Askatasunerako bidean lagun »

Abuztuaren 19an 75 urte beteko dira Comete sarearen bitartez ihes egin zuten lehen hegazkinlari aliatuek Bidasoa ibaia gurutzatu zutenetik. Hori oroitzeko, eta Bidasoaz alde honetan aritu ziren mugalarien lana eskertzeko, Bidasoa Askatasun Bideak elkarteak bi eguneko egitaraua antolatu du. - Irakurri gehiago...

“Gastronomiagatik bada ere, merezi du” »

Olaia Iraola

Asteartea. Euskal Herrian beroa da nagusi. 36 gradu daude Mariaren Bihotza ikastolaren atarian. 14:25 dira. Hamabost bat erromes daude, atea noiz ireki zain itzal txoko apurretan sakabanatuta. Donejakue bidea ari dira egiten, eta gaua ikastola honetan emango dute. Bertara sartzeko ordutegia 15:00-22:00 da. Ohi baino ordu erdi lehenago ireki du atea Manu Peñak (Jaen, Espainia, 1947). Gipuzkoako Donejakue Bideko Lagunen Elkarteko kidea da Peña, eta badaramatza urte batzuk boluntario lanetan.

Bi minuturako, ikastolako sarrerak sardina lata bat zirudien. Jendez bete da; batzuk, kanporaino zegoen ilaran zutik, eta besteak, lurrean botata, ilara noiz baretu zain. Izerdia eta aldi berean lasaitasuna ikusten da erromesen aurpegietan. “A ze lasaitasuna”, “ze ederki gauden hemen barruan”, “gauzak hartu eta hondartzara noa” eta halako iruzkinak egiten ari dira bata besteari. Gehienak Irundik datoz, eta bidean lehenengo gaua pasatzera datoz. Batzuk bakarrik etorri diren arren, lagun berriak eginda iritsi dira lehen geldialdira. Erromesek esan dutenez, eguneko ibilbidea “oso gogorra” izan da.

Hasi dira pixkanaka logeletara jaisten. Beste laguntzaile bat dago, eta hura ari da jendea logeletara eraman eta azalpenak ematen. Garbigailua ere hark jarri die. Galdezka dabil ea norbaitek zerbait gehiago garbitzerik nahi duen. 16:00ak alderako, dagoen gela bakarreko ohatzeak okupatu dituzte. Pare bat erromes frontoiko literetara bideratu dituzte. Peñak ere frontoiko literetan egiten du lo: “Txandak ditugu hemen lo egiteko, eta egun hauetan ni egongo naiz. 05:15 alderako hasten dira sakelakoetako alarmak jotzen. Hortik aurrera jendea jaikitzen hasten da”. Ordutegian 07:00etan irekitzen dutela jartzen duen arren, badira 06:30erako bertatik irteten direnak ere. “Sartzerakoan ere lehentxeago ireki ohi dut. 14:25ak aldera sartu dira gaur. Nik Donejakue bideko 25 ibilbide egin ditut, eta euren lekuan egonda nago; ezin ditut kanpoan beroz itotzen ikusi”, azaldu du.

Batzuek deskantsatzen gelditzea erabaki dute, eta besteak azkar batean aldatu eta hondartzara joan dira. “Kokaleku bikaina du eraikin honek; hondartza ondoan dago, eta hori luxu bat da. Horrez gain, eraikina bera ere luxu bat da. Goizero mutil bat etortzen da garbitzera, eta arratsaldera arte txukun egoten da. Hortik aurrera…”, adierazi du boluntarioak.

Bero handia pasatu dutela azaldu du Victor Fernandezek (Miranda Ebro, Espainia, 1984): “Gaurko beroa ez zen normala, eta, gainera, ibilbidean zehar gora eta behera ibilita, leher eginda nago”. Santiago de Compostelara arte heltzea du xede Fernandezek: “Bideko gastronomiagatik bada ere, merezi du”.

Silvia Brunellik (Italia, 1993), Annica Stanzialek (Italia, 1993) eta Vanessa Belloriok (Italia, 1993) ere Santiagora heltzea dute helburu. Bellorioren bigarren aldia da Donejakue bideko zati bat egiten: “Duela urte batzuk Sarriatik [Galizia] Santiagora joan nintzen. Maitemindu egin nintzen bidaiarekin, eta errepikatzeko moduko esperientzia iruditu zitzaidan”. Stanzial, berriz, gurasoen esperientziak animatu du: “Duela urte batzuk egin zuten, eta argazkiak ikusita… ezin nintzen etorri gabe gelditu”.

Juan Sotoro (Albacete, Espainia, 1990) bi lagunekin ari da egiten bidea, eta esperientzia honen helburua “ibilbidea amaitzea, ondo jatea eta zerbeza hotza edatea” dela azaldu du. Petra Sharja (Eslovenia, 1989) astelehenean abiatu zen Irundik, eta Fisterrara (Galizia) heltzea du helburu: 36 eguneko ibilbidea egingo du. “Donostian behar duzun guztia daukazu; ongi jan eta edateko tabernak, eta bista ederrak”.

Bide laburragoa egingo du Caittin Rodgersek (Eskozia, 1984). Irundik Bilbora joango da, zazpi egun baititu Euskal Herrian igarotzeko: “Eskoziatik etorri naiz Donejakue bideko zati bat egitera. Itzuliko naiz bidearen beste zati bat egitera”.

Kostata lortutako lekua

Aurreko urteetan Jakintza ikastolan jartzen zuten erromesek gaua pasatzeko lekua. Aurten, obrak direla eta, Mariaren Bihotza ikastetxeak eskaini du ibiltarientzako espazioa. Lanean diharduen boluntarioak behin eta berriz eman dizkie eskerrak ikastolari eta Fernando Imaz Donejakue Bideko Lagunen Elkarteko zuzendariari: “Erromesak Donostian egoteko lekurik gabe utzi behar genituela uste nuen. Fernando Imazek ez du etsi erromesek gaua pasatzeko zerbait lortu arte, eta eskertzekoa da hori, baita ikastolarena ere”. Urte osoan irekita egongo den ostatu bat nahi dute boluntarioek. Amarako lokal bat eskaini diete, baina bi urteko obrak dakartzala azaldu du Peñak: “Ezer baino hobea bada, baina erromesentzat oso urruti gelditzen da”.

“Herrietako argiteria ez da arrazionalki kudeatzen udaletan” »

Maialen Igartua

Raul Lacalle (Ordizia, 1969) Aizkorpe Elektrikariak enpresako kudeatzailea da iazko irailetik. Hamar bazkideko kooperatiba bat da Aizkorpe, 1999an Zeles Sodupe elektrikariak sortua, eta Idiazabalgo Goardi poligonoan kokatuta dago. Hamazazpi urteko ibilbidean, garapen handia izan du enpresak, eta gaur egun ez dira instalazio elektrikoetara soilik mugatzen.

2013an Gonerlan sortu zuten, efizientzia energetikoaren ikerketaz eta garapenaz arduratzen den enpresaren ingeniaritza atala. Bide horretan, Gonerlux produktua kaleratu dute: bizikleta elektriko bati lotzen zaion argia neurtzeko luxometroa da, herri bateko argiteriaren diagnosia egiteko. Goiekik, Goierriko garapen agentziak, saritu egin du Gonerlux, berritzailea izateagatik.

Hasiera batean ohiko elektrizitate enpresa bat zen Aizkorpe, baina azken urteetan asko dibertsifikatu duzue jarduera. Nolatan?

Gure merkatua oso zabala da, eta sektore asko ukitzen ditugu. Lehen, batez ere, eraikuntza enpresentzat lan egiten genuen, baina azken lau urteetan, krisiagatik, dibertsifikatu egin behar izan dugu gure jarduera. Dibertsifikatzeko asmo horrekin, Aizkorpe Elektrikariak enpresaren barruan ingeniaritza atal bat sortu genuen 2013an: Gonerlan.

Zein da horren helburua?

Gonerlanen enfokea eraginkortasun energetikora bideratuta dago. Hortaz, Aizkorpek gaur egun ez ditu instalazioak soilik egiten. Proiektuak diseinatzen ditugu, auditoria energetikoak egin eta abar. Jendeak merkatuan oraindik ez gaitu identifikatzen enpresa integral baten modura; marketina aldatu beharra daukagu, elektrikariak baino gehiago garela komunikatzeko. Eta Goiekik emandako sariak lagunduko digu marketin hori egiten.

Gonerlux produktuagatik eman dizue saria Goiekik. Zein berezitasun ditu?

Merkatuan ikusi genuen behar bati erantzuteko sortu dugun produktua da. 2008an lege bat atera zuen Espainiak, eta lege horrek hainbat neurri betearazten dizkie udalei, argiztapen publikoari dagokionez. Bestalde, udalek gero eta eskaera gehiago egiten zituzten argiztapen publikoa aldatzeko. Errealitate horren aurrean, arazo bat identifikatu genuen: udaletan eta zerbitzu publikoetan, argiztapenari dagokionez, ez dituzte datuak garbi. Eta, aldaketa bat egiteko, datuak izan behar dira lehenik. Enpresa industrialetan hala funtzionatzen du: datuak jasotzen dira, diagnosi bat egiten da, eta aldaketak egiten dira datuek erakusten duten arazoa konpontzeko. Baina administrazio publikoak ez du horrela jokatzen. Herri txiki askotan ez dakite zenbat farola dituzten, ezta zein motatako farolak dituzten ere. Argiterian aldaketak egiteko diru laguntzak etortzen direnean, argiteria osoa aldatzen dute, baina aurretik zuten egoera ezagutu gabe. Aldaketa ez da datuetan oinarritzen.

Zein irtenbide aurkitu duzue arazo horrentzat?

Hauxe pentsatu genuen: lagundu egin behar diegu udalei herriko argiteriaren diagnostikoa egiten. Argi gutxi dago, asko dago, nahikoa da, ongi banatuta dago edo potentziatu beharra dago?

Diagnosi hori egiteko, sistema berritzailea garatu duzue. Nola funtzionatzen du?

Orain arte bazegoen sistema bat. Auto baten gainean jartzen zituzten neurgailu batzuk, eta errepideko argia neurtzen zuten. Hori baliagarria izan daiteke autobide bateko argiteria neurtzeko, baina ez Gipuzkoako herri txiki bateko kaleetako argiteria neurtzeko. Batetik, kale guztietan ezin direlako autoak sartu. Bestetik, altuera horretan neurtutako datuak ez direlako guztiz errealak. Guk garatu dugun sistema karro txiki bat da, neurgailu batzuekin —zunda luxometrikoak—. Lurretik 20 zentimetrora jartzen dira. Legediak hori eskatzen du, argia neurri horretara neurtzea. Karroa bizikleta elektriko bati ezartzen diogu. Horrela, gai gara, herri bateko kale eta bidegorri guztietatik pasatuz, argia neurtu eta geolokalizatzeko. Eskailerak badaude, eskuan hartzen dugu karroa, eta kitto.

