Azaro bukaeran, indarkeria matxista hizpide »

Azaroaren 20tik 24ra bitarte, Indarkeria matxistaren normalizazioa topaketak antolatu ditu Donostiako Emakumeen Etxeko erasoen aurkako batzordeak. Hiru hitzaldi izango dira, guztiak 19:00etatik 21:00etara, gazteleraz.Azaroaren 20an, Feminizidioa Estat…

“Gure ondarea oro har ukatua izan bada, itsas ondarea are gehiago” »

Joan den igandean, Galdutako itsas historia berreskuratzeko saiakera bat hitzaldi ibiltaria eskaini zuen Xabier Alberdi Lonbide historialariak (Zarautz, 1969), Zarautzen; aurreko igandean, Itsas hiribildu baten ezaugarriak ezagutu ditzagun izenekoarekin egin zuten ibilbidea, Orion. Hurrengo hiru igandeetan gauza bera egingo du, hurrenez hurren, Getarian, Zumaian eta Aian. Itsas Ondarea Ezagutzeko Hitzaldi Ibiltariak izenburupean egingo dira bost ibilaldiak. “Iaz gauza bera egin genuen; lehenengoan hamabi lagun elkartu ginen, eta azkenekoan, berriz, 80″.

Urola Kostako Mankomunitatean sortutako ideia izan zen hitzaldi ibiltariena. “Itsas ondarearen gaia baztertu samar egon den arlo bat da, eta horri balioa emateko ahalegina egitea pentsatu zuen mankomunitateak”. Eta sentsibilizazioa hitzaldi ibiltarien bidez egitea erabaki zuten iaz.

Alberdiren arabera, Euskal Herriko historian itsasoak duen garrantzia eta pisua ez da behar bezala kontuan hartu. “Azken hamarkadetan Euskal Herriaren historiak, oro har, ukazioa bizi izan du; eta Euskal Herriko historia eta ondarea ukatua izan bada, itsas ondarea are gehiago”. Lurreko ondarearen eta itsasokoaren artean ezberdintasun bat dagoela dio: “Lehorreko ondarea ukitu eta ikusi egin daiteke, dela baserri bat, dela dorre bat edo burdinola bat; baina itsas ondarea gehienetan ukiezina da —jada desagertuta dauden itsasontziak, ofizioak, erremintak…— eta horregatik egon da ezkutuago”.

Itsas ondare hori ikusgarri egin nahi dute, bazterretik atera eta erdigunean jarri. “Beste ikuspegi batekin begiratzen hasi behar dugu. Maiz iruditzen zaigu hainbat gauzak ez dutela itsasoarekin zerikusirik, eta lotura erabatekoa da”. Baserria du horren adibide. “Guregana iritsitako baserria, sagardo ekoizpenari zuzendutako baserria, adibidez; baserri mota hori ekoizpen horretan espezializatu zen sagardoa itsas bidaietarako erabiltzen zelako”. Burdingintzaren garrantzia ere itsasoari zor zaiola azpimarratu du Alberdik. “Hori posible izan zen, ez bakarrik minerala eta erregaia genituelako, baizik eta itsasoz aterabidea emateko modua genuelako”.

Bost herri, adibide

Bost herri hautatu eta bost ibilbide antolatu ditu Alberdik, eta bakoitzean gai bat landuko du. Oriokoa izan zen lehena, azaroaren 1ean. “Itsas hiribilduen gaia lantzeko aukera paregabea ematen du Oriok. Urola Kostan lau itsas hiribildu ditugu —Getaria, Zumaia, Orio eta Zarautz—, baina horien artean Orio da ezaugarriak ondoen gordetzen dituena, eta, gainera, Euskal Herri guztian bakarra da XVI. mendekoa”.

Alberdiren esanetan, Zarautz da galdutako itsas historiaren adibide argienetako bat. “Ezaugarri guztiak ditu. Itsasbazterrean dago, hondartza du, surfa… baina, askotan, badirudi Zarautzek itsasoarekin duen harremana berria dela, toldoak jarri zituzten arte itsasoari bizkar emanda egon balitz bezala. Nonbaiten itsas ondarea ezkutatua badago, Zarautzen dago, eta ondare hori bilatzera atera gara”.

Getarian, igande honetan, San Anton mendiko sekretuak hitzaldi ibiltaria eskainiko du Alberdik. Portu baten ezaugarriak azaldu nahi ditu historialariak. “Eta portu natural ederrena, dudarik gabe, Getariakoa da. San Anton mendiak sortzen du portua, eta bertan hainbat elementu eta ezaugarri daude: itsasargia, fortifikazioak, talaia…”.

