurtu. Bihartik abendura bitarte, hiriko 60 kilometro karratutan kontzertuak izango dira, espero gabeko tokietan.

“Ez dugu agertoki edo euskarri fisikorik eraikiko, justu kontrako ideia da kaxena. Kaxa naturalak edo jadanik badaudenak aprobetxatuko ditugu, eta ez berriak eraiki”. Donostia 2016 kultur hiriburutzaren barruan antolatutako egitasmoa da, Ahotsen Itsasargia atalaren parte, eta Itziar Zorita da hango arduraduna. Azaldu duenez, kontzertuetarako toki gehienak Ginmusica ekoizpen etxeak aukeratu ditu, hura izan baitzen proiektua aurkeztu ziena. “Gure kolaborazio edo iritzia errespetatu dute”.

Kontzertuetarako lekuak prestatzeko, leku horietan aritu ohi diren lagun eta taldeekin elkarlanean ariko dira, baita Arkitektura Goi Eskola Teknikoko ikasleekin ere. Espazioak egokitzeko lanetan parte hartuko dute ikasleek; besteak beste, larrialdietarako sarbideak eta irteerak antolatzerakoan eta egiturak intsonorizatzerakoan.

Talde independenteak

Irudimena erabiliz, egitarau konbentzionaletatik nabarmentzen diren bestelako ideien bidez erakarri nahi dituzte ikus-entzuleak. Hori horrela, musika eskaintzari dagokionez ere Ginmusicaren proiektua egokitzat jo zuen Donostia 2016k: “Europako musika independente eta ezaguna bertako taldeekin nahasteko ideiari balio handia eman genion. Ikusleak Tindersticks talde ezaguna aurki dezake, edo bertako Belako taldea, adibidez”. Biharko kontzertua nahasketa horren erakusle da: Bullet Proof Lovers Donostiako rock-and-roll banda bat da, 2014an sortua; Corazonasek, berriz, guztiz bestelakoak diren bi talderen batura dakar: Arizona Baby eta Los Coronas. Iaz ere martxan izan zen Music Box, eta horretan ere askotariko taldeak ikusteko aukera izan zen: Is Tropical, Devendra Banhart & Andy Cubic, Motorama, Manett, Perlak, Las Tea Partys…

Musika independentea eskaintzearekin batera, hiria bisitatzeko eta haren kultura ezagutzeko beste modu bat eman nahi du jaialdiak, Donostiako bazterrak musikaren bidez ezagututa eta berrezagututa. Aurrera begira, egitasmoak aztarna utzi asmo du: “Festibalak kultura eremuen ondarea utziko du 2017rako, eta hiriaren beste ikuskera batzuen bila dihardu, pertsonen memorian errotu eta erabiliak izan daitezen”.

Abendura bitarteko egitaraua ia guztiz osatuta dauka jaialdiak. Sorpresarik egongo da oraindik, ordea. Herritarrak zuzenean inplikatu nahi ditu proiektuak, eta, horregatik, aukera eman die kontzertuetarako proposamenak egiteko. Azaroaren 19rako, adibidez, kontzertu sorpresa iragarria dute, eta edonork du aukera kontzertuetarako tokia proposatzeko.

Bi modutan eman ahal izan dute botoa: iaz izandako kontzertu egunetan jarritako gutunontzietan eta Interneten bitartez —Facebook bidez, Donostia 2016ren webgunean…—. “Jadanik baditugu proposamen batzuk, eta ikusi beharko dugu zein talde eta non izan daitekeen aukerarik egokiena”.

Tokikoa ez da soka motzekoa »

Berdin Jamie Cullum edo Hasier Oleaga. Ray Davies edo Iñaki Salvador. Echo & The Bunnymen edo Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra. Nazioarteko musikariak ezagutzeko aukera zabala dakar urtero Donostiako Jazzaldiak, baina baita tokiko taldeen haize kolpea ere. “Euskal jazzmen handiak jaialditik pasatu dira”. Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariak azaldu duenez, iaz 35 euskal bakarlari, talde eta DJk parte hartu zuten Jazzaldiaren agertokietan, eta, beste urte batez, aukera horri lekua egin nahi diote aurtengo programazioan ere. Horretarako, martxan da tokiko hamar talde aukeratzeko prozesua. Sorkuntza eremua mugatuagoa izan arren, eragina eta zabalpena ez da tokikora mugatzen.

Jaialdiak lehen urteetatik izan du tokiko taldeen parte hartzea. Garai batean, espresuki inguruko taldeei zuzendutako lehiaketa bat ere izaten zen jaialdiaren parte. “Duela sei-zortzi urtetik, programazio sisteman jarri dugu arreta. Lehen, aukera ematen genien artistei parte hartzeko; orain, aukera zabalik uzteaz gain, kanal batzuk ezarri ditugu haien presentzia ziurtatzeko”.

Kanal horietatik garrantzitsuena martxan dagoen hautaketa prozesua da Martinentzat. 50 bat taldek parte hartu dute urtero, eta hala izan da aurten ere. Hasierako fasean, taldeek bidalitako grabazioak entzun zituen batzorde antolatzaileak, eta, horren ondoren, hamabost aukeratu zituen. Horietatik hamar hautatu beharko ditu orain, eta aukeratuek uztailaren 21etik 25era joko dute Jazzaldian; normalean Kursaaleko terrazetan izaten dira saioak.

Prozesuaren oinarrietan azaltzen denez, Hego Euskal Herrian jaio edo bizi diren musikariez osatutako taldeak aurkez daitezke egitasmora —kideen %33k baldintza horiek ez betetzea onartzen da—. Hala ere, eszenan aritzeari eman dio garrantzia Martinek: “Prozesua irekita dago hemen jaio eta bizi direnei, baina gehienbat praktikatzen dutenei, hemengo jazz musika eszenaren parte direnei. Euren musika hemen garatzen dutenak dira tokiko taldeak”.

Martxo amaierara bitarte, hamabost taldeek Donostiako hiru espaziotan emango dituzte kontzertuak: Forum FNACen, Altxerrin eta Victoria Eugenia Klubean —dagoeneko jo dute Didier Datcharry Trio eta Reunion Big Band taldeek—. Zuzeneko saioak dira, irekiak, eta ez dute lehiaketa izaerarik: ez dago sailkapenik. Jaialdia antolatzeko batzordeak hainbat faktore hartuko ditu kontuan taldeak aukeratzerakoan: “Musikarien ahalmen instrumentala, musika proiektu zehatz eta definitu bat izatea, ezaugarrituko dituen soinua izatea, ezberdin egingo dituena, estiloen barietatea…”.

Taldeen aukeraketa prozesuarekin batera, urteko diskoei ere erreparatuko die Jazzaldiak, bere programazioa osatzeko: 2015ean editatu diren disko guztien artean bost aukeratuko ditu, jaialdian jo dezaten. “Taldeek disko bat ateratzeko duten ausardia eta ahalmena baloratu nahi dugu, eta Jazzaldian jotzera gonbidatu”.

Martinen arabera, egitasmoa oso garrantzitsua da hainbat talderentzat, euren musika ezagutzera emateko, baina badira dagoeneko ibilbide luzea egina dutenak ere: “Batetik, aukeraketa honek modua egiten digu heldutasun nahikoa duten taldeak aurkitzeko, eta bestetik, zaleek estimatutako musikarien lana guk ere ontzat hartzeko. Batzuk dagoeneko erreferentzia dira euskal jazzaren barruan”.

Gipuzkoan egiten den jazzaren kalitatea eta zabalpena areagotuz doa, eta hori, hein handi batean, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Ikastegiari esker izan dela uste du Martinek: “Dudarik gabe, erakunde pedagogiko garrantzitsuenetako bat da jazzari lotuta. Guretzat estilo horrekin egiten ari den lana oso garrantzitsua da”. Inguruko musikariak eta mundu osotik etorritakoak batzen dira ikastegian, formakuntza jaso eta perfekzionatzera. “Horrek egiten du gure hirian entzuten den jazzaren maila lehen baino askoz ere altuagoa izatea. Ez du zerikusirik garai batean jazzaren munduan zegoen eszenarekin”. Gaur egun saio asko daudela dio, musikari oso onak, eta “ideien etengabeko jarioa”.

Europako gazteekin

Tokiko taldeentzat garrantzitsua izango den beste jaialdi bat hartuko du aurten Donostiak, Jazzaldiaren garai bertsuan: 12 Points. Uztailaren 20tik 23ra egingo dute, Jazzaldiarekin eta Europako kultur hiriburutzarekin batera. Europako hamabi herrialdetatik hamabi jazz talde aukeratuko dituzte. “Jaialdi honekin, komunitate bat sortzea lortzen da Europa osoko musikari gazteen artean eta jaialdia egiten den lekuko musikarien artean. Harremanetan izango dira, eta jam session-etan parte hartuko dute goi mailako Europa osoko musikariekin”.

Hamargarren aldia izango du jaialdiak, eta, 2007tik hona, ia 500 musikari gaztek hartu dute parte 12 Points egitasmoan. Txandaka egiten da Dublinen —urte bakoitietan— eta Europako beste hiriburu batean —urte bikoitietan—. Aurten parte hartu nahi dutenek oraindik zabalik dute izena emateko aukera, urtarrilaren 30a baino lehen, 12 Points jaialdiaren webgunean.