Arrazakeriaren aurkako antenak »

Urtebete darama Fatimak alokairuzko etxebizitza bila, baina atzerritarra dela-eta, inon ez diote alokatu nahi. Berdin sareak hartu du haren salaketa. Oiartzualdean urtea darama sareak lanean, aldundiaren laguntzarekin, eta laster Debagoienean ere hasiko dira lanean. - Irakurri gehiago...

Kamioi astunentzako bidesaria bidean da »

Aitziber Arzallus

Aurki, kamioi astunek —3,5 tonatik gorakoek— bidesaria pagatu beharko dute N-1 errepideko Gipuzkoako zatia erabiltzeagatik. Eta horrek ez du atzera bueltarik. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak joan den astean aurkeztu zuen ordainketa sistema berria arautzen duen foru lege proiektua Batzar Nagusietan. Eta, EAJk eta PSE-EEk gehiengoa izanik, aurrera aterako dute, urtea bukatu aurretik. Hala, okerrik ezean, 2018ko urtarrilaren 1ean hasiko da martxan ordainketa sistema berria.

Bi helburu ditu Irun eta Etzegarate arteko zatia ordainpeko bihurtzeko egitasmoak: bata, kanpoko garraiolariak behartzea Gipuzkoako gaitasun handiko errepide horren mantentzean parte hartzera —3,5 milioi euroko gastua dauka urtean-; eta bestea, N-1 errepideko trafikoa arintzea, AP-1era eta AP-8ra desbideratuta. 12.000 kamioik baino gehiagok erabiltzen baitute N-1 errepidea egunero; %60 atzerrikoak dira.

Egitasmoaren helburuetan bat datoz alderdi guztietako ordezkariak; ez, ordea, hura aurrera ateratzeko moduan. “Zergatik orain bai eta guk proposatu genuenean ez?”, galdetu du Iban Asenjo EH Bilduko batzarkideak. Haren esanetan, orain EAJk aurkeztu duena aurreko legealdian EH Bilduk proposatu zuen Arkupe egitasmoan dago oinarrituta. Baina, ordukoan, bai EAJk eta bai PSE-EEk proposamen haren kontra egin zuten. “Orain ikusten duguna da bazegoela konponbidea duela hiru urte jartzea, eta nahita atzeratu zutela, EH Bilduren gobernua eta haren kudeaketa zigortzeko helburu bakarrarekin”.

Oiarbidek bestela pentsatzen du, bi proiektuek ez dutela zerikusirik batak bestearekin. Teknologia antzerakoa dela dio, baina sistema erabat desberdina dela. “Arkupe sistemak planteatzen zuen bidesaria Gipuzkoako gaitasun handiko errepide guztietan jartzea, guztira hamar puntutan, ibilgailu astunentzat eta arinentzat. Guk N-1 errepideko ardatza bakarrik hartu dugu, Irun eta Etzegarate artekoa, eta, gainera, bidesari sistemak ibilgailu astunei bakarrik eragingo die”.

N-1eko bidesarirako hautatutako sistemak AT du izena, eta free flow teknologian dago oinarrituta: ibilgailuek ez dute gelditu beharrik izango ordaintzeko. Bide seinaleei eusteko moduko arkuak jarriko dituzte, eta horien gainean egongo dira ibilgailuen identifikaziorako gailu elektronikoak. Hiru lekutan egongo dira arkuok, joan-etorriko norabideetan: Irunen, Andoainen eta Etzegaraten. Gisa horretara, asmoa da kanpotik datozen garraiolariek ere errepide horren mantentzeari beren ekarpena egitea.