Euskal itsas balentrien antzinako monumentuak hitzaldi ibiltariak Zumaia izango du kokaleku, hilaren 22an. “Itsas ondarea isilpean pasatzearen arrazoietako bat da gure itsas balentrietako askoren aztarnak elizetan jasota daudela. Hobeto gordeko zirelakoan, ahaztuko ez zirelakoan jaso zituzten elizetan, eta elizetan daudelako ez ditugu orain ezagutzen”. Herriko parrokia, komentu bat eta San Telmo ermita bisitatuko dituzte, Zumaian, itsas balentria horien aztarnen bila.

Hilaren 29an, Aian, Gure itsas paisaia zaharrean zehar hitzaldi ibiltaria eskainiko du Alberdik. “Beste lau ibilbideak berriak dira, baina hau iaz ere egin genuen. Lehena izan zenez, jende gutxi etorri zen, eta gerora jendeak errepikatzeko eskatu digu”. Nekazaritza giroko paisaian itsasoak izandako eragina aztertuko du Alberdik ibilbide horretan: baserriak, basoak, burdinolak, errotak…

Alberdi pozik dago ordu eta erdiko hitzaldi ibiltari hauek harrera ona izaten ari direlako. “Askotan historia lotzen dugu txapa luze batekin, eta modu honetan historia modu praktikoan ezagutzeko aukera ematen dugu”.

“Luzerako prozesu moduan ulertzen dugu Alos Quartet taldea” »

Musika “lasaia, herrikoia, klasikoa eta indartsua” dakar Alos Quartet taldearen Garden lan berriak. Hari laukote horren hirugarren diskoa da, labetik atera berria, eta Xabier Zeberio taldekideak (Tolosa, 1978) azaldu duenez, “poza” sentitzen dute hainbeste hilabetetako lanaren ostean diskoa esku artean izanik. “Irrikaz” daude ikusteko zer sentsazio sortzen duen lan berriak jendearengan. Tolosan aurkeztuko dute, gaur, 20:30ean, Topic zentroan.

Nolako diskoa da Garden?

Gure ibilbide luzean aurrerapausoa da; ohiko sonoritatean pauso bat harago eman dugu. Gure atmosfera edo giroan kokatzen da, baina, era berean, gauza oso sotilak eta indar handiagoko erritmoak topatu ahal ditugu. Iturri ezberdinetatik edaten duen musika da; batetik, musika herrikoia; bestetik, musika klasikoa, bai eta beste hainbat estilo ere. Disko instrumentala da, ahotsa duten bi abesti kenduta. Doinu batzuek ere badute dantzarako giroa. Izan ere, duela urte eta erdi sortu ziren, Aukeran dantza taldearen Geltokia izeneko ikuskizunerako. Gure ohiko bidean, beraz, oso disko indartsu eta ederra atera zaigula esango nuke.

Diskoaren izenarekin jolas egin nahi izan duzue.

Bi adiera ditu. Batetik, euskarazko gardentasuna, sentsibilitatez betetako musika baita. Beste adiera ingelesezko lorategiarena litzateke. Kantu bakoitza lore bat balitz bezala sentitu dugulako. Bi adiera horiekin jolastu nahi izan dugu.

Jende askok parte hartu du zuekin diskoan.

Oinarria hari laukotea da, hau da, Pello Ramirez txeloarekin, Lorena Nuñez biolarekin, Francisco Herrero biolinarekin, eta ni biolinarekin eta nyckelharparekin. Azken hori oso instrumentu berezia da, Suediatik etorria. Erdi Aroko biola moduko bat da, tekla bidez jotzen dena, eta soinu berezia sortzen du, magikoa. Batzuetan, badirudi gaita dela, eta, besteetan, antzinako biolin bat. Laukotearekin primeran uztartzen da.

Abesti bakoitzari kolore berezi bat eman nahi izan diogu, eta, horretarako, jende ugari aritu da gurekin batera. Zorte handia izan dugu azken urteetan hainbat estilotako artista ugariren proiektuetan parte hartu dugulako, eta artista horietako batzuk gurera ekarri ditugu, gure diskoan parte hartzera. Hor dugu, esaterako, Eñaut Elorrieta; Ken Zazpiren lehendabiziko diskotik lan egin dugu haiekin, eta aspaldiko lagunak gara. Aspalditik genuen zerbait berezi egiteko ideia. Hala, Harkaitz Canok idatzitako hitzekin kantu bat egin nuen, eta, hark abestua, emaitza oso kantu samurra eta ederra izan da. Bestalde, oso ahots berezia eta sakona duen Silvia Iriondo abeslari argentinarrak ere parte hartu du, eta, horrez gain, Oreka Tx taldeak, Bill Colley bateria jotzaile estatubatuarrak, Josu Salbidek, Iñigo Egiak, Iban Alzatek… Bakoitzak bere ukitu berezia eman dio.

