“Auzo nortasun propioa izan du Alkizak, berandu arte burujabe izan ez arren” »

Jon Miranda
Alkiza auzo eta hiribilduaren azterketa historikoa (1348-1950) lanaren egilea da Pello Joxe Aranburu (Alkiza, 1936). Maizpide euskaltegian erretiroa hartuta, ikerketara emana bizi da. 11 urte zituela atera zen herritik seminariora, apaiz ik…

Gipuzkoa osoa bost minutuan »

Aizpea Amas

Duela bospasei urte hasi zen dena, bideo batekin. Lagunen arteko zerbait izan zen, baina arrakasta itzela lortu zuen sare sozialetan eta Youtuben. Dancing in the Basque Country da bideo hori. Euskal Herriko hainbat txokotan dantzan agertzen ziren hainbat lagun. Orain, horren atzean egon zen lagun talde berberak beste proiektu bat jarri du martxan: Gipuzkoaround. Hori ere bideo bat izango da.

“Horrekin lotuta, beste zerbait egiteko gogoa geneukan, antzeko izpiritua izan dezakeena, baina desberdina”, azaldu du Iñaki Goikoetxea proiektuaren arduradunetako batek. Oraingo honetan, ordea, eremua ez da Euskal Herria izango, Gipuzkoa baizik. Hala, Gipuzkoako 88 herrietan bizpahiru segundotako korte bat grabatuko dute, eta guztiak lauzpabost minutuko bideo batean bildu. “Bideo horrek aukera emango du Gipuzkoako herri guztiak ezagutzera emateko. Gipuzkoarrak garenok ezagutzen ditugu Zarautz, Azpeitia… baina Tolosaldean eta Goierrin, batez ere, beste herri pila bat jende askok ez daki non dauden ere”.

Proiektu hori Donostia 2016 egitasmoaren barruan dago, eta diru laguntzak jaso ditu, Energia Olatuak programaren barruan. Hala, Gipuzkoaround gauzatzeko, 2.016 euroko diru laguntza bat jaso dute. Donostia 2016ren izpirituari jarraituta, kulturaren balioak herri guztietara eramatea izango da bideo horren helburuetako bat. Bestea, berriz, “gipuzkoarrok eta Gipuzkoatik kanpo bizi direnek ikustea hemen 88 herri daudela eta bakoitzak baduela toki edo txoko bereziren bat”. Herri horiek guztiak ezagutaraztearekin batera, gonbidapena egin nahi diote jendeari herri horiek bisitatzera animatzeko.

Behin ideia osatu dutela, hori gauzatzeko lanean hasi dira. “Orain, bilaketa egiten ari gara herri bakoitzean zein ezaugarri berezi topatzen dugun: zein txoko, zein monumentu, zein pertsonaia, zein leku esanguratsu…”.

Horretarako, herri bakoitzeko herritarren laguntza beharko dutela adierazi du proiektuko kideak. Sare sozialen bidez, webgunearen bidez edo mezu elektroniko bidez egin ahal izango da, eta udaletxe bakoitzera eskutitz bana ere bidaliko dute. Horiek, ordea, oraindik ez daude martxan; horretan dihardute, hain zuzen. Izan ere, proiektua ez da izango bideo bat bakarrik.

Proiektuaren atzean lau irundar daude: Goikoetxea bera, Maria Rubio, Iker Zaballa eta Javier Iribarren. Goikoetxea kokalekuak bilatzen ari da, eta itzulpenak nahiz testuak prestatuko ditu. Rubio webgunearen arduraduna izango da, Zabala bideo eta grabaketaren arduraduna eta Iribarren arduradun teknikoa.

Bideoa baino gehiago

Udaberrirako espero dute webgunea martxan izatea, eta ekainera bitarte egin diete gonbita herritarrei euren proposamenak egiteko. “Guk zerrenda bat egingo dugu jendeak proposatzen dizkigun tokiekin. Jadanik hasi gara herri batzuetara joaten, eta herri bakoitzean zein txokotan graba dezakegun pentsatzen”.