Europako zuzentarauen arabera, ordea, ezin da diskriminaziorik egin bertako eta kanpoko kamioilarien artean. Beraz, Oiarbideren hitzetan, ezin dute ipini ordainleku bat Irunen eta beste bat Etzegaraten: “Horrela pasoko trafikoa bakarrik harrapatuko genuke, eta batez ere kanpoko garraiolariak zigortuko genituzke”. Hori saihesteko, erdibidean beste ordainleku bat jartzera behartu ei ditu Europako legediak. “Horregatik planteatu dugu Andoainen beste ordainleku bat jartzea, bi kilometroko tarte bat hartuko lukeen minimo bat, bidesari sistemak bertako trafikoan ahalik eta eragin gutxien izan dezan. Tarte horregatik ordaindu beharrekoa ez litzateke euro batera iritsiko”.

Egindako kalkuluen arabera, urtean 7,5 milioi euro bilduko dituzte AT sistemaren bidez. Gastuak kenduta 3 milioi euro inguruko etekinak izango dituztela kalkulatu dute. Aldundiak 10 milioi euroko inbertsioa egingo du sistema martxan jartzeko, eta 7 eta 8 milioi euro jarri behar ditu sistemaren ohiko mantentzerako. Gaur egun, 3,5 milioi euro inbertitzen ditu errepidea mantentzeko: bidesaria martxan jartzean, diru hori beste zeregin batzuetara bideratu ahal izango du, Oiarbideren esanetan.

Oraindik ez dago zehatz-mehatz aurreratzerik garraiolariek zenbat ordaindu beharko duten zati bakoitzagatik, tarifak Batzar Nagusietan onartu beharko baitituzte. Baina, itxura guztien arabera, zati osoa —Irundik Etzegaratera— egiten duenak 10 euro inguru ordaindu beharko ditu; Irundik bakarrik edo Etzegaratetik bakarrik pasatzen denak, 3,5 euro inguru; eta Andoaindik bakarrik pasatzen denak, euro bat inguru.

Behin lege proiektua Batzar Nagusietan aurkeztuta, hari emendakinak egiteko aukera izango dute orain gainontzeko alderdiek. Asenjok EAJren jarrera kritikatu du: “Gu proposamen bat egin aurretik bildu ginen Batzar Nagusietako talde guztiekin; gurekin, berriz, inor ez da bildu oraindik. Dena dela, arduraz jokatuko dugu, eta proposamena ondo aztertu eta gure ekarpenak egingo dizkiogu. EAJk eta PSE-EEk gure ekarpenekiko zer jarrera duten ikusi ostean erabakiko dugu egitasmoaren alde edo kontra bozkatu”.

Garraiolariak, haserre

Hiru garraiolarien sindikatuak gaizki hartu du N-1 errepidean bidesari sistema jartzeko proposamena. Eta gezurretan aritzea egotzi dio Oiarbideri, uste baitu hark iragarritakoaren kontrakoa gertatuko dela: garraiolari gipuzkoarrak izango direla kaltetuenak. “Matematika kontua da”. Hori azaltzeko, adibide gisa, Beasain eta Altsasu (Nafarroa) arteko zerbitzua egiten duen garraiolari baten kasua jarri du. “Egunean zortzi joan-etorri egiten baditu, hamasei aldiz igaroko da Etzegarateko arkuaren azpitik. Ondorioz, egunean 60 eurotik gora ordaindu beharko ditu. Kanpoko garraiolari batek, aldiz, gehienera ere astean bitan igaroko du arku hori”.

Baina horretan bakarrik ez; Hiruren iritziz, Oiarbide oker dago sistema berriak N-1 errepideko trafikoa arinduko duela dioenean ere. “Garraiolariek eurentzako prestatutako zerbitzu sarea behar izaten dute inguruan, gasolindegi espezializatuak, tailer bereziak… horiek guztiak N-1 errepidean daude, eta ez AP-1ean”.

Gipuzkoako historiari bere lekua emanez »

Imanol Garcia Landa
Hutsune bat betetzeko sortu zen Miguel de Aranburu Gipuzkoako Historialarien Elkartea, eta hutsune bat betetzeko ari dira Gipuzkoako historiaren sintesia jasoko duen argitalpena osatzen. Alvaro Aragon elkarteko kide eta diruzainak a…

Eredu berriak eskaintzen »

Eider Bereziartua
Amaitu da uda, eta hasi da ikasturtea. Errutinara itzuli dira haurrak eta baita helduak ere. Horixe bera egin dute Gipuzkoako hainbat zineklubek ere. Esate baterako, atzo hasi zuen urtea Azpeitiko Paradisu Zinema zineklubak: Stesti fi…

Artaldeek duten soinua »

Maialen Igartua
Zintzarria gizakiak artaldea kontrolpean izateko teknologia bat baino ez da, itxiturak egiten hasi aurrekoa. Artalde bakoitzak soinu bat dauka, errepikaezina. Eta artalde horien zintzarri hotsek, noski, Euskal Herriko soinu paisaiaren z…

[Herriz herri] Elgoibar. Bizi-bizi jarraitzeko erremintak »

Maite Alustiza

Makina-erremintaren hiriburutzat har daiteke Elgoibar. Industria izan du jarduera ekonomiko nagusia, eta bereziki makina-erremintari lotuta zabaldu da herriaren izena. Ane Beitia alkateak azaldu duenez, ordea, auzoetako aktibitatea batu behar zaio jardun horri: “Landagunea oso garrantzitsua da guretzat. Orain auzoetako edo landa eremuetako beste ekoizleek ere eraman dute Elgoibarren izena mundura; adibidez, Mausitxa gaztagileak”. Munduko 50 elikagai onenen artean aukeratu berri dute Mausitxa, eta azaroan aipamen berezia egingo diote World Cheese Awards sarietan, Donostian.

Gipuzkoako mendebaldean dago Elgoibar, Debabarrenean; zazpi auzo ditu, eta “Bizkaiko kutsua” —mendebaldetik mugakide du Markina-Xemein—. Makina-erremintaz gain, beste ezaugarri nagusi bat aipatu du Beitiak, urteetan erabili dutena: Elgoibar bizi-bizixa. “Armarriaren ondoan beti jarri izan dugu aldarrikapen bezala, aurreko legealdietan ere bai. Elgoibarren beti dago zer edo zer; bizi ikusten da herria”.

Martxan dauden hainbat proiekturi jarraipena ematearekin batera, udal gobernuak herritartasuna bultzatzea du helburu: “Gure proiekturik edo baliorik garrantzitsuena gure herritarren ongizatea bermatzea izango da”. Esku artean dituen proiektu nagusien artean, kulturgintzari lotutako bat dago: Aita Agirre eraikineko kultur gunea. “Herritarrak kulturgintzan lotuko dituen proiektu indartsu bat da, dagoeneko aurreikusita zegoena”. Eraikin zahar bat da, eskola izandakoa, eta berreraiki eta berrantolatu egingo dute. “Prozesu parte hartzaile bat hasi zen joan den legealdian, 2012-2013an, eta enpresa batek dinamizatuta saiakera bat egin dugu parte-hartze prozesu horretan. Kulturgintzako talde eragileak eraikin horretara eraman nahi ditugu, lotze aldera”.

Liburutegia ere hara aldatu asmo dute, baita udaleko kultura eta euskara zerbitzuak eta udal euskaltegia ere. “Nahi duguna da kulturak eta euskarak eduki dezaten transbertsalitatea kultur eragile guztiengan”. Proiektua idazten ari da Jovino Martinez Sierra arkitekto asturiarra, eta urte bukaerarako idazketa bukatzea espero dute. “Ahal badugu eta epeek ematen badigute, datorren urtetik aurrera hasiko gara exekutatzen”.

