Errepideen mantentze zerbitzuko “iruzurra” salatu dute langileek »

120 egun bete dituzte greban Gipuzkoako errepideak mantentzeaz arduratzen diren langileek. Zerbitzua “erabat prekarioa” dela diote, eta “duina izan arte” lanuzteekin jarraituko dutela. Lan baldintzak arautzeko hitzarmen duin bat eskatzen dabiltza. Azaldu dutenez, zuzenean Gipuzkoako Aldundiak edo Bidegik kontratatzen dituzten langileen soldatak %36 handiagoak dira, beraien lan bera egin arren.

Greban dauden langileek elkarretaratzea egin zuten asteazkenean, Donostian, diputazioaren aurrean. “Gurea zerbitzu publiko bat da, enpresa pribatuekin azpikontratatzen dena. Aldundiak du zerbitzuaren eta hura esleitzearen ardura. Azken urteetan aldundiaren erabakiz gero eta gutxiago ari da ordaintzen lan bera egitearen truke”. Era berean, auzian aldundia izaten ari den “gardentasunik eza” kritikatu zuten.

ELA sindikatuko ordezkariek esan dutenez, “iruzurra orokorra da zerbitzuan”. Bereziki bi arlo aipatu dituzte. Batetik, salatu dute lan baldintzei buruz agirietan azaltzen diren hainbat puntu ez direla betetzen —neguko planari dagozkionak, adibidez—. Aldundiari eta Lan Ikuskaritzari jakinarazia diote, baina ikusita bi erakundeek ez dutela “horri eusteko borondaterik”, auzibide penalera jo dute, “aldundiaren balizko prebarikazioa dela eta”. Bestetik, faktura faltsuak egin izana salatu dute. “Ikusi dugu zerbitzuan sortzen diren faktura batzuk puztuta daudela, iruzur eginez, eta horiek gidariek edo horien aseguru etxeek ordaintzen dituztela azkenean”.

Elkarrizketarako eta negoziatzeko prest daudela berretsi dute langileek, eta diputazioari berriro egin diote deia: “Borondate politikoa besterik ez da behar”.

Bi kulturen arteko zubia »

Olaia Iraola
Donostiako Santa Teresa ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleak Wroclaw hirian (Polonia) izan dira astebete pasatzen. Donostia 2016ren barnean dagoen Haurbanistaken barruan sortu dute Zu-bridge proiektua, Urdin Badies Lehe…

Makina bat pentsamendu »

Maite Alustiza

Minutu bat, hiru edo bost. Irakurtzen zenbat denbora pasatu nahi duen erabaki behar du erabiltzaileak. Gero botoia sakatu, tiketa hartu, eta irakurri. Lehenengo mikroipuin makinak iaz jarri zituzten, Grenoblen (Frantzia). Goxokien makina batetik atera zuen ideia Short Edition editorialak, “alferrikako momentu txikiak” aprobetxatzeko. Esperientzia hori eredu hartuta, Gipuzkoan ezarriko dituzte aurki, Kultur Dealers proiektuaren bidez. Urri eta abendu artean, herrialdeko hainbat tokitan aurkitu ahal izango dira.

Sei makina jarriko dituzte, bost finko eta mugikor bat. Hilabetez egongo dira toki jakin batean, eta lurraldean barrena ibiliko dira gero. Hala, “sormenerako eta pentsamendurako guneak” ireki nahi ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, egitasmoaren bultzatzaileak. Makina bakoitzak bi aukera eskainiko dizkio irakurleari: fikzioa edo pentsamendua. Fikziozkoak testu berriak izango dira; pentsamenduari eta filosofiari lotutakoak, berriz, egile ezagunek argitaratuak dituztenak —aforismoak, pentsamenduko pieza laburrak, filosofikoak…—. Azken horiek liburu saltzaileen elkarteak aukeratuko ditu, hainbat liburu dendarekin elkarlanean.