Grabaketa uztailaren 25 inguruan egitea espero dute, eta dena lauzpabost egunetan egingo dute jarraian. Goikoetxearen arabera, jendeak ikusi ahal izango du momentu bakoitzean non grabatzen ari diren. “Korrikaren antzera” egingo dutela azaldu du. Egutegi eta ordutegi bat finkatuko dituzte, eta, gero, webgunearen bitartez, momentu bakoitzean jendeak jakin ahal izango du non grabatzen ari diren, nahi izanez gero, hara bildu ahal izateko. Bideo guztia, abuztuaren bukaera edo iraila hasierarako bukatuta edukitzea nahiko lukete. “Gero, proiektua webgunean geratuko da, norbaitek etorkizunean informazioren bat beharko balu erabili ahal izateko”.

Ibilbidea Donostian hasi eta Donostian bukatuko da. Goikoetxeak esan duenez, ibilbide logikoena egiten saiatuko dira, grabaketa errazago izateko. Lehenengo egunean, Donostiatik Tolosara joango dira, Irundik pasatuta. Bigarren egunean, Tolosaldea eta Goierrin grabatuko dute. Hirugarrenean, Zumarragatik Arrasatera joango dira, eta laugarrenean, Arrasatetik buelta Donostiara. Lau egun horiek bost bihur daitezke.

Bideoan eragileek ere parte hartzea nahi dute sortzaileek: “Monumentuak ateratzearekin batera, polita da tokiko jendea ere agertzea”. Dancing in the Basque Country-n bezala, horiek dantzan jarriko dituzte, baina herri batetik bestera, planoz plano loturak bilatuz, bideoari jarraitutasun bat emateko.

Musika ere elementu garrantzitsua izango da ikus-entzunezkoan, baina oraindik hori lotzen ari dira. Goikoetxeak aurreratu duenez, abesti bat sortzea nahiko zaila izango da. “Ziurrenik izango da zerbait instrumentala, euskal nortasuna adierazten duena —trikitia, txalaparta…—, baina oraindik ari gara pentsatzen zein izan daitekeen aukera onena. Ondo erabaki behar dugu, gero grabaketak baldintzatuko duelako”.

“Talentua Gipuzkoan geratzea nahi dugu” »

Ekonomia sustatzeko planaren barruan, industriara 27,5 milioi euro bideratuko ditu aldundiak. Apiriletik aurrera hasiko dira deialdiak egiten. - Irakurri gehiago...

Euskal familia eta beste piztia batzuk »

Leire Narbaiza

Etologoa ez banaiz ere, Gerald Durrell naturalista britainiarraren My Family and Other Animals liburuaren izenburua parafraseatzea otu zait; izan ere, azkenaldian Euskal Herrian animalia nahikotxo dabiltza gure iruditeria kolektiboan, larregi gauza onerako.

Lehendabizi, zaharrena aitatu gura nuke: arrano beltza. Hegazti harrapakari hau Nafarroako erresumaren antzinako sinboloa izan zen, kateak gorri gainean jarri aurretik, antza denez. Sinbolo indartsua eta harroa bada ere, askok ez dute onartzen ideologia bati lotuegi ikusten dutelako. Lastima!

Badira urte batzuk modan jarri zela beste animalia bat; aberea, piztia baino: ardi latxa. Beharbada asto katalanaren eta Espainiako zezenaren eredura. Auto guztiak bete zitzaizkigun ardi marrazki infantil horrekin. Gurean —nola ez!— besterik ezin zen gertatu, eta kritika batzuk ere jaso zituen: abere otzana zela, taldekoia, izpiritu gutxikoa, poderio hutsa zuena. Jakina, alternatiba ere izan zuen: basurdea. Hau bai piztia oldarkorra, izpiritu libreduna, txerri basatia…

Gure hizkuntzaren imajinarioan ere makina bat animalia agertzen da. Esamoldeetan barra-barra: Orhiko txoria, Zozoak beleari, Ahuntzaren gauerdiko eztula, Zalditik astora, Kukuak oker jo… Ehunka! Baina, agian, nire gogokoena: Kalean uso, etxean otso. Usoa, xalotasun eta bakearen sinboloa, otso krudel eta odolzaleari kontrajarrita. Inoiz susmatu barik usoak arratoi hegalariak baino ez direla, eta otsoak biodibertsitatearen ikur!