Zein abantaila ditu zuen sistemak?

Oso ekologikoa da. Horrez gain, puntu zehatz bakoitzean zein argi kantitate dagoen esaten digu. Datu guztiak ordenagailuan sartzen ditugu, eta ordenagailuak grafikoetara pasatzen ditu. Horrek diagnostiko zehatz bat egitea ahalbidetzen digu. Grafikoan oso garbi ikusten da herriko zein gunetan dagoen argi gehiegi edo gutxiegi. Oso modu bisualean ikusten da argiaren banaketa herrian zehar.

Udalei zer eskaintzen diezue Gonerlux erabilita?

Sistema honen bidez, udal bati esan nahi diogu: zure gaixotasuna hau da. Gero udalak ikusiko du aldaketak egin nahi dituen edo nolako aldaketak egin nahi dituen. Udalak nahi izanez gero, guk proposatzen diegu nola egin aldaketak. Aldaketak egin ondoren, berriro neurtzen da herri osoko argiteria, eta beste grafiko bat egin. Bi grafikoak alderatuta, oso ongi ikusten da herriak izan duen hobekuntza.

Zein da udalek datu faltagatik egiten duten akatsik ohikoena?

Argiteria ez da arrazionalki kudeatzen udaletan. Oso ohikoa da herri osoan LED argiak jartzea, baina jartzeagatik jartzen dira. Ez dute pentsatzen agian argi gehiegi jartzen ari direla, edo ez dagoela ongi banatuta. Lehen zeuden bonbillak kentzen dituzte, berriak jarri, eta kitto. Eta kontuan izan behar da udal baten faktura elektrikoaren ia erdia argiteriak eramaten duela. Hori asko da. LED argiztapenarekin beti aurreztuko duzu dirua, edozein LED mota jarrita ere. Baina dena ez da aurreztea izaten. Sistema on eta eraginkor bat izatea da helburua.

Zein herritan probatu duzue Gonerlux?

Gabirian, Seguran, Getarian, Eibarren… Zerbitzua erabilgarri dago, eta, udalen bat interesatuta egongo balitz, gurekin harremanetan jarri besterik ez du. Beasaingo Udalak ere eskatu digu diagnosia.

Zein sari eman dizue Goiekik? Eta zer esan nahi du zuentzat sari horrek?

Enpresan buruturiko proiektu berritzailerik onena da Goiekik eman berri digun saria. Horrelako sariek erakusten dute enpresa txikiek ere badakitela gauzak egiten, eta geure buruarengan sinesteko balio digu. Bestetik, marketinerako oso garrantzitsua da. Gure enfokea momentu honetan Gipuzkoa da, eta sari bat jasotzeak gure produktua ezagutzera ematea ahalbidetzen digu.

Produktu honek balio erantsia ematen dio enpresari, eta hori saltzen jakin behar dugu orain. Guretzat garrantzitsua da jendeak ikustea ez garela instalazioak egitera bakarrik mugatzen. Horrelako sariek laguntzen dute horretarako.

“Taloa jotzen dudanero pilotari eskua gogortzen zait” »

Jon Miranda

Pilotari bezala aritzeko amaren abizena ibili zuen frontoietan: Altzelai. Gaur egun, Alkiza eta Larrabetzu (Bizkaia) artean bizi da Julen Hernandez Altzelai (Alkiza, 1989). Amets bat zuela aitortu du: bere kabuz lan egitea. Betikoak dituen ingurunearekiko eta osasunarekiko kezkak bizi proiektu bihurtu, eta taloa darabil borrokarako tresna, eko-taloa.

Noiz eta nola hasi zinen pilotan jokatzen?

6-7 urterekin hasi ginen, eta eskola bat motz edo txiki geratzen zitzaigunean eta jende gutxi bazebilen, mugitu egiten ginen: Villabonara edo Añorgara, adibidez. Oso serio hartu nuen pilota kontua. Dena eman nuen. Txapelketa batzuk irabaztea lortu nuen, tartean Elgetako lau t’erdiko azkena. Jokatu dudan bereziena izan da hori, eta baita Ogetan jokatu nuen GRAVNeko finala ere. Gero, ez nintzen gustukoa izan, eta ez ninduten onartu profesional munduan. 2012a zen, krisia bete-betean zegoen, eta pilotariak hartzeko baino gehiago botatzeko garaiak zirela esan ziguten. Hori gertatu ondoren, orrialdea pasa eta liburu berri bat idazten hasi behar nuela pentsatu nuen.

Nola sortu zenuen Eko-Talo proiektua?

Taloek betidanik txunditu izan naute. Galdetu nion neure buruari: zergatik ez atera talo berritzaile bat? Zerbait berezia? Existitzen zen produktu bati aldaketa sakon bat egin nahi nion, batez ere oinarrian: lehengaien jatorrian gehiago sakondu eta ikertu nahi nuen. Jatorri osasungarri bat, bai pertsonentzat eta bai pertsonak bizi diren ingurumenarentzat.

Nondik abiatu zenuen proiektua?

Irina da taloaren oinarrian dagoena eta proiektuaren abiapuntua izan zena. Arazoa izan nuen irin osasungarria eta ekologikoa bilatzeko. Espainiako estatuan saiatu nintzen begiratzen, baina ez nuen erraztasunik izan, ez nuen zuzenki horretan sartuta zegoen inor topatu. Donibane Garazi ondoan, nekazari bat ezagutu nuen arto irina ekologikoan egiten zuena; zazpi barietate ezberdin zituen, eta bere buruarentzat egiten zuen lan. Harekin hartu-emana egin nuen, eta asko gustatu zitzaidan haren filosofia. Ikusi nuen produktu bat jaiotzetik hil arte kontrolatzen ez baduzu ezin duzula ziurtatu ehuneko ehun produktu hori osasungarria denik. Bide horretan sakondu, eta erabaki nuen niretzako propio arto irina sortzea.

Artoa zuk ereiten al duzu?

Haziak ereiten hasi nintzen, eta beste nekazari ekologikoei pasatzen dizkiet haiek landarea erein dezaten. Gero, produkzio hori niregana bueltatzen da. Hasieran, bi ekoizlerekin hasi nintzen, eta Euskal Herri mailan gaur egun zazpi ekoizle ditut —neroni tartean—. Proiektu polita da, barietateen mantenu bat ere egiten dugu. Arto berezi bakoitzak bere prozesua du, eta berreskuratze horretan hiruzpalau urte ematen ditugu.

Gero artoa zuk irintzen duzu?

Bai. Irindu aurretik, ordea, labean sartzen dut. Bizkaian ikasi nuen hori. Behin labetik pasata goxoagoa eta hobea geratzen da artoa; erdi egina geratzen da, eta urdailarentzat errazagoa da irensten. Gero, errota berezkoa dugu hemen etxean, eta alea eskuz ehotzen dugu, galbahetik pasa eta guk nahi diogun lodiera ematen diogu. Guk kontsideratzen dugu irin integrala dela gurea, eta horrek ere urdailari mesede egiten dio.

Osasungarria da zuek egiten duzuen taloa. Zergatik?

Gureak ez du glutenik. Masa egiteko, Bretainiatik jasotako formula bat ekarri genuen —hemengoaren oso antzekoa—, eta lortu dugu talo bat egitea zeliakoentzat aproposa dena, laktosarik gabekoa. Gure postutik ez da inor joango taloa jan ezin duelako. Beti dugu alternatiba bat. Orain arte jan ezin zuten pertsonek taloa jaten dute gure postuan.

Pilotari izanik, ez duzu zailtasunik izango taloa jo ahal izateko.

Pilotari jo beharrean orain taloari jotzen diot. Taloa jotzen dudan bakoitzean eskua gogortzen zaidala iruditzen zait —barrez—. Denek dute arazo bera: nola egin talo bat apurtzen ez dena? Prozesuaz gain, lehengaiak behar du ona izan. Eta guk ehuneko ehuneko bermea dugu: freskoa, ekologikoa eta guk kontrolatutakoa da produktua.

Nola egiten duzue lanketa hori guztia gero saltzeko?

Postu modernoago bat badugu, food-truck bat, altzairuarekin egina eta ikusgarria. Bestalde, txosna moduko bat ere ibiltzen dugu jaiez jai. Bai kasu batean zein bestean kontua da zer transmititu nahi diozun publikoari. Taloaren atzean gauza asko daude, eta horiek azaleratzen saiatzen gara: ekonomia sare oso bat, laborantza sistema bat sostengatzen duzu Eko-Talo postuan kontsumituz gero.

Zerekin betetzen duzue taloa eta zerekin lagundu?

Txorizoa-hirugiharra, gazta-txokolatea binomio horretatik atera nahi genuen taloa. Horiek duten indarra mantendu nahi dugu, baina produktu berriak atera nahi ditugu. Talo begetala nobedade bezala eskaini genuenean, jendeak errezeloz begiratzen zion. Porru, azenario, piper gorri, tipula eta garaiko produktuekin osatzen genuen, brokoliarekin eta azarekin, esate baterako. Prozesu luzeagoa da, baina merezi du. Orain, txanpinoiak ere sartu ditugu, eta artoarekin oso ondo geratzen direla ikusi dugu.

Zein asmo dituzue aurrera begira?

Tabernei bultzada bat eman eta jai giroa sortzeko asmoarekin, talo egunak eta talo jaiak egiten ditugu. Musika eramaten dugu, eta taloa, edaria eta beste hainbat produktu eskaintzen ditugu. Egunerokotasunera eraman nahi dugu, eta ez dugu lotu nahi jaiegun berezi eta bakanekin. Bultzada berri bat eman nahi diogu taloari, gauza berriak egiteko. Ez dezagun antzinako produktu bat balitz bezala ikus, zerbait berritzailea izango balitz bezala baizik, zapore berriak kudeatzeko balio duen jaki moduan.

Dantzak batzen ditu »

Aizpea Amas

Heldutasunera iritsi da Gaztefolk Bidasoko Gazteen Nazioarteko Folklore jaialdia, hogei urte bete baititu. Bide horretan, Irun eta inguruko gazteak dantza eta folklorearen munduan murgildu nahi izan dituzte, eta, oraindik ere egiteko bide luzea daukaten arren, dagoeneko finkatutako udako jai bat bihurtu da eskualdean. Aurtengoa egunotan egiten ari dira, eta uztailaren 26ra arte iraungo du.

“Duela hogei urte ez zen deitzen Gaztefolk”, zehaztu du ekitaldiren atzean dagoen Eraiki dantza taldeko kide batek, Koldo Riberak. Orduan, Bidasoko Gazteen Folklore Jaialdia zen. Hori sortzeko motibazio nagusia gazteen artean dantza sustatzea izan zen: “Dantza haur eta gaztetxoekin lotzen zen, eta 10-16 urtekoen buelta horretan ikusten genuen dantzariek alde egiten zutela beste aisia aukera batzuetara”, azaldu du Riberak. Horrela, dantza jaialdi bat egitea bururatu zitzaien, non protagonistak gazteak eurak izango ziren. Helburu nagusia adin horretako jendea erakartzea eta euren lana erakusteko beste modu bat sortzea zen, eta, “bide batez, nazioartean sona hartzea, kanpoko taldeak erakartzeko”. Era berean, Irunen folkloreari lotutako ekintza asko izaten ez zirela ikusita, horien presentzia bermatu eta bultzada eman nahi izan zuten antolatzaileek.

Lehen jaialdi hartan, Espainiako Estatuko taldeen bisita jaso zuten, eta Kroaziatik etorri zen talde bat. Hasierak gogorrak izan zirela du gogoan Riberak: “Jendearen borondatearekin atera genuen aurrera, eta gure dantza taldeko neska-mutilen etxeetara joaten ziren lo egitera”. Urteen poderioz, ordea, beste sistema batzuk asmatu dituzte, eta, egun, herriko ikastetxe bat egokitzen dute egoitza gisa —bertan lo egiten dute talde guztiek—. Gazteluzar eskolan egongo dira aurten.

Hogeigarren ekitaldi honetan, Georgiatik, Poloniatik, Perutik eta Ukrainatik etorriko dira dantzariak. Aspaldiko partez, Ozeano Atlantikoa gurutzatzea lortu dute. Nazioarteko taldeak ekartzea, ordea, ez da batere lan samurra izaten, eta administrazio arloko tramiteei —oztopo nagusia— ekonomikoa batu behar zaie. “Gaur egun, jaialdiaren kostuaren zati handi bat boluntario lanaren bidez ateratzen da aurrera; esate baterako, janariak, lo egiteko tokia, garbiketa, kartelak banatzea eta abar haien esku dago”. Horiek gabe ezingo litzatekeela jaialdia sostengatu, Riberak zehaztu duenez.

Gaztefolk errotuta dagoen arren, jaialdiak gazterian eta Irungo gizartean eragin handiagoa izan dezan oraindik ere bide luzea duela aitortu du Eraiki dantza taldeko kideak. Gaur egun, hori gauzatu ahal izateko aukerak aztertzen ari dira. Helburuak lortzeko estrategia batzuk ekintza gehiago denbora laburragoan kontzentratzea edo kalean denbora gehiago pasatzea izan daitezke, Riberaren iritziz.

Orain lanean ari diren ildo nagusia elkarlanarena da. Horrela, beste elkarte batzuekin lan egin nahi dute, lagundu dezaten eta jaialdia haz dadin. Dagoeneko hasi dira Solas Jolas udalekuekin lanean, zahar egoitzekin, musika eta kulturaren arlo batzuekin… Esaterako, aurten, Irungo bandaren laguntza izan dute inaugurazio ekitaldian, eta talde bakoitzaren pieza bana jo dute.

Riberaren esanetan, beste erronka bat da jaialdiaren sostengu ekonomikoa eta baliabideak mantentzea. Egun, udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jasotzen du. “Atzetik babesa eduki behar dugu, eta, askotan, kosta egiten zaigu hori aurkitzea”.

Datozenek, doazenentzat »

Julene Frantzesena
Herritarrek mundu zabaleko edozein tokitara egindako bidaien azalpenak jasotzeko eta bizipenak gainerako herritarrekin partekatzeko, www.neubidaiari.eus ataria sortu dute hiru azpeitiarrek. Bidaia batetik datozenek bidaia batera doaz…

[Herriz herri] Berrobi. Guztia estal ez dezan »

Maite Alustiza

Urteko “proiektu garrantzitsuena” egin bidean du Berrobiko Udalak: eskolako patioa estaltzea. Adjudikatua dute, eta obrak hastear dira. “Umeak eskolan ez zeudela aprobetxatu nahi genuen. Atzeratu egin da, baina irailerako izango dugu, bai”, ziurtatu du Iñigo Aiertza alkateak. Herrian beste edozein egitasmo gauzatzeko bezala, diru laguntza bat behar izan dute estalkia egin ahal izateko —60.000 euro jaso dituzte—. “Ez badaukagu diru laguntzarik, ezin dugu ezer egin”. Eskola berriak orain hamar bat urte egin zituzten, eta kanpoan saskibaloian, futbolean eta abarretan jokatzeko tokia du, baina aire zabalean: “Negu partean badakizu zer izaten den hau…”. Beste futbol zelai bat badaukate herrian, baina hori ere estali gabe dago.

Patioko kostuarekin “baldintzatuta” dauden arren, udalak ez du nahi horrek gainerako guztia estaltzea. Martxan edo buruan dauzka beste hainbat proiektu, herriko baratzeena, esaterako. Ekogunearekin elkarlanean, baratzeak jartzen ari dira, eta hamalau familiak hartuko dute tokia; “adin desberdinetakoak, emakume zein gizon”. Igone Saldias Ingurumen eta Landa Garapeneko zinegotziak azaldu duenez, baratzeetara iristeko bidea egokitu egin dute, eta herritarrek jada probatu ahal izan dute lurra: “Oso ona dela esaten dute. Talde bezala oso ondo ari dira funtzionatzen, Ekoguneak ere ikastaroak ematen dizkie…”.

Berrobin jaiotakoak ez ezik, gerora kanpotik etorritakoak ere animatu dira parte hartzera. “Baserritarren jarraipenekoak ez direnak daude tartean. Baserria daukagun askok ez dugu segitu nahi, eta ez daukatenek, berriz, nahi dute. Horrela norberarentzat badute lur sail bat, seme-alabekin joateko… martxa onean ari dira”.

Udalbiltzan sartuta dago Berrobi, eta horretan, udalak energia burujabetzarantz pausoak eman ditzaten bultzatu nahi dituzte —kontsumoaren murrizketa, efizientzia, tokian tokiko energiaren sorkuntza…—. Bide horretan, Aiertzak jakinarazi du ikerketa bat hasiko dutela irailean, estaliko duten eskolako patioan: “Estalkia nahiko laua izango denez, eta azalera handikoa, eguzki plakak jartzeko ikerketa bat egingo dugu. Lehenengo ikusi egingo dugu ea jartzea komeniko litzatekeen”.

Herriko argiteriari lotuta, kaleetako argiak aldatzen ari dira. “Ez da merkea, baina pixkanaka ari gara LEDak jartzen”. Erreka ondoko paseoa argiztatzeko asmoa ere badute: “Jende asko ibiltzen da paseatzen, eta negu partean oso iluna geratzen da. Diru laguntza bat eskatu dugu”.

Kanpai hotsak ere berreskuratzekotan dira. Aiertzak azaldu duenez, egungo kanpaiak makineria oso zaharra dauka, eta konpontzen saiatu arren, desgastatuta dago, eta berritzeko asmoa dute: “Jendeak faltan sumatzen du kanpaien soinua”. Gaztetxean ere izango dira berrikuntzak: peletako galdara jartzea onartu dute.

Ondo hornituta

Herri txikia izateko “ondo hornituta” daudela uste du Aiertzak. 560 biztanle inguru dauzka Berrobik, eta Tolosatik bost kilometro eskasera dago: “Garraio aldetik jendea gustura dago; autobusa daukagu, eta Tolosaldean gehien erabiltzen den linea da”. Mediku zerbitzua astean bitan izaten dute, eta jendea “konforme” dagoelakoan daude. Horrez gain, denda bat dute, farmazia, okindegia, harakina, elkartea eta bi taberna.

Azpiegituren aldetik dituzten asmoez gain, herritarrei begira jardun nahi du udalak. Jendea “aktibatu” nahi dute, eta, Saldiasen arabera, zeregin horretan dabiltza: “Giroa nahiko hotza edo urrunekoa zegoen udalaren eta herritarren artean, eta dinamizazio lana egiten saiatzen ari gara. Saiatu gara herria pixka bat mugitzen, bai gazteak, erretiratuak… parte hartzea gehitzen”.

Herritarren hitza

Abuztuaren 28aren bueltan izango dituzte festak Berrobin, sanagustinak. Herritarren parte hartzea aintzat hartuta, jaiak haiekin antolatu nahi izan dituzte, Saldiasek azaldu duenez: “Umeen Eguna eurekin antolatu nahi izan dugu, erretiratuena eurekin… Nahiz eta festa batzorde bat osatuta eduki, egun bakoitza dagokionarekin osatzen saiatu gara. Umeena aberasgarri joan da; beraiek hartu dute protagonismoa, eta ez da egin beti bezala, handien burutik pentsatuta”.

Festetatik aparte ere, parte hartzeari garrantzia eman nahi dio udalak, aurrekontuak osatzerakoan, adibidez. Proposamenak gauzatu ahal izateko, ordea, patioaren estalkiak jartzen dizkien mugak gogoratu ditu Aiertzak: “Larri gabiltza patioko kostua ordaintzeko, eta badauzkagu jendeak egin dituen eskaerak, baina ezin ditugu aurrera eraman nola ibiliko garen ziurtatu arte”. Bat dator Saldias: “Aurten orain arte ez dugu erantzun berezirik eman aurrekontu aldetik harrapatuta gaudelako, baina zerrenda luze bat badaukagu, herritarrek behar bezala ikusten dituztenekin. Horra joko dugu estalkiarena bukatu ondoren”. Besteak beste, herriko parkea, herrian dagoen baranda falta eta txakur kaken inguruko neurriak aipatu dituzte. “Oso kontziente gara horiez, eta aurre egin nahi diegu, baina zifra ekonomikoak egin arte”.

Herri bete euskaldun berri »

Lazkaoko Maizpide euskaltegi eta barnetegira aurten ere munduko toki ezberdinetako jendea animatu da euskara ikastera. Udako ikastaroen lehenengo txanda gaur amaituko da, eta astelehenean hasiko da bigarrena. Abuztuan ere bi ikastaro izango dira, eta, irailean, beste bi. - Irakurri gehiago...

Akuilua berriro zorrozteko unea »

Eider Goenaga Lizaso

Euskararen erabileraren sustatzaile, euskaltzaleen bilgune eta euskaldunen akuilu izateko bokazioarekin sortu zen Bagera elkartea, Donostian, duela 25 urte. Euskaldunentzat eta euskaltzaleentzat erreferente bihurtu da elkartea; baina, urteurrenarekin, Bagerak gogoeta prozesu bat abiatu du, elkartearen egitekoari, lanari eta erronkei buelta bat emateko. Akuilua zorrozteko garaia dela uste dute, eta horretan ari dira buru-belarri. Zuriñe Gonzalez (Donostia, 1977) eta Aitziber Gurutzeaga (Donostia, 1971) Bagerako langileek eta Dani Goñi (Donostia, 1957) elkarteko lehendakariak begiratu bat egin diote iraganari, orainaren gaineko irakurketa egin dute eta etorkizunari begiratu diote.

Elkartearen sorreratik da Goñi Bagerako kide, eta hastapenak oso gogoan ditu. Koro Zumalabe, Joseba Barriola eta Joxean Amundarain aipatu ditu sustatzaile nagusien artean, eta, testuingurua azaltzeko, Arrasateko AED elkartearen sorrera (Arrasate Euskaldun Dezagun) eta Txepetxen teoriak garatzeko sortutako Adorez mintegia nabarmendu ditu. “Horiek abiapuntu hartuta, Donostian zerbait egin behar zela pentsatzen zuten, eta lanean jarri ziren. Ahoz ahoko lan handia egin zen, batekin eta bestearekin bilerak eginez, egitasmoarekin bat egingo zuen jendearengana hurbilduz”. Bilera ugari egin zituzten elkartea gorpuztu aurretik. “40-50 lagun elkartzen ginen bilera batzuetan, eta hasierako batzarretan Andia kaleko aretoa goraino betetzen genuen; 200 lagun baino gehiago joaten ginen”.

Ilusioa eta gogoa

Zerbait aipatzekotan, “ilusioa” aipatzen du Goñik. “Izugarrizko ilusioa eta gogo handia antzematen ziren gure artean. Hamar urtean Donostia euskaldundu behar genuen”, dio irribarrez. “Sekulako indarrarekin hasi ginen; eta, agian, horixe da orain abiatutako prozesuarekin lortu nahi duguna, hasiera hartan izandako indarra eta ilusioa berreskuratzea”.

900 bazkide ingururekin hasi zuen ibilbidea Bagerak, eta bazkideen gogoaz eta indarraz egin zituen lehen urratsak. “Hainbeste jende elkartzen ginen, gehiegi ginen ondo funtzionatzeko, eta lantaldeetan banatu behar izan genuen”. Kultura taldetik Asteazken Kulturalak sortu ziren; komunikabideen taldearen eskutik, Ser irratian irratsaio bat egin zuten hasieran, eta Irutxulo aldizkaria sortu zuten gero; haur eta gazteen sailak Udaberri Jaiak antolatzen zituen, eta ikastetxeetan ere egiten zuten lanketa; sentsibilizazio taldeak hitzaldiak, mintegiak, soziolinguistika ikastaroak… antolatzen zituen; aditu taldea ere bazegoen, nondik norakoak aztertu eta gogoetarako… Mintzalaguna egitasmoa ere ia-ia hasieran sortu zela dio Goñik, eta kale behaketak ere bai.

Asteazken Kulturalak, Mintzalaguna, kale behaketak, soziolingustika solasaldiak… hasiera hartan martxan jarritako jarduera askori eutsi egiten die oraindik Bagera elkarteak. Eta gehiago ere badira: Mintzodromoa, Auzoko egitasmoa, Mintzakuadrillak, Memelarien lehiaketa… Donostian antolatzen diren jaialdietako euskararen erabileraren inguruko behaketak, adibidez, urtero egiten dituzte: Aste Nagusia, Jazzaldia, Giza Eskubideen Zinema Jaialdia, dFeria, Beldurrezko eta Fantasiazko Zinema jaialdia… Goñik oso gogoan du behaketak egiten nola hasi ziren. “2 urte eta erdiko alabarekin Aste Nagusian umeentzat antolatutako ekitaldietara joaten hasi nintzen, eta dena gaztelera hutsez zen: jolasak, txotxongiloak… den-dena gaztelera hutsean. Hortik sortu ziren behaketak. Lehena nik egin nuen, eta erabaki genuen ‘hau egin egin behar da’. Pentsa nolako ibilbidea egin duen geroztik”.

Sendotu ahala, itzali

Hastapen haietan bazkideen borondatez eta haien lanari esker egiten ziren jardueretako asko, ordea, Bagerako langileen esku gelditu dira urteen poderioz. “Bagerak erreferentzia izatea lortu du, proiektua sendotu egin da, azpiegitura bat izatea lortu dugu; baina nik uste dut jendearen parte hartzea eta ilusioa galtzen joan dela bidean, itzaltzen joan dela”, dio Goñik.

“Momentu honetan ez dago lan sailik, ezta lan sailak osatzeko jenderik ere”, azaldu du Gurutzeagak. Lau langilek eramaten dituzte aurrera Bageraren jarduera guztiak. “Eta egia da Bagera sendotu egin dela, eta sendotze horrek ematen digula aukera lau langile izateko; baina, aldi berean, horrek eragin du jarduera guztia gure esku gelditzea. Egia da ere, jardueraren bat aurrera eraman behar dugunean eta boluntarioak behar ditugunean, izaten dugula laguntza; baina gu joaten gara laguntza horren bila, eta guk nahi duguna da jendea gugana etortzea, alderantzizko bidea ere egitea”.

Egoera horretan, hasieran zegoen ilusio hura, lanerako gogoa eta herritarren parte hartzea berreskuratzea jarri dute 25. urteurreneko erronka nagusi moduan. “Azken urteetan askotan egin dugu gure jardunari buruzko gogoeta, ikusten genuen beharra proiektuari buelta bat emateko, etorkizunera begira lan ildo berriak zehazteko, eta hausnarketak askotan egin ditugu; baina bakoitza bere lanean murgilduta egon gara, inertziaz lan egin dugu askotan, ikasturtea hasten zen berriro eta egunerokoak ez zigun uzten pauso hori ematen. Orain, aprobetxatu nahi izan dugu urteurren borobila dela jauzi hori egiteko”, gaineratu du Gonzalezek.

Bazkide berriak

Urtea hastearekin Bagerak hainbat urrats egin ditu bide horretan. “25 urteurrenarena aitzakia bat da, orain da momentua berritzeko, birsortzeko, aktibazio lana egiteko… Orain arteko lanean jendea euskararen inguruan aktibatzea izan da gure egiteko nagusia”. Besteak beste, bazkide berriak egiteko lanean aritu direla azaldu du Gonzalezek, eta pozik daude emaitzarekin. Bagerak, sorreratik, ez du inoiz bazkide berriak egiteko kanpainarik egin, eta horri eutsi diote aurten. “900 bazkide ingururekin hasi baginen, egun erdiak-edo gelditzen ziren. Batzuek utzi egin dute, jende bat kanpora joan da bizitzera, beste batzuk hil egin dira; hasierako bazkideak 25 urte zahartu dira, eta behar ziren bazkide berriak, bazkide gazteak, lan egiteko gogoa duten bazkideak”, azaldu du Gurutzeagak.

Gonzalezek esandakoaren arabera, lehen urrats moduan Ekarri bazkide berri bat kanpaina jarri zuten martxan. “Bazkide bakoitzari eskatu genion bazkide berri bat ekartzeko, garenak bider bi izatea, bazkideak bikoiztea. Horrekin, batetik, bazkideen inplikazioa bilatzen genuen, eta, bestetik, jende berria erakartzea; eta oso ondo joan da. Bi hilabetetan 120 inguru egin ditugu”. Bazkideak lortzeko kanpainak egiten jarraituko dute aurrerantzean ere; ez dute asmorik beste 25 urtez hori lotan uzteko. “Harrera oso ona izan da; jendearengana joan garenean, ondo erantzun du jendeak, eta ni harrituta nago”, gehitu du Gurutzeagak.

Bagera berritzeko bidean euskarri berriak, irudi berria eta bide berriak lantzen hasi direla dio Gurutzeagak. Besteak beste, gazteengan jarri dute arreta berezia. “Konturatu ginen gazteen arloa nahiko abandonatua genuela eta horiei begira hainbat gauza jorratu ditugu, eta ari gara jorratzen: Mintzakuadrillak, Memeen lehiaketa, elkarlana Piratekin…”.

Urtea amaitzen denean, Bagera berritu bat izatea espero dute mahaiaren bueltan bildutako hiru kideek. “Baina, batez ere, etorkizuneko erronkak finkatzea da bilatzen duguna. Ez dugu guk izan nahi erronkak finkatuko ditugunak; guk ere parte hartuko dugu, baina gustatuko litzaiguke parte hartze zabalagoa izatea, Donostiako euskaltzaleek hitza izatea, epe ertain zein luzerako erronkak eta egitekoak haiekin batera zehaztea”, azpimarratu du Gurutzeagak. Behin prozesua amaituta, iritsiko zaio Bagerari ospakizunetarako tartea. “Ez genuen 25. urteurrena ospakizun hutsa izatea nahi, elkartearentzat inflexio puntu bat izatea nahi genuen”, dio Gonzalezek. Hala, behin prozesua amaituta, ospakizunak 2017an izango direla iragarri dute.

Aukerak eta arriskuak

Bagerarekin gora eta behera ibili arren, Goñik zehaztu du helburu nagusia ez dela Bagera indartzea. “Bagera, azken finean, tresna bat da. Bagera indartuta, lanerako aukera gehiago izango ditugu, baina gure helburu nagusia da donostiar euskaltzaleak aktibatzea, Donostian eragitea, euskararen erabilera sustatzea”.

Goñiren esanetan, sorreratik euskararen erabilera izan da Bageraren kezka nagusia: “Garai hartan, ezagutza ez zegoen orain dagoen mailan; baina Donostian bazegoen euskaldun poltsa handi bat. Erabilera esparruak falta ziren, antolatzen zen ia guztia gazteleraz egiten zen, irakurtzeko aukerarik ia ez zegoen…”. Egun, zalantzarik gabe, erabilera esparru gehiago dagoela, ezagutza asko igo dela baina erabilera ez dela maila berean hazi nabarmendu du Goñik, eta horrek ez diola “baikor” izateko arrazoirik ematen. “Inflexio puntu batean gaude, eta atzera egiteko arriskua dago. Ezagutza hazi bada eta erabilera ez bada hazi, horrek esan nahi du atzera egiten ari garela. Hor badaude faktore batzuk, gure eskuetatik ihes egiten dutenak, eta horri eutsi behar diogu, adi egon behar dugu atzera joan ez gaitezen. Orain, erabaki behar duguna da nola egingo dugun lan hori hurrengo urteetan”.

Etxerako buelta, beldurrik gabe »

Olatz Mitxelena
Emakume askorentzat kezka iturri izaten da jaietan gauez irten eta etxera buelta nola egingo duten erabakitzea. Tamalez, beldurrez etxeratzen dira asko jaietatik itzultzean, eta gaiari lotutako azken albisteek, gainera, ez dute batere …