“Idaztea gustuko duten guztientzat”, fikziozko testuak jasotzeko deialdia zabaldu du aldundiak. Denis Itxaso Kultura diputatuak azaldu duenez, mikroipuinek “originalak eta norberak sortuak” izan behar dute, euskaraz edo gaztelaniaz. Testuek gehienez 2.000 karaktere eduki ahal izango dituzte —300 hitz—, eta gaia librea izango da. “Ez dago hesirik sormenarentzat. Proiektu honek espiritu sortzailea sustatu nahi du, ez profesionalena bakarrik, baizik eta nahi duen ororena. Gehiago edo gutxiago, denok izan gaitezke sortzaile, eta hori indartu egin behar da”.

Kultur Dealers webgunera sartuta bidali beharko dira mikroipuinak, eta epaimahai batek aukeraketa bat egingo du jasotzen dituzten guztien artean, bi fasetan. Lehenengo, Gipuzkoako idazketa lantegietan aritu diren hainbat kidek aurre hautaketa bat egingo dute, eta, horren ondoren, bi idazle ezagunek erabakiko dute makinetan zein testu sartu. Egilearen izena eramango dute idatzi guztiek.

Ahalik eta mikroipuin gehien lortzeko, proiektuaren berri hainbat bidetatik emango dute; besteak beste, blogei, liburutegiei, kultur zentroei eta literaturarekin zerikusia duten eragile eta espazioei aurkeztuko diete. Horrez gain, sei informazio panel jarriko dituzte Gipuzkoako zenbait hotel, denda eta abarretan. Libreta zuri bat egongo da han, eta arkatzak, jendea proiektuan parte hartzera anima dadin. Interneten ere sustatuko dute parte hartzea eta edukien sorrera, Facebook eta Twitter bitartez.

Itxasok nabarmendu duenez, Kultura Sailak “eremu guztietako sortzaileengan” jarri du bere ekintza politikoaren arreta: “Gure lurraldea proiekzio handia duen mundu bat da, orain arte izan duena baino babes handiagoa behar duena. Pentsamendu kritikoa, tolerantzia, aniztasuna eta elkarbizitza hobea sustatzen duen kultura baten alde egin dugu, gure sortzaileen lana erakutsi eta errazten duen kultura baten alde”.

Liburu dendekin bat

Makinen proiektua, “sorkuntza literariorako gune” izateaz gain, bilgune izan dadin ere nahi dute, eta aitorle: “Irakurketa kluben, idazketa lantegien, blogarien eta abarren lana ezagutu eta aitortu nahi du”. Sorkuntzaren eta irakurketaren alde egindako lana eskertu die Itxasok, batik bat liburu saltzaileei —Gipuzkoako hamazazpi liburu dendak babestu dute egitasmoa—. Andoni Arantzegi Gipuzkoako liburu saltzaileen elkarteko presidentearen ustez, “ez dago formula magikorik” irakurzaletasuna sustatzeko; dena den, mikroipuinen makinena “proiektu polit eta interesgarria” dela deritzo.

Oraingoz, hiru hilabetez egongo da martxan egitasmoa, proposamenak izaera “iragankor eta ezberdina” duelako. Dena den, parte hartzearen aldetik arrakastatsua bada, ez dute baztertu mikroipuin makina gehiago jartzea eta toki gehiagotara zabaltzea.

[Herriz herri] Belauntza. Mendi magaletik begiratzen duen herria »

Maier Ugartemendia

Tolosaldeko beste herri asko bezala, Belauntza ere mendi magal batean kokatuta dago, Iturregi gainaren hegalean, hain zuzen ere. Hortaz, bertara iritsitakoan herriak orokorrean eta bereziki erdiguneak dituen aldapak atentzioa ematen dute. Aldapa horiei esker, ordea, eskualdeko ikuspegi ederra du Belauntzak.

Hogeita zortzi herrik osatzen dute Tolosaldea, horietako gehienak 1.000 biztanletik beherakoak, eta haien artean dago Belauntza —254 biztanle ditu—. Biztanleriari dagokionez, goia jo zuen herriak 1970eko hamarkadan —405 biztanle izan zituen—, baina ordutik biztanleriak behera egin du, eta, gainera, gehienak “65 urtetik gorakoak” dira, Mariano Lazkano alkatearen esanetan.