Kultura arloari lotuta, udalak Herriko Antzokiaren inguruko ikerketa bat abiarazi du aste honetan, ematen ari zaion erabilera eta eskaera ezagutzeko asmoarekin. Telefono bidezko 770 inkestatik gora egingo dituzte Elgoibarren, Soraluzen, Mendaron, Deban eta Mutrikun. Hilaren 17ra arte egingo dituzte, eta azaroaren hasierarako ikerketaren lehenengo ondorioak prest edukitzea aurreikusi dute. Inkestez gain, Elgoibarko elkarte kulturalei lotutako lagunei eta arduradunei ere elkarrizketak egingo dizkiete.

Ongizatea bermatzeko neurrien artean, etxez etxeko laguntza zerbitzuen araudian egindako berrantolaketa aipatu du Beitiak. “Udalak konpromisoa hartu du zerbitzu horietan ekarpen gehiago egiteko”. Orain gutxi inkesta bat egin dute etxez etxeko zerbitzua erabiltzen duten familiekin, eta, Beitiaren arabera, nota “oso ona” jaso dute, bai zerbitzuari dagokionez, eta baita zerbitzua ematen duten langileen aldetik ere. “Gure barne antolakuntzan herritarrenganako gertutasun hori bermatu nahi dugu, bai langileengandik eta baita politikarien aldetik ere”.

Aste honetan aho batez onartutako beste neurri bat kaleratze egoeran dauden pertsonak babesteko jardueren protokoloa da. Helburua kaleratzeen inguruko arrisku egoerei aurrea hartzea da, baita arrisku egoeran eta gizarte bazterketa egoeran egon daitezkeen pertsonei konponbide integralak ematea ere.

Bizikidetza eta memoria historikoa ere garrantzitsua da udal gobernuarentzat. Duintasunaren Kolunbarioa ekarri du gogora Beitiak: “Gerrako biktima ezagun eta ezezagunen errekonozimendu toki bat edukiko dugu. Duela bi urte lehendakariak konpromisoa hartu zuen kolunbarioa Elgoibarren egiteko; errekonozimendua oso presente izango dugu”.

Toki estrategikoan

Zerbitzu aldetik “nahiko ondo” hornitutako herria da. “Ondo bizitzeko moduko herria da, erosoa. Herriko antzokia daukagu, kiroldegia, kanpoko igerilekuak…”. Beitiak dioenez, gainera, estrategikoki “oso ondo” kokatuta daude. “Autoa hartuta, autobidean denbora berdina igarotzen duzu Donostiara, Bilbora edo Gasteizera joateko”. Garraio publikoen zerbitzuak ere bermatuak dituztela dio; gabezia bat aipatzekotan, ordutegien loturak. “Adibidez, Bilbora joateko lotura Eibarrekin daukagu, baina bermatzen badugu Eibarrerako garraio zerbitzu hori ondo daukagula, konponduta dago. Trena ere badaukagu”.

Herri txiki-ertaina izanik —11.500 biztanle inguru—, kalean jasotzen dituzte iradokizun eta eskaerak, Beitiak azaldu duenez: “Gauza txikiak izan arren, farola bat falta zaiela adibidez, horiek zuzenean jasotzen ditugu”.

Elgoibarrek izandako bilakaera urteetan egindako lanaren ondorio dela dio alkateak: “Elgoibarri aurpegia garbitu zaio. Askoz ere euskaldunagoa da lehen baino, ongizatea hobea da, segurtasuna hobea da, politagoa da, bizia da”. Duela hainbat urte herritarrei eta udalari “buru-hauste ugari” eragin zizkien gaietako bat larunbat arratsaldeetako zarata eta zikinkeria izan zen. “Ez daukate zerikusirik oraingo asteburuek lehengoekin. Tarteka egoten dira taldeak, herri guztietan bezala, baina duela urte mordo bat lan asko egin zen”. Herri kanpotik zetozenak “kontrolatze” aldera, tren geralekua bertan behera utzi zuten denbora batez —geralekua eta geltoki nagusia dituzte—. “Trena geralekuan gelditzen da berriro, eta ez dago inongo arazorik. Urtez urte eta ekinean-ekinean lortzen da kontrolatzea, %100 kontrolatu ezin den arren”. Prebentzio kanpainak egitea ere garrantzitsua dela uste du, eta martxan dituzte hainbat ikastaro: “Eskoletan, adibidez, hainbat gai lantzen dira txikitatik —drogak, alkohola, sexu erasoak…—. Pentsatzen dut horrek ere izango duela zeresana aurrera begira; heziketan eragin egin behar da”.

[Museora] Ekainberri. Haitzulora, koban sartu gabe »

Eider Goenaga Lizaso

Ekaingo kobazuloa (Deba) 1969an aurkitu zuten Azpeitiko Antxieta espeleologia taldeko kideek. Labar artearen adibide esanguratsuena da Euskal Herrian; ondo babestu beharreko ondarea, beraz. Ekain aurkitu zuten garaian, ordea, labar artea zuten kobazulo asko publikoari irekitzeko joera nabarmena zen. “Milaka urtetan kobazuloa itxita eta hezetasun eta tenperatura zehatz batzuetan egoteak ahalbidetzen du hormetako margoak ondo mantentzea.

Atzokoari begira, biharkoa lantzen »

Lau hamarkadatan asko aldatu da euskal gizartea; ez horrenbeste Kilometroak jaia. Aldarrikapenak indarra galdu du, festa baten kontsumoaren mesedetan. Horregatik, hausnarketa prozesu bat abiatu dute, 2020an jai eredu berri bat aurkezteko helburuarekin. - Irakurri gehiago...

Lagunartean euskara mugituz »

Ainhoa Mariezkurrena

Euskaldun berriak, ikasten ari direnak, ohitura galdu dutenak, ikastola utzi zutenetik hitz egin ez dutenak, gurasoak, ikasleak… Euskaraz normaltasunez bizi nahi dutenak, babesa eman nahi diotenak, giro euskaldunean murgildu nahi dutenak eta abar eta abar. Horiek dira Mintzapraktika egitasmoko protagonistak.

Bagera Euskaltzale Elkarteak bultzatu zuen lehen aldiz egitasmoa, Donostian, 1993an, pertsona talde bat osatu eta denbora librean euskaraz aritzeko helburuarekin. Ordutik, herrien zein partaideen kopurua handitzen joan da. Izan ere, egun, 23 dira Gipuzkoan Mintzapraktika martxan duten herriak, eta 2.000 inguru mintzalagunak.

Herri bakoitza bere erara antolatzen da taldeak egiteko. Normalean zaletasunak, adina edo denbora librea hartzen dira kontuan. Joxan Apaolazak eta Javier Rodrigok, esaterako, taldea, kafea eta hizketaldia partekatuko dituzte, hirugarren urtez, Errenterian.

“Erretiroa hartu eta gero zerbait egin nahi nuen euskararen alde”, esan du Apaolazak, “euskaltegietako lau paretetatik ateratzen ez bagara, jai daukagu”. Apaolaza euskaltegiko irakasle ohia da, baina Mintzapraktikan ez duela irakasle lana betetzen zehaztu du: “Hitz egiten uzten diet, zuzendu gabe. Har dezatela hitz-jarioa”.

Rodrigok euskararekiko maitasuna, hitz egiteko borondatea eta baikortasuna adierazi du hitz egin duen aldiro: “Kultura oso polita daukagu Euskal Herrian, eta babestu behar dugu. Horregatik nahi dut euskara ikasi: hemen bizitzeko, moldatzeko eta harremanak euskaraz egiteko. Nahi dut, eta posible da”.

Hitz horien aurrean, galdera bati erantzun nahian ibili dira. Eta, orduan, zergatik ez dira euskara ikasten ari direnak euskaraz hitz egitera murgiltzen? Lotsa, tentsioa, pazientzia, ezjakintasuna, sentsibilitatea, ohitura eta prestigioa hitzak erabili dituzte galderari erantzuteko.