Abesti gehienak zuk konposatutakoak dira.

Bai; kasu honetan, horrela izan da. Egia da laurok lan handia egiten dugula lokalean, prestaketan. Gure funtzionatzeko modua eta filosofia oso lasaia da. Ez gara urtero disko bat egiten duen talde bat. Gure esparru naturala beste artistekin eta proiektuetan aritzea da, eta, horretan, zorte handia izan dugu, jende askorekin egin baitugu lan. Urte askoan aritu ginen, esaterako, Dulce Pontesekin, Kepa Junkerarekin, Carlos Nuñezekin… Horretan energia handia jartzen dugu. Gure proiektua sortu zenetik hamasei urte igaro dira, eta hau hirugarren diskoa da. Lau-bost urtean behin egin dugu lan berri bat. Prozesu lasaia da, geldoa, mimo handiz egindakoa, eta prozesu horretan taldekide guztiek sekulako lana egiten dute, bakoitzak berea eskainiz.

Beraz, presiorik gabe egiten duzue lan.

Guretzat, Alos Quartet plazera da. Musikari gisa lana izateaz gain, gure kapritxoa ere bada. Bide hau, uneko produktu moduan baino gehiago, luzera begirako prozesu moduan ulertzen dugu. Inork ez zigun esango hainbeste urteren ostean hemen egongo ginenik disko bat aurkezten; hor goaz, pixkanaka handituz, gauza berriak eta bidea eginez.

Nola definitzen duzu zuen musika?

Gustatzen zaigun laudorio bat da jendeak esaten digunean musika lasaigarria dela, eta askotan jartzen dutela etxean. Korrika batean bizi gara; beraz, poztekoa da horrelako kontraste bat eskaintzea.

Nola antolatzen zarete musika berria sortu eta abestiak jotzeko?

Gauden unearen arabera izaten da. Proiektuen edota grabaketen arabera antolatzen gara. Ez gara astero elkartzen, baina, behar denean, astean hiru aldiz elkartu gaitezke, eta gero egon gaitezke hilabete batean elkartu gabe. Gure lanbidea ere horrelakoa da; bat-batean lan asko eduki dezakezu, eta gero izan ditzakezu une lasaiak. Eta une horiek ere beharrezkoak dira energia pilatzeko.

Lan handiko garaian zaudete orain, ezta?

Hala da, diskoaren aurkezpena, sustapena eta kontzertuak direla eta. Lan handia, baina plazer handiko lana; era berean, gustukoa.

Lan hori zure herrian aurkezteko plazera duzu gaur.

Herrian jotzea beti da hunkigarria, eta aurkezpen berezia izango da. Diskoan parte hartu duten lagunak ere izango dira. Bertan izango dira, esaterako, Oreka Tx taldeko kideak eta Aukeran dantza taldeko kide batzuk, hainbat doinu dantzatzeko.

Alos Quarteteko kideek beste hainbat proiektutan ere parte hartzen duzue.

Pellok urte asko daramatza Benito Lertxundirekin; Lorenak, antzinako musika jorratzen duten hainbat taldetan jotzen du; Franciscok ere, beste hainbeste, eta ni Oskorrin aritu naiz urte askoan. Zorte handia dugu, talde edo musikari bakoitzarengandik ikasten baita zerbait; musika ulertzeko modu desberdinak ezagutzen dituzu. Hori guztia motxilan sartzen dugu, eta, nolabait, gure proiektuan du isla.

Oskorrirekin, agur esateko biran murgilduta ere bazaude. Nola sentitzen zara?

Egia esan, pena handiz ari gara hartzen agurreko emanaldi hauek. Niretzat, bizitza erdia izan da, eta, musikari dagokionez, bizitza osoa: 18 urte orotara. Esperientzia eta bizipen kontaezinak bildu ditut urte hauetan. Oso handia izan da maila horretako musikariekin eta pertsonekin lan egin ahal izatea.

Gure jarraitzaile guztiak ahalik eta egokien agurtzea dagokigu orain. Lehendabizikoak eman ditugu, eta izugarria ari da izaten jendearen berotasuna eta maitasuna. Taldeak 45 urte egin ditu agertoki gainean. Hemendik urte batzuetara, distantziaz, orduan konturatuko naiz urte horietan bizi izan dudan handitasun horretaz.