Industrialdea badu Belauntzak, baina hain herri txikia izateak ezinbestean baldintzatzen dio inbertsioak egitea. Hala ere, ekonomikoki herria “nahiko ondo” dagoela zehaztu du Lazkanok.

Frontoia eta bolatokia

Udalak aurten esku artean duen proiektu nagusia frontoia berritzea da. Otsailean amaitu zuten lanen lehen fasea, frontoia ixtea. Udalak aspalditik zuen proiektu hori buruan, eta emaitzarekin “oso gustura” gelditu da Lazkano. Lanen helburua frontoiari probetxu handiagoa ateratzea zen; izan ere, bertan haizeak gogor jotzen du, eta eguraldiak askotan erabili ezinik uzten zuen frontoia. Hain zuzen ere, urte guztian erabilgarri egotea zen helburua; bereziki herritarrek kirola egiteko edo aisiarako urte osoan erabil dezaten. Lehen fasea amaituta, bigarrena du orain buruan Lazkanok. “Harmailak jarri nahi ditugu frontoian, eta lanak aurten amaitzea espero dugu”.

Proiektu nagusia pilotalekuarena bada ere, aurrera begira, epe labur eta ertainean egiteko proiektu gehiago dituzte esku artean. Esaterako, jada gauzatzen ari diren proiektu bat Martintxo elkartearen ondoan egiten ari diren aparkalekua da. Herria aldapatsua denez, elkartearen ondoan autoak “kristoren aldapan” utzi behar izaten zituzten, eta, hortaz, elkartearen ondoan zegoen herri sail batean 15-16 autorentzako aparkalekua egitea erabaki zuten.

Bestalde, bolatokia berreskuratu nahi dute. “Nahiko hondatuta” dagoela eta, ostatuaren atzean dagoen zelaian, plazatxo batean, berria egiteko asmoa dute. “Duela hamar urte ingurura arte udaletxe ondoko bolatokian jokatzeko ohitura handia zegoen”. Bolatoki zaharretik gertu dago egun haurrentzako parkea ere. Errepide ondoan dagoenez, “nahiko arriskutsua” da, eta aipatutako plazatxo horretan parke berri bat jartzea ere gustatuko litzaieke.

Azpiegiturei dagokienez, herrigunetik bananduta dagoen San Jose ermitaren ondoko errepidea zabaldu egingo dute, han dagoen industrialdeak zabalerarekin “arazorik ez izateko”. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izango dute; izan ere, lan horiek egiteko “diru kopuru handia” beharko dute. Proiektu guztiak gauzatu ahal izatea espero du Lazkanok. Halaber, herrian zuntz optikoa ere pasatu berria dute.

Kultur eskaintza

Belauntza herri txikia izan arren, urte osoan kulturari lotutako hainbat ekintza izaten dituzte. Esaterako, herrian ospatzen dituzten San Joan jaiak amaitu berri dituzte; ekainaren 23tik 26ra bitarte egin zituzten, joan den astean. Ospakizunik potoloena San Joan egunean bertan izan zuten.

Oporrak hartu berriak dituzten herriko haur eta gaztetxoek, berriz, uztailaren 4tik 29ra udaleku irekiak izango dituzte; Gabonetako oporretan ere izaten dute. Aitzakia horrekin herriko haur eta gaztetxoen arteko harremana sustatzen dute. Izan ere, urteak dira Belauntzan eskolarik ez dutela, nahiz eta eskolaren eraikinak oraindik zutik jarraitzen duen —udaletxe ondoko plazan dago—. Kultur astea, berriz, abendu amaiera aldera antolatu ohi dute urtero, eta denetariko jarduerak izaten dituzte aste horretan.