Euskaldun berriak bere hizkuntza ohiturak kontatu ditu: lagunartean eta etxean gaztelera du nagusi, “kuadrillak ez dakielako” eta “ohitura dugulako”. Baina etxekoek badakitela aitortu du, eta hori aldatu nahi du: “Ohitura aldatu behar dugu, baina ez dugu pazientziarik, eta presaka gabiltza beti. Nik euskaraz bizi nahi dut. Egia da indar eta esfortzu handiagoa egin dezakedala, eta egingo dut”.

Pazientzia

Euskaldun zaharrak pazientzia izan behar duela nabarmendu du Apaolazak, baina beste ikuspegi batetik: “Behin baino gehiagotan egiaztatu dut euskaldun zaharrok ez dugula pazientziarik. Lagun baten adibidea da hau; ikastolako irakaslea zen, eta senarrak ea hau eta hura nola esaten zen galdetzen zionean ‘motel, utzi bakean’ erantzuten zion. Euskaldunok badugu zer aldatu”.

Izan ere, ohiturak aldatzea ez da erraza, hizkuntzak baduelako bere gain adierazteko, izateko eta harremanak izateko modu bat. Baita ulertzekoa ere. Euskaraz badira hitz edo esamoldeak gazteleraz existitzen ez direnak, edo esanahi desberdina dutenak. “Ez da berdina euskaraz edo gazteleraz hitz egiten duena”, dio Rodrigok. Baina, ere berean, gaztelerara aldatzea ez dela zaila gaineratu du Apaolazak: “Hizkuntza ohiturak aldatzea oso zaila da, baina euskaratik erdarara, ez hainbeste”. Kasu hori azaltzeko hainbat adibide eman ditu, baita horiek justifikatu ere: “Hitz egin bai, baina sentitu ez. Edo, beharbada, sentitu bai, baina hitz egin ez”.

Horrela, mintzalagunak errealitate desberdinetatik datozela nabarmendu dute, hizkuntza zein bizitzari dagokionez. “Baina gutxienez elkar ulertzen dugu tabernan euskaraz ari garenean”.

Euskaraz aritzeaz gain, egitasmoak harremanak eta lagunak egiteko balio duela adierazi dute biek ala biek. “Kafe bat hartzeko lagun kuadrilla bat elkartzen gara”, zehaztu du Apaolazak, “elkarrizketa arruntak izaten ditugu”. Rodrigok barnetegi ibiltariak egin izan dituela gaineratzeko aprobetxatu du, Mintzapraktika ez dela euskaran trebatzeko aukera bakarra. Hala ere, hark euskarari tarte handiagoa eman nahi dio.

Prestigioaren garrantzia

Egitasmoa euskararen egoera hobetzeko aurrerapausoa dela adierazi dute Apaolazak eta Rodrigok, horren alde egiten den guztia onuragarria delakoan. Baina euskarak denen babesa behar duela garbi dute, herritar zein erakunde. “Euskarari prestigioa ematen ez badiogu, bide txarretik goaz. Haurrei euskaraz egiteko esaten diegu, eta guk gazteleraz egiten dugu. Eta haiek handitan gazteleraz hitz egingo dutela sinesten dute, ‘como tú‘. Hori logikoa da”, dio Apaolazak. “Instituzioek ere euskaraz egiteko esaten digute, baina bilerak gazteleraz egiten dituzte. Euskarari ez diote prestigiorik ematen, eta indar handia dute”.

Hedabideen eragina nabarmendu du Rodrigok, baita euskaraz dakien jendearena ere, batez ere gazteena: “Belaunaldi berriek euskara ezagutzen dute. Aurrera egiteko eta arazoa konpontzeko tresnak dituzte”. Eta euskarari bultzada emateko egungoa une aproposa dela garbi du: “Denek aprobetxatu beharko genuke hori, baita nik ere”.

