Datorrenaren olatuan helduleku bat »

Negua dator, hotza; migranteek Mediterraneoaren barnako ihesaldian jasan beharko duten oztopo bat gehiago. Lesbosera iritsi nahi dute askok; bederatzi kilometroko tartea egin ohi dute, Turkiatik irten eta Egeo itsasoan, baina ez da beti egingarria iza…

“Jakin egin behar da une bakoitzeko premiei erantzuten” »

Zumarragako Udalak eta Gurutze Gorriak omenaldia egin diote Enrique Samaniegori (Donostia, 1934), hamasei urtez Gipuzkoako lehendakari izandakoari. Bertaratutakoen hitzak, oroigarri trukeak, argazkiak, txaloak eta zorion agurrak amaitutakoan, tarte ba…

Urre beltzaren asteburua »

Babarruna da Tolosaren bereizgarrietako bat, zalantzarik gabe, eta horregatik ospatzen dute urre beltz esaten zaion produktu horri eskainitako festa ere. Asteburu osoan izango dira babarrunari lotutako ekitaldiak, baina aipagarrienak hauek dira: Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketa eta Lehiaketa Gastronomikoa.

Tolosako Babarrunaren Elkartean lanpeturik dabiltza festa aurreko egunetan; izan ere, Xabier Goikoetxea teknikariak azaldu bezala, eurentzat “erakusleiho garrantzitsua” da: “Ia urte guztiko lana erakusgarri jartzen da”.

Elkartea 1994an sortu zen, eta urte berean ekin zioten festa ospatzeari, nahiz eta ordurako Tolosako Gure Kaiola elkartekoek babarrun jatea eta sukaldarien arteko lehiaketa bat egiten zuten. Igandetan izaten zen lehiaketa, eta larunbatean nekazarien arteko lehiaketa bat gehitzea otu zitzaien, eta hurrengo egunean irabazlearen babarruna izatea prestatuko zena.

Orduan, elkartea 33 ekoizlerekin hasi zen lanean, eta guztien artean ez ziren hiru hektarea ereiten. Goikoetxearen esanetan, Tolosako babarruna “oso atzenduta” zegoen orduan; autokontsumorako zen. Aldiz, orain produktu “estimatua” dela uste du Goikoetxeak, eta era berean, “oso errotua” dagoela; azken finean, tolosarrak eta euskaldunak “identifikatzen” dituen produktu bat.

Euskal Herrira eta mundura zabaltzen lan handia egin du elkarteak. Aurten, 20.000 kilo babarrun zabaltzea espero dute; hau da, aurten, kantitate aldetik ez dute uste ona izango denik: “Etxe batzuetan produkzio ona jaso da, baina beste etxe batzuetan, oso gutxi”. Kalitateari dagokionez, ordea, “azken lau urteetako babarrunik onena” dela uste du Goikoetxeak. Atzerapena eta kantitatean izandako gorabehera eguraldiak eragin duela uste du, abuztuan “eguraldi arraroak” egin baitzituen.

Guztira, hogei ekoizlek erein dituzte babarrunak aurten 40 hektareatan, Gipuzkoako lurrak guztiak. Elkartea sortu zenean Tolosaldeko ekoizleak biltzen bazituen ere, hori “berehala apurtu zen”, lurra eta eguraldia bera baitzen; Eusko Labelek ere zehazten du produktuak “EAEko eremu berdean” ekoitzia izan behar duela.

Tolosako Babarrunaren Elkarteko lehendakaria, hain zuzen ere, zumaiarra da: Joxe Mari Aramendi. Ekoizleen saria irabazi zuenean, txisteren bat ere entzun behar izan zuen horregatik: “Tolosakoak zer hasi behar dugu? Antxoak egiten, ala?”.

Karguan berria da Aramendi. Aurretik, Mari Karmen Iradi izan da lehendakari, 18 urtean. Kargu horietara “ohitu gabe” dagoela dio Aramendik, baina zalan- tzarik gabe aurtengo Tolosako babarrunaren asteburu fes- ta “berezia” izango da berarentzat.

Aramendi Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketako irabazle izan zen 2013an, eta uste du ekoizle batentzat polita dela sari hori irabaztea. Babarruna saltzeko orduan izena izatea ona dela dio, eta, gainera, sariak berak ere poztasuna ematen duela.