Herrian bertan bizimodua egitea sustatu nahi dute. “Egitasmo ezberdinen helburua herria bizirik mantentzea eta herritarrei erosotasuna eskaintzea da”, Lazkanoren esanetan. Belauntzak oso gertu ditu Tolosa eta Ibarra, tamaina handiagoko herriak, eta askotan horietara joateko ohitura dagoela dio Lazkanok. Herritarren artean, batez ere gaztetxoenen artean, “laguntasuna” sortu eta elkarrekin “giro onean” egotea gustatuko litzaioke, eurak izango baitira hemendik urte gutxira herrian bizia egingo eta sortuko dutenak.

“Ni hemen bezain ondo ez naiz inon bizi izan, dudarik ez izan” »

M. Ugartemendia
Martzelino Lopetegi (Belauntza, 1944) mundu osoan ibili da zesta-puntan jokatzen. Hemeretzi urte zituela irten zen Belauntzatik, eta, hogeita hamar urtez profesionaletan ibili ondoren, herrira itzuli zen.Nola deskribatuko zenuke Belaunt…

Nahita sufritzea telebistan »

Leire Narbaiza
Gizon-emakume bikote bat, biluzik natura basatiaren erdian, hogeita bat egunez bizi iraun nahian”. Horrela hasten da Aventura en pelotas (Abentura larrugorritan) saioa, zapatu gauetan TDTko Discovery Max kanalean ematen dutena. AEBetako …

“Tokiko beharretara moldatutako eskaintza egitea dugu helburu” »

Hasi dira Udako Ikastaroak. UEUk askotariko eskaintza prestatu du, eta ohi baino herri gehiagotan egingo dituzte saioak, uda garaian ikasten jarraitu nahi duten horientzat. - Irakurri gehiago...

“Nahiago nuke hemen bizi” »

E. Goenaga Lizaso

Asteazkena. 11:30. Ia 30 gradu itzaletan. Fresko egoten da San Telmo museoan, baina ez dabil jende asko. “Atzo bai; asteartetan doan da sarrera, eta jende pila bat etorri zen erakusketa ikustera”, dio harrerako langileak. Bake ituna erakusketaren zati bat dago San Telmon; ostiralean inauguratu zuten, Donostia 2016ko egitarauan garrantzi handiko erakusketa da, eta oihartzun handia izan du hedabideetan. Langileek diotenez, ari da jendea erakartzen. “Baina, gaurko beroarekin, jendeak nahiago du hondartzara joan”. Hala da, gabarroian jende gehiago dago museoan baino.

Bertaratu direnen artean, turista itxura dute askok. Baina, eguraldiak praka motzak eta elastiko tiraduna janztera gonbidatzen du; ez da erraza turistak bereizten. Adin nagusiko emakume bati euskaldun itxura hartu dio kazetariak, eta hurbildu zaio. “Sorry, I don’t understand. I’m from Bath, England“, erantzun dio —”Barkatu, ez dut ulertzen. Bath-ekoa naiz, Ingalaterrakoa”—. Alex Kolaçovski du izena. Senarra ingeniaria dela, hura kongresu batera etorri dela eta berak hiria bisitatzeko aprobetxatu duela azaldu du. “Ez nekien ezer, eta oso sorpresa ona izan da kultur hiriburua zela jakitea”. Erakusketaren berri izan, eta bertaratu egin da. “Itxura zoragarria du. Ea zerbait gehiago ikusterik dudan bost egunotan”. Kultur hiriburutzaren kontua ez zaio arrotza. “Ingalaterran hainbat hiri izan dira kultur hiriburu, eta onura handia atera diote. Ea zortea duzuen”.

Denak ez dira turistak, halere. Lore Jauregi Zarauzkoa da, eta Donostian bizi da. Lehen aldiz izan da Donostia 2016ko jarduera batean. “Ez dut parte hartu. Gauza asko egin dira, baina ez naiz etorri”. Hernaniko Xabier Gurrutxagarentzat ere lehen aldia da. “Aspaldi nuen San Telmora etortzeko asmoa, eta aitzakia erakusketa honek eman dit”.