Ia 9.000 gipuzkoar, igandean Behobiatik ateratzeko prest »

“Ez da markak hausteko eguna izango”. Iganderako hego haizea iragarrita dagoela eta, mezu hori helarazi du Fortuna elkarteak, Behobia-Donostia lasterketaren antolatzaileak. Beroari aurre egiteko, hidratatzearen garrantziaz ohartarazi die parte hartzaileei. Aurten ere marka hautsi du izena eman duten korrikalari kopuruak: 33.947 lagun, iaz baino 4.000 gehiago. Horien artean, 8.805 gipuzkoarrak izango dira. Gorantz doa emakumezkoen parte hartzea ere: 1999an 859 emakumek egin zuten korrika, eta iganderako 7.703k eman dute izena. Maila handiko lasterketa izatea espero da, azken hamar urteetako irabazleek parte hartuko baitute proban.

Iaz aldaketa batzuk izan ziren ibilbidean, eta aurten ere bide horri eutsi diote. Antolakuntzak egindako inkesta baten arabera, elkarrizketatuen %70 bide berriaren alde agertu dira, eta %8k bakarrik lehenetsi dute ibilbide zaharra. Irteera orduei dagokienez ere, ez da aldaketarik izango: aulkian doazen atletak 09:30ean aterako dira —48k eman dute izena—; patinatzaileak, bost minutu geroago —233—; eta lehenengo korrikalariak 10:00etan irtengo dira. Hemeretzi txandatan mailakatuta aterako dira Behobiatik; azkenak, 11:35ean.

Hazten eta hazten doan lasterketa da Behobia-Donostia. Lehen urtean, 1979an, 1.021 lagunek parte hartu zuten, eta geroztik urtero igotzen joan da kopurua. Azken zazpi urteetan ia bikoiztu egin da: 2008an 18.000 lagun baino gehiago izan ziren. Parte hartzaileen jatorriari dagokionez, gipuzkoarren atzetik katalanak izango dira gehiengoa (5.400). Bizkaitik 2.780 korrikalarik eman dute izena, Nafarroatik 2.512k eta Arabatik 1.049k.

Behobia-Donostiaren aurretik, haurren eta gazteen txanda izango da. Bihar Behobia Txikia izango da, 15:00etan, Anoetako miniestadioan. Ia 3.000 haurrek eman dute izena. Behobia Gaztean, berriz, 14 eta 18 urte bitarteko 220 korrikalarik parte hartuko dute —igandean, 09:30ean, Herrerako biribilgunetik—.

Ikerketan beka hesi denean »

Karrera zientifikoetan emakume ikerlariek eta zientzialariek ez dute oztoporik aurkitzen doktore tesia egin bitartean. Hesiekin, ordea, doktoretza ondorengo proiektuak egiteko beketan egiten dute topo; askotan, haurdunaldia da arazoa eragiten diena. - Irakurri gehiago...

“Zabortegia ireki nahi bazuten, aurretik egin behar zituzten lanak” »

Beasaingo alkate da Aitor Aldasoro jeltzalea. Sasieta mankomunitatean Beasain ordezkatu zuen aurreko agintaldian, eta lehendakaria da orain. "Kezkatuta" dago mankomunitateak duen 1,65 milioi euroko zorrarekin, eta EH Bilduren kudeaketa txarrari egotzi dio horren erantzukizuna. - Irakurri gehiago...

“Zapalduen Antzerkia bizitzarako entsegu bat da” »

Gazte hasi zen Belen Nevado (Gasteiz, 1969) antzerki tailerrak ematen institutuetan. Gaur egun Zapalduen Antzerkia tailerra ematen ari da, besteak beste, Azkoitian, Elkargunean; eta Arrasaten, Emakume Txokoan. Arrasaten dagoeneko ikasturte bat baino …

Odol tanta ikusezinen eskertza »

Tantaz tanta lortzen da litro erdia. Kantitate horixe da, hain zuzen ere, odol emaileek odol ateraldi bakoitzean ematen duten odol kopurua. Tantaz tanta, litro erdiz litro erdi, beste herritarren baten bizitza salbatzeko egiten duten lan ikusezina da …

Kezkak plazara daramatzate »

Aire zikinari aurre egiteko mozorroa edo lore-errota. Bi aukera horien artean, bigarrenaren aldeko hautu garbia egin du Lasarte-Oriako Aire Garbia plataformak. Zubietan egin asmo duten errauste plantaren aurka batu dira hainbat herritar, eta haien kez…

