“Haurren begiak denon begiak dira, zintzoenak” »

Maite Alustiza
Sei hilabete baino gutxiago falta dira Bergarako Kilometroetarako, eta bide onetik doaz prestaketak: martxan dira batzordeak eta aurkeztear dira Demasa abestia. Aranzadi ikastolarekin batera, Airez taldea ere buru-belarri dabil. Lau kide…

‘Au pair’-ak, katiuskak eta xenofobia »

Leire Narbaiza

Gaztetxoa nintzenean ez zegoen lanik. Gaztea nintzenean ere ez. Orain bezala. Orduan ere, krisi latza bizi izan genuen. Laurogeiko hamarkadaren amaiera, laurogeita hamarrekoaren hasiera zen. Euskal rock erradikala (RRV) bizi-bizirik zegoen. Sex Pistolsen No future gogoz oihukatzen genuen. Artean, Espainia ez zen Europar Batasuneko kide; artean, Europa ez zen “batasun” ere, komunitate ekonomikoa baino ez. Izen hark hobeto adierazten zuen zer zen, behintzat.

Sasoi hartan, eta Europaren promesarekin bat egiteko, Espainiako Gobernuak hainbat enpresa handi ixtea erabaki zuen Bruselaren aginduz edo negoziazioengatik. Birmoldaketa industriala deitu zioten. Desindustrializazio hutsa izan zen. Gure haragitan sufritu genuen, Euskal Herrian; batez ere, leku industrializatuenetan: Ezkerraldea, Debabarrena, Pasaia aldea…

No disfrutamos en el paro ni disfrutamos trabajando” (Ez dugu langabezian disfrutatzen, ezta lanean ere) abesten zuen La Pollak. Baina zerbait egin behar, eta gu baino zahartxoago ziren hainbatek Londresko bidea hartu zuten, bertan lana zegoelako, eta, bide batez, ingelesa ikastera.

Neskak umeak zaintzera joan ziren, “oper” esaten genien —au pair idatzi behar zela deskubritu genuen geroago—. Eta halaxe ibili zen makina bat emakume euskaldun Ingalaterran. Edo hoteletan oheak egiten, edo pizzerietan… Dena zegoen ondo, lana zelako, denbora betetzen laguntzen zuelako. Miseriak kontatzen zituzten askok, eta etxe okupatuen kontuak ere bai. Arestian esan bezala, 1992ra arte Espainia ez zen izan Europako kide, eta Erresuma Batura joateko pasaportea ere behar zen.

Hara joandako asko beltzean ari ziren, ilegal, paperik gabe, alegia. Deportatutakoren bat ere ezagutu genuen. Batzuek diru laguntza britainiarrak jasotzen zituzten, besteek bertako segurantza sozialeko odontologia zerbitzuak erabilita aho osoa konpondu zuten ia doan. Dena britainiarren lepotik.

Hau guztiau orain 30 urte inguru gertatu zen. Ez da historiaurrea, historia garaikidea baizik. Ni ere Irlandara joateko puntuan izan nintzen karrera amaitutakoan. Billetea erostera joan behar nuen egunean bertan, lan eskaintza bat egin zidaten, eta horregatik ez nintzen abiatu. Auskalo nolakoa izango zatekeen nire bizitza orain, dei hori jaso izan ez banu.

Aurreko artikulu baten aitatu nuen errefuxiatuen begietan gure familia ikusten nuela. Orain laurogei urteko kontuak. Baina orain hogeita hamar urte gure bizilagun asko ibili ziren ilegal Europan, paper gabe, laguntza sozialak kobratzen. Eta ahaztu egin zaigu.

Ahaztu egin zaie oraingo foru aldundiko kideei AGI kendu dutenean. Aberats berri krudelen moduan portatu dira, zorri hil berpiztuak legez. Marine Le Penen moduan, Hedoi Etxartek ederki adierazi zuen eran.

Erakartze efektua aitzakia hartuta, baina xenofobia arrazoi ezkutua izanda, gizarteko ahul eta zaurgarrienak ahulago eta zaurgarriago bihurtuko dituzte. Lotsa eta higuina ematen dit neurriak. Gezurrak esanda eraiki dutelako arau berria, erabaki neoliberal janzki merkez jantzita. Eta jarraituko dugu katiuskak jasotzen, elikagaiak batzen Lesbosko errefuxiatuendako. Bitartean, baina, ahaztu zaizkigu gure artean ditugunak, miseriatik ihesi etorritakoak, inoiz gure tapakiak jasoko ez dituztenak. Izugarria!

“Itsasoan bildutako guztiari ematen diot beste erabilera bat” »

Iosu Iturrioz Dorronsoro

Egurrak zertarako? Balea itxura duten eskulanak egiteko. Hortik Joseba Mercaderren (Tolosa, 1978) azken proiektuaren izena: Balegur. Bi horiek uztartuta sortutako eskulanak sortzen ditu. Itxuraz gauzak ez dihoazkio batere gaizki. Besteak beste, Balegur proiektua Donostia 2016 Europako kultur hiriburutzarako hautatua izan da.

Itsasoan topatutako egur zatiei beste bizi bat ematen diezu.

Duela bi urte, hasiera eman nion Balegur proiektuari. Itsasertzean jasotako egur zatiekin hainbat eskultura egiten ditut. Bakoitzak etxean itsasoan barrena ibilitako egur zati bat izatearen ideiatik sortutako egitasmoa da. Eskultura polit bat edukitzeaz gain, proiektuak badu beste interpretazio bat: jendea kontziente izatea zer botatzen duen itsasora. Askotan ez gara jabetzen zer-nolako kaltea egiten dugun.

Afizio ala ofizio?

Afizio. Zalantzarik gabe. Eskulan bakoitzak 35 euro inguruko kostua du, eta lortutako diruarekin justu-justu lortzen dut gasolina ordaintzea. Eratze prozesua, gainera, oso luzea da. Hasteko, egurrak biltzen ditut. Ondoren, behin egurrak ondo lehortuta, forma ematen diet. Azken hori izan ohi da lan mardulena. Behin hori guztia eginda, eskulanei berniz berezi bat eman eta azkenengo ukituak ematen dizkiet. Itsasertzean egurrak hartzen ditudanetik eskulanak amaitzen ditudan arte denbora ugari igarotzen da. Askotan gelditu naiz lanean 02:00ak arte, ez behin eta ez birritan.

Noiztik datorkizu afizioa?

Itsasertzeko arroketan ibiltzea betidanik izan dut gogoko. Asko erlaxatzen nau. Han aurkitutakoa jasotzeko joera ere txikitatik izan dut. Duela bi urte inguru, egur batzuk jasotzen ari nintzela, egurren begiei erreparatzen hasi nintzen. Begia oinarri hartuta, egur zatietan balea bat irudikatzen nuen. Egur horiei beste bizi bat ematea pentsatu nuen. Orduan hasi nintzen begia abiapuntutzat hartuta balea itxurako artelanak sortzen.

Zergatik dituzu baleak oinarri?

Itsasoa gustuko izateaz gain, baleak ere beti izan ditut gogoko. Itsasora arrantzatzera joateko ohitura dut. Duela urte batzuk Bermeora [Bizkaia] joan nintzen. Itsasoaren barrualdean murgildu, eta balea izugarriak ikusi nituen. Zoragarriak! Orduz geroztik, are gehiago gustatzen zaizkit. Oraindik gogoan dut duela lau bat urte Donostian hilik agertutako balea. Berri hura bertatik bertara jarraitu nuen. Hark ere seguru eragina izan duela egungo proiektuaren oinarria balea izatean.

Birziklatzearen ideia proiektuaren funts garrantzitsuetako bat da, ezta?

Itsasertzeko egurrak jasotzeaz gain, aurkitutako ia guztia —baloiak, plastiko zatiak…— jasotzen dut. Itsasoan egon behar ez lukeena biltzen saiatzen naiz. Nahiz eta horietako asko Balegur proiektuaren parte ez izan, itsasoan bildutako guztiari ematen diot beste erabilera bat. Hondartzan uretara zerbait erori eta jaramonik ez egitea ohiko jarrera da. Egitasmo honen bitartez, jendeak horrelako jarrerak saihestea gustatuko litzaidake. Azken batean, nik egindako eskulanek aditzera ematen dute uretara jaurtitako hainbat gauzaren erabilgarritasuna eta edertasuna.

Eskulan horietako bat erosi nahi duenak, zer egin behar du?

Bi ardatz nagusi ditut. Ahoz ahoko salmenta eta Facebook. Nire produkturen bat erosi nahi duenak Facebook sare sozialean ditudan argazkiak ikusi eta zein artelan erosi nahi duen esan besterik ez du. Mezu bat bidaltzea da bide errazena. Salgai ditudan produktuez gain, norbaitek eskulan bereziren bat egitea nahi izango balu, bide beraren bitartez harremanetan jarri beharko luke. Beren eskaera beteko dut, eroslearen beharrak asetzea beharrezkoa da eta.

Gureak taldeko argazkilaria, bideo grabatzailea eta editorea ere bazara. Nola uztartzen dituzu bi lanak?

Balegur zaletasuna da, eta bizitzeko beharrezkoa dut Gureak taldean lan egitea. Uztartzea hainbatetan ez da erraza izaten. Balegur proiektuari ordu asko eskaintzen dizkiot. Normalean, lanetik atera ostean, arroka artean ibiltzera joaten naiz. Ibilaldi horiek nire eskulanetan erabiliko ditudan materialak biltzeko aprobetxatzen ditut. Gainerako guztia, Tolosako Box-en egiten dut. Orduak igarotzen ditut han lanean. Niretzat entretenimendu paregabea da. Horrek bi lanen uztartzea eramangarria izatea dakar.

Etorkizunean afizio hori lana izatea posible ikusten duzu?

Batek daki. Askotan pentsatu dut horretan. Balegur lan bihurtzea ikaragarria izango litzateke. Jada badut proiektu idatzia, baina errealitaterainoko pausoa ez da makala. Besteak beste, materiala biltzeko brigada sortu beharko nuke. Kostaldeko herri gehienek hondartzetan eta arroketan azaldutako zaborrak biltzeko brigadak dituzte. Balegur enpresa izatera iritsiko balitz, gure brigada beharko genuke. Eremu finko bat eduki eta han guk gure materiala soilik bildu. Prozesu konplexua da. Ea oraina nola doan, eta etorkizunean, beharbada, bide horri helduko diot. Laguntzaileak lortzea ere funtsezkoa da. Albaola, Mala Gissona eta Ternuarekin hizketan aritu naiz, baina oraindik ez dut ezer zehaztu. Laguntzaileak lortuz gero, proiektuan urrats handiak egiteko aukera izango nuke. Pixkanaka alor horretan aurrerapausoak emango ditudalakoan nago.

Etorkizunari ez diozu jaramon askorik egiten. Orainari bai, ordea.

Oraina bizitzea funtsezkoa da. Etorkizuna iritsiko da. Oraingoz, gozatzen ari naiz. Donostia 2016 Europako kultur hiriburutzan parte hartuko dut. Aurkeztutako hainbat proiekturen artean nirea hautatu dute. Urrian, azaroan eta abenduan egurrak biltzea zen nire ideia, eta, ondoren, guztia Tabakalerara eraman eta Donostiako portuan jartzeko balea erraldoi bat sortzea. Oraindik hasteko nago. Donostia 2016ren aginduaren zain nago. Proiektu honekin hasteko gogo handia dut.

EGITARAUA »

Atzo eman zitzaion hasiera Sagardo Apuruari, Donostian, baina beste hiru egun gelditzen dira sagardoaz eta sagardoaren inguruko jarduerez gozatzeko.Gaur11:30. V. Sagardo Apurua Pintxo Txapelketa.12:00. Pintxo txapelketa herrikoia.12:30. V. Sagardo Apu…

Aurten 251.000 autolikidazio proposamen bidali dituzte »

E. Goenaga Lizaso
Gipuzkoako zergadunen %65 inguruk jasoko dute aurtengo errenta kanpainan autolikidazio proposamena. Gipuzkoako Ogasunak, izan ere, 251.000 proposamen bidali ditu. Autolikidazio proposamena jaso duten herritarrek astelehenean hasi ahal…

Ihesbideei atea itxi nahian »

Abian da errenta kanpaina, eta Gipuzkoako Ogasunaren lehentasuna iruzurraren aurkako borroka da. Iaz, 357,7 milioi euroko iruzurra azaleratu zen. Kontzientziazioa da ardatzetako bat. - Irakurri gehiago...

Uhinetan barrena, libre »

Julene Frantzesena
Norbanako nahiz kolektibo orok iritziak eta kritikak adierazteko duten beharra eta eskubidea bermatzeko sortu ziren irrati libreak zein komunitarioak Euskal Herrian, 1980ko hamarkadan. Irrati libreen mugimendua hasi, eta, orduz geroz…

Zerrenda. Irrati libreak »

Arraio (Zarautz): 99.3 FM.

Antxeta (Bidasoaldea): 90.5 / 89.7 FM.

Eguzki (Iruñerria): 107 / 91 FM.

Gure Irratia (Lapurdi): 106.6 / 90.5 FM.

Hala Bedi (Gasteiz): 107.4 FM.

Irati (Nafarroa Garaia): 107.7 / 107.5 FM.

Irola (Bilbo): 107.5 FM.

Irulegiko irratia (Nafarroa Beherea): 91.8 FM.

KKinzona (Urretxu-Zumarraga): 98 FM.

Kontrako Eztarrixe (Azkoitia): 94.2 FM.

Koska (Algorta): 108 FM.

Molotoff (Hernani): 91.8 FM.

Oiartzun irratia (Oiartzun): 107.0 FM.

Radixu (Ondarroa): 105.5 FM.

Txapa (Bergara): 97.2 FM.

Ttan Ttakun (Donostia): 107.2 FM.

Uhinak (Laudio): 96.5 FM

Xiberoko Botza (Maule): 95.5 FM.

Xorroxin (Baztan): 88.0 FM.

Zintzilik (Errenteria): 100 FM.

97 irratia (Bilbo): 97.0 FM.

Kontzientziak astintzeko »

Ikerne Zarate
Mazedonian errefuxiatuei negar gasekin eraso, Greziatik kanporatu eta Turkiara eraman, eta Europak hori guztia ahalbidetzen duen bitartean, Leonar Martin eta Alicia North SOS Arrazakeriako boluntarioek errefuxiatuen egoera ikusarazteko pr…

Suminduraren Eguna egingo dute astelehenean »

Lampedusako mosaikoaren aurrean bildu eta Suminduraren Eguna egingo dute astelehenean, 19:30ean. Europako mugan etorkinei ematen ari zaizkien tratuarekin suminduta dauden Errenteriako elkarte, eragile eta norbanakoek deitu dute elkarretaratzera, “Euro…