Gurean ere badira beste hegazti batzuk. Ez dakit zein espezietakoak diren, ordea. EITBko txoritxoa eta Twitterrekoa. Lehenengoak itxuraldaketa batzuk jasan ditu, eta orain makal dabil koitadua. Txori urdinak, Twitterrekoak, publizitatea egin nahi zuen Kaixomaitia.eus-i atzera bota dio iragarkia euskaraz izateagatik, eta espainolez egiteko eskatu. Ederra pajaroa! Pajaroak aipatu eta depredatzaileak datozkit burura. Espainia aldeko kaioak, hain zuzen ere. PPkoak, alegia. Hauek, kaio baino putre dira. Baina egia esatera, entzuna genuen kaioek gorpuei begiak jaten zizkietela. Beraz, partidu politiko horrek aukeratutako ikurra, paregabea; demostratu baitute sarraskijaleak direla, ustelkeriaren lohian pozarren lorrintzen dabiltzan urdeak legez, txipli-txapla disfrutatzen. Benetako hozkirria sortzen digute euren karrankek!

Agertu zaigun azken txoria euskal panoraman txantxangorria da. Euskararekin ei dago lotuta, baina oraindik ez dakit zer esan nahi duen, zertarako den. Izan ere, ez dute esaten euskara babesteko, aldarrikatzeko edo euskalduntzat identifika gaitzaten erabili behar den! Ez dute argi laga. Hegazti maitagarria da papogorria, irudi ona duena. Era berean, txikia, makala eta singlea dirudi. Tximeleta izan zitekeen edota katagorria, baina hirurek ala hirurek sendotasun izpirik ere ez dute erakusten. Gero ardiez esango dituzte esatekoak!

Gure esaeretara jo dut ea bazegoen txantxangorridunik. Eta Intza proiektuan bi aurkitu ditut: “txantxangorriak baino buru gehiago ez ukan” zentzugabea izan esan nahi du; eta “txantxangorriarena egin”, ez mugitu omen da. Itzelak kontzeptu biak gure hizkuntza berpizteko!

Ibil gaitezen kontu handiz, bestela gaztelania-kukuaren arrautza txitatuko du atzera ere euskara-txantxangorri mengelak….

Gazteen gogoeta plaza »

Maite Alustiza

Oñatiko Antixena gaztetxeak hartuko du aurten Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen arteko topaketa. Gaurtik igandera bitarte, mahai inguruak, ikus-entzunezkoak, kontzertuak, tailerrak eta beste hainbat ekitaldi izango dira. Guztiak, bi gai nagusiren inguruan: asanbladak eta alternatibak.

Gaur, 17:30ean hasiko da topaketa. Besteak beste, Kortxoenea, Ohiuka eta Kukutza gaztetxeen kasuak aztertuko dituzte. 18:30etik aurrera, esaterako, Ohiukakoek hitzaldia emango dute, eta gauean, Probatu ez duenak ez daki zer den hau dokumentala emango dute. Mor More taldearen kontzertuarekin bukatuko da eguna, 23:00etan.

Bihar, gazte asanbladen eta alternatiben gaiari helduko diote, 10:00etatik aurrera. Asanbladen gaiari dagokionez, hainbat arlo landuko dituzte: funtzionamendua, sortzen diren harremanetan parekidetasunik ba ote dagoen, belaunaldi aldaketak nola kudeatu, harreman horizontalagoak lortzeko bideak eta abar.