Euskarari buruz gutxiago hitz egin eta euskaraz gehiago hitz egitea da kontua Apaolazaren ustez, “kirolaz, maitasunaz, sindikalismoaz, politikaz edo dena delakoaz. Jende askok euskaltegia etxean dauka: bikotekidea, seme-alaba, bizilaguna… Segi eta hitz egin gertukoekin”.

Izena emateko deia

Hizkuntza da astean behin ordubetez elkartzeko arrazoi komuna; euskara, hain zuzen. Mintzapratika egitasmoak zabaldu du jada izena emateko aukera. Bertara animatzeko arrazoiak hamaika dira. Zailagoa da, ordea, euskaraz bizi eta euskaraz aritzera ohituta dauden mintzalagunak topatzea, praktikatzera datozenak baino, Rodrigok aitortu duenez: “Joxanek egiten duena oso ausarta eta oso polita da. Bera bezalako jendea behar dugu”.

Mintzapraktikari buruzko informazioa eskuratu eta egitasmoan izena emateko aukera herri edo eskualdeko euskara elkarteetan, euskaltegietan, udaletan edo www.mintzalaguna.eus gunean topa daiteke. Bai Apaolazak bai Rodrigok parte hartzera animatu dituzte herritarrak. “Pozgarria da euskaltegitik kanpo euskaraz trebatu nahi duen jendea topatzea”, esan du lehenak. “Aurten lan egin eta asko ikasiko dut. Mintzalagun izateari uzten diodanean usoak bezala libre aritzeko”, bigarrenak. Ados jarri dira euskara hauspotzeko egin behar denari buruz: “Euskaraz hitz egin”.

Ezbeharraren bueltan lotutako bizitzak »

Eider Bereziartua

Badira gerturatzen direnean bihotza estutzen duten egun jakin batzuk. Gorriz markatuta izaten dira egutegian, eta, urteak pasatu arren, denen oroimenean segitzen dute. Horietako bat da urriaren 17a.

2001. urtea zen, eta Himalaiako Pumori mendiaren (Nepal) gailurrera iristeko lehen ahalegina egitera ilusioz gainezka irten ziren bost mendizale gazte: Iñaki Aiertza (Aizarnazabal) eta Beñat Arrue (Aizarna) gipuzkoarrak, eta Aritz Artieda (Etxarri Aranatz), Javier Arkauz (Lakuntza) eta Cesar Nieto (Iruñea) nafarrak. Bidean zirela, ordea, izotz-jausi batek azpian harrapatu zituen bost euskaldunak, eta bertan hil ziren.

“Espedizioa hamar lagunekoa zen, baina, denek batera igo ezin zutela eta, bi taldetan banatu ziren. Zozketa egin zuten zotz laburrena edo luzeena nork atera. Ez dakit nola izan zen, baina gureei tokatu zitzaien”, azaldu du Arantxa Gurrutxagak (Aizarna, 1953), istripuan hildako Beñat Arrueren amak. “Gogorra izan zen”, adierazi du Mikel Aiertzak (Aizarnazabal, 1975), Iñaki Aiertzaren anaiak: “Egun batetik bestera ematen dizute berria, eta…”

Gainera, ezin izan zituzten gorpuak erreskatatu, eta Pumorirako bidean gelditu ziren bost hilotzak. Hala ere, baikorra da Aiertza: “Nik beti diot: Iñakik mendia maite zuen, eta han baino hobeto ez dago inon”.

Hamabost urte pasatu dira ezbeharra gertatu zenetik, baina Aiertzak dio “oso presente” dutela. Urte guztiotan, “urriaren 17tik gertuen dagoen igandean, Aralarren elkartzen gara hildako guztien familietakoak”, dio. “Omenalditxoa egiten diegu”, gaineratu du Gurrutxagak: “Duela hamabost urte, sei zuhaitz landatu genituen han: bat denen oroimenez, eta beste txiki bana bakoitzari eskainita. Plaka bat ere ipinita daukagu”, esan du Gurrutxagak. Aiertzak dio “harreman oso polita” egin dutela familien artean: “Egun hori denok elkartzeko aitzakiatzat daukagu”.