Aramendiri babarruna egiteko dituen trukoei buruz galdetuta, sekreturik ez duela dio, baina bere familian lurra “analizatu” egiten omen dute, eta babarruna ondo zaindu. Lurrari ematen dio garrantzia Aramendik, egokia behar baitu babarruna ereiteko. Bere lurrak Zumaiako Artadi auzoan daude, eta han ereiten du “hektarea bat eta erdi edo bi eskas”. Ekainaren erdialdean landatzen dute —giro ona bada, behintzat—, semearen eta bien artean.

LPP, egitasmo handiak batean »

Informazio publikora atera du EAEk Ingurumen eta Lurralde Antolaketa Sailaren Donostia aldea eta Bidasoa Beheko Lurralde Plan Partziala. - Irakurri gehiago...

Esparru publikoa segurtatuz »

Emakumeentzat seguruagoa den hiri bat eta emakumeei esker herritar guztientzat seguruagoa dena. Leku arriskutsuak identifikatzeko egin diren proiektu gehienetan ateratako ondorioa da, eta, hori aurrekari gisa hartuta, horri ekin diote Oiartzualdean.

Toki batek argitasun nahikorik ez duenean, inguruan zer dagoen ongi ikusten ez denean, entzunak izateko zailtasuna dagoenean, urbanizazio eskasa dagoenean… kasu horiek dira kontuan hartzen diren irizpideak leku arazotsuez hitz egitean. Oiartzunen, Errenterian, Lezon eta Pasaian irizpide horiek betetzen dituzten guneak ote dauden aztertuko dute.

Lezoko Udalak bultzatuta, Emakunde eta Oarsoaldea Garapen Agentziaren laguntzarekin eta Errenteria, Pasaia eta Oiartzungo udalen kolaborazioarekin, Oiartzualdeko leku arazotsuen diagnostiko parte hartzailea egingo dute. Itsasne Loroño Fondo Formacion-eko berdintasun teknikariaren esanetan, azken urteetan eskualdeko elkarteek, emakume taldeek eta talde feministek horren inguruko hausnarketa baten beharra dagoela aldarrikatu dute; “eskualdeko emakumeak herri batetik bestera mugitzen dira, gainera”.

Leku horiek emakumeen kontrako sexu erasoak errazten dituztela nabarmendu du berdintasun teknikariak: “Nahiz eta objektiboki ez izan toki arriskutsua generoak eragindako ikasketak direla eta, nolabaiteko arriskua sentitzen da”. Hala, bi gauza lortu nahi dira: eraso sexistak errazten dituzten tokiei konponbidea eman eta erasoak saihestea, eta segurtasun sentsazioa zabaltzea.

Hori guztia bideratzeko, herri bakoitzean emakumeentzako arriskutsuak diren edo arrisku sentsazioa eta deserosotasuna sor dezaketen guneak identifikatzea izango da lehenengo eginbeharra. “Horrekin batera, beste hainbat alor ere landu nahi ditugu. Badakigu historikoki esparru publikoa emakumeentzako leku arrotza edo debekatua izan dela, eta prozesu honekin horren inguruan hausnarketa egitea bilatzen dugu; hau da, esparru publikoarekin emakumeek duten harremana nolakoa den momentu honetan. Gainera, emakumeen partaidetza aktiboa ere bultzatu nahi dugu”, adierazi du Loroñok.

Lantaldeetan parte hartzerik ez baina ekarpena egin nahi duenarentzat, tresna birtuala jarri dute martxan. Herritarrek euren iritzia eta proposamenak bidal ditzakete posta elektronikoaren bidez (komunikazioa@oarsoaldea.net).

“Gaur, eskola umeek ere badakite bederatzi puntukoa botatzen” »

Gordea du Txomin Garmendiak 1967an Tolosako Leidorren jantzi zuen txapela. Memorian iltzatuta geratu zaizkio plazaz plaza entzundako eta botatako bertso asko. Txapeldun geratu zeneko arratsalde hartakorik ez du, ordea, gogoan. - Irakurri gehiago...

Bost etxetik bat, pobrezia energetikoaren arriskuan »

“Zerbitzu energetikoak lortzeko gehiegi ordaintzea, edo haiek ordaintzeko gaitasunik eza”. Hala laburbildu du pobrezia energetikoa Beatriz Martikorena Gipuzkoako Foru Aldundiko Energia Saileko arduradun teknikoak. Egia-Kareaga fundazioak egindako iker…

Aterik ez duen truke etxea »

Azaroaren 13an bost urte beteko ditu Donostiako Emakumeen Etxeak. Espazio bizi eta irekia da; askotariko kolektiboak daude ordezkatuta, baina emakume guztiei irekitako gunea da. Etxearen jardunaz eta haren parte izateak egiten dien ekarpenaz aritu dira horietako hiru ‘Hitza’-rekin. - Irakurri gehiago...

Lohi gainetik, lokaztu gabe »

Asier Perez-Karkamo

Oinezkoentzako eta bizikletentzako egurrezko pasabide bat inauguratu zuen Hendaiako Herriko etxeak iazko urtarrilean, Bidasoa ibaiaren eskuin ertzean, tren geltokiaren eta Intzurako

“Luzerako prozesu moduan ulertzen dugu Alos Quartet taldea” »

Musika “lasaia, herrikoia, klasikoa eta indartsua” dakar Alos Quartet taldearen Garden lan berriak. Hari laukote horren hirugarren diskoa da, labetik atera berria, eta Xabier Zeberio taldekideak (Tolosa, 1978) azaldu duenez, “poza” sentitzen dute hainbeste hilabetetako lanaren ostean diskoa esku artean izanik. “Irrikaz” daude ikusteko zer sentsazio sortzen duen lan berriak jendearengan. Tolosan aurkeztuko dute, gaur, 20:30ean, Topic zentroan.

Nolako diskoa da Garden?

Gure ibilbide luzean aurrerapausoa da; ohiko sonoritatean pauso bat harago eman dugu. Gure atmosfera edo giroan kokatzen da, baina, era berean, gauza oso sotilak eta indar handiagoko erritmoak topatu ahal ditugu. Iturri ezberdinetatik edaten duen musika da; batetik, musika herrikoia; bestetik, musika klasikoa, bai eta beste hainbat estilo ere. Disko instrumentala da, ahotsa duten bi abesti kenduta. Doinu batzuek ere badute dantzarako giroa. Izan ere, duela urte eta erdi sortu ziren, Aukeran dantza taldearen Geltokia izeneko ikuskizunerako. Gure ohiko bidean, beraz, oso disko indartsu eta ederra atera zaigula esango nuke.

Diskoaren izenarekin jolas egin nahi izan duzue.

Bi adiera ditu. Batetik, euskarazko gardentasuna, sentsibilitatez betetako musika baita. Beste adiera ingelesezko lorategiarena litzateke. Kantu bakoitza lore bat balitz bezala sentitu dugulako. Bi adiera horiekin jolastu nahi izan dugu.

Jende askok parte hartu du zuekin diskoan.

Oinarria hari laukotea da, hau da, Pello Ramirez txeloarekin, Lorena Nuñez biolarekin, Francisco Herrero biolinarekin, eta ni biolinarekin eta nyckelharparekin. Azken hori oso instrumentu berezia da, Suediatik etorria. Erdi Aroko biola moduko bat da, tekla bidez jotzen dena, eta soinu berezia sortzen du, magikoa. Batzuetan, badirudi gaita dela, eta, besteetan, antzinako biolin bat. Laukotearekin primeran uztartzen da.

Abesti bakoitzari kolore berezi bat eman nahi izan diogu, eta, horretarako, jende ugari aritu da gurekin batera. Zorte handia izan dugu azken urteetan hainbat estilotako artista ugariren proiektuetan parte hartu dugulako, eta artista horietako batzuk gurera ekarri ditugu, gure diskoan parte hartzera. Hor dugu, esaterako, Eñaut Elorrieta; Ken Zazpiren lehendabiziko diskotik lan egin dugu haiekin, eta aspaldiko lagunak gara. Aspalditik genuen zerbait berezi egiteko ideia. Hala, Harkaitz Canok idatzitako hitzekin kantu bat egin nuen, eta, hark abestua, emaitza oso kantu samurra eta ederra izan da. Bestalde, oso ahots berezia eta sakona duen Silvia Iriondo abeslari argentinarrak ere parte hartu du, eta, horrez gain, Oreka Tx taldeak, Bill Colley bateria jotzaile estatubatuarrak, Josu Salbidek, Iñigo Egiak, Iban Alzatek… Bakoitzak bere ukitu berezia eman dio.