Aurrerago, adineko gizon bat dago, adi-adi koadro bati begira. Ez du turista itxura. “Hogei urtez irakasle izan nintzen Donostian, baina orain Azkoitian bizi naiz. Egunero pentsatzen dut ‘nahiago nuke aurten Donostian biziko banintz’. Propio etorri naiz erakusketa ikustera”, dio Esteban Arrietak. Kultur hiriburutzaz zuen iritzia aldatu egin dela aitortu du. “Kongresu, hitzaldi eta halakoak espero nituen gehiago, baina ez, kultura oso zabala da, eta dena hartzen asmatu dutela dirudi”.

Donostian bizi dira Itziar Arrizabalaga (Beasain), Maribel Lariz (Eibar) eta Inmakulada Arratibel (Beasain). Elkarrekin iritsi dira San Telmora. Donostia 2016ri buruzko iritzia eskatuta, “oso ondo” erantzun du Larizek. Arrizabalagak ere baietz dio buruarekin: “Jarduera pila bat daude, eta jende askorengana iritsi dela ematen du. Uda gau bateko ametsa ikustera joan nahi genuke, baina sarrerak amaitu dira”. Larizek dioenez, 2016aren aurretik jendeak agian bazuen “beldur pixka bat”: “Baina orain jendea pozik ikusten dut, eta parte hartze handia izaten ari da”.

Erdi eta erdi

San Telmotik, Alderdi Ederrera; Donostia 2016k atondutako informazio gunera. Agus Aduriz, Silvia Santos eta Aloña Ganboa ari dira bertan lanean. Inork baino hobeto dakite jendeak nolako informazioa bilatzen duen eta zer dakien kultur hiriburuaz. 20 minututik gora egin du kazetariak zain, haiekin hitz egiteko tartetxo bat izan arte. “Gaur lasai gaude; egun askotan ilarak kaleraino luzatzen dira”, dio Adurizek.

Etengabea da joan-etorria; tartean turista espainiar, frantziar eta ingelesak etorri dira informazio bila, baina baita bertakoak ere. “Nik uste dut erdi eta erdi izaten direla, turistak eta bertakoak —donostiarrak, gipuzkoarrak eta nafarrak, batik bat—”, azaldu du Adurizek. Turismo bulegoa delakoan sartzen dira asko informazio gunera. “Eta ilara oso luzea ez bada, denbora hartzen dugu kultur hiriburutzari buruz informazio osatua emateko. Bestela, egitarauak ematen dizkiegu, astekoak eta hilabetekoak”.

Urteroko oporrak Europako kultur hiriburuetan egiten dituzten turistak ere joan izan zaizkie informazio bila. “Ni harritu nintzen lehenengoak etorri zirenean. Ez dira asko, baina batzuk badira. Eta konparazioa egiten dute hiriburu baten eta bestearen artean. Gehienei asko gustatu zaie Donostiako eskaintza, eta esaten dute beste hiriburu batzuetan ez dela halako egitarau zabalik izan”.

Bertakoei dagokienez, jendearen ezagutza eta jarrera “errotik” aldatu dela uste du Adurizek. “Iraultza moduko bat izan da, batez ere Aste Santuetatik hona. Ezezagutza handiagoa zen lehen. Orain, egun-pasa etortzen den jende asko dator hona, eta badakite eskaintza zabala dela; etortzen dira galdetzera ea zer egin dezaketen gaur, eta aukeratu egiten dute”.

Pixkanaka ari da bustitzen »

Sei hilabete dira Donostia 2016 hasi zela. Erdibidera iritsita, balorazio bat egiteko modua badago, beraz. Balantzea «oso ona» dela dio Fernando Alvarez komunikazio arduradunak; pixkanaka jendearengana iristea lortu duela, eta herritarrak hiriburutzaren parte sentitzen direla. - Irakurri gehiago...

1978an bi neska gazteren eskaera, parte har zezaten »

Neskek Irungo alardean parte hartzeko lehen ahaleginak 1970eko hamarkadan egin ziren. 1976an hasi ziren planteatzen, Alardeko Musika Bandako zuzendariordeak hiru emakume sartzea proposatu zuenean. Alardearen Batzordeari egin zion proposamena, baina ba…