Horrez gain, beste ohitura bat ere badute Beñat Arrueren guraso Arantxa Gurrutxagak eta Pello Arruek. Hiru urtetik behin, Nepalera bidaiatzen dute, eta beren semeak eginiko bidea errepikatzen dute. Datorren astelehenean, urriaren 3an, ekingo diote abenturari. Aizarnako, Zestoako, Zumaiako, Hernialdeko eta Iruñeko beste zazpi lagunekin joango dira hara.

Gurrutxagak gogoan du Benantxio Iruretak —semearen espediziokidea— 2002an nola esan zien “gazteei bisita egitera” zihoala. “Segituan animatu ginen gu ere”, dio Gurrutxagak. Ordutik, hiru urtetik behin saiatu dira bidaia errepikatzen: “Hara noan bosgarren aldia da, eta nire senarra seigarrenez joango da”.

“Hildako guztien familiak joanak gara bisitan”, azaldu du Gurrutxagak. Aiertzak dio bidaia hori “egiteko” daukala: “Nolabaiteko zorra daukadala sentitzen dut barnean. Agian, momentua iritsi zain nago hara joateko. Pena pixka bat emango dit, baina joateko gogoz nago”.

Argazkiko neskatoa, Suka

Nepalen bereziak zaizkion pertsonak eta lekuak ditu Gurrutxagak. 2001ean, ezbeharraren ondoren, “haizeak mugituta” hildakoek zeramatzaten gauza batzuk agertu ziren. Horien artean ziren Beñat Arrueren jaka eta argazki makina bat. “Argazki kamera Iñakirena zen, eta argazki film bat zeukan barruan. Film horretan argazki bat zegoen, oso polita. Neska txiki bat agertzen zen, hiru urte ingurukoa, eta Beñatekin ageri zen”, azaldu du Gurrutxagak.

Hori dela eta, 2002an Nepalera joan zirenean, haur hura aurkitu nahi izan zuten. “Benantxiok —Aneton hil zen 2003an— argazkia eraman zuen. Hark bazuen buruan zein ingurutan ateratako argazkia izango zen. Beraz, espedizioko batzuk hara joan ziren, eta hango haurrei argazkia erakutsi zieten. Ingelesez ezer gutxi zekiten, eta ez zuten elkar ulertu. Hala ere, ‘Suka, Suka’ esaten omen zuten”, dio Gurrutxagak. Azkenean, umeei jarraitu, eta “txabola moduko” etxetxo batean aurkitu zuten neskatoa. “Joaten garen bakoitzean izugarrizko hartu-emana izaten dugu Sukarekin eta haren familiarekin. Aldiro, arropak, eskolako materiala eta abar eramaten dizkiegu. Thame herrikoa da, eta herriko eskolan entregatzen dugu material guztia”, azaldu du. “Sukarentzat ere poltsa berezia eramaten dugu, opariekin”.

Hala ere, ez dakite “zein egoeratan” aurkituko duten oraingoan Suka: “18 urte izango ditu, eta, han, adin horrekin asko ama izaten dira. Gainera, ez dakigu duela urtebete izan zen lurrikarak nola eragin duen beren bailaran”.

1.000 euroko txekea

2015eko apirilean lurrikara batek astindu zuen Nepal. Zestoako Agiro Mendi Elkarteak 1.000 euroko txekea eman dio espedizioari, han laguntzeko. “Bertan bizi den Mikel Izeaga legazpiarrarekin hitz egin dugu. Berak lagunduko digu dirua bideratzen. Behar den lekura eramango dugu “, dio Gurrutxagak.