Alternatiben atalean, berriz, gaztetxeak “egungo sistema kapitalista eta patriarkalaren alternatiba gisa” ikusten dituzte, baina zailtasunak ere nabari dituzte gaztetxe, asanblada eta autogestiotik bestelako aisialdi eredu batetik haratagoko erantzunak emateko.

Bihar arratsaldean, erresistentzia tailerrak izango dira; horietan, gune okupatuetako erresistentzia fisikoa, juridikoa eta komunikatiboa jorratuko dituzte. 19:00etan, gaztetxeen aldeko manifestazioa egingo dute, eta gauean, hainbat kontzertu izango dira: Trikimailu, Fiachras, Pelax eta Cowboy’s Orchestra, eta Dekot. Igandean, topaketari bukaera emateko, guztia jaso eta hiru egunen errepasoa egingo dute.

Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen topaketa

Gaurtik igandera bitarte, Oñatin, Antixena gaztetxean.

Ainara de Miguel: “Horrelako diru laguntza bat proiektuaren iraupena da” »

Eider Goenaga
MuxuGoxo webgune bat da (www.muxugoxo.org), eta Ainara de Miguel (Leitza, 1977) da gune horren sortzaile eta koordinatzailea. 2.016 euroko diru laguntzak bere proiektuari hazteko eta jarraitzeko bidea eman diola azaldu du De Miguelek. Zer…

Idoia Etxeberria: “Inportantea da proiektua herri epaimahai batek hautatua izatea” »

Eider Goenaga

Badihardugu Euskara Elkarteak iazko abuztuko 20.160 euroko diru laguntza eskuratu zuen, Energia Olatuak egitasmoaren barruan, 101 L izeneko proiektua garatzeko. Donostiako hizkuntza aniztasuna jaso nahi dute ikus-entzunezko batean, eta Idoia Etxeberria Badiharduguko kidea (Oñati, 1977) buru-belarri ari da lan horretan.

Azaldu, modu laburrean, zer den 101 L proiektua.

Proiektu honen helburua da Donostian eta inguruetan berba egiten diren hizkuntzak bideo batean jasotzea, eta aniztasun hori erakustea. Elkarrizketak bi atal ditu: batetik, hiztegiarena, eta hor helburua da hitz zehatz batzuk hizkuntza ezberdinetan nola esaten diren jasotzea; eta, bestetik, pertsona horrek Euskal Herrian izan duen esperientzia kontatzea, nola iritsi zen hona, euskararekin nolako harremana izan duen, nolako integrazio bideak izan dituen…

Zein hizkuntzatan egiten dituzue elkarrizketak?

Elkarrizketarako hizkuntza normalean euskara eta gaztelania izango da, baina elkarrizketatuak bi hizkuntzatan eman behar ditu erantzunak, galderak egindako hizkuntzan eta bere jatorrizko hizkuntzan.

Eta 101 L izena du zuen proiektuak Donostian 100 hizkuntza inguru hitz egiten direlako?

Unesco Etxeak 2007an egindako ikerketa baten arabera, Hego Euskal Herrian 108 hizkuntza egiten dira berba; eta orduan guk pentsatu genuen, “ba, Donostian ere egingo dira berba hainbat hizkuntza”. 101 zenbakia apur bat sinbolikoa da, hamaikatik dator, eta ez dakigu benetan zenbat hizkuntza egingo diren berba. Baina ziurra dena da hizkuntza pila bat egiten direla berba, eta aniztasun hori ezezaguna dela neurri handi batean.

Eta nola ari zarete jasotzen hizkuntza horiek guztiak?