Abesti gehienak zuk konposatutakoak dira.

Bai; kasu honetan, horrela izan da. Egia da laurok lan handia egiten dugula lokalean, prestaketan. Gure funtzionatzeko modua eta filosofia oso lasaia da. Ez gara urtero disko bat egiten duen talde bat. Gure esparru naturala beste artistekin eta proiektuetan aritzea da, eta, horretan, zorte handia izan dugu, jende askorekin egin baitugu lan. Urte askoan aritu ginen, esaterako, Dulce Pontesekin, Kepa Junkerarekin, Carlos Nuñezekin… Horretan energia handia jartzen dugu. Gure proiektua sortu zenetik hamasei urte igaro dira, eta hau hirugarren diskoa da. Lau-bost urtean behin egin dugu lan berri bat. Prozesu lasaia da, geldoa, mimo handiz egindakoa, eta prozesu horretan taldekide guztiek sekulako lana egiten dute, bakoitzak berea eskainiz.

Beraz, presiorik gabe egiten duzue lan.

Guretzat, Alos Quartet plazera da. Musikari gisa lana izateaz gain, gure kapritxoa ere bada. Bide hau, uneko produktu moduan baino gehiago, luzera begirako prozesu moduan ulertzen dugu. Inork ez zigun esango hainbeste urteren ostean hemen egongo ginenik disko bat aurkezten; hor goaz, pixkanaka handituz, gauza berriak eta bidea eginez.

Nola definitzen duzu zuen musika?

Gustatzen zaigun laudorio bat da jendeak esaten digunean musika lasaigarria dela, eta askotan jartzen dutela etxean. Korrika batean bizi gara; beraz, poztekoa da horrelako kontraste bat eskaintzea.

Nola antolatzen zarete musika berria sortu eta abestiak jotzeko?

Gauden unearen arabera izaten da. Proiektuen edota grabaketen arabera antolatzen gara. Ez gara astero elkartzen, baina, behar denean, astean hiru aldiz elkartu gaitezke, eta gero egon gaitezke hilabete batean elkartu gabe. Gure lanbidea ere horrelakoa da; bat-batean lan asko eduki dezakezu, eta gero izan ditzakezu une lasaiak. Eta une horiek ere beharrezkoak dira energia pilatzeko.

Lan handiko garaian zaudete orain, ezta?

Hala da, diskoaren aurkezpena, sustapena eta kontzertuak direla eta. Lan handia, baina plazer handiko lana; era berean, gustukoa.

Lan hori zure herrian aurkezteko plazera duzu gaur.

Herrian jotzea beti da hunkigarria, eta aurkezpen berezia izango da. Diskoan parte hartu duten lagunak ere izango dira. Bertan izango dira, esaterako, Oreka Tx taldeko kideak eta Aukeran dantza taldeko kide batzuk, hainbat doinu dantzatzeko.

Alos Quarteteko kideek beste hainbat proiektutan ere parte hartzen duzue.

Pellok urte asko daramatza Benito Lertxundirekin; Lorenak, antzinako musika jorratzen duten hainbat taldetan jotzen du; Franciscok ere, beste hainbeste, eta ni Oskorrin aritu naiz urte askoan. Zorte handia dugu, talde edo musikari bakoitzarengandik ikasten baita zerbait; musika ulertzeko modu desberdinak ezagutzen dituzu. Hori guztia motxilan sartzen dugu, eta, nolabait, gure proiektuan du isla.

Oskorrirekin, agur esateko biran murgilduta ere bazaude. Nola sentitzen zara?

Egia esan, pena handiz ari gara hartzen agurreko emanaldi hauek. Niretzat, bizitza erdia izan da, eta, musikari dagokionez, bizitza osoa: 18 urte orotara. Esperientzia eta bizipen kontaezinak bildu ditut urte hauetan. Oso handia izan da maila horretako musikariekin eta pertsonekin lan egin ahal izatea.

Gure jarraitzaile guztiak ahalik eta egokien agurtzea dagokigu orain. Lehendabizikoak eman ditugu, eta izugarria ari da izaten jendearen berotasuna eta maitasuna. Taldeak 45 urte egin ditu agertoki gainean. Hemendik urte batzuetara, distantziaz, orduan konturatuko naiz urte horietan bizi izan dudan handitasun horretaz.