Zorren gurpil zoroan »

Ugaritzen ari dira etxea uzteko epaileak hipoteka auzietan ematen ari diren aginduak. Puntu horretara iritsi gabe ere, beste ehunka pertsona daude larri Gipuzkoan ordainketa horiei aurre egiteko arazoak direla medio. Horietako bat da Mari Carmen Vazqu…

“Jende gaztea dabil egun lanean, baina ez dute lan erraza” »

Arraunketa modernoaren aroan ezinbesteko izena da Paco Prietorena (Pasai Donibane, 1940). Pasai Donibane-Koxtape Arraun Elkartearen garairik onenean taldeko entrenatzaile eta presidente izan zen Prieto. Ordea, garai zailak ere pasatu zituen, 1990eko hamarkadaren hasieran Pasai Donibanen gertatu zen zatiketan protagonistetako bat izan baitzen. Dena dela, Kontxako lau bandera irabazi ditu —1986, 1988, 1990 eta 1999koak—, eta Kantauri itsasoan egin diren estropada ia denetan garaipenak lortutakoa da entrenatzaile modura. 2009an utzi zion Pasai Donibane-Koxtapeko presidente izateari; aurretik alboratuak zituen entrenatzaile lanak.

Baina Prietok ez du galdu arraunarekin duen lotura. Erretiratuta dago —Caravanas Oiartzun saltokiko arduraduna izan zen—, baina bere bihotzeko herriko arraunaren alde lanean jarraitzen du. Batetik, Pasai Donibanen egiten ari diren eraikin balioaniztunaren sustatzaileetakoa da —bertan izango du egoitza San Juan arraun taldeak, besteak beste—. “Herriko arraun taldearen zuzendaritza berriak eskatu zidan gai horren gainean lanean jarraitzeko. Aurretik eraikin horren azpian aparkalekua egin genuen, eta orain, eraikina altxatzen ari dira. Nahi baino gehiago iraun dute eraikina egiteko kudeaketa lanek, baina 2012aren bukaerarako prest egotea espero dut”. Bestetik, San Juango Haur Mailako entrenatzailea laguntzen ibili da Prieto, eta estropadak dauden asteburuetan taldea laguntzen eta babesten ibiltzen da. “Baserrian ere lan egiten dut!”, zehaztu du.

Atletismotik arraunera

Donibane Atletismo Taldearekin hasi zen kirolean Prieto. Koxtape izeneko pistan entrenatzen zuten talde horretako kirolariek. Gaur egun Iberdrolaren zentral termikoa dago pista izandako horren orubean; “1960an-edo izan zen hori”. Geroago, eta atletismoak indarra galdu ahala, arraunean hasi ziren bertan ibili ziren kirolariak. Orduan sortu zen Pasai Donibane-Koxtape Arraun Elkartea; 1965eko azaroan, hain zuzen. “Ni ez nintzen egon hasiera horietan, baina gerora lanean hasi nintzen”.

Arraunketa olinpikoarekin hasi ziren, eta gero, Yola elkartearekin elkarlanean, herriko trainerua indartzen. “Orduan herriko tosta finkoko taldea ez zebilen ondo, arrazoi asko tarteko”, oroitu du Prietok.

Horren ondoren, pixkanaka, traineruen lehietan pizten hasi ziren arrosak. “1978an, Kontxan bigarren egin genuen. Bilboko lehen jaitsiera ere irabazi genuen urte hartan: nire lehen bandera izan zen hura”. Geroztik, haziz joan zen arrosen tokia Kantauriko estropadetan, 1980ko hamarkadaren erdialdera arte: 1985ean gutxigatik ez zuten Kontxa irabazi, eta handik aurrera, Donostiako lau bandera irabazi zituen Pasai-Donibane Koxtapek. “Garai horietan arraunlari asko ginen, eta talde ona egin genuen. Tosta mugikorrean ere lan ona egiten ari ginen. Arraunaren gainean genituen ideiak emaitzak ematen hasi ziren. Arraunkeran aldaketak egin genituen: sorbaldekin lan hobea egiten hasi ginen, eta arraunlarien gorputzen pisua baliatzen hasi ginen arraun egiteko. Arraunketa luzeagoa egiten hasi ginen. Horrek emaitza onak eman zizkigun”.

1986ko, 1988ko eta 1990eko Kontxak irabazi ondoren, haustura gertatu zen Pasai Donibaneko arraunean. Hortik sortu zen Donibaneko Arraunlariak taldea; Pasai Donibane-Koxtape arraunlari gazteekin hasi zen lanean, eta 1999ko Kontxa irabaztea lortu zuten.

Aro berria

1999tik 2003ra, eta Kantabriako traineruei irabaztea lan nekeza zen arren, Euskal Herriko arraun talderik onena izan zen Pasai Donibane-Koxtape. Garai hartan sortu zuten Prietok eta beste hainbatek Traineru Kluben Elkartea (TKE). Egun, TKEk antolatzen duen liga Kantauriko indartsuena da. 2006an, baina, arraunaren bigarren mailara jaitsi zen Pasai Donibane-Koxtape; 2009an berreskuratu zuen kategoria, eta iaz eta aurten oso txukun ibili dira arrosak arraunaren elitean.

2009ko abenduan, presidente kargua utzi zuen Prietok. “Jende gaztea dabil egun lanean, baina ez dute lan erraza. Ondo dabiltza. Lagundu egin behar zaie”.

Buruz burukoaren gerizpean »

Igandea urruti ikusten du jada Aitor Sarriegik (Beasain, 1976), 2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapeldunak. Beñat Gaztelumendi (Añorga, Donostia, 1987) izan zuen alboan finaleko buruz burukoan, eta bost puntu eta erdiren aldeak erabaki zuen datozen lau urteotan txapelak izango duen jabea. “Beti pentsatzen duzu, beste bat txapela janzten ikusten duzunean, bera momentu horrekin beti gogoratuko dela. Norberari gertatzen zaionean, oso azkar pasatzen da, ordea; ez duzu kontzientziarik”, dio Sarriegik. Gaztelumendiri ere, egunerokora bueltatzea kostako zaio, txapelketako lehian urrian sartu zen arren: “Urte hasieratik genekien etorriko zen zerbait zela txapelketa, eta joatea ere kostako zaio”.

Biek ala biek, igandeko saioaren erregulartasuna azpimarratu dute. Sarriegik aitortu du, ez zela, beharbada, dirdirarik izan: “Uste dut, denok utzi genuela zerbait”. Halako finala espero zuen Gaztelumendik: “Primerako saioa osatu gabe ere, ariketaren batean denok erakutsi genuen garen hori, eta final bati gerta dakiokeen onena dela uste dut: zortzi bertsolariek beren kolorea ematea”. Pozik dago, halaber, belaunaldi kideekin kantatu zuelako: “Poz berezia eman zidan, Alaia Martinekin eta Agin Rezolarekin kantatzeak, eskolartekoetan ere batera aritutakoak baikara”.

Illunbeko parekidetasunak zalantzak sortu zizkien biei. “Erregular ari nintzela banekien, baina ez nintzen gai esateko, buruz burukora zein pasatuko ziren. Oholtzan baino balio handiagoa eman diot gero egin nuen saioari”, dio Sarriegik. Zortziko handian eta bakarkako lehen saioko aleekin, zalantzak sortu zitzaizkiola azaldu du. 20.000 euro barruan zituen poltsa aurkitu eta entregatu zuenaren azalean jarri behar izan zuen bakarkakoan; Gizartean zerbait gaizki ez al doa azkenean/ eskuzabala izatea heroikoa denean esanez amaitu zuen aleetako bat, txalo zaparradapean. “Lan errazak ez zirela uste dut, beste gai batzuek zuten karga emozionalik ez zuen nire bakarkako gaiak. Gustura nago eman nion aterabideagatik”, azaldu du.

“Saioa atzetik irakurtzea zaila da”; hala nabarmendu du Gaztelumendik. Saioan akatsik ez egin izanaren sentipena zuen, “baina gainerakoak ere lanean ongi ari ziren”. Bakarkakoan, bajan egon arren, etxeko lanengatik nekatuta zegoenaren begietatik kantatu zion Illunberi; emakumezko baten azalean sartu zen, generoaren ikuspegia landuz. Txalorik gehien egin zioten finaleko aleetako bat izan zen. “Ez nuen benetan buruz burukora pasatzeko ziurtasunik, baina aldi berean, banuen borroka horretan egoteko fedea. Nire izena entzun nuenean, poz handia sentitu nuen”, dio.

Garai berriekin, ariketa berriak

Joan den udaberrian txapelketa hasi zenez geroztik, berrikuntzak izan dira nabarmen, baita finalean ere. Buruz burukoan, bi bertsolariek puntukako saioa osatu behar izan zuten, gai librean. Txapelketetan beti gaien araberako bertsoak osatzera ohituak dauden arren, Sarriegi eta Gaztelumendi eroso sentitu ziren ariketa horretan: “Biok asmatu genuela uste dut”, dio Sarriegik.

Kartzelako gaiaren aurkezpena izan zen, ordea, ukiturik berritzaileena izan zuena. ETAk jarduera armatua uzteko harturiko erabakiaren gaia bideo batekin emateak, bide desberdinetatik abiarazi zituen biak. Hala dio Sarriegik: “Gaia bera irudietan egotea espero nuen, eta pixka bat kokatzen ari nintzela, telebista piztu eta berria entzun zenean, lekuz kanpo geratu nintzen; komunikatuari heldu nion orduan, beste guztia erabat eklipsatzen zuela iruditu zitzaidalako”. Bideoan, hala ere, erabil zitezkeen figurak bazirela aitortu du txapeldunak, giltza, atea edo sofa adibide gisa aipatuz.

Horiexek izan ziren, hain zuzen, Gaztelumendik hiru bertsoak osatzeko hartu zituen elementuak: “Ze istorio izan zitekeen pentsatzen hasi nintzen. Komunikatuarenak pixka bat puskatzen zuen aurreko istorioa, baina gaiari heltzeko beste modu bat ere bazen”. Txapeldunordeak bideoaren eraginez “pentsatze prozesua desberdina” izan zela aitortu duen arren, lana erraztu ziola ere azpimarratu du: “Bestela, lehor samarra izan zitekeen su etenari bakarrik kantatzea”.

Bertsozalearen grina

9.200 lagun bildu ziren Illunben joan den igandean. Bi bertsolariek, iritzi garbia azaldu dute horren gainean. “Urte osoan Gipuzkoan egiten diren saioak kontuan hartuta, 9.000 bertsozale baino gehiago bilduko lirateke, ziuraski. Txapelketak urte osoan egindako lan hori erakusten duela uste dut”, dio Gaztelumendik. Era berean, 76 bertsolarik kantuan aritzeko izan duten aukera ere azpimarratu du: “Antolakuntzan eta kantuan jende asko mugitu gara, eta jende hori gogotsu aritu da”.

“Gaur egun txapelketak eta bertsolaritza elkar elikatzen direla uste dut”. Hala deritzo Sarriegik. Argi dauka Illunbeko 9.200 ikusleetako guztiak, urte osoan ez direla bertsozaleak, “baina egia da, txapelketak ematen duen zabalkundeari esker, bertsoa dagoen lekuan dagoela”. Horren haritik, Real Madrilek eta Bartzelonak euren partidak jokatzen zituzten egun eta ordu berean kantatu zutela gogora ekarri du, “eta antzokiak itxura ederra zuen hala ere. Hori, beste kultur ekitaldi askotan, ez da gertatzen”.

Zenbait ikuslek saioan egin zituzten oihuez ere badute zeresanik. “Lanean ari garela, ez gara horrelakoez konturatzen, zentratuta egoten garelako”, dio Sarriegik. Hala ere, biak bat datoz, atzean eserita daudenean, oihuak batzuetan gehiegizkoak direla. “Ez ditut oso ondo ulertzen bertsolari bakar bat animatzera joaten diren ikusleak”, adierazi du Gaztelumendik. Nahiz eta normaltzat jotzen duen gertuko bertsolariei babesa ematera joatea. “Illunben, denon artean final ona egitera joan ginen; niretzat ere hobea da beste zazpiek saio ona egitea. Final on batean kantatzeak poza ematen du. Nire kasuan, buruz buruko ona Aitorrekin batera egin nuela sentitzen dut”.

Hipoteka ezin ordaintzeak sorturiko egoera salatu nahi dute »

Abian jartzen ari da, indartuta, Stop Desahucios Gipuzkoa. Joan den astean egin zuten elkartearen lehen aurkezpen publikoa, Donostiako Loiola kultur etxean, eta datozen asteetan gauza bera egingo dute herrialdeko beste hainbat tokitan. Mobilizazioeta…

Iazko azaroan baino %10 turista gutxiago Gipuzkoan »

DONOSTIA. Iazko azaroarekin alderatuta, aurtengo azaroan Gipuzkoara iritsitako turisten kopurua %10 jaitsi da, Eustatek jakinarazi dituen datuen arabera. Barrualdean, %15ekoa izan da jaitsiera; itsasaldean eta Donostian, berriz, %8koa. Urrian, %5ekoa …

Prezio txikiko hegaldiak jarri dituzte Bartzelonara »

HONDARRIBIA. Helitt hegazkin konpainia prezio txikiko hegaldiak eskaintzen hasiko da Hondarribiko aireportutik Bartzelonarakora, urtarrilaren 3tik aurrera. 57 eurotik gorako salneurria izango dute hegazkin txartelek, eta astearte eta ostegunetan irten…

“Kezkaz ikusten dut besteek ez dutela erantzun” »

Badira bi hilabete ETAk jarduera armatua uzteko erabakia jakitera eman zuenetik. Zer-nolako analisia egiten duzu bi hilabeteotan izandako urratsen inguruan?Garrantzitsua izan da ETAren erabakia, gehienbat alde bakarrekoa delako. ETAk erabaki du, 50 ur…

Baserritarrak plaza birtualak irekitzen hasi dira, sarean saltzeko »

Urola Kostako Urkome landa garapeneko elkarteko arduradunak “harrituta” daude eskualdeko baserriko ekoizleek Interneten duten denda birtualak izandako hasierarekin: “Ikaragarria da. Lehen hilabetean 200 erabiltzaile erregistratu dira, eta gaur egun astero 20 eskaera izaten ditugu batez beste. Honelako webguneak kudeatzen aritzen direnak ere harrituta daude”, adierazi du Urkomeko kudeatzaile Yurre Peñagarikanok.

Azaroan jarri zuten abian www.urolakostaonline.com webgunea, eta haren barruan, denda birtuala: www.baserritik.com. Urkomek finantzatutako egitasmo bat izan da, baina eskualdeko ekoizleen proiektua da izatez: “Guk zerbitzu hau eskaintzeko asmoa genuen eskualdean, eta konturatu ginen ekoizle batzuk asmo berberak zituztela eta jada proiektua bazutela. Ez zuen zentzurik zerbitzu bera bi plataformatan egoteak, eta, horregatik, elkarlanean aritzea erabaki genuen”. Emaitzarekin pozik daude Urkomen, baina argi dute egunez egun lan egin behar dela aurrera egiteko: “Webgunea dinamikoa da, eta beti garatzen eta berrikuntzei lekua egiten aritu behar dugu, kalitatezko zerbitzua bermatzeko”, adierazi du Peñagarikanok.

Erabiltzaileek zerbitzua “gertukoa” sentitzen dutela uste dute Urkomekoek, eta herritar askori “begiak irekitako” sentipena dute: “Jende askok ez zekien hemen bertan horrenbeste produktu zegoenik eskura”.

Barazki eta frutez gain, beste hainbat produktu dago salgai www.baserritik.com-en: haragia, kontserbako produktuak, arrautzak, ogia eta gozokiak, esaterako. Gipuzkoa osora eta “kanpora ere” egiten dute banaketa astean bitan, eskualdekoei lehentasuna emanez: 30 eurotik gorako erosketen bidalketak doakoak dira eskualdeko bezeroentzat.

AHTko lanetan gauez ari dira leherketak egiten »

TOLOSA. Tolosako Udalak jakinarazi duenez, azken egunotan goizetan eta gauetan Tolosan entzuten ari diren leherketak AHTa egiteko lanen ondorio dira. Lan horietan eskumenik ez ez badu ere, udalak jakinarazi du herritarrengan “ahalik eta eraginik txiki…

Kutxak Kirolgiri emandako laguntza bikoiztu du »

DONOSTIA. Kutxa Fundazioak bikoiztu egin du Kirolgi Fundazioari emandako diru laguntza; lehen 270.000 euro ziren, eta orain 500.000 euro izango dira. Horri esker, errendimenduaren hobekuntzan lanean diharduten klubak babestuko dituzte, Kutxak jakinara…