Txikiek bat egitea, errazagoa »

. Segura auzo herri boteretsuaren menpe ia bi mende eta erdi egon ziren, 1384tik 1615era. Bereizi ondoren, 90 urteren buruan lortu zuten azpiegiturak eraikitzea eta norbere egiturak indartzea. Gaur egun, inoiz baino batuago daude bi udalerriak.

Meategiekin estu lotutako herriak izan dira Mutiloa eta Zerain azkeneko 500 urtean. Aizpea-Barnaola-Troi meatze barruti aberatsaren sarbide eta bizileku izan dira. Meatzari, garraiolari eta meatzeen ingurura bildu ziren langile ugarien topaleku. Antzinatik ustiatu izan dira mendi horietako meategiak —horren lekuko haizeolen aztarna diren zepadiak—, baina 1512an jarri zuten Aro Modernoko zutarria: Gaztelako erregeak otaloratarrei eman zien Aizpeko meategien ustiapena eta jabetza.

Mutiloaren lehen aipamena 1144koa da. Zerain bi mende geroago azaldu zen agirietan, 1384ko martxoaren 20an, Santa Maria de Basarte edo Santa Maria la Asunta de Zerain izenez. Hain zuzen, egun horretan geratu zen Zerain Segurako hiribilduaren menpe, ofizialki. Baita Mutiloa ere, eta inguruko beste zazpi herrixka: Astigarreta, Gudugarreta, Gabiria, Idiazabal, Legazpi, Ormaiztegi eta Zegama.

Beren herri lurren gaineko eskumenari eutsi zioten herrixkek. Horrela, nola Mutiloako sei etxek hala Zerainek, Fernan Perez de Aialari Altzaniako eta Aizkorriko lurrak erosten parte hartu zuten, 1401ean. Baita 1440an belardi komunatuak arautzeko idatzian ere. Gaur egungo Urbiako partzuergoaren hastapena hori izan zen.

Arlo batzuetan zeukaten askatasunak, ordea, ez zien lasaitasun handiagorik eskaini Seguraren jurisdikziopean egoteagatik bete behar zituzten gainontzeko zereginetan.

Segurako gastuei, muzin

Dagoeneko 1399. urtean, Segurako alkatearen esanetara jarri eta hamabost urtera, hainbat herrik tributua ez ordaintzeko eskaera egin zuten. Zerga kobrantzan izandako gehiegikeria batzuek haserretu zituzten herrixketako bizilagunak. Geroago, 1470ean, beste auzi bat sortu zen Seguraren eta haren menpean zeuden herrien artean. Hiribilduaren defentsa berritzeko gastuetan parte izateko eskatu zien Segurak besteei: herriko itxiturak, harresiak, dorreak, ateak, lubakiak eta kartzela konpontzeko gastuak banatu nahi zituen. Baina baita alkatearen, fidelen eta errejidoreen soldatak, eskribauena, herriko pregoilariarena, morroiena, kontzejuko mezulariarena, prokuratzaileena eta probintziako batzarretara bidalitako ordezkariena ere. Horrez gain, gastu gehiago ere bazituen Segurak: gauero zaintza egiten zuten lau zaindariena eta haien ofizialarena, eta ekaitz handien gauetako zaintzaileena.

Menpeko herrixkek ere horiek guztiak ordaintzeko betebeharra zutela iradoki zuen Segurak. Herriek erantzun zioten “inoiz ez” zituztela ordaindu, eta aurrerantzean ere ez zutela dirurik jarriko. Salvatierra de Iraurgiko (Azpeitia) Juan Perez de Bikuña jarri zuten epaile. Herrixkek ere ordaindu beharra zeukatela ebatzi zuen hark, 1.000 doblako isunarekin mehatxu eginda.

Norbere bidea, 1615ean

Babespeko herrien eta hiribilduaren arteko ika-mikek 1615era arte izan zuten zioa. Urte hartan, Filipe III.a Gaztelako erregeak hiri-gutunak saldu zizkien, eta hiribildu beregain bihurtu ziren Mutiloa eta Zerain ere.

Berehala samar hasi ziren bertako azpiegiturak prestatzen. Hala, Zerainen 1705ean hasi zuten udaletxe berria, Seguratik banatu eta 90 urtera. Olabide baserriari erositako lurretan altxatu zuten herriko etxea. Sei urteko lanen ondoren, 1711n bukatu zituzten udaletxea, alondegia, labea, zalditegia, ostatua eta gaur egun ospetsu den kartzela. Hain zuzen, udaletxe horretan ospatu dute zeraindarrek 400. urteurrena ere, urte honen hasieran. Herritarrek bilkura bat egin, eta plaka berezia jarri zuten.

Hiribildutik bereizi bai, baina bi urtera (1617an) beste herri elkargo bat eratu zuten Mutiloak, Zerainek, Gudugarretak, Astigarretak eta Ormaiztegik: San Esteban Errekako Bailara Elkartea. 1637an Zegama batu zitzaien.

Elkarte espirituak bizirik dirau, oraindaino. Zerainek eta Mutiloak bi herrien arteko harremana estutu, eta ildo estrategiko komunetan batera jarduteko lan-mahaia osatu zuten, 2013ko urrian. Medikua, idazkaria eta gizarte laguntzailea bi udalerriek banatzen dituzte. Mutiloako ume txikiak Zeraingo haur eskolara joaten dira —larriagoak, Segurakora—, gimnastika saioak Mutiloan ematen dituzte, dantzakoak Zerainen… “Bi herriak batzea, elkarlana eta auzolana bultzatzea” du helburu mahai horrek.

Lotura hori, kontzeptuetan ez ezik, fisikoki ere gauzatu da. 2006an ireki zuen aldundiak Mutiloa eta Zerain zuzenean batzen dituen errepide berria. Inoiz baino gertuago daude orain.

Miguel de Aranburu Gipuzkoako Historialarien Elkartea liburu bat idazten ari da, 400. urteurrena ardatz hartuta. Zerain, Zegama, Idiazabal, Mutiloa eta Gabiriako herriak dira partaide. Irailerako, bestetik, Aizkorpe bailarako herrietan barrena mendi ibilaldi bat egiteko asmotan dira, Antonio Berasategi historialari idiazabaldarrak gidatuta.