Iazko maiatzaren bukaeran hasi ginen proiektuarekin, Olatu Talkaren barruan. Karpa bat jarri genuen Bulebarrean, Nasledie errusiar hiztunen elkartearekin eta Afrika-Euskadi elkartearekin elkarlanean. Egun horretan, goiz eta arratsalde, elkarrizketak egiten aritu ginen, eta egun bakarrean hemeretzi hizkuntza jaso genituen. Ez genuen espero hainbeste jasotzea. Horrek aurrera jarraitzeko indarra eman zigun, eta Energia Olatuetara aurkeztea erabaki genuen. Abuztuan esan ziguten herri epaimahaiak gure proiektua aukeratu zuela, eta guretzat oso inportantea da diru laguntza, baina guretzat oso inportantea da proiektua herri epaimahai batek aukeratu duela jakitea ere.

Diru laguntza hori gabe proiektua gauzatzerik izango zenuten?

Nik uste dut jarraituko genuela egiten, baina beste martxa batean, poliki-poliki, eta eperik jarri gabe. Diru laguntza hau funtsezkoa izango da proiektu hau egin ahal izateko. Asmoa abendurako amaitzea da, ordurako 100 elkarrizketa inguru egitea, webgune bat martxan jartzea, ikus-entzunezko bi egitea…

Norberak ekiteko bultzada »

Donostia 2016 fundazioak iazko martxoan jarri zuen martxan Energia Olatuak izeneko diru laguntza egitasmoa, eta hurrengo astean erabaki eta jakinaraziko dituzte 2016. urteko lehenengo laguntzak, urtarrilari dagozkionak. 2015ean 66 kultur egitasmo lagundu zituzten, eta 2016an beste 55 proiektu hautatzea da asmoa. - Irakurri gehiago...

Isilik egotea ez da aurrea hartzea »

Maite Alustiza

Orain, hemen, suizidioari aurrea hartzen ari gara, komunikazio ekintza hau prebentzioa da. Gutariko bakoitza da agente antisuizida bat”. Mediku psikiatra da Mercedes Navio, Madrilgo osasun zerbitzuko langilea. Donostiako San Telmo museora bildutakoei ari zaie hizketan, Gazteetan suizidio arriskua detektatzea eta prebenitzea hitzaldian. Suizidioari aurre egiteko “radarrak” falta direla dio, suizidioaren ondorioak “tragedia izugarriak” direla; hala ere, ezinbestekotzat du prebentzioa lantzea eta, bereziki, gaiaz hitz egitea: “Isiltasunaren eta zarataren artean, badago modu bat suizidioaz hitz egiteko”. Naviorekin batera, Julio Guija Sevillako Unibertsitateko irakasle eta auzitegi medikuak parte hartu zuen mintegian, joan den ostiralean.

Tabua da biek gehien darabilten hitzetako bat. Suizidio kasuengatik izaten den dolua gogorrenetarikoa dela dio Naviok, are gehiago gertuko batena denean. “Ez dut arinkeriaz aritu nahi, baina suizidioa armairu sozialetik atera behar da; inork ez du sartu nahi. Gizarte moduan kulpa sentimenduak oso indartsuak dira”. Garaiak aldatu arren, Naviok hainbat hamarkada egin du atzera egungo egoera arrazoitzeko: “Duela 50 bat urte norbere burua hiltzea delitua zen, eta bekatua. Lortzen ez zuena kalabozora zihoan. Tamalez, zigor horren izaera sinbolikoa ez da aldatu”.

Guijak gertutik ezagutu du senideekiko harremana, errudun sentitze hori. Autopsia psikologikoak egiten ditu, eta horietan, heriotza gertatu eta hilabete batzuetara biltzen da familiarekin, sei-zortzi hilabetera. “Emozioak deskargatzera datoz, kulpa sentimendua dute, are gehiago hildakoa semea edo alaba badute. Esaten dute: ‘hura esan zidanean beste hura esan nahi zidan, eta ni ez nintzen konturatu…'”. Bizpahiru orduz hitz egin ondoren elkarrizketak balio ote dien galdetzen die: “Ia denek baietz diote, sentitzen dutena esan ahal izan dutela”.

