“Astigartarrek erabakiko dute atez ateko sistemarekin jarraitu edo ez” »

Hondakinen bilketari buruzko galdeketa prestatzen ari dira Astigarragan, eta atez atekoaren alternatiba izango litzatekeen sistema adostea da parte hartze prozesuaren egitekoa. EAJren aukera txipa duen bosgarren edukiontzia jartzea litzatekeela dio Ne…

Boluntario lana Venus jainkosaren bila »

Goiz pasa arkeologikoa egin zuen iazko martxoan Hondarribiko Ondarearen Aldeko Elkarteak (Hondae) Jaizkibel mendiko gailurrean. Herriko ondarea herritarren artean zabaltzea da elkartearen xedea, eta helburu horrekin, kata batzuk egitea bururatu zitzaien. Indusketa arkeologiko bat nola egiten den ikasi nahi zuten, baina irizpide jakin batzuetatik abiatuta aukeratu zuten jardunaldirako tokia: II. Karlistadako San Enrike gotorlekua. Eraikuntza handi baten aztarnak topatu zituzten orduan, eta orain, indusketa sakonago bat egitea erabaki dute, eraikina zein garaikoa den zehazteko.

Indusketarako Jaizkibel gaina aukeratu izanak baditu hainbat arrazoi. Batetik, duela 35 urte sator batek erromatarren garaiko txanpon bat azaleratu zuen inguru horretan. Bestetik, II. mendean Ptolomeo geografo greziarrak Jaizkibel gailurrean kokatu zuen Oiasso Pirinioetako muturra (Oiasso Akron Pirenes), eta bertan Venus jainkosaren tenplua (Ieron Aphrodites) —greziarrentzat Afrodita, erromatarrentzat Venus, jainkosa bera da—. Gotorgunea eraikitzeko aukeratutako guneko ikuspegia ere ezin hobea da: Pirinio mendilerroa, Bidasoa harana, Gipuzkoa ia osoa eta Kantauri itsaso zabala zaindu daitezke Jaizkibel muturretik.

Boluntarioen artean eskarmentu handiko arkeologoak daude Hondaen. Hala, mendira igo aurretik eta ikerketa egiterako orduan, edozein indusketatan erabiltzen diren tresna profesionalak izan dituzte eskura, horien artean satelite bidezko Lidar kartografia. Mertxe Urteaga Arkeolaneko zuzendari eta Irungo Oiasso Erromatar Museoko arduradunak azaldu duenez, lur azpian eraikin baten arrastoa azaltzen zuen sateliteak: “Ikusten ziren lur azpian pinporta batzuk eta zuzen batzuk, egitura zahar bat zegoela ematen zuen, eta tokia estrategikoa da; argi dago San Enrike gotorlekua baino lehen beste zerbaitek egon behar zuela”.

Urteagarekin batera, Pia Alkain arkeologoa eta Aranzadirekin hainbat ikerketetan parte hartu izan duen Enrike Lekuona ingeniaria izan ziren lehen mendi irteera hartako buru. Bakoitzak boluntario talde baten ardura hartu zuen, eta bi metro luze eta metro bat zabal hartzen duen hiru miaketa gune finkatu zituzten. Belarra baztertu eta gutxira bala batzuk eta bala zorro bat, iltzeak eta zeramika modernoa azaldu ziren… gotorlekuaren garaikoak denak. Baina pixka bat gehiago sakonduta, harri batzuekin topo egin zuten, metro bateko zabalerako horma landuak.

Bildutako informazioa aztertu eta gero, ondorioztatu dute ez zirela XIX. mende bukaerako egitura gotortuarenak. “Planora pasatu eta egituraren norabidea ikusi dugu. San Enrike gotorlekuko planoaren gainean jarri dugu, eta ez dute bat egiten, norabide desberdina dute biek”.

Bigarren indusketan, beraz, hori zabaldu nahi dute, ikusteko egitura horri lotuta materialak agertzen diren; “ikatza edo, horrelako baliabideak datatzeko”, erantsi du Arkeolaneko buruak.

Adituak tartean dauden arren, boluntario taldea da Hondae, eta indusketa egin ahal izateko aldundiaren baimena ezinbestekoa dute. Gainera, edozeini ez diote baimena ematen; titulazioa ezinbestekoa da. Baimenik gabe indusketa bat egitea delitu izateaz gain, Alkainek argi du metodologia zientifikoa goitik behera zaindu behar dela: “Inportanteena da hau elkarteko kideekin partekatzea, metodoa erakustea. Ez da bakarrik mendira joan, zulo bat egin eta gauzak topatzea. Aurkitutakoa kokatu behar da, ondo egin, zerbaiterako balio izatea nahi badugu”.

Udazkenean edo neguan

Zundaketa noiz egingo duten ez dute oraindik zehaztu, Urteagak dioenez: “Falta da iaz egin zen lana osatzea, planoa badago, baita deskribapena ere, osatu eta horrekin batera zundaketa berria egiteko baimena eskatu behar da”. Udazkenean ez bada, neguan berriro igoko dira mendira, indusketa arkeologikoaren metodologian sakontzeko xedez, baina historia aldatuko duen aurkikuntzaren bat egitea baztertu gabe.

Gerta daiteke fundamentuzko ezer ez aurkitzea, baina gauza bat argi dauka Urteagak: Ptolomeok aipatutako tenplua agertuko balitz, “salto batean” jaitsiko lirateke Jaizkibeletik: “Horrelako aurkikuntza bat tranpolina litzateke beste eremuetara jauzi egiteko. Baliabideak beharko lirateke, baina tenplu bat aurkituz gero, etekinak izugarrizkoak dira”. Ikerketa zabalagoa eskatuko luke horrek, luzeagoa, profesionala; Hondaeko boluntarioek ez, beste batzuek egingo luketena.

Venus jainkosaren tenplua agertu ala ez, altxatutako lurra bere lekura itzuli eta harri bila jarraituko du Hondaek, mendian, itsas ertzean, hiribilduan… egun Hondarribia dagoen lekuan bizi izan zirenen ondarea ikertzen.

Errefusa “gero eta mugatuago” emaitza hobeak izaten dira »

Hondakinak biltzeko sistemaren eskumena, berez, udalena da; haiena da herritarrek sortzen dituzten hondakinak nola bildu behar diren erabakitzeko eskubidea. Baina bilketaren kudeaketa mankomunitateek egiten dute, eta Josu Amilibia Tolosako Mankomunita…

Indianoenean, bizi »

Bost urte dira Donostiako Kortxoenea gaztetxea okupatu zutenetik. Hutsune bat bete nahi zuten, behar bati erantzun. Azken asteetan eraikina botatzeko eta hesitzeko izan diren ahaleginen aurrean tinko jarraitzen dute erabiltzaileek. Udalarekin harremanetan dira. - Irakurri gehiago...

Euskal zinemagileen harrobia »

Baserri giroan kokatutako film luze bat egiteko ideia aspaldidanik dauka buruan Iker Azkoitiak, eta euskaraz grabatuko du. “Ez da Amama“, dio barrez. “Aktoreak zeintzuk diren ere badakit, baina urte batzuk beharko ditut proiektua aurrera ateratzeko”. Euskaraz bizi nahi dut film laburren lehiaketaren irabazlea da Azkoitia. Semeak lana saritu diote; bikote batek hizkuntzarekin dituen arazoak kontatzen ditu. Euskararen Gizarte Erakundearen Kontseiluak antolatu du lehiaketa, Donostiako Nazioarteko 63. Zinemaldiaren barruan, eta BERRIAren babesa ere izan du. Euskara gaitzat zuten lanak aurkeztu behar ziren.

Lan aukerak sortzeko hasi zen film laburrak ekoizten eta zuzentzen Azkoitia, aktore sentitzen baita zuzendari baino gehiago. “Oso zaila da mundu hau, eta ikuspegia zabaltzeko ongi etorriko zitzaidala pentsatu nuen”. Madrilen interpretazioa ikasitakoa da, eta hantxe bizi da egun. Hypnos ekoiztetxean aritzen da lanean, eta Donostiako Fantasia eta Beldurrezko Zinema Astean Film in San Sebastian saria lortu zuten iaz, Copygram lanarekin. Aktore gisa Goenkale-n ibilitakoa da, eta Píntame obra aurkezten ari da une honetan.

Semeak film laburrean etorkizunean izango dituzten haurren izenen inguruan hausnartzen du bikote batek. Horietako bat, ordea, arduratuta dago, bikotekideak euskaraz ez dakienez haurrak ezingo dituztelako berak nahi bezala hazi. Protagonistak dutxan istripu bat izan, eta berriz ere ikasi beharko du hitz egiten, eta espero gabeko zerbait gertatuko da orduan.

Istorioaren gaia gertukoa egiten zaio Azkoitiari. Aita euskalduna du, baina ama, madrildarra. Aretxabaletan (Gipuzkoa) jaioa da, baina 13 urterekin Malagara joan zen bizitzera familiarekin. Zortzi urte inguru daramatza Madrilen. “Goenkale-rako deitu zidatenenean euskara pixka bat galdua nuen. Behin baino gehiagotan galdetu diot neure buruari: haurrak izaten baditut zer egingo dut hizkuntzarekin? Hori da nire beldurretako bat”.

Moriarti ekoiztetxea du oso gustuko Azkoitiak. Iaz Loreak ikusi zuenetik, batez ere. “Moriartin aktore gisa lan egitea izango litzateke nire ametsetako bat”. Jon Garaño Loreak-eko zuzendaria egon da, hain zuzen, lehiaketako epaimahaikide —Maialen Beloki Zinemaldiko hautaketa batzordeko kidearekin eta Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiarekin batera—, eta horrek ilusioa areagotu dio Azkoitiari. Hizkuntza ikasteko “beste ikuspegi bat” azaltzen duela eta hainbat topiko hausten dituela nabarmendu dute epaimahaikideek.

Eskozian euskaraz

Patxi Basaberen Lasterketa filmak irabazi du bigarren saria, lanak duen kalitate teknikoarengatik, eta Peru Galbeterentzat izan da hirugarren saria, Josuneren bidaia-rengatik.

Lehiaketara aurkeztutako film laburra Edinburgon grabatu zuen Galbetek, urtebeteko egonaldi batean. Hantxe ezagutu zuen Alan Hunter, film laburreko protagonista. Eskoziarra da Hunter, baina Tolosako neska-lagun ohiaren eraginez, euskaraz ikasi du. Edinburgoko lagunei euskararen inguruko azalpenak ematen agertzen da bideoan, eta abestu ere egiten du, musikaria baita Hunter. “Oso pertsona berezia iruditu zitzaidan, karisma handikoa”. Epaimahaiko kideen aburuz, ideia oso interesgarriak agertzen dira lanean, beste beste, komunitateko kide izateko hizkuntza jakitearen beharrarena.

Aurretik hainbat proiektutan jardundakoa da Galbete. Andoainen irudia eta Bilbon argazki zuzendaritza ikasketak eginak ditu, eta La Noche del Ratón filmean argazki zuzendari ibili zen. Hainbat jaialditan aurkeztu dute lana. Egun Sonko Film ekoiztetxea du Galbetek.

Amateurren atalean Mattin Zeberioren Nire eguneroko hautuak izan da garaile, eta bigarren saria Egoitz Albizuk eraman du, Balu eta balitz-ekin. Hirugarrena Ainhoa Merinoren Zentzu guztietan-entzat izan da.

Egin duen lehendabiziko film laburra izan da Albizurentzat, “abentura” bat, eta asko poztu da sariarekin. Hamarkada batzuk aurreratu, eta etorkizunera bidaiatzen du. Gizon baten ikuspegitik eta oroitzapenak tartekatuz, euskara galduta dagoen errealitate gris bat irudikatzen du. Epaimahaiak nabarmendu du filmak mezu interesgarria zabaltzen duela; erabaki egokiek baldintzatzen dutela hizkuntzaren egoera etorkizunean.

Albizu errealizazio ikasketak egiten ari da Andoainen, eta horregatik aurkeztu du lana amateurren atalera —norberak aukeratzen zuen nora bidali—.

Euskaraz sortzailea izatea

Euskal zinemaren egoeraz hitz egitean baikor agertu dira hiru gazteak. Sektorea garai onean dagoela uste du Azkoitiak. “Loreak Oscarretarako hautatu dutela ikusteak oso harro eta pozik sentiarazten nau”.

Galbeteren aburuz, lehiaketa hauek euskarazko ekoizpenak bultzatzeko balio dute. Urtetik urtera aurkeztutako lanen kopurua ugaritu egin dela dio. “Kalitate oneko lan asko aurkeztu dira aurten”. Proiektuak euskaraz egiten jarraitzeko asmoa du berak, ahal duen gehienetan. Hala ateratzen zaiola dio, euskaraz pentsatzen duelako, eta eguneroko bizitzaren zati handi bat euskaraz egiten duelako. “Barnetik sortzen zaizun proiektu bat, maitasuna jartzen duzun hori, zure hizkuntzan egitea iruditzen zait naturalena”.

Gainera, hizkuntza gutxitu batean jarduteak ez duela zertan baldintzatu uste du Galbetek. Lana kalitatezkoa bada ez du inolako arazorik ikusten zabaltzeko orduan. “Filmetan azpidatziak jar daitezke, eta ez dago inolako arazorik”.

Albizuren aburuz, hasiberriak ezagutzera emateko eta erakusleiho gisa aukera onak dira halako lehiaketak. “Egunerokoan euskaraz aritzen naiz, eta ez litzateke arraroa izango hurrengo proiektua ere euskaraz egitea”. Gaineratu du film labur dezente egiten direla euskaraz, baina komunikabideetan ez dutela hainbeste oihartzun lortzen. Ikusleengana iritsi aurretik galtzen dira. “Sektorean dabiltzan euskaldunek sare bat osatu beharko luketela iruditzen zait”.

Hirurek amesten dute egunen batean Donostiako Zinemaldian film luzeren bat aurkeztearekin. Azkoitiak argi du iraupen luzeko lasterketa bat dela dena. “Burugogorra izanda lortzen dira gauzak. Ikasteko eta gozatzeko gaude, azkenean”.

@ Irabazleen film laburrak ikusi nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.euskarazbizinahidut.org.

“Denborarekin, euskal kostalde osoa lotu nahi dugu” »

Balearen historia ezagutarazi eta euskal herritarren arteko harreman naturala sustatzeko antolatzen dute Kostalde Baleada. Gipuzkoako zatia egingo dute bihar. Antolaketan murgilduta dabil Mugertza. - Irakurri gehiago...

Udal ordezkarien gehienezko soldatak finkatu dituzte »

Gipuzkoako Batzar Nagusiek udal ordezkarien gehienezko soldatak zehaztu dituzte. 90.000 euro kobratu ahal izango dituzte urtean. Imanol Lasa Gobernantza eta Gizarte Komunikazio diputatuak eman du foru dekretuaren berri osoko bilkuran. Lasak nabarmendu…

Gazterik gabeko gaztetxeak »

Kortxoenea zabalik mantentzen ari diren guztien artean, mugimendua elur bola bilakatu zuen pertsona oharkabean pasatzen ari da kronika, txio eta atxikimendu zerrendetan. Tabakalerako inaugurazioa boikotatu eta inside job bat eginaz Pottors ta Klito programan sartzea lortu zuen heroi anonimoaz ari naiz. - Irakurri gehiago...

“Txapelketatik sagardogileok informazio asko jasoko dugu” »

Euskal Herriko I. Sagardo Txapelketa Herrikoia antolatuta, aspaldiko amets bat beteko dute; hala dio Unai Agirre Gipuzkoako Sagardogile Elkarteko kideak (Hernani, 1975). Bihar jokatuko da Azpeitiko Berdura plazan, 20:30ean. Gipuzkoako Sagardogile Elka…

“Diskriminazioa egoten da eskolan, informazio faltagatik” »

Epilepsia “gai tabua” dela uste du Mireia Centeno Gipuzkoako Epilepsia Elkarteko psikologoak (Zumaia, 1985), eta informazio faltak diskriminazioa sortzen duela; adibidez, eskolan. Egoera horri aurre egiteko garatu dute Elkar Ezagutzen proiektua. Gaixo…