“Egurrezko ontziak ondare bizia izatea nahi dugu” »

Ogibidea aparte badu ere, denbora dezente eskaintzen dio Beñat Ibaietak (Zumaia, 1982) Euskal BatelEroak elkarteari. Inork nahi ez dituen egurrezko ontziei beste bizitza bat ematen saiatzen dira, eta garai batean euskal kostaldean nola nabigatzen zen jendeari erakusten. “Ez da lan erraza; ez da instituzioen aldetik interes berezirik egon gaiari heltzeko. Frantzian, Herbehereetan, Alemanian eta Bretainian itsas ondarea oso ongi zaintzen dute, eta ontziak mantentzeko nahiz berriak sortzeko diru laguntzak ematen dituzte. Gurean, berriz, euskal ontzi tradizionalik ez da ia geratzen, erreplikak dira gehienak”.

Batel bat lortu zuen garaian ezagutu zuen elkartea; Zumaiako Beduaolako kideek eman zioten haren berri. “Batelekin eta belan ibiltzen zen jendearentzako elkartea zela esan zidaten, eta hala eman nuen izena”. Handik gutxira elkarteko idazkari izendatu zuten, eta duela bi urtetik bera da Euskal BatelEroak-eko zuzendaria. “Egurrezko ontziak dituzten bazkideen eta zaleen elkartea da gurea. Badaude bazkide batzuk euren herrian egurrezko ontzi bat mantendu ezin dutelako elkartearen esku uzten dutenak”.

Elkartea Bretainiara egindako bidaia baten ondoren sortu zen. “Euskal Herria gonbidatua izan zen topaketa batzuetan. Hemendik batel pila bat joan ziren hara, eta han nabigatzen ari zirela ohartu ziren bazkide pila bat bilduko zituen zerbait falta zela”. Harritu egin ziren zenbait herrialdek beren itsas ondarea nola zaintzen zuten, eta antzeko zerbait egitera animatu zen lagun talde bat. Izan ere, batela euskal ontzi tradizionala da, eta “oso geurea”. XIX. mendekoak izan ziren lehen batelak, eta ez zuten gidatzeko tripulazio handien beharrik. Erabilpen domestikoa ematen ziotela uste da, kostako familiek baliatzen zituztela.

Gaur egun, urtero egun bat antolatzen dute Euskal Herriko itsas ondarea eta egurrezko ontzien nabigazioa sustatzeko. Batelero Eguna deitzen diote; normalean uztailaren 31n egiten dute. Gipuzkoako zenbait herritan antolatu dute jada. Elkarte handia ez diren arren, Ibaietak uste du kostako jendeak baduela euren berri, hainbat herritan daudelako batelarien elkarteak.

Elkarte horientzako egoitzak lortzen ere saiatzen dira. “Kultur ondare diren ontziolak badaude oso egoera txarrean, eta ederra izango litzateke horiek konpontzea eta batelarien elkarteek lokal gisa baliatzea”. Ibaietaren eta gainerakoen ilusioa kanpotik etor daitezkeenei Euskal Herrian itsas ondarea zaintzen dela erakustea da: “Egurrezko ontziek ondare bizia izatea nahi dugu, eta itsasorako moduan egotea”.

Euskal BatelEroak taldeko bazkide bakoitzak bere txalupa du, nahiz eta zenbaitek falta duten oraindik. Uretan edukitzen dituzten ontziez gain, lokal barruetan ere izaten dituzte, eta horiek konpondu behar izaten dituzte. “Polita izaten da erakusketak egitea ere, negu partean jendeak batelen berri beste era batera jaso dezan. Badugu erakusketa finko bat Lekeition, Euskal Herriko ia ontzi tradizional guztien maketekin”.

Batelero Egunaz gain, datorren urterako beste zita garrantzitsu bat du buruan Ibaietak: “2016an beteko dira 150 urte Aita Mari marinel zumaiarra hil zela, eta urtemugarako zerbait berezia prestatu nahi genuke”. Jose Maria Zubia itsasgizona, Aita Mari ezizenez ezaguna, arrantzaleen semea zen. Aitarekin ibili zen hasieran, eta baxurako arrantzale gisa urte batzuk igaro ondoren, Ameriketarako itsasbidea egiten zuten merkantzia-ontzietan ere izan zen, 1830etik aurrera. “Donostiara itzuli, txalupa bat erosi, eta horrekin ibili zen arrantzan hil arte. Famatua egin zen itsaso txarra zegoenean jendea salbatzera bere txaluparekin irteten zelako, baita uretara salto egiten zuelako ere, itsasoak bizirik lapur ez zezan”.