Jauregi dotore eta erabilgarria »

Lurraldeko bizilagun asko eta askorentzat ezaguna da Donostiako Gipuzkoa plaza. Autobus geltokia batzuentzat, zisneen parkea besteentzat eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregia dagoen plaza askorentzat. Eraikin horren barruko aldea, ordea, Gipuzkoako…

Hamar milioi eurotik gora zor duten udalak. »

Gipuzkoako zazpi udalerrik hamar milioi eurotik gorako zorra dute: Azkoitiak, Bergarak, Tolosak, Zarautzek, Errenteriak, Irunek eta Donostiak. Diru sarrerekin alderatuta, zorpetuen daudenak Azkoitia, Zarautz eta Donostia dira.

Bilduk eta EAJk 2012ko aurrekontuak adostu dituzte »

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2012ko aurrekontuak aurrera atera ahal izango ditu, Bilduk eta EAJk lortu duten akordioari esker. Iragan igande arratsaldean lortu zuten akordioa bi aldeek, eta, EAJren taldeko eledun Markel Olanok jakinarazi duenez, akordioa…

Gipuzkoan 9.394 ikasle ari dira bertsolaritza eskolan lantzen »

Ikastetxeetan zein herrietan bertsolaritza eskolak sustatzeko eta bat-bateko taldeak sortzeko helburuarekin, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eskolak ematen ditu bertsolaritza transmisioa sendotzeko. Gipuzkoan, esaterako, 125 ikastetxetara iritsi da ikasturte honetan ekimena. Hartara, Haur Hezkuntzatik DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bitarteko 9.394 ikasle ari dira irailetik bertsolaritzaren munduan sartzen, eta sakontzen.

Euskal Herri osoko ekimena da Bertsozale Elkartearena. Hala, Bizkaian, Araban, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere beste 260 ikastetxetara zabaldu dute egitasmoa. Horri esker, denera, 20.270 ikaslek izango dute hartu-emana 2011-2012 ikasturtean bertsolaritzarekin —aurrekoan baino 2.828 gehiagok—, eta hori guztia garatzeko Bertsozale Elkarteak 36 bertsolaritza irakasle jarri ditu. “Poztekoa da bertsolaritzaren transmisioa urtetik urtera eremu berriak irabazten ari dela ikustea”, esan du elkarteak.

Bertsolaritza eskolak emateko propio sortutako materiala badute. Hala ere, aurten, bertsolaritza irakasleen lana hobetzeko bidean indar berezia jarriko dute, eta horretarako formazio saioak prestatu dituzte. Haur eta gaztetxoek bi urtez jasotzen dituzte bertsolaritza eskolak.

Aldi berean, Eskolarteko Bertsolari Txapelketa ikastetxeekin elkarlanean prestatzeko eta aberasteko hausnarketa prozesua abian jartzeko konpromisoa hartu du elkarteak aurten. Izan ere, urte osoan egindako lanaren emaitza izaten baita txapelketa hori, ikastetxeetan egiten dituzten saioekin batera.

Gipuzkoako ikastetxe berriak

Bertsozale Elkarteak jakinarazi du Gipuzkoako hainbat ikastetxek bat egin dutela lehenengoz aurten bertsolaritzaren transmisiorako egitasmoarekin. Legazpiko Haztegi; Errenteriako Koldo Mitxelena eta Langaitz; eta Donostiako Nuestra Señora de Aranzazu, Santa Teresa eta Jakintza dira ikastetxe horiek.

Bide horretan, Errenterian egiten ari diren lana nabarmendu dute Bertsozale Elkartekoek. “Errenteria aurreko ikasturtean sartu zen proiektuan. Cristobal Gamon ikastetxeak apustu irmoa egin zuen eta berak ekin zion bideari. Aurten bi ikastetxe gehiago daude. Horrez gain, sinatu berri den hitzarmenari esker, Errenteriako Udalaren laguntza jaso du proiektuak”.

Era berean, Legazpiko herriak lehen aldiz egitasmoarekin bat egin duela azaldu dute, “oraingoz, Haztegi ikastolaren eskutik”.

Udal kaltetuek gizartera atera nahi dute autobide elektrikoaren eztabaida »

Autobide elektrikoaren eztabaida instituzioetatik kalera atera nahi dute udalek. Horretarako, bihar, 400 hautetsi inguru elkartuko dira Iruñean: orain arte egin dutena azaltzeko, eta fase baten amaiera irudikatzeko. Goi tentsioko linea berriaren aurkako ibilbide horretan, lekukoa herritarrei eta eragileei pasatu nahi diete.

120 kilometroko azpiegitura erraldoi horrek Gipuzkoako 48 herriri eragiten die, eta Nafarroako 100 ingururi. Udal kaltetuek proiektuaren aurkako mozioak onartzen jarraitzen dute, eta jadanik, ehundik gora agertu dira autobide elektrikoaren aurka.

2011ko abuztuaren hasieran, Gipuzkoako herri kaltetuek, Espainiako Ingurumen Ministerioaren eskutitza jaso zuten. REE Red Electrica de España SAk, Deikaztelu (Nafarroa) eta Ezkio-Itsaso artean, goi tentsioko 120 kilometroko linea eraiki nahi zuela azaltzen zen bertan. Dokumentuen artean, 400 kilowatteko linearen hasierako proiektua aurkitzen zen: Ingurumenaren Gaineko Inpaktuaren Ebaluazioa. Udalek 30 egun zituzten iradokizunak sartzeko. Abuztua izaki, eta oporrak tarteko, udal kaltetuek luzapena eskatu zuten, eta ministerioak 15 eguneko luzapena eman zien.

Irailaren 15ean, Deikazteluko Udalak eta Lurra taldeak sinatzen zuen eskutitza iritsi zitzaien udal kaltetuei: irailaren 17an, Berriozarren, herri kaltetuek egingo zuten bilerarako gonbidapena zen. Bertan, ondorengo gaiak aztertu zituzten: iradokizun bateratu bat aurkezteko aukera; mozio kanpaina abian jartzea; proiektuaren ezaugarrien inguruko publikazioak egitea, eta oposizio lanean jarraitzeko beharra.

Nafarroako hainbat udalerrik, dagoeneko ospatua zuten euren arteko lehen bilera bat; izan ere, lehendik ezaguna zuten autobide elektrikoaren gaia. 2010ean, REE enpresa, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa batzen zituen goi tentsioko linea eraikitzeko asmotan ibili zen. Arabako udalek, Arabako Foru Aldundiak eta herritarrek aurkako jarrera erakutsi zutenez, REEk proiektua atzera bota zuen.

Bigarren saioa, ordea, aurrekoaren antzekoa da: ibilbidea bakarrik aldatzen da. REEtik udaletara bidali zuten informazioaren arabera, linearen ibilbiderako 69 alternatiba daude. Ziurra zera da: autobide elektrikoa Gipuzkoara Leitzatik etorriko litzatekeela. Tolosaldea zeharkatu ondoren, Goierriko herrietatik barrena iritsiko litzateke Ezkio- Itsasoraino.

REEren arabera, 120 kilometroko ibilbidean, 40 metrotik gorako dorreak eraikiko dituzte, elkarrengandik 400-500 metrora. Horrez gain, goi tentsioko linea berria egin ahal izateko, errepide berriak eraiki beharko lirateke.

Kezka nagusi udaletan

Gipuzkoako udal gehienek azpiegituraren aurkako mozioa onartu dute, eta Baliarrain ez da atzera gelditu. Tolosaldeko herri honetan goi tentsioko linea herri gunetik 280 metrora igaroko litzateke. Martzelino Dorronsoro alkatea harriturik dago: “Ez dugu sinesten eta ez dugu sinetsiko ere; egun, horrelako proiektu bat egitea izugarrizko astakeria da”.

Zerainen bi aukera aurkeztu zizkien: herri gunetik 500 metro baino gutxiagora, industrialderako duten eremuaren gainetik pasatzea, edo herriaren atzeko partetik, izendapen berezia duten meategien ondotik. Jose Manuel Oria alkateak ez ditu gustuko bi aukerak: “Gutxienez legediak dioena bete beharko lukete; herri gunetik 500 metrora egotea, eta izendapen berezia duten eremuak zapalduak ez izatea. Gure herriari dagokionez, baldintza horiek ez dira betetzen”.

Mutiloan ere bi aukera dituzte, herri gunetik 125 metrora edo garai bateko meategietatik barrena. Aurrekoetan bezala, hemen ere udalak proiektuaren aurkako mozioa onartu du. Iñaki Ugalde alkatea kezkatuta dago, eta informazio handirik ez dutela jaso salatu du: “Herritarrak galdezka etortzen direnean, bi aukera horiek daudela esaten diegu, baina nondik pasako den zehatz-mehatz ez dakigula”.

Gipuzkoako Foru Aldundia ere gertutik ari da jarraitzen gaia; REEk aurkeztu zuen aurre proiektuaren inguruan txosten bat egin zuten, ondoren ministeriora bidaltzeko. Behin proiektua zehazten dutenean, jarrerak finkatzeko garaia izango dela dio Ainhoa Iraola Foru Aldundiko Ingurumen Saileko zuzendariak. Hala eta guztiz ere, ministeriora bidalitako txostenean nahiko argi gelditzen da Ingurumen Sailaren jarrera: “Txosten horretan gauza oso garrantzitsu bat azpimarratu genuen, proiektuak ez duela zero alternatiba aurreikusten. Hori, azpiegitura berrien ez beharra da; lehendik daudenak egokitu edo berritu daitezkeen aztertzea”.

Bide zaharrak berritzearen aldekoa ez da Antonio Gonzalez, REEk EAE, Nafarroa eta Kantabriarako duen ordezkaria. Argi utzi nahi izan du, eurek “Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren eskariari” erantzun besterik ez dutela egiten. Antonio Gonzalezek azpiegitura zergatik aurkeztu duten argi du: “Nafarroako parke eolikoetatik lortzen den energia garraiatzeko, abiadura handiko trenaren iritsiera bestela ezinezkoa litzatekeelako, eta Lizarraldeak nahiz Gipuzkoak duten energia defizita konpontzeko”.

BI EGUN, BI LEKU, ABESLARI BERA »

Aretxabaletako Loramendi elkartearen 25. urteurreneko ospakizunen harira, kontzertua emango du gaur Anarik, 22:30ean, herriko udaletxe zaharrean. Bakarrik egiten ari den kontzertuen artean beste bat izango da gaur emango duena. Bestalde, bihar, 21:00e…

Donostiako zorraren igoera, milioi eurotan. »

Hamar urtean, 119 milioi euro igo da Donostiako Udaleko zorra; 2002an 85 milioi euro zor zituen, eta 2011. urtea 204 milioiko zorrarekin amaituko du. Sarreren %46 izatetik, %76 izatera pasatu da hiriburuaren zor bizia.

“Sahararrekin batera jarraituko diogu borrokaren bideari” »

Aretxabaletan 2006an Sahararen aldeko Iesbaa elkartea sortu zenetik, hango lehendakaria izan da Olaia Sagredo (Arrasate, 1974). 2004an Arrasateko Nubi elkartea sortu zenetik, berriz, hango burua izan da Agurne Juldain (Arrasate, 1979). Gehiegizko lanak eta baliabide faltak, ordea, bi elkarte horien jarduna behin betiko bertan behera uztera bultzatu ditu. Hala ere, argi dute Mendebaldeko Sahararen aldeko lanean jarraituko dutela, beste modu batean bada ere.

Urteetako lanaren ondoren, bidearen amaierara heldu zarete. Zer sentitzen duzue?

Agurne juldain. Sentipen gazi-gozoa daukat: gazia, bertan behera uzteko arrazoia giza baliabide falta delako, eta Saharan, zoritxarrez, oraindik ere gatazka hor dagoelako; gozoa, berriz, egin ahal izan dudan guztia egin dudalako.

Olaia sagredo. Bat nator Agurnerekin. Dena den, elkarteak desagertu arren, biok bat egiten dugu oraindik gatazka horrekin, eta, beste modu batean bada ere, sahararrekin batera jarraituko diogu borrokaren bideari.

Zerk eraman zaituzte erabaki hori hartzera?

A.J. Lan guztia norberak bakarrik egitea oso zaila da. Lana handituz joan da urteak aurrera joan diren heinean, eta giza baliabideek, berriz, behera egin dute; horrela ezinezkoa da lan txukun bat egitea.

O.S.Gauzak gaizki egitea baino hobe da ez egitea. Ezin dugu lan guztia bakarrik egin. Kontuan eduki behar da elkarteaz gain gure lana eta ikasketak ditugula, eta, zenbait urte igarota berdin jarraitzea, alegia, biok bakarrik jarraitzea, gehiegi da.

Egoera jakin baterako hartu duzue erabakia ala behin betiko desagertuko zarete?

A.J. Oraingoz, behin betiko erabakia da; betiere elkarteko konpromisoaz ari bagara. Saharako herriaren alde lanean jarraituko dut ekintzetan parte hartuz eta ahal dudan neurrian Gerra eta Minen Biktima Zentroan lagunduz.

O.S. Elkartearen lana behin betiko eten dut. Baina nik lanean segituko dut Afapredesarekin batera [Saharako Preso eta Desagertuen Familiakoen Elkartea]. Eta, Agurnek esan bezala, ekintzak antolatzen badira, horietan parte hartuko dut, ahal dudan neurrian lagunduz.

Bi elkarteak ez zineten aldi berean sortu, baina batera hartu duzue desagertzeko erabakia. Zer dela eta?

A.J. Bakoitzak bere elkarteko ardura izanik ere, zenbait urtez elkarri lagundu diogu, bakarrik geundelako eta gertu geundelako. Pozak eta tristurak elkarrekin bizi izan ditugunez, azken erabakia ere elkarrekin hartu dugu.

Zer iruditzen zaizue egindako lana?

A.J. Lana ondo egin dela uste dut, fede onez eta ahal izan dudan hobekien egin dudalako. Zenbaitetan, ziur gaizki egin ditudala gauza batzuk, baina iruditzen zait balorazio ona egin behar dela fede onez egindako lanaz.

O.S. Herritarren artean egindako lanaz harro nago: jendeak badaki zein den sahararren egoera, bai Tindufeko errefuxiatu kanpamentuan, bai Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan. Uste dut sentsibilizazio lan ona egin dugula. Jendea, eskolak, udala… Denen laguntza jaso dugu hainbat modu eta proiektutan. Pena da jendeak gehiago parte hartu ez izana elkartea desager ez zedin, baina horrela da.

Giza baliabideen falta aipatu duzue. Gero eta jende gutxiago dago halako ekintzetan boluntario gisara jarduteko? Zergatik?

A.J. Nubin, behintzat, bai. Elkartea jaio zenean, zazpi pertsona inguru geunden; poliki-poliki, jendea ardurak utziz joan zen, eta ez da animatu pertsona gehiagorik. Arrazoiak? Nork daki!

O.S. Iesbaan badaukagu laguntza, baina ekitaldi batzuk egiteko bakarrik, ez elkartearen eguneroko lana egiteko. Azkenean, zerbait antolatzeko orduan zama handia zen telefonoa hartu eta jendeari banan-banan deitu beharra.

Ikuspegi ekonomikoari dagokionez, zer-nolako babesa izan duzue?

A.J. Nubik hiru herritan egin du lana: Arrasaten, Eskoriatzan eta Oñatin. Erakunde publiko eta pribatuen laguntza jaso du elkarteak, baita laguntza anonimoak ere. Inor ahazten badut ere, hobe izenik ez ematea, baina bai, eskerrak eman nahi dizkiet Nubiren lanean sinistu dutenei.

O.S. Iesbaak Aretxabaletako Udalari eskertu behar dio jasotako laguntza ekonomikoa, gure lanean sinistu eta lagundu egin baitigute. Udalak ez ezik, beste hainbat erakunde publikok ere diru laguntzak eman dizkigute; enpresa pribatuek ere lagundu digute, eta laguntza anonimoak ere jaso ditugu. Eta ez gutxi.

Nola hartu dute gainerako elkarteek zuen lana bertan behera uzteko erabakia? Eta herritarrek?

A.J. Ez dut iritzi askorik jaso, baina, jasotakoen artean, harridura izan da ohikoena.

O.S. Ingurukoek esan didate denbora gehiegi pasatu dudala elkarteko lana bertan behera uzteko erabakia hartzen. Estresatuta ikusten ninduten, ikusten zuten dena hartzen nuela nire bizkar gainean; hala ere, pena ere eman die, badakitelako zer garrantzitsua den niretzat Iesbaa.

Nubi eta Iesbaa desagertuta, nola geratzen da eskualdean Saharako herriaren aldeko lana ?

A.J. Elkarteak sortu baino lehen ere bazegoen Sahararekiko elkartasuna, eta orain bide horietara itzuli beharko gara. Denborarekin ikusiko da.

Saharako herriaren gatazkak bere horretan jarraitzen du, ordea.

A.J. Mendebaldeko Sahara zapalduta dago oraindik. Giza eskubideak bortxatzen dira han etengabe. Eta ardura nagusia berea den arren, Espainiako Gobernuak beste alde batera begiratzen du oraindik: ia 40 urte daramatza Saharako herriaren ardura eta erantzukizuna bere gain hartu gabe. Gobernuari berdin zaio sahararrak hiltzen eta desagertzen ari badira ere.

Uholdeen eraginez, udalen gastuek gora egin dute »

Bestela ere nahiko zaila bazen udal askorentzat 2011ko gastuei aurre egitea, duela hilabete gertatutako uholdeen ondorioz, askorentzat ezinezkoa izango da. Ibaiek Gipuzkoako hainbat lekutan egin zuten gainezka, eta kalte material handiak eragin zituen…

Jana, edana eta festa »

San Tomas egunaDonostiaUrtero legez, txistor usaina nagusituko da datorren asteazkenean, San Tomas egunez, Donostiako kale eta auzo gehienetan. Izan ere, XIX. mendearen erdialdean jatorria duen ohiturak indar handiz eusten dio Gipuzkoako hiriburuan. G…