Eskolan ere dolua lantzea garrantzitsua dela uste du Naviok, hildakoa eskolako kide bat denean ere. “Isiltzeak fantasiak elikatzen ditu, eta aukera dago gertatutakoa guztiz gaindituta ez geratzeko”. Suizidioaren inguruan dagoen mito bat gehitu du Guijak: “Uste da gaiaz hitz egiten badugu horretara bultzatzen ari garela”.

Gertatu ez dadin, ordea, prebentzioa posible da: “Aurrea hartu dakiokeen heriotza da suizidioa”. Eta, horretarako, bi gako aipatu ditu Guijak: arazoa kuantifikatzea eta arrisku faktoreak zeintzuk diren identifikatzea. Osasunaren Mundu Erakundeak emandako datuen arabera, 15 eta 29 urte arteko gazteen artean heriotzaren bigarren kausa da suizidioa mundu osoan —2012ko datua da—. Dena den, datuak zuhurtziaz hartu behar direla dio, beti ez baitira errealitatearekin ondo egokitzen.

Arrisku faktoreak

Jokaera suizidan eragina duten arrisku faktoreei dagokienez, berriz, hiru talde bereizi ditu: indibidualak, familiakoak eta inguruari lotutakoak. Argi utzi du hasieratik: “Suizidio baten atzean ez dago kausa bakarra”. Indibiduoari lotutakoen artean zerrendatu ditu suizidio aurrekariak izatea, nahasmendu portaerak, faktore biologikoak… Familiakoen artean, besteak beste, senide baten suizidioak izan dezakeen eragina nabarmendu du: “Hildakoa aita izan bada, bi aldiz biderkatzen da arriskua; ama izan bada, aldiz, bost bider”. Guraso eta nerabearen arteko harreman gatazkatsuak eta gurasoak banantzea ere arrisku faktore izan daitezke, baina betiere “beste patologiei lotuta doazenean”. Berdin gertatzen da bullying-arekin inguruari lotutako faktoreetan, Naviok gaineratu duenez: “Bullying-a ez da kausa bakarra, baina bai suizidio asko lasterragotzen dituena”.

Posible al da portaera suizidari aurrea hartzea? “Datuek baietz diote”. Guijaren ustetan, beharrezkoak dira ezagutza eta kontzientziazioa. Prebentzioaren globalizazioaz hitz egin du: “Suizidioa ez dagokio osasun sistemari bakarrik; lehen mailako arreta zerbitzuari, irakasleei eta gizarte langileei ere badagokie”.

Prebentzioa lantzerakoan ere, hiru maila bereizi ditu: lehen mailakoa litzateke jokaera suizida agertu aurreko fasea; bigarren mailakoa, agertu denean tratamendua jartzea; eta hirugarren mailakoa, tratatu ondoren jarraipena egitea.

Bat dator Navio, eta erakundeen ekintza faltaz kexu da: “Badakigu zer egin behar den, baina ez dago borondate politiko argirik, eta gizartea ez da ondo egituratzen. Nekatuta dagoen jende asko topatzen dugu eskoletan, Polizian, farmazietan… Egunerokoan lanean ari dira, baina kostu eta boluntariotza handiarekin. Sare handi bat osatu behar dugu, eta hori gutako edonork ehun dezake”. Sare horretan barruan hedabideak “aliatu handienak” izan beharko liratekeela uste du: “Oso tristea da gaiari ematen zaion trataera; kasu konkretuetan agertzen da, eta xehetasun morbosoekin askotan”.

Txuri Urdineko mutilak, finalera sailkatzeko zorian »

Gizonezkoen izotz hockeyan, Donostiako CHH Txuri Urdin taldea izan da Espainiako Ligako lehena fase erregularrean. Kanporaketak jokatzen ari da orain. Joan den asteburuan, finalaurrekoetan, Majadahondaren aurka lehiatu zen Donostian, eta ondo bideratu…