Musikaren Eguna. 1.440 minuturako doinutegia »

Maite Alustiza

Musikarik gabeko minutu bat ere ez egotea. Hori lortu nahi dute bihar Donostian, eta, horretarako, goiz eta arratsalderako kontzertuak prestatu dituzte. Asteartean izango da Europako Musikaren Eguna, baina Donostian aurreratu egin dira. Hiru gunetan egongo da musika: bederatzi talde FNAC inguruan —denda barruan eta Loiola kalean—; Musikeneko ikasleen kontzertua, Nautikoan; eta DJak Alderdi Ederren, Donostia 2016ren informazio puntuan.

FNAC

11:00etan: Iruñeko Baobabs Will Destroy Your Planet hirukoteak euskara hutsean abesten du. 2014ko urrian osatu zuten taldea, eta handik hilabetera estudioan sartu ziren, lau kantu grabatzera. Euren lehen diskoa, berriz, aurten grabatu dute, eta ez edonon: Londresko Abbey Road estudioetan egin dute, Iñaki Llanera ekoizlearekin. Hala, estudio horietan euskaraz grabatu duen lehen banda da. Eymard Uberetagoenak (ahotsa eta gitarra), Daryna Sadtxikovak (sintetizadoreak) eta Eneko Reketibatek (bateria) osatzen dute taldea.

14:00etan: Pablo Blix bakarka ariko da, ahotsa eta gitarra. Haren bakarkako proiektuetako bat Petrol Guillermo da, eta, horrez gain, Acido C boskoteko kide da.

15:30ean: Iñigo Serrulla Donostiako 20 urteko bakarlaria da. 17 urterekin hasi zen gitarra jotzen; geroztik, musika munduan ibili da. Indie-folk musika jorratzen du, eta, iaz, Gure Bazterrak saria irabazi zuen. Horri esker, Gure Bazterrak jaialdian jotzeko aukera izango du aurten. Bakarka aritzeaz gain, Burun Danga taldeko kide ere bada —Malus Domestika diskoa kaleratu berri dute—.

16:30ean: Nothing Box Donostiako taldea Marcos Ubiriak (gitarra, baxua eta ahotsa), Koldo Bellosok (gitarra eta baxua) eta Aitor Mansillak (bateria) osatzen dute. 2014ko martxoan sortu ziren, Burnout izenarekin. Aurten grabatu dute euren lehen EPa, Yon Vidaurrekin. Pop rock alternatiboan mugitzen dira, eta hainbat talde dituzte erreferentziatzat; besteak beste, Oasis, Arctic Monkeys, Green Day, Berri Txarrak eta Weezer.

LOIOLA KALEA

12:00etan: Indie-pop eta folk estiloetan oinarritzen da Autumn. Nuria Culla 21 urteko bakarlari donostiarra dago izen horren atzean. Abesti propioak sortzen ditu, eta bertsioak ere egiten ditu; horien artean daude Amy Whinehouseren, Russian Reden eta Frank Sinatraren kantuak.

13:15ean: Gus Gonzalez, Manu Gestido eta Sergio Villarren ekimenez gauzatu zen Sky Beats, 2012an. Jazz, soul eta blues kantuen bertsio talde bat egiteko asmoz, Lidia Insausti abeslariarekin bat egin zuten, eta orduan sortu zuten Sky Beats. Martxoan euren lehen lan luzea aurkeztu zuten, Ad Libitum, eta hori da Donostian aurkeztuko dutena. Ingelesez ondutako hamabi kantak osatzen dute diskoa; eurek sortuak dira horietatik 11, eta bestea Billy Prestonen Will It Go Round it Circles abestiaren bertsioa da.

17:30ean: Asier Beramendiren proiektua da Eraul. Indie-folk estiloa dauka taldeak, eta euskaraz zein ingelesez abesten dute; ahotsak garrantzi berezia du, melodiaren gainetik. 2014ko maiatzean demo txiki bat grabatu zuen Beramendik Goteborgeko (Suedia) estudio batean, eta iaz hiru kantako lan bat plazaratu zuen Eraulek. Egun, Beramendik taldekide ditu Julen Idigoras, Borja Anton, Garazi Esnaola, Maria Bustos eta Julen Barandiaran.

18:45ean: Howdy 2012an Donostian sortutako taldea da. Euren musika country estiloan oinarritzen da, eta abesti klasiko nahiz garaikideak jotzen dituzte. Howdy osatzen dute Jon Arzelusek, Julio Gallok, Julen Maestrok, Jon Antonek, Landon Cothamek eta Gorka Arranzek.

20:00etan: Ramones talde mitikoaren bateria-jotzailea da Marc Steven Bell, Marky Ramone izenez ezaguna. Marky Ramone’s Blitzkrieg proposamenarekin 1970eko urteetako punk rocka dakar. Aurten 40 urte dira Ramones taldeak lehen diskoa plazaratu zuela, eta Ramone bandaren klasiko guztiak jotzen dabil bira batean.

NAUTIKOA

11:30ean: Crespo’s Brass. Taldekideak: Raquel Ruiz (tronpeta), Andres Brau (tronpeta), Monica Garcia (tronpa), Cristian Buades (tronboia) eta Miguel Jimenez (tronboia).

12:30ean: Kantua. Kontzertua Elisa Diaz sopranoarekin eta Albet Mena teklatu-jotzailearekin.

13:30ean: Jazz taldea.

17:30ean: Crespo’s Brass.

18:30ean: Kantua.

20:00etan: Jazz taldea.

DONOSTIA 2016

11:30etik 13:30era eta 18:30etik 20:00etara: DJ Makala.

20:00etatik 22:00etara: DJ Javi P3z.

“Ikaragarria da Beasainen hiru lasterketatan ia 1.200 korrikalari elkartzea” »

L. Agirre
Beasaingo Arrastaka mendi elkarteak zazpigarren aldiz antolatu ditu Ehunmiliak probako lasterketak: 168 kilometroko Ehunmiliak ultratraila, 88 kilometroko Goierriko Bi Handiak, eta 42 kilometroko Marimurumendi maratoia. Uztailaren 8tik 10era,…

Mikro-Orlandoak »

Leire Narbaiza

Aurreko asteko ostegunean, trena hartu nuen Elgoibartik Eibarrera etortzeko. Iluntzea zen eta nahiko beteta zetorren, sasoiko lehenengoetako eguraldi eguzkitsua izan baikenuen. Jendea, ni legez, etxera bueltan zetorren, asko eta asko hondartzatik, Debatik. Halakoetan gertatzen den moduan gaztetxo asko zegoen bidaian.

Nire ondoko konpartimentuan hiru mutil eta neska bat zetozen. Ez dakit zenbat urte izango zituzten, baina lehenengoz botoa emateko adina ez zuten urrun izango. Hortxe, mugan, adindun bihurtu berri edo bihurtzeko puntuan. Neska erdi-lo zetorren mutiletako baten sorbaldan burua jarrita. Biak ikusten nituen nire aurrekoen ondoan eserita zeudelako; hau da, ia parez pare gindoazen.

Kontua da, mutilak ahots ozenez —adin horretan sarritan gertatzen den moduan— azaltzen ziharduela zein gutxi ikasi zuen. Harro zioen bere gelako neskak Whatsappez ari zirela kontatzen ikasi eta ikasi zebiltzala; eta bera bitartean futbol amerikarra ikusten. Harritzekoa zela, neskak estututa, bera lasai.

Lautan-edo errepikatu zuen hori. Betiere neskenganako mespretxuz, esajeratu hutsak zirela, bizitza sozialik ez zutela eta abar. Ar gazte bat bere arkeria aldarrikatzen adiskide eta neska-lagunaren aurrean.

Segitu zuten berbetan. Eta halako batean gogoratzen ez ditudan futbolari batzuen izenak aitatu zituzten. Ar gazteak, ozen atzera ere, esan zuen jakin berri zuela futbolarietako bat marikoia zela (gaztelaniaz ari zen eta “maricón” esan zuen). Disgustu itzela hartu zuela, mito bat erori zitzaiola, Twitterren hondotzat jarria zuela haren argazkia hain idolo handia baitzen berarendako. Eta horrelakoak komentario guztiak. Nik purrustada bat egin nuen ozen eurei begira. Ez ziren konturatu, nahiz eta zuzen eta erdeinuz begiratu nien.

Jarraitu zuen diskurtsoa esanez aitatutako beste jokalariak nesken prakak erabiltzen zituela, eta horrela janzteko hobe zuela buztana moztea, gizon ez bazen sentitzen! Zerbait esateko gogoz nengoen, baina ez nintzen ausartu. Gainera, nire geltokira iritsita nengoen. Aitzakia ederra aurkitu nuen ezer ez aurpegiratzeko!

Koldarkeriagatik ez nion ezer bota, ernegatzen banengoen ere. Halakoetan ez naiz batere ausarta, aitortu behar dut. Marmarrek, purrustadek eta begirada okerrek ez zuten ezertarako balio izan, ez zirelako interpelatuta sentitu. Egia esatera, konturatu ere ez ziren egin.

Pasatu zen eta ahaztu nuen. Baina igandean berriro ere etorri zitzaidan pasadizoa, Orlandoko sarraskiaren berri izan nuenean. Benetan damutu zitzaidan konturik ez hartu izana, errieta ez egitea mutil gazte hari. Uste dudalako ez dugula onartu behar inoiz halako adierazpenik inon. Badela ordua denok halako lelo homofoboei aurre egiteko, ez onartzeko eta gaitzesteko.

Kargu hartuta ez genuen Orlandokoa saihestuko, jakina. Baina, beharbada, gazte horiek niri agiraka entzun izan balidate, hausnartzeko momenturen bat hartuko zuketen, ahotik jaurtitako guztia egokia izan zen ala ez pentsatzeko, mikro-Orlando bat egin zutela, alegia.

Seguruenera ez zuen ezertarako balioko. Hala eta guztiz ere, konbentzituta nago pauso bat aurrera eman behar dugula halakoetan, nik egin ez banuen ere. Horrela baino ezingo dugulako homofobia akabatu eta deuseztatu.

[Herriz herri] Beasain. Luzera begira, motzean lotzen »

Loinaz Agirre
I ndustriari estuki lotutako herria da Beasain. Industriaren lehen agerpenak Igartzako burdinolakoak dira: XV. mendean, burdina lantzen hasi ziren. Gaur egun ere, industria sare indartsua dauka, mundu osorako trenak egiten dituen CAF enpr…

“Azken urteetako egoera txarrena du Irizarrek Brasilen” »

Botucatu hirian Irizarrek duen lantegian lan egiten du Ghiraldik 1999tik. Ekoizpena nabarmen jaitsi da Brasilen, eta denboraldi baterako Ormaiztegin ari dira lanean hango 120 langile. Festa egingo dute bihar. - Irakurri gehiago...

Bisitatzetik esploratzera »

Gipuzkoara turistak erakartzeko marka berria aurkeztu du Foru Aldundiak: ‘Explore San Sebastian Region’. Markaren diseinatzaileek azaldu dutenez, Donostiaren erakarmena turistak lurralde osora erakartzeko baliatu dute. Lehengo ‘Visit Gipuzkoa’ leloak helburu hori ez zuela betetzen iritzita eskatu zuten diseinu berria. - Irakurri gehiago...

Historian eta geografian bidaia, Urola eskualdea ezagutzeko »

Julene Frantzesena
Azpeitiko Loiola auzoko santutegia eta Burdinbidearen Euskal Museoa; Zestoako Lili jauregia eta Ekainberri museoa; eta Zumaiako Algorri Natur Baliabideen Interpretazio Zentroa. Horiek biltzen ditu Bost geltoki historian eskaintza tur…

“Gertu egon arren, Donostiara doan jendea ez da hona iristen” »

Eider Goenaga Lizaso
Artzaintza eta gaztagintza turismoarekin uztartzen dituzte Segurako Ondarre baserrian, duela 16 urtetik. Bi jarduerak bateragarri eta osagarriak direla dio hango seme Eneko Goiburuk (Andoain, 1976). Bezeroei, 500 urteko baserrian l…

Eduki gehiago bisitariari, egonaldia luza dezan edo berriro buelta dadin »

Maite Alustiza
Izen askoren aterkipean aurkezten da Gipuzkoa nazioartean: Basque Country, Baskenland Pays Basque, Cote Basque… Gipuzkoako Foru Aldundia hasieratik “eroso” sentitu da turismo eskaintza horien barruan, baina Donostiaren “entzutea” aprob…

845 milioiko zorrari “aurre egiteko gai” »

Bidegi sozietateak 845 milioi euroko zorra dauka, baina, aldundiak adierazi berri duenez, ez du “inolako arazorik” finantza konpromisoei aurre egiteko. Joan den astean Gipuzkoako Batzar Nagusietan hitz egin